Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Kanposantuen sarrera

Historian zehar eta jada antzinatik hileta-eraikin eta hileta-monumentuak sinbolo desberdinekin lotuta egon dira eta honek egitura horiek izaera artistiko propioa izatea eragin du. Hildakoei hirigunetik kanpora lur emateko antzinako ohitura kristaua galtzen joan zen Kristo osteko IV. mendetik aurrera; eliza inguruan eta eliza barruan lur emateko ohitura berria zabaldu zen. XIX. mendearen hasieran elizetan eta hiri-guneen erdian lur emateari utzi zitzaion; lur emateak kanpoan egiten hasi ziren, kanposantuetan. Ondorioz, apurka-apurka artea ortusantuetatik urruntzen hasi zen eta XX. mendearen hasieratik aurrera industria-lan moduan planteatu zen. Irudiak, elizen baitan agertzen den modu berean, molde batzuen arabera eraikiko dira. Sarrera honekin amaitzeko estiloari dagokionez esan behar da XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran historizismoaren alderantz joan dela, oso baliabide erraza delako artistarentzat, sinbolismo-zama handia duelako.

Eskualdeko elementu artistiko nabarmenenak ikusten hasi orduko zenbait orokortasuna komentatzea komeni da.

Kanposantua kokatzeko momentuan ezinbesteko bi eragile hartu behar ziren kontuan. Lehenengoa lursailen kokapena da. Izan ere, osasun-arrazoiak medio ezin zitezkeen herriaren erdian egon, baina garraioa errazte aldetik ere ezin zitezkeen egon oso urrun kokatuta. Bigarrena eraikuntzaren finantzaketa da. Honen eraginez eraikitzeko prozesua luzatu egiten zen. Zentzu honetan, XVIII. mendean, Carlos III.aren Errege Zedulak ezarritako xedapenek barruti sakratu berriek gainerakotik burdina-hesi edo harrizko horma baten bidez mugatuta egon behar zutela agintzen zuten.

Gernika-Lumo, Bermeo, Mundaka… eta Gautegiz Arteagako kanposantua
Gernika-Lumo, Bermeo, Mundak...
eta Gautegiz Arteagako kanposantu
honek baldintza biak betetzen dituzte.
Harrizko horma perimetrala dauka eta
portada nagusian burdina-hesia dago.

Horma-hilobientzako arkupedun tokia erabiltzea Euskal Herriko hilobi-arkitekturako adibide askotan ikusten da oraindino. Horrela bada, Barrio Loza irakasleak nekropoliak “arkupedun hilerriak Euskal Herrian” izenarekin taldekatu ditu, traza eta estiloan inbariante batzuei eusten dien eraikuntza-tipologia legez. Hilerrietan horma-hilobiak erabiltzea oso praktika goiztiarra da, ia hilerri garaikidea lako goiztiarra. Beharbada, hirien barruan, elizetako hormei erantsitako hilerrien inguruan zeuden hezurtegien herentzia da. XIX. mendean ere eraikitzen jarraitu zituzten eta gure nekropolietan lur emateko tipologiako protagonista bihurtu ziren; horrelako arrakasta izan zuten lur emateko modu merkea delako eta hilerrietan lur emateko toki gehiago uzten dutelako. Hasieran hilerriko hormaren alboetan zeuden baina denborarekin pabilioi handiak bihurtu ziren eta hilerrien erdian ipini zituzten. Barrio Lozaren ustez Bizkaian hain arruntak ziren eliza-atarietako arkupeak hilerrietara eraman zituzten, hau da, herri-arkitekturaren asimilazioz arkupeak hilerrietara aldatu ziren. Egitura hori erabiltzeak bizkaitarrei hilerria erabiltzea erraztu zieten eta tokia berba egiteko eta lur emateko zen tokira egokitu zuten.

