Iparralde/Iparmendebalde-Hegoalde/Hegoekialde norabidean dago eta forma luzexka eta estukoa da: 12 kilometro luze eta, gune lasaiena, kilometro bat zabalekoa. Marearen anplitude (itsasgorako gehieneko altueraren eta itsasbeherako gutxieneko altueraren arteko distantzia bertikala) handiena 4,5 metrokoa da. Beraz, estuario makromesomareala da. Bokalea erdi itxita dauka barra hareatsuak: Laidako hondartzak, hain zuzen.
Ibarra betetzen duten materialen gainean dago ibaiaren ibilgua, zeina aho alderantz apurka zabaldu egiten baita. Estuarioko dinamikak eta lurra basogintzarako oker lantzeak apurka-apurka kanal bat egiten dute eta ondorioz Oka ibaiaren harana erdizka lohiz beteta geratu da.
Oka ibaiari 0,59 m3/s-ko batez besteko emariak neurtu zaizkio, minimoak zero eta maximoak 10 m3/s-koak izanik. Beraz, garbi dago mareako bolumenak (4.858.300 m3/s-koa batez beste) ibaiaren emaria erruz gainditzen duela. Horiek horrela, ur-nahasteak erabateko nahasteko estuario-ereduaren (edo bertikalki homogeneoa den ereduaren) arabera gertatzen dira ia marea bizi eta hil guztietan eta agorraldiko (ibaiek emaririk ez duten edo emari txikia duten garaia) zein uholdeko (ibaiek ohi baino emari handiagoa duten garaia. Garai horretan ibaiek gainezka egiteko arriskua izaten da) ibai-emarietan, baina urte-sasoi batzuetan geruzapen apurra dagoela ikusten da.
Barrutik eramandako materialak hondo lauan jalkitzen dira eta mareen eraginez eraman egiten dira Gernika-Lumoko udalerriraino, non ibai-lautada garatzen baita. Estuario-lautada gehienek bezala, gainazal horrek malda txikia du: 0,2 m/km-koa Gernika-Lumotik Muruetaraino.
Itsasadar osoan litologia eta egitura aldetiko kontrola nabarmentzen da, ibaiertzen moldaketa eta konfigurazioan. Bokaletik goi-ibarreraino hareazko sedimentuetan gaineratzen diren erliebeak ditugu: Izaro uhartea, Txatxarramendi, Sandindere (hauek Kretazeoko kareharriekin dute zerikusia) eta San Antonioko hondartzan dauden sumendi-jatorriko lehen aipatutako ofita triasikoak. Gainera, higadurarekiko konpetenteenak diren materialez osatutako isurialdeen tarteetan estuario-harana estua da; Bekoa irlaren tartean ere, estugunea du, aro jurasikoan eratutako kareharriak estuario-arrora sartzen direlako.
Itsasadarraren ertzak, batez ere ekialdekoak, oso malkartsuak dira, 250 metro altuko tarte eta guzti. Gune horretan itsasadarra baino 40 metro inguru altuago ordeka morfologikoa dago. Zelaigune horrek eten egiten du mendi-mazelaren malda. Mendebaldeko malda txikiagoa da eta itsasadarraren ertzean kilometro bat inguru zabaleko guneetan gutxi gorabehera 100 metroko altuera du.
Estuarioetan zenbait sedimentazio-eremu bereizten dira, litologia mareak edo ibaiak eragindakoa den. Argi eta garbi mareakoak diren lautada batzuk daude, eta beste batzuk estuarioaren barnealderago daude, antropizaturik edo kontinenteko landaretzak kolonizaturik. Horregatik paisaia desberdina osatzen dute.
Itsasoaren eragineko esparrua Santa Katalinako irtengunean eta Antzorako puntan hasten da. Estuarioko urek (zenbait zabaleratan) gora egiten dute Ajangizko Errenteria auzoraino. Muruetatik Gernika-Lumoraino itsasadarraren ibilgua era artifizialean bideraturik dago, ertzetan lehengo ubide naturala utzita. Gur egun ubide hori lohiz beteta dago eta tarte gutxi batzuetan baino ezin daiteke bertan ibili.
