Izenondoak adierazten duenez, harizti azidofiloak lurzoru azidoetan hazten dira, oinarri pobrea eta pH baxua duten lurzoruetan. Harri azidoen gainean sortzen dira lurzoru horiek; hareharri, kuartzita eta granitoen gainean, esaterako, bai eta hareharri eta argilitan aberatsak eta harri karbonatatuetan pobreak diren flysch mota batzuen gainean ere. Kareharri, marga eta dolomien gainean izan ezik, Bizkaian dauden gainerako substratu-mota gehienen gainean eraikitzen diren lurzoruek pH azidoa izan ohi dute. Lurralde horretan izaten diren prezipitazio ugariek lixibiazio-presio handia eragiten dutelako gertatzen da hori. Mendi-hegaletan, malda dela eta, nekez pilatzen dira mantenugaietan aberatsak diren material xeheak, eta, horren ondorioz, lurzoru gehienak azidoak izan ohi dira, aurrez esan bezala karbonatoetan aberatsak diren harrien gainean finkatzen direnak salbu. Harizti azidofiloa, baita mesofitikoa ere, estai muinotarrekoa da batez ere (termo- eta mesoepela); hau da, 650 metrotik beherako lurraldeetan ageri da. Baina mesofitikoa ez bezala, isurialdeen banalerroko hegoaldeko lurraldeetan ere egon daiteke. Baso horren tarte publiometrikoa, berriz, heze eta behe-hiperheze motakoa da.
Honela harizti azidofiloaren litekeen banaketa-eremuak Euskal Herri Atlantikoko zatirik handiena hartzen du. Bere nagusitasuna galdu egiten du kareharrizko haitzetan –nagusia artadia da-, ibaien eta erreken ertzetan –haltzadiak agertzen dira- eta amilburuetan. Era berean, ibai-arroetan gorantz eginez, orokorrean itsas-mailatik 600 m-tik gora, pagoari uzten dio lekua, berau askoz ere egokituagoa baitago tenperatura nabarmenki hotzagoetan prezipitazio ugariagoetara eta argi-izpiak pasatzen uzten ez duten behe-laino itxietan bizitzeko.
Harizti atlantikoa izugarri murriztu da, besteak beste, ibarrik eta mendi-hegalik onenetan hazten delako. Europako lurralde honetara lehenengoz etorri ziren gizakiek lurra lantzeko teknikak ikasi eta lurra erein eta beren abereak bertan sartzeko lur emankorra eta zuhaitzik gabekoa behar izan zutenean hasi zen aipagarria izaten horien murrizketa. Urdaibain, Kantauriar Erlaitzeko gainontzekoan bezala, basoaren atzerakada eraginez moztu egin zuten basoa, eta etxeak eraikitzeko, beren etxebizitzak hornitzeko eta lurra lantzeko tresnak edo defentsarako edo ehizarako armak egiteko hariztia erabiltzen ikasi zuten. Beranduago egurrarekin itsasontziak ere eraiki zituzten eta modu egoki batez burdina galdatzeko ezinbestekoa zen ikatza ekoiztu zuten.
Eskualde honetako biztanleentzat ezinbestekoa zen hariztia, baina egur-mota hori behar izaten zuten jardueren ugaritasunaren ondorioz, bereziki orain dela 500 urteko burdinolen ugaritzearen ondorioz, Urdaibaiko eta Euskal Herri Atlantiko osoan hariztien zabalkundea arian-arian txikiagotu egin zen. Gaur egun Biosferaren Erreserbaren lurraldean nolabaiteko heldutasun-mailako zenbait hektarea baino ez ditugu gordetzen. Beren habitat, beren populazioak arrisku handiz murriztuz, desagertzeraino ikusi duten komunitate berezien superbizipena hariztien kontserbazioan jarritako arretaren menpe dago.
