Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Zona sublitorala

Sakonera-gradienteari jarraituz, Urdaibaiko kostako uretan oro har, bertako alga-komunitateen arabera, hiru zona egongo lirateke: lehenengoa lehen -3 metrorainokoa da gutxi gorabehera, argi-intentsitate handira eta olatu indartsuetara egokitutako algak dituena (gehienetan txikiak eta soropila osatzen dutelako). Bigarren zona -3 eta -12 metro bitartekoa da eta bertan tamaina ertaineko algek (argi-intentsitatea ertainetara moldatuek eta beren tamaina izan arren olatuen kolpeak bikain jasateko ardatz malgukoek) tapiz zabalak osatzen dituzte. -12 metrotik behera hasten da hirugarren zona. Hor tapizak beren egitura galtzen hasten dira eta giro ilunetako komunitateak azaltzen hasten dira. Landare-espezieak gutxiago dira eta ornogabeek protagonismo handiagoa dute.

Matxitxako zonazioa
Espezieak ingurumeneko faktore abiotikoetara
(tenperatura, argia, lehortea, olatuak eta gazitasuna)
eta biotikoetara (herbiborismoa eta baliabideak
eskuratzeko elkarren arteko lehia) moldatzearen
ondorioz, algak eta ornogabeak marearteko zonan
zerrenda horizontal edo gerrikoak eratuz banatzen
dira, uraren zipriztinak heltzen diren lekuetatik hasi
eta beti uraren azpian geratzen den mailataraino.
Espezieen banaketa bertikal horri “zonazio” deitzen
zaio eta, Bermeoko Matxitxako lurmuturrean, dago
euskal kostako adibide ikusgarrienetakoa.

Urdaibaiko kostako mareapeko landaretzak ere lau geruza ditu: zolda-geruza, basala, ertaina eta epifitoa. Haitzari horizontalki atxikitutako landare-estalkia zolda-geruzari dagokio. Giro ilunetan bizitzera ohitutako algek eratutakoa da. Alga hauen orri-formako frondeak substratu-zati handi batean zabaltzen dira hazkunde erradialari esker.

Geruza honetako espezie behinena karezko Mesophyllun lichenoides alga gorria da, arrosa-kolore ezagunekoa eta gogortasun handikoa (barruan pilatzen diren eta zurruntasuna ematen dioten kaltzio karbonatozko inkrustazioei esker). Substratu harritsua kolonizatzeaz gain, Mesophyllum lichenoides alga beste alga batzuen gainean ere hazten da, batez ere Corallina generoko algen gainean. Dena den, alga handien itzalpean, horma bertikaletan eta argi gutxiko zona sakonetan da ugarien. Zolda-geruzako beste espezie bat Zanardina typus da.

Aipatutako algak gainazal harritsuak estaliz daude eta substratuen animalia txiki askorekin batera bizi dira: Rocellaria dubia bibalbio zulatzailearekin, Balanus perforatus zirripedoarekin, Pomatoceros lamarcki poliketo sedentarioarekin eta alga artean orrazi moduan zilio txikiak zabalduta elikagai diren partikulak harrapatzen dituzten ornogabeekin. Paracentrotus lividus itsas trikua geruza honetan dabilen espeziea da. Euskal kostaldeko itsas trikurik ugariena da. Belarjalea da eta substratuan aktiboki ibiltzen dira batera eta bestera alga bila. Arrakaletan ezkutaturik egoten dira iluntzen duen arte, eta orduan hasten dira elikagaia eskuratzen. Gorputza arantzez babestuta du eta oin asko bentosa moduan erabiltzen ditu, Matxitxakoko hondoetan maiz izaten diren korronteei aurre egiteko finkatuta mantentzearren. Olatu indartsuetatik eta ingura daitezkeen harrapariengandik babesteko, barrunbe txikiak eraikitzen ditu.