Marea-kanalak eta estuarioaren ertzak. Zona lohitsua, mistoa eta hareatsua. Mistoan sedimentuen kolore-aldaketa txikia nabari da, eta hareatsua. Hondoan argi eta garbi horia da.
Zona hareatsua Mundakatik Kanalerainokoa da. Hor itsaslabarrak dira nagusi eta, bestalde, Laidako hondararrak erdizka ixten du estuarioa. Bertan hondartzak daude, eta haizeak sortutako uhinen ekintzaz eta batimetriaren eraginez, nagusi diren ipar-mendebaldeko olatuen errefrakzioa eragiten dute. Jarduera hori dela eta, mareapeko eta marea arteko hondartzan itsasertzeko korronte orrokorra sortzen da mendebaldetik ekialderako norabidean. Eratzen den dinamikak paisaia moldatzen du eta estuarioko ekialdean harea-multzoa, hau da, Laidako hondartza, sorrarazten du.
Gune horiek ere mareen ekintzapean daude. Mendebaldean bokaleko irtenbidea dago, zeinak barnera sartuz eta marea-kanal nagusi bihurtuz, sigi-sagatan kontinenterantz jotzen duen. Estuarioko multzo osoan alderdi horretan garatzen da energia handiena. Iparraldean sakonera txikiko bokalean barra du, goitik begiratuta arku-formakoa eta ganbiltasuna Ekialde/Ipar-ekialdera duela. Mundakako barra deitzen zaio eta marinelek oso ezaguna dute, arrantzara doazen bakoitzean inguratu egin behar izaten dutelako.
Zona hareatsua. Laidako hondartza ezkerrean, Txatxarramendiko uhartea eskuinean eta estuarioaren ahoa, Mundaka aurrean, bien artean.
Laidako hondartzan prozesu geologiko nabarmena da garraio eolikoa. Harea batez ere haize hegoa denean garraiatzen da. Ibilbidean haizeak oztopoa jo eta daraman karga jalkiarazten zaionean, egun gutxitan bertikalean metro bat altuko harea-piloa meta dateke.
Gainera, haizeak sorrarazitako egitura sedimentario batzuk eratzen dira: ripple balistikoak, itsaspen-rippleak, itzal eolikoak, etab.
Gaur egun jarduera eolikoa aprobetxatuz Laidako itsasbazterreko dunak, zenbait presio antropikoren eraginez desagertutakoak, berreskuratzen ari dira.
Harea-bankua itsasgoratan urak estali egiten du, lehorrera itsatsita dagoen ekialdeko murturrean izan ezik. Mareen, itsasoaren eta haizeren dinamikan zenbait faktorek eragiten du: urtaroek, marea-zikloek, haize erregimenek... Energia horri esker, formazioetan kokalekua eta profila azkar aldatzen dira. Horrez gain, multzo honetan harea-ekarpen antropiko garrantzitsua dago, kanalean aldika sedimentuak erauzita eramaten direlako. Hori guztia dela eta, hondartzako marea-mailaren gaineko azalera asko hazi da eta zenbait lekutan itsasbazterreko dunak eratzen hasi dira.
Kanaletik Bekoa irlarainoko tartean bazterrak zabalduz doaz. Lokaztiak eta kanaleko hertz lohitsuak -harea ere gutxi-asko badutenak- azaltzen dira. Material horiek mareetako korronteetan dauden desorekengatik metatzen dira. Husteko korronteak energia gutxiago duenez gero, herrestan eramateko goranzko korronteak baino ahalmen txikiagoa du. Ondorioz, azken korronte horrek ekarritako materialak ezin dira hustu. Lohiek kolore iluna dute, eratu direnean materia organiko ugari eta oxigeno gutxi izan dutelako. Ebakiduran tartekaturiko harea-geruzez osatutako banda-egitura ikusten da; izan ere, ekaitz indartsuetan eta marea bizietan harea gehiago ekartzen baita. Ertzetan paduran ohikoa den landaretza halofiloko gune batzuk azaltzen dira.
honetan hareazko sedimentuen progradazioa sumatu da estuarioko barnealdeko zonetan. Horretan zuzeneko eragina dute gune lohitsuaren gainean isurketa antropikoen bidez, Kanaleko hondartzaren parean, utzitako hondarren metaketek. Leku horretan energia-maila txikia da eta dekantazio bidezko sedimentazioa da nagusi.
