Urdaibai Biosfera Erreserba » Euskara

Berbeteari gatza eta piperra

Hasteko esango dogu atal hau prestatuteko Busturialdeko Hizkuntza Normalizazinorako Batzordeak Berbeteari gatza eta piperra izenagaz argitaraturiko lantxoan oinarritu gareala. Bertan agertuten dan sarrerea ia osorik ipini dogu hemen oso interesgarria dala uste dugulako.

berbeteari gatza eta piperra liburuaren portada

Eskuetan duzun lantxu honen helburua ez da inor iraintzea, ez horixe, Osterantzeko asmo jatorragoa gogoan izan da egin dogu gure eskualdeko irainen batze-behar hau. Gure gaur egungo gazteen berbetea ez da helduok darabilgun ereduaren bardina, antzekoa bez askotan. Egia da gazteak euskera gehiago egiten dabela orain urte batzuk baino eta horrexegaitik, hain zuzen be, gertatzen da aldaketa. Erabiltzen ez dana, dan moduan gorde lei baina erabiltzen dan edozer moldatu egiten da, itxuraldatu. Eta horixe bera jazo jako gazteen berbeteari: aldatu egin da. Eguneroko beharrizanei erantzun beharrak eragiten dau hau guztiau. Maitasuna, gorrotoa, haserrea, poza, lotsa..., zer ez ete dogu adiazoten hizkuntzaren bidez? Eta holako zeozer gurea dan hizkuntzan azaldu ezin izango bagendu, agur.

Edozein berbeta-klasek bizitasuna behar dau eta gazteenak oraindik gehiago. Hizkuntzak erabilgarria izan behar dau; edozein sentimendu di-da batean agertzeko dohaina behar dau. Horixe da gazteak eskatzen deutsena: funtzionala izatea.

Baina, askotan, gehiegitan gure eritxiz, funtzionaltasun horren izenean gaztelerara joten dabe gure gazteak. Lagun bat zikina dala adiazoteko "guarro" edo "puerko" esaten dabe euskera jatorra daukien gazteak be. Orain dala urte batzuk "txarritxo" esango gendun seguru asko.

Bueltau gaitezen, ba, hasieran esandakora, lan honen helburura hain zuzen. Gure xedea ez da berba motzen hiztegi antzerako bat egitea, gazteak eguneroko hitz jardunean galtzeko arriskuan dagozan eta behar-beharrezko dabezan berbak batzea eta ezagutu eragitea baino. Ez dogu gura jentea alkar iraintzen ibiltzerik baina hori gertatu egingo da; orain arte gertatu izan da, gertatzen da eta, egon seguru, gertatu egingo da. Horrexegatik egin dogu ahalegin hau: eskualdeko irainak berreskuratzeko eta euren erabilera gazteen artean indartzeko.

Beste edozer baino gehiago didaktikotasuna bilatu dugu eta ikusiko dozunez erraz ulertzeko moduko sailkapena egin dogu.

Irain bakotxaren sartukera egiterakoan hiru atal izango dira: lehenengo, iraina bera agertuko da baina gaur egungo arau ortografikoak gogoan izanda idatzirik; ostean, eskualdeko ahoskera erakusten dauan gafian idatzita, eta azkenik, irainaren ganeko azalpena. Transkripzinoak egiterakoan modu berezia erabili dogu, beti be erraztasuna eta didaktikotasunaren izenean. Mendebalde osoan "z" ahoskatzen ez dogula jakinda be, "z" eta "s" biak idatzi izan doguz, iraina zelan ahoskatzen dan jakiteko arazorik sortzen ez daualako eta ganera jentea holan idatzita ikusten ohituta dagoelako, Bardin-bardin egin dogu "ts" eta "tz" fonemakaz be, jakinda lehenengoa ez dogula ahoskatzen. Fonema sabaikariei jagokienez, "ll", "ñ", eta "tt" erabili dira eta berba amaierako "i+a" fenomenoaren ondorioz sortzen den kontsonante sabai-aurreko berezia "dx" grafiagaz transkribatu dogu, "herridxe", "ogidxe"... berbatan agertzen dana, hain zuzen be. Beste batzutan, gure eskualdean bertan ahoskera diferenteak dagozanean, forma biak emon diguz.Esate baterako "apoa" eta "apue".

Eta beste barik, gozatu eta ikasi.

AURKIBIDEA

1. Itxurazko ezaugarriak

2. Izaerazko ezaugarriak

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.