Urdaibaiko harizti azidoaren banaketa-eremuan sakabanaturik, zenbait aldats handiko mendi-hegaletan eta beste hainbat sartu ezinezko guneetan, hondatutako zuhaitzen edo zuhaitz gazteen unadak aurki daitezke, Albizen eta Astogana mendiaren azpian Golako ibai-buruan (Mendatan) eta Mape ibaiaren sorburutik aurrera, Sollubeko (Busturia) tontorraren azpian nahikoa zabaltzen direnak. Baso-txoko hauetako hauskortasun eta neurritasuna kritikoak badira ere, geroan bailara hauetako berezko geruza berreskuratzeko gordailu genetiko bezala balio izango luketen flora eta fauna bereizgarrien txokoak daude oraindik.
Harizti azidofiloa Hyperico pulchri-Quercetum roboris asoziazioari dagokio.
Harizti kandudun azidofiloko zuhaitz-geruzan espezie nagusia eta ugariena haritz kanduduna (Quercus robur) da. Ingurune lehorrenetan, hareharrizko substratu iragazkorraren gainean, ametzarekin (Quercus pyrenaica) aberastu ohi da. Burgoa mendian (Bermeo) ametza nagusia den basoaren hondarrak daude. Horiez gain, egon daitezke otsalizarrak (Sorbus aucuparia) eta lertxunak (Populus tremula) ere. Iraganean, gizakiak lagundu du harizti azidofiloaren eremu ekologikoan gaztainondoak (Castanea sativa) landatzen, eta, horren ondorioz, espezie hori ez da hain ezohikoa baso horretako zuhaitzen artean. Sarritan, inausketa zorrotzen aztarnak ageri dira gaztainondo horietan.
Zuhaitz-geruza urkiarekin (Betula celtiberica) osatzen da. Urkia, oso banandurik ageri da, eta batez ere harearrizko lurretan eta lurzoru silizeoetan, basoa soildutako eremuetan edo hariztiko argi-unadetan, horietan trantsiziozko basoxkak osatuz, Urdaibaiko par bat tokitan gertatu bezala: esaterako, Muxikako Arburu mendiko iparreko mendi-hegalean, Mendatako Albizen eta Mape errekaren eremuan, Busturia eta Bermeo artean.
Flora-aniztasuna izugarria da eta botanika-komunitatea konplexua, klimari, hezetasunari eta epeltasunari eta lur-motari dagokienez azido samarra, baina udazkenero isuritako materia organikoaren ondorioz aberatsa humusetan, bizi-baldintzak ezin hobeak baitira. Horrez gain, haritzak hosto gingildunak ditu, argiaren isla azpiko geruzetara ahalbideratzeko moduan jarririk. Horrela geruza anitzeko oihanpea garatzen da.
Basoaren barrualdean, zuhaixka-geruza fina garatzen da. Hauek dira zuhaixka ohikoenak: gorostia (Ilex aquifolium), zumalakarra (Frangula alnus), basa-madariondoa (Pyrus cordata), elorri zuria (Crataegus monogyna), sasia edo laharra (Rubus ulmifolius) eta beste bakarren bat. Beheragoko maila batean hondarreko sastraka dago, basoa askoz gehiago ustiatu eta zuhaitzen estalduran argiune ugari zabaltzen ziren garaikoak. Daboecia cantabrica, Erica vagans, Erica cinerea eta Calluna vulgaris txilarrak, ahabia (Vaccinium mirtyllus), Ulex gallii eta Ulex europaeus ote-espezieak izaten dira geruza horretan ohikoenak, eta horien ondoan Pteridium aquilinum, Blechnum spicant eta Dryopteris affinis iratzeak besteak beste agertzen dira. Txilarrek, ahabiek, oteek eta garoek osatutako geruza honek dentsitate eta biomasa handia har dezake. Liana-itxurakoak gutxi ageri dira, ahuntz-hostoa (Lonicera periclymenum) espeziea da nagusi, eta neurri txikiagoan, huntza (Hedera helix). Epifitoez gauza bera esan daiteke. Nagusiki polipodioa (Polypodium vulgare) eta mihura (Viscum album) agertzen dira. Zuhaitzetako adarren urkiletan ezartzen dira espezie horiek. Nahiz eta zurkaren geruza oso itxia izan eta belar-geruzarik garatzeko ia espaziorik ez utzi, beti egon daiteke belarra, garapen-maila handiago edo txikiagoan. Belar-geruza horrek oso gramineo-osaera eta itxura berezia izan ohi du, ohikoa harizti azidofiloetan. Belar-geruzan ohikoak dira Holcus mollis eta Avenella flexuosa, eta horien ondoan beste hauek hazten dira: Euphorbia angulata, Hypericum pulchrum, Luzula forsteri, Melampyrum pratense, Oxalis acetosella, Ranunculus tuberosus, Teucrium scorodonia, Veronica officinalis eta beste zenbait.