Kanal nagusia energia handiko unitatea da, eta dragatu egiten delako, iparraldean forma zuzena du. Gero bihurriagoa da Goierriren aurrealdean. Eraginkor itsasgoran eta itsasbeheran hasieran baino ez diren kanalek zeharkatzen dute padura. Kanalaren barruan higadura-ertzak daude meandroaren kanpoko arkuan eta akreziozko harea eta lohizko sedimentazio-barrak barruko arkuan. Padurako zona da landarediaren kolonizazio handiena duena. Landaredia gero eta itxiagoa da ibilgutik urrundu ahala, eta fenomeno horren ondorioz, gazitasuna txikiagotu eta lurzorua egonkortu egiten da.
Komunitate halofiloak eta subhalofiloak topografikoki geruzatzen dira ezaugarri dituzten elkarteetan. Leku bartzuetan padurak lehortuta (Anbeko polderraren zona), andeatu eta beteta daude (Axpe, San Kristobal, Kanala eta abarreko betelanak). Beste leku batzuetan ertzak muino bihurtuta daude eta Triasikoa azaleratzen da tontor leun gisa. Irtengune horietan zenbait erreka daude, batzuetan mareek nolabaiteko eragina dute eta besteak buxatuta edo neurri batean lohiz beteta daude.
Biosfera Erreserbako hegoaldean ibai-uholdeko lautada dago, hau da, paduraren eta alubioi-lautadaren arteko trantsizio-eremua. Alubioi-lautada, berez, Gernika-Lumoko zonatik gorantz garatzen da. Nekazaritzarako erabiltzen diren lautada hauek gobernatzen dituen sedimentazio-dinamikaren ezaugarria, aldika Oka ibaiak gainezka egin eta uholdeak izatea da. Lautada hauek urez estaltzen direnean, karga solidoa sedimentatu egiten da goi-ibarreko zona lehortuetan.
Gune horretan dauden material detritikoak uhar-erregimeneko zenbait errekaren ekarpen dira, mendebaldeko Baldatikako eta ekialdeko Golako errekenak, esaterako. Ur hauen ibilgiuak malda handia eta luzera txikia duenez gero, aldika bolumen handiak ekartzen dituzte herrestan, eta garraiatutako karga solidoa uholde-lautadan jalkitzen dute, malda hausten den zonan, alegia. Padurako hasierako substratu lohitsuaren gainean daude uholde-lautadako material detritikoak (lehendik zeuden arrokak disgregatuta eratutako materiala) eta geruza iragazgaitza osatzen dute. Akuifero kuaternarioko maila freatikoa laster iristen da zona horretan gainazalera, eta maiz egoten dira soroak urez beteta.
Gernika-Lumoko udalerria Oka ibaiaren uholde lautadan dako kokatuta. (Gernika-Lumoko harana)
Marea-kanal nagusia ibai biltzailearen ibilguarekin elkartzen da, eta mareen eragina Gernika-Lumoraino iristen da. Ibilgua artifizialki bideratu zen XX. mendearen hasieran, meandroak ebaki eta ertzak zabaldu direnean. Kanal artifizialaren ibilgua morfologiaz zuzen kurbatua da erdiko tartean eta gero ibarreko ibilbidera egokitzen da. Ohea paduran hondeatuta dago eta kutxatila-ebakidura du. Hondoan material finak metatu dira. Ibaiaren eragina nagusitzen den neurrian, kontinente-jatorriko hondarren edukiak handiagoak dira hegoaldera eta ibai-ibilguan ohiko diren fazieak (arroka identifikatzeko balio duen ezaugarri-multzoa) eratzen dira.
Kanala ontziak Gernika-Lumoraino hel zitezen eraiki zen, baina lehen azaldu dugunez, egoera horrek hamarkada batzuetan baino ez zuen iraun, besteak beste basogintzako baliabideak gaizki ustiatu zirelako. Kanal hori eginda, lehengo kanal nagusi zaharra neurri batean utzi egin da eta padurako leku zabalak lehortu egin dira. Horrez gain, estuarioaren goialdeak continente-izaera bereganatu du. Utzitako marea-kanala lohiz bete samartuta dago, Oka ibaiaren ekarpenak drainatzeari utzi egin diolako. Mareapeko eta marea arteko lautada lohitsua da, eta berriro ere fluxu-korronteek eramandako material finen dekantazio-prozesuak dira nagusi.