Gernika-Lumoko Zalloko kanposantuaren barnealdea
Gernika-Lumoko Zalloko
kanposantuaren barnealdea. Orain
dela gutxi Gernikako hilerrian egin
dutena kanposantuaren inguruko
hormei erantsitako horma-hilobien
antolaketa klasikotik apur bat urrundu
egiten da. Kasu honetan, hilerrian
hilobiak eta panteoiak harrizko
hormaren ondoan jartzen joan ziren,
halandaze, erdian lau gune ipini zuten,
elkarrengandik bananduta; lau gune
horiek arkupedun lau patio osotzen
dituzte eta barnean horma-hilobiak
daude.

Kanposantuen elementurik interesgarrienetako bat bertan ikus daitezkeen panteoiak dira. Hauen apainketari eta estetikari dagokienez bi xehetasun aipatu behar dira. Bata, bere finantzaketarekin lotuta dagoena. Udalerrietako eliteak erakusten ditu lanik hoberenak. Eta bestea, jarraitzen duten apainketa eta estetika. XIX. eta XX. mendeko estetika neoklasizistak lur emateei dagokien dekorazioa markatzen zuen; panteoiak Greziako tenplu klasikoen antzekoak egiten ziren edo beste forma garbi eta sinpleagoen araberakoak. Hilerrietako arkitekturen dekorazioen estetikak izan zuen eboluzioan hilobi batzuk aingeru, birjina eta bestelako eskulturekin (fede kristauaren sinboloak) apainduta egotea eragin zuen eta horrek osotasunaren irudia lantzen zuen. Horrela, esaterako, Herranz familiaren panteoiko eskulturak, Gezuraga-Beobide familiaren panteoikoak edo hiriko musikariak zen Seber Altuberen panteoikoak aipatu behar dira. Lehenengoan eskala handiko aingeru ederra dago estalkiaren gainean jesarrita, trankil-trankil, liburua irakurtzen: bigarrenean aingeru azti eta lirain bat ageri da portada neoklasiko baten aurrean; azkenengoan , berriz, irudi bi daude musikari betiereko atsedenean lagun egiten: otoizlari bat eta organista bat.

Seber Altuberen panteoia, Zalloko kanposantuan, Gernika-Lumon
Seber Altuberen panteoia, Zalloko
kanposantuan, Gernika-Lumon.

Ondoren, arkitekturaren ikuspuntutik, eskualdean auki daitezkeen kanposantuetako elementu nabarmenenak aztertuko ditugu.

Busturialdeko hilerriak

Panteoi gutxi ikus daitezke Mundakako hilerrian, biztanle gutxiko udalerria baita, baina daudenak sinbolismoz, historizismoz eta eredu modernistaz beteta daude. Laburbilduz, beste kanposantuetan ikus daitezkeen adibideen antzekoak aurki daitezke.

Agirre auzoan, sarbide zaileko mendi-tontor batean dago. Ruiz de Azuaren arabera 1826an eraiki zen, nahiz eta agirietan hain argi ikusten ez den. 1858an Ruperto Gerrika Etxebarriak portada eraiki zuen Luis Larrazaga arkitektoak egindako planoan eta ezarritako baldintzetan oinarrituta. Horren emaitza hauxe izan zen: sarbidea kuxindura-erako bi zutaberen artean egotea. Kanposantuaren barnealdean, ikuspuntu artistikoan oinarrituta, neurri handiko zenbait panteoi nabarmentzen dira: Gondra, Basterretxea, Urrutia,Larrinaga Familia eta beste bat izenik ez duena.

Mundakako udal-hilerria
Mundakako udal-hilerria.

Muruetako udal-hilerria edo Ortusantu Zaharra 1867an eraiki zuten. Muruetako Andra Mari ermitako materialak erabili zituzten eta azken ukitua Juan Antonio Aldekoak eman zion.

1912an, Silvestre Basterretxea lan-kontratista kontratu zen Teodoro Bidaetxek egindakoa gauzatzeko. Azken honek zuzendu zituen lanak. Horren aburuz kanposantuaren portada eta hormak zabaldu eta gorago jarri behar izan ziren “(…) tanto por lo accidentado del terreno del emplazamiento, como para dar mayor garantía de solidez a las Obras (…)”.

Muruetako udal-hilerria
Muruetako udal-hilerria.