Elementu briofitikoa ere nabarmena da: goroldio-geruza lodiak egon ohi dira lurra eta zuhaitzen enborrak tapizatzen.
Urdaibaiko baso gehienetako zuhaitz-espezieak, Eskualde Epel osokoak oro har, ektomikorrizak sortzen dituzten onddoekin lotzen dira. Halakoetan, tartean diren espezie fungikoek, sarri, gorputz fruitu-emaile epigeoak eta begi-bistakoak eratzen dituzte. Hori dela eta, ezagunagoak dira. Talde horren barruan Basidiomizeto asko eta Askomizeto batzuk daude; batzuetan oso ezagunak dira gastronomian interes handikoak direlako. Urdaibaiko hostoerorkorren basoetan, honako espezieak azpimarragarri dituen flora fungikoa ageri da: Amanita rubescens, Amanita phalloides, Boletus erythropus, Cantharellus pallens, Russula aurea, Russula cyanoxantha, Russula vesca, Russula virescens eta Tricholoma sulphureum, besteak beste. Horiek guztiak espezie ektomikorrizikoak dira. Batzuk jangarriak dira, hala nola C. pallens eta R. virescens; eta beste batzuk, toxikoak; A. phalloides, esaterako. Hariztietan, espezie ektomikorrizikoez gain, espezie saprobioen segizio fungikoa ere ager daiteke (Agaricus impudicus, Clitocybe nebularuis, Xylaria hypoxylon, etab.), bai eta espezie parasitoena ere (Armillaria mellea). Nabarmentzekoa da gaur egun, nahiz eta Urdaibaiko hariztia hedaduraz oso txikia izan eta oso zatikatuta egon, XXI. mendearen lehen hamarkadan 462 makromizeto-espezie bildu dira. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den gune horiek babestea.
Baso-mota hau moztutakoan eta soildutakoan baso-zuhaixdia sortzen da. Bertako flora nagusiena ondokoa da: urkiak (Betula celtiberica), lertxunak (Populus tremula), otso-lizarrak (Sorbus aucuparia), sahatsak (Salix atrocinerea), zumalakarrak (Frangula alnus), ahuntza-sahatsak (Salix caprea), sasiak (Rubus spp.), elorri beltzak (Prunus spinosa) eta beste zenbait espezie. Formazio dentso honek harizti azidofiloaren basoaurrea eta bere baso-mantua osatzen du.
Aurreko baso-zuhaixdia soildu edo mozten bada txilardi-otadi-garodi atlantiar deitutako sastraka-formaziorantz bideratzen da. Txilarrez, otabarrez eta iratze arruntez osatutako sastrakek material silizeoen -baseetan urriak- edota bestelako materialen -prezipitazio handiak lurzorua garbitutakoan- gainean kokatutako aldapetako eta mendi-tontorretako lurzoru azidoak hartzen dituzte. Itsaslabarretan eta haize indartsuen eraginpean dauden mendi-tontorretan hazten diren txilardiak-otadiak-garodiak kenduta jatorriz bigarren mailakoak dira eta lurzoruaren degradazioarekin erlazionatuta daudenez serie-landaretza (degradazio-seriekoa segidan) deritze. Txilardi-otadi silizikola hau batez ere otadiz (Ulex europaeus, U. gallii) osatuta dago. Arantzadun otabar horiek altuera handia -2 m-raino- har dezakete kimatzen edota erretzen ez direnean, eta sastraka itxi eta gaindiezinak sortzen dituzte. Formazio honetako txilarrak (Calluna vulgaris, Erica cinerea, E. vagans, E. ciliaris, Daboecia cantabrica) ez dira oteak bezain altuak eta ez dira hainbeste nagusitzen, lekurik oligotrofikoenetan eta lehorrenetan izan ezik. Otabarrak nagusitzen direnean lurzorua garatuagoa da, ez da hain oligotrofoa eta bertako baldintzak antzinako basoa berreskuratzeko egokiagoak dira. Txilarrak nagusitzen badira, berriz, egoera arestikoaren alderantzikoa dela esan nahi du. Iratze arrunta (Pteridium aquilinum), leku askotan gizakiak lagunduta, populazio monoespezifikoak erraz sortzen ditu, oso dentsoak direnak eta lurzoru osoa estaltzen dutenak. Belarren geruzan landare azidofilo multzo handiak osa dezake, esaterako Lithodora prostrata eta Pseudarrhenatherum longifolium.