Kanalaren ibilguaren forma meandroarena da argi eta garbi, eta bi zati ditu: ekialdeko bazterrean oraindik ere neurri batean mareen eraginpeko eta Omako errekaren ekarpenak jasotzen dituen zona dago, eta mendebaldeko bazterrean antzinako marea-kanala dago kanalizazioaren hasieran. Utzitako kanal horrek trenbideak ebakitako meandroa eratzen du. Ibilguaren gainerakoak kontinentetik estuarioraino iristen diren gainazaleko isurketa-urak drainatzen ditu. Zona hori lohiz nahikoa beteta dago eta estuarioren alboetan lehortutako padurak inguratzen dituen munek bideratzen dute.
Kanal artifiziala egin zenez gero, ibilgu berrira urak balbula-sistema bidez husten dira. Isurketa urak deskarga daitezke, baina marea-prismari sartzea eragotzi egiten zaio.
Adierazi beharra dago estuarioaren zati handia dragatutako hareaz beteta dagoela. Aldika dragatu beharra izaten da, batez ere Muruetako Ontzioletan sakonera behar delako. Harea isurtzeko zazpi leku daude estuarioan: Muruetako ontziolaren ondoan, Axpe aurrean, San Antonioko hondartza, Sandindere uhartearen aurrean, Kanalean eta Laidako hondartza.
Gaur egun betelan horiek marearen mailaz goiko harea-gainazal moduan azaltzen dira. Metaketa horietan haizeak herrestan eramateko prozesuak dira nagusi; izan ere, horien bidez harea marearteko lautadan barreiatu eta unitate horretako ehundura-ezaugarriak aldatu egiten baitira.
San Antonio hondartzan hare-metaketa nabarmena da.
Estuarioaren ingurune osoan marearteko padura-gainazaleko betelan heterogeneoz eratutako zona lauak ere ikusten dira. Estuarioaren mendebaldeko ertzean lur horiek bat datoz ibai-ibar txikiak trenbidearekin elkartzen diren guneekin. Trenbidea izan da, egin zenez gero, estuarioko mendebaldeko ertzaren muga artifiziala. Muga horretatik abiatuta, hainbat lehortze, betelan eta itsaso zein lehorreko jabari publikoaren eskuratze izan da. Betelan urbanizatuen adibide dira Busturiako Altamira, Mundaka, Gautegiz Arteaga edo Sukarrietako zonak.
Azkenik, estuarioko esparruan izandako aldaketa antropikoei dagokionez, munak eta lezoiak aipatu beharra dago. Padura murriztutako gainazal askoren (baita nekazaritzan eta abelazkuntzan erabiltzen diren beste batzuk ere) ingurunea eratzen duten egiturak dira. Lurrezko dikeak dira, padurako zati bat mareak eragindako gazitasunetik isolatzeko erabiltzen direnak. Kontinenteko urak drainatzeko, dikeetan irekiguneak egin ziren eta urak balbulen bidez husten dira. XVIII. eta XIX. mendeetan egindakoak dira, eta 60ko hamarkadan utzi egin zirelako, hondatu egin ziren. Harrezkero, olatuek eta mareako korronteek suntsitu egin dituzte eta zona horietan mareen eragina apurka-apurka berreskuratu egin da, Busturiako udalerriko zonan batez ere. Hala eta guztiz ere, 1987. urtean Muruetako Udalak muna bat berritu egin zuen eta marearen eraginetik kanpo utzi zituen estuarioko ekialdeko hainbat kanal. Ondorioz, drainatzeari utzi egin ziotelako, kanal horiek lohiz bete dira.
Gautegiz Arteagako udalerriak oraindik Anbeko polderra dago, 70eko hamarkadan jatorrizko itxura izateraino berreskuratuta. Beste mota bateko dikeak marea-errotenak dira. Horiek energia handieneko frondeetan daude, esate baterako, Gautegiz Arteagako Ozollo Errota, Bekoa irlako hego-ekialdean.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.