Lana 1914an entregatu zen eta bertan Kanposantuko Kapera nabarmentzen da. Aurreko eraikinaren osaketa-ordena bera jarraitzen du: hiru gorputzetan banandutako oin-planta laukizuzena –hilotzen biltegia, autopsia-gela eta kapera zentrala-, baina erdiko gorputza aurreratu zen. Tren honetan hiru bao zabaldu dira. Ojiba-eran egindako arkua duen sarbidea eta, horren alde banatan, ojiba-eran egindako leiho estilizatua daude. Teilatua, bi isurialdekoa dena, ertzetan bi pinakulu ditu eta erdian gurutzea. Hegaletan dauden gelatako apainketa bere funtzioak bezain aseptikoa da: dinteldun sarbidea.

Arratzuko kanposantuan bi obra artistiko aipatu behar dira. Biak Gandarias familiarekin erlazionatuta daude, zeren eta familia honek XIX eta XX. mendeetan eragin handia izan zuen.

Hilerriko kaperan Juan Tomas Gandarias eta bere ahaidetako batzuk lurperatuta daude. Estilo neoerromanikoan eginda dago eta hiru atal ditu. Erdiko aldean isurialde ugariko teilatua du eta fatxada pilastren artean kokatuta dago. Sarbideak hodi-itxurako okolua du eta mentsularen azpian arku itsuen zerrenda du. Arkupeak eta bi leiho dituzte. Harlanduan eraikitako dago eta estiloa ondo landuta dago.

Beste hilobia Pascual Gandariasena da. Brontzezko eskultura da eta Nemesio Mogrobejok eraiki zuen. Jesarrita dagoen neska katafalkoaren aurrean otoitz egiten ari dela adierazten du. Atzean bi zutabe ditu, erantsitako beste zenbait zutaberekin.

Pascual Gandariasen hilobia, Arratzun
Pascual Gandariasen hilobia,
Arratzun.

Bermeoko Mendiluzeko kanposantuan estiloari osotasuna ematen dizkioten hiru elementu arkitektoniko daude. XX. mendearen hasierako estilo klasizistan eraikita dago.

Mendiluz kanposantuko portada XX. mendeko hilobi-arkitekturaren adibidea da. Ondo landutako harlangaitzez eginda dago. Hiru gorputzetan banatzen da. Hegaletako biak nitxoa duten bi torreta tronkopiramidalekiko apur bat aurreratu egin dira. Hegaletako biek kutxa dute eta goialdean pinakuluak dituzte. Erdiko gorputza puntadun arkuan zabaltzen da eta goialdean gurutzea du.

Kanposantuko kapera Anastasio Arginzonizek proposatu zuen 1817an. Diseinu neoklasizista duen kapera da. Bere barnean tarte bakarra du eta abside erdizirkularrean errematatuta dago. Kaperaren oinetan arkupe polita du. Sarbideen atea erdi puntuko arkuan eginda dago eta marko moduan kajeatutako zutabe-seriea du. Arkua toskanar erako zutabearen gainean oinarritzen da eta goialdean frontoia du.

Aipatu beharreko hirugarren elementu arkitektonikoa dago. Telletxea-Ayo panteoia da. Hau ere estilo klasizistan eraikitakoa da. Erdiko gorputza tronkopiramidala da eta, sarbideko portada, plinto gainean dagoen arkupean dago.

endiluzeko kanposantua (Bermeo) endiluzeko kanposantua (Bermeo)
Mendiluzeko kanposantua (Bermeo). Portada,eta ortusantu horretako
kapera, eskumatara.

Gautegiz Arteagako hilerria edo agirietan dagoen moduan Campo Santoa 1812an eraiki zen. Geroago, 1820an, berreraiki egin zen. Edertasunagatik eta egoera onagatik bertako sarbidea aipatu behar da. 1888an eraikitakoa da eta garaikide estiloan sar daiteke. Ataripea aurreratu egiten da eta bertan kareharri gorrian eraikitako zutabe handi bi daude. Piramide-erako ganga batez estalita dago. Horren gainean gurutzea eta beste elementu batzuk jarri dira.

Aztertuko dugun azken kanposantua Gernika-Lumokoa da.

