Urdaibaiko Biosfera Erreserbako kosta murgiltze edo hondoratze kosta primario gisa dago sailkatuta. Hor itsasoa ibai-ibarretara sartzen da, eta horiek higatu eta estuario bihurtzen ditu. Kostaren forma malkartsua da, material heterogeneoak daudelako. Irtenguneak (Ogoñoko kareharriak, Matxitxakoko hareharriak), erliebe isolatuak (Izaro, Hotzarri...), higatzen zailak direnean haitzuloak eta arkuak edo material bigunak direnean badiak eratu dira. Kontinente-plataformak oro har malda handiak ditu: % 10ekoak baino handiagoak. Euskal Kostaren gainerakoan bezalaxe, plataforma oso estua da. Matxitxakoko lurmuturraren parean 200 m-ko isobata kostatik 7 kilometro baino gutxiagora dago.
Matxitxako lurmuturra Kretazeokoak diren eta iparmendebaldera okertzen diren hareharri-geruzez eraturikoa da. Urdaibai Biosfera Erreserban beste edozein leku baino iparralderago dago. Irtengune honek estuarioa eta Izaro uhartea bera babestu egiten ditu, ekialderantz kostarekiko paralelo dauden korronteak motelduta.
Itsasoak labarrak sortzen ditu hareharrien oinarria etengabe jota. Apurka-apurka lurmuturra desegin egingo da eta haitz-zatiak itsaslabarraren oinera eroriko dira. Gero, olatuen etengabeko lanaren ondorioz, bloke horiek zati txikiagoetan banatuko dira eta harearen tamainako sedimentuak eratuko dira, zeinak itsasbazterreko korronteak Laidako hondartzarantz eramango baititu. Prozesuaren eraginez, itsaslabarraren oinarrian haitz-substratuko gainazal lau samarra eratzen da: marea-zabalgunea, non substratu gogorreko ohiko ekosistemak garatzen diren.
Estuarioko bokalaren aurrean dago, Mundakako portutik bi kilometro ingurura eta Bermeokotik hiru bat kilometrora. Ipar-ekialdera orientaturik dago, kostatik hondo hareatsuko kanal estuaz eta zenbait uhartetxoz (Hotzarri, Potorro-harri) bereizita. Garai batean uhartea kontinentearekin lotuta zegoen, gaur egun Antzora lurmuturra denaren bidez. Itsasoak etengabe higatu dunez gero, lurmutur hori alde batetik gastatuz joan da eta punta ia lau hektareako azalerako uhartetxo bihurtu zaio.
Irla eratzen duten materialak “flysch” erakoak dira (itsas maila orain baino dezentez gorago zegoenean itsas ezpondatik Behe Kretazeoko, “Aptiarreko”, hondo pelagikoetara eroritako deltako konoak). Izaroren puntu garaienak 50 metroko altuera du eta hortik gertu du Madalenako ermita. Irla olatuen etengabeko lanaren ondorioz sortutako itsaslabarrez inguraturik dago, eta haitzuloak eta haitz-substratuko sarguneak ditu. Energia handiko zona da, hainbat eta hainbat espezie dituena.
Ogoño burua Biosfera Erreserbako itsabazterraren ekialdeko mugan dago. 200 metro altuko horma da, itsasora 20 metroko sakoneraraino sartzen dena. Multzo hau Behe Kretazeoan (Aptiarrean, Albiarrean) batez ere bibalbio errudista, brakiopodo, ekinodermatu eta abarrez eratutako arrezife-sistematikoa da. Orduan tenperatura handiagoa zen, gaur egun Karibean denaren antzekoa. Urgondar konplexua deitu ohi zaio. Kareharri-multzoan ere olatuen eragina nabarmena da, beheko aldean sarguneak, haitzuloak eta sifoiak eratu direlako.
Zuzeneko harremana dago sakoneraren eta sedimentu-aleen batez besteko tamainaren artean. Tamaina gero eta txikiago da kostatik urrundu ahala. Lagako hondartzatik iparraldera, 50 metro inguruko batimetrietan, hondar-ale larriaren tamainako biklasto-materialen metaketak daude (bibalbio, ekinodermatu, gastropodo eta abarren hondakinak). Elementu horiek pisu txikia eta nahiko bolumen handia dutelako, zona batzuetaraino erraz eramaten dira.
Kosta inguruko guneetan, 25 metro baino gutxiagoko sakoneretan, harea xehea da nagusi. 40 metroko sakoneratik gora lohi larriak daude, eta ertainak 60 metroko sakoneratik gora. Izarotik iparraldera ale xeheagoko sedimentuak daude 45 metroko sakonerako hondalean. Irla sedimentu horiek garraiatzen dituzten korronteentzat oztopo delako gertatzen da hori.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.