Lithophyllum byssoides
Zolda-geruza osatzen duten espezien artean,
Lithophyllum generokoak oso erraz ikus daitezke.
Argazkia Lithophyllum byssoides karezko algari
dagokio. Arrokara oso gogor lotuta izaten da.
Bertikalki arantza edo xafla erako egitura ondulatuak
hazten zaizkio. Bere kolorea gris moretik zurira joan
daiteke, nahiz eta koloregabea ere izan daitekeen.

Beste ekinodermatu bat Marthasterias glacialis itsas izarra da. Itsas izar honek beheko aurpegian hondora itsasten laguntzen dioten ehunka oin ditu muturrean bentosa txikiz horniturik. Euskal Herriko hondaleetan handiena eta ugariena da. Animalia haragijale honek osorik irensten ditu krustazeo txikiak. Pitzadura eta zuloguneetan babesturik erraz topa daiteke.

Corallina sp.
Corallina officinalis eta Corallina elongata alga gorriak
ugariak dira sakonera txikiko hondoetan eta karezko
oso fronde gogorra dute belarjaleetatik babesteko.

Octopus vulgaris olagarroa hemendik ikustea erraza da. Ekaitzetako oldarraldiei aurre egiteko bere gorputz biguna barrunbe txikietan babesten du eta zortzi besoetan bi ilaratan banatutako bentosak substratura gogor itsasteko erabiltzen ditu. Elikagai bila joateko baino ez du uzten babesgune txiki hori. Animalia haragijale hau egunsentian edo ilunabarrean aritzen da.

Matxitxakoko itsaslabarretan hondaleari lotutako faunarekin batera arrain-espezie ugari dago. Dicentrarchus labrax lupia kostako arraina da, nahiko ugaria. Kosta harritsuetako eta itsasoak jotako ongi oxigenatutako urak atsegin ditu. Gazitasun-maila txikia jasaten duelako, Mundakako itsasadarrean ikus daiteke, baita goiko mailetan ere. Diplodus generoko muxarrak mugimendu handiko uretan bizi ohi dira dira. Beraz, erraz ikus daitezke olatuek gogor jotzen duten eta itsaso mugitua egoten den lekuetan.

Itsasora barneratuz, Izaro irlatik ia urrundu gabe eta Arriederra uhartetxoaren aurrean, hondo harritsu uniformeak daude, Izaro uhartearen ondoan baino sakonera handiagoetan. Ia erabat lauak diren substratu horietan animalia-komunitate aberatsik ez da bizi, mikrohabitatak eta babeslekuak eratzeko arraildura, pitzadura edo harririk ez dagoelako. Hala ere, bertan hainbat gorgonia bizi dira, Eunicella verrucosa eta Lophogorgia lusitanica espezieetakoak adibidez. Uhartetxoaren aurreko hondoetan inoiz ikus daitekeen beste biztanle bat Luida ciliaris sakoneko izarra da.

Hypselodoris
Hypselodoris cantabrica edo
Felimare cantabrica nudibrankio
ikusgarria arrunta da Urdaibaiko
urpeetan. Apaindura horiko kolore
urdin bizia du eta zakatz-motots
berezia ere bai. Belakiak jaten
ditu. Polycera faeroensis eta
Doriopsilla miniata nudibrankio
-espezieak ere ugari dira.
(Argazkia: http://en.wikipedia
.org/wiki/Hypselodoris
_cantabrica)

Zolda-geruzaren ezaugarria dinamismoa da. Eratzen duten espezieak eraldaketa-iturri askoren eraginpean egoten dira eta fronde batzuk edo, substratu harritsua biluzik utziz, denak suntsi dezakete. Gune libre hauek beste zenbait espeziek aprobetxatuko dituzte.

Alga zoldagileen estalki uniformearen gainean tamaina handiagoko espezieak altxatzen dira, eta elkarturik geruza basala eratzen dute. Geruza honetan batez ere Corallina officinalis, Rhodymenia pseudopalmata, Acrosorium ciliolatum, Cryptopleura ramosa eta Pterosiphonia complanata alga gorriak daude. Etzanda hazten diren aurreko geruzako algek ez bezala, hauek tente gora egiten dute, tamainaz txikiak dira eta urpeko tapoiz trinkoak eratzen dituzten alga handienen azpiko giro ilunetan bizitzeko moldaturik daude.