Jatorrizko basoa ameztia bazen edo hariztia ametzekin (Quecus pyrenaica), ametza estoloien bitartez hedatzen da eta sastraka osoa ametzak kimuz betetzen du.
Aldaketak jarraitzen badu, erretzeagatik edo mozteagatik, adibidez, txilardiaurreak edo albitz-belardiak, berez, sastrakadia ordezkatu egiten du.
Txilardiaurre atlantikoan nagusi diren espezieak ondokoak dira: ainarra burusoila (Erica vagans), otabera arrunta (Genista hispanica subsp. occidentalis), albitz belarrak (Helictotrichon cantabricum, Brachypodium pinnatum, Sesleria argentea subsp. hispanica, Teucrium pyrenaicum, Helianthemun nummularium…), eta, substratua apur bat azidoa den eremuetan estrepa (Cistus salvifolius) agertuko da, otearekin (Ulex spp.) eta iratze arruntarekin (Pteridium aquilinum) batera, edota baita ipuruarekin (Juniperus communis) batera ere.
Brachypodium pinnatum subsp. rupestre albitz-belarra hain nagusia ez den lekuetan eta belardietako beste gramineokin eta beste zenbait espezierekin lur-eremua elkarbanatzen duenean belardi mesofiloak (mozketarako belardiak) sortzen dira.
Baso honetako sastraka guztietan endomikorrizak sortzen dituzten onddoak Glomales ordenekoak dira, eta nonahi ikus daitezke. Nolanahi ere, landare-formazio horien artean badira onddo handi saprobioak eta heliofiloak: besteak beste, Agaricus campestris, Clavaria zollingeri, Clavulinopsis helvola, Hygrocybe nitrata, Hygrocybe ovina, Hygrocybe pratensis, Lepista caespitosa, Marasmius oreades eta Tremellodendropsis tuberosa, besteak beste.
Urdaibaiko hariztietan bizi diren zenbait animalia-espeziek landazabalean, gizakiaren ondoan, aurkitu dute bizitokia, larre, txaraka-hesi, bihitegi edota erreka-bazterretan habiak eta gordelekuak eginaz. Zenbait hegaztik, hala nola sasi-txori arrunta (Hippolais polyglotta), zozo arrunta (Turdus merula), txantxangorria (Erithacus rubercula) edo azeria (Vulpes vulpes) eta erbinudea (Mustela nivalis) bezalako ugaztunak basoaren inguruetan edo ekotonoetan gusturago bizi dira, bertan jaki eta aterpe-mota desberdinak baitituzte aukeragai. Horrela azeriak udazken partean sasitzen edo elorri beltzaren fruituak jaten ditu, eta neguan bere lurraldearen inguruan padurarik egotekotan bertara hurbiltzen da karramarroak, neguko hegazti txikiak, bai eta arrainak ere harrapatzeko asmotan.
Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla), txio arrunta (Phylloscopus collybita), euli-txori grisa (Muscicapa striata), gailupa (Pyrrula pyrrhula), txonta arrunta (Fingilla coelebs), kukua (Cuculus canorus), amilotx urdina (Parus caeruleus), kaskabeltz handia (Parus major) edo birigarro arrunta (Turdus merula) dira espezie ugarienak. Baina leku oroko espezie horiekin batera, Urdaibaiko baso hosto erorkorreko beste espezie tipikoek nolabaiteko heldutasuna eta konplexutasuna duten baso-multzoak behar dituzte era egonkor batez irauteko. Horixe bera gertatzen da okil berde (Picus viridis), okil handi (Dendrocopos major) eta okil txiki (Dendrocopos minor) okilekin, urubia (Strix aluco) bezalako gaueko harrapariekin edo zapelatza (Buteo buteo) bezalako egun argiko harrapariekin, bai eta baso hauetako ohiko habigileak diren garraztarroa (Turdus viscivorus), baso-txinboa (Sylvia borin), kaskabeltz txikia (Parus palustris), gerri-txori arrunta (Certhia brachydactyla), eskinosoa (Garrulus glandarius), erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapillus), kaskabeltz handia (Parus major), buztanluzea (Aegithalos caudatus) eta oilagorrarekin (Scolopax rusticola).
Katagorria (Sciurus vulgaris), lursagu gorria (Clethrionomys glareolus), azkonarra (Meles meles), lepazuria (Martes foina), basakatua (Felis silvestris catus), askotan espezie basati moduan aritzen baita, Millet satitsua (S. coronatus), ur-satitsu hankazuria (Neomys fodiens) eta katajineta (Genetta genetta), besteak beste. Anfibioen artean, arrabioa (Salamandra salamandra) da garrantzizkoena, toki altuagoko eremuak gustokoen dituen arren. Apo arrunta (Bufo bufo) eta txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) ere bizi dira baso-inguruetan; eta errekaren batek basoa zeharkatzen baldin badu, han ageri dira uhandre marmolaria (Triturus marmoratus) eta palmatua (Lissotriton helveticus), eta ur-igela (Rana perezi). Narrastien artean azpimarratzekoak dira: zirauna (Anguilis fragilis), suge gorbataduna (Natrix natrix) eta Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus) eta inguru edo gune eguzkitsuenetan, horma-sugandila (Podarcis muralis), kantaurialdeko suge-gorria (Vipera seoanei) eta musker berdea (Lacerta bilineata).
Hariztiko fauna-aniztasun izugarria ornogabeen ugaltzea du oinarritzat. Moluskuen artean, ugariak dira Cepaea nemoralis bezalako barraskiloak, birigarroen eta zozoen jaki preziatuena, horiek trebetasun handiz harriaren gainean oskola apurtzen dutelarik. Era berean, Arion ater bezalako bareak ere ugariak dira. Horien tegumentu gizena hegaztientzat ez da batere gozagarri, baina azkonarra bezalako ugaztunentzat elikagai osagarri ezinhobea da. Zenbait lur-zizare espeziek oso eginkizun garrantzitsua dute hariztiko humus aberats hori ekoizten, eta satitsuek, sugandilek eta birigarroek jaten dituzte beroiek. Oso deigarria da baso hauetan bizi diren artropodoen aniztasun izugarria, lukanidoen familiako arkanbele (Lucanus cervus) eta Cerambyx cerdo zeranbizidoaren kopuru handiak bermatuz. Bi koleoptero espezie hauek xilofagoak dira, egurretaz elikatzen dira alegia, eta bertako hostogalkor basoei loturik agertzen dira. Hariztia (Quercus robur) izan beharko litzatekeen landaredi potentzialaren urritasunak markatzen du intsektu hauen kontserbazio-egoera desfaboragarria, egungo baso-ustiaketa ereduarekin areagotuz doana eta ondorioz irtenbide onik ez zaiona aurreikusten oraingoz.
Azken urteotan koleoptero talde desberdinei buruzko ikerketak sustatu eta emendatu dira. Cerambycidae familiako ikerketa berri batek 46 espezie aipatzen ditu Urdaibai eta ingurutan, hain zuzen EAEn ezagun diren espezieen %35a, gehienak fauna eurosiberiarrari dagozkionak.
Artropodoen artean ematen den larba-ekoizpen handiari esker hegazti intsektujale guztiek jakia dute udaberrian, hala nola, kaskabeltzek, sasi-txoriek, txinboek eta txioek.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.