1787an, Carlos III.ak elizetan lur ematea galarazteko agindu zuen; halandaze, parrokia-eliza honetan hildakoei lur ez emateko debeku zehatza eta gero (1814), Andra Mari elizan gaur egun egunean sakristiak betetzen duen tokia egokitu zen horretako.

XIX. mendean, hilerriak erabiltzen hasi eta elizatan lur emateko ohitura gutxika-gutxika alde batera uzten joateko ideia ilustratuek helburu horrekin emandako irizpideak promulgatzea eta ugaritzea ekarri zuen. 1853an, Gernika eta Lumoko Udalek Saraspen bientzako udal-hilerria eraikitzea erabaki zuten, eta bertan eman zitzaion lur hildakoei mende horren amaiera arte.

XIX. mendearen amaierakoa da (1891) Zallon (Lumoko auzo zaharra) eraiki zen udal-hilerria ere; gaur egunean erabiltzen da hilerri hori.

Gernika-Lumoko Zalloko kanposantuaren harrizko horma perimetrala eta portada nagusia.
Gernika-Lumoko Zalloko
kanposantuaren harrizko horma
perimetrala eta portada nagusia.

Zalloko hilerriko elementu batzuk aipatu genitzake hemen. Batetik, Kristo Santuaren kapera, neoklasizista; oinplano karratuan eginda dago eta Gurutzefikatutako Kristo Santuaren erretaula bat dauka barruan, tailu ederrekoa. Aipatu beharreko beste elementu bat tenplete neoklasikoa da, hiriaren 37ko bonbardaketaren oroitzapenean eraiki zutena; data hori tenpletearen frisoan agertzen da grabatuta. Tenpletearen ondoan desagertutako San Juan elizako kanpaietako bat ipini da eta kanpai hori bonbardaketaren urteurrenean baino ez dute jotzen.

Kristo Santuaren kapera, ezkerrean, eta tenplete neoklasikoa, eskuman. Zalloko kanposantuan, Gernika-Lumon Kristo Santuaren kapera, ezkerrean, eta tenplete neoklasikoa, eskuman. Zalloko kanposantuan, Gernika-Lumon
Kristo Santuaren kapera, ezkerrean, eta tenplete neoklasikoa, eskuman.
Zalloko kanposantuan, Gernika-Lumon.

Hilobi eta panteoien dekorazio eta estetikari dagokionean, herriko elitea osotzen zuten familien eraikuntzak aipatu behar dira, duda barik; horien artean ondoko panteoiak daude: Allendesalazartarrena, Arrillagatarrena, Mazarredo familiarena, Aranako kondeena, López de Calle familiarena, eta Obieta eta Anitua familienak, eta arestian aipatutako Herranz, Gezuraga-Beobide familien eta herriko musikaria zen Seber Altuberen panteoiak.

Beraz, orain arte kanposantuetara joateko orduan sentsazio berezia sortzen bazitzaigun, hemendik aurrera, beste motibo bat gehiago izango dugu joateko. Izan ere, eremu santu hauen kokapena, erabilitako materialak, hauen eta hartzen dituzten panteoien diseinua, etabar. Gure historiaz eta kulturaz gehiago jakiteko aukera eskaintzen digute.

BIBLIOGRAFIA

+ BARRIO LOZA, José Ángel y otros. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia. Diputación Foral de Bizkaia y Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo, 1990.

+ BLASCO MARTÍN, Ana. Bizkaiko Herrien Monografiak. Mundaka eta Sukarrieta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ Del Palacio Sánchez, Vicente; Etxaniz Ortuñez, José Ángel; Iturriarte Martínez, Alberto y Zarrabeitia Bengoa, Alberto. Historia de Lumo. Gernikazarra Historia Taldea. Gernika-Lumo, 1999.

+ ENSUNZA ARRIEN, Maider. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gernika-Lumo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ GARATE MAIDAGAN, Diego. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ajangiz eta Arratzu. Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ PRADO ANTÚNEZ, Ana Isabel. Bizkaiko Herrien Monografiak. Forua eta Murueta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.