Gelidium
Gelidium corneum (lehen G. sesquipedale) alga
gorrizko tapizak olatuak gehien jotzen dituzten
zonetan hazten dira. Bikain garatu eta sorta gorriztak
osatzen ditu, udazkenean itsasoaren indarrak erauzten
dituenean gure kostetara iristen direnak.
(https://seaweedindustry.com/seaweed/type/
gelidium-corneum)

Rhodymenia pseudopalmata alga gorri iraunkorra horma bertikal eta angelu negatiboko horma ilunetan hazi ohi da, baita alga handien (Gelidium corneum, Cystoseira baccata) itzalpean ere. Pterosiphonia complanata errodofizeo iraunkor honek banaketa bertikal zabala du. Batzuetan populazio homogeneo handiak eratzen ditu 10 metro baino sakonera handiagoan.

Baina urpekaria Urdaibain murgiltzen denean, gehien erakartzen duena itsaspeko soropil trinkoak osatzen dituzten alga handien erritmodun mugimendua da. Geruza ertaina da, ezaugarritzat fronde handiak dituena. Izan ere, hauek beste espezieen gainetik zutitzen dira ur azalerantz, hazteko hain premiazkoa duten eguzki-argiaren bila. Geruza honetako alga adierazgarrienak Gelidium corneum alga gorria eta Cystoseira baccata alga arrea dira. Gelidiumek 40 zentimetro nekez hartzen ohi duen bitartean, Cystoseira algak 50 zentimetroak gainditzen ditu. Batak eta besteak banaketa-eredu desberdina dute, beti ere olatuen intentsitatearen arabera. Bi espezieak olatuetara oso ongi moldatutarik daude eta uhinen etengabeko kulunka egoki jasateko finkapen-egitura sendoak eta gorputz malguak dituzte. Esan beharra dago Gelidium corneum Cystoseira baccata baina hobeto egokitzen dela, gorputza zuntzezkoa duelako eta, ondorioz, malguagoa denez, ur-korronteak hobeto jasaten ditu. Gelidium corneum algarentzat gune behinenak ipar-mendebaldera orientaturikoak eta olatuek gehien jotzen dituztenak dira. Hazteko gailur eta tontorrak aukeratzen dituzte, olatuen eragina handiagoa delako. Horregatik Urdaibaiko kosta-ingurunean Gelidium corneum algazko tapiz handienak Laida eta Ogoño lurmuturraren artean daude. Cystoseira baccata alga, berriz, ugarien Matxitxakoko lurmuturraren eta Bermeoko portuaren (Arriboleta) ipar-ekialdera orientaturiko kostan hazten da, olatuek gutxiago jotzen dutelako. Sakonune eta ibarretan ere erruz hazten da, uhinek emekiago jotzen dutelako.

Cystoseira
Cystoseira baccata alga arrea
(kolore horikoa), bere sendotasun
handiaz eta zuhaixka-itxuraz, ugari
hazten da olatuek gutxiago jotzen
duten sakonune eta ibarretan. Bere
adarkadura trinkoagatik animalia
bentoniko askorentzat babesa da.
(Argazkia: http://www.seaweed.ie/
descriptions/Cystoseira_baccata.php)

Ekonomiaren ikuspuntutik Gelidium corneum alga da preziatuena; izan ere, frondetik agar izeneko konposatua erauzten da. Kosmetikan, medikuntzan eta elikagai-industrian oso estimatua den polisakaridoa da. Cystoseira baccata algak merkatuan ez du aurreko algak bezain beste baliorik. Hala ere, Urdaibaiko kostaldeko alga ugariena da. Poluziorekiko oso espezie sentikorra da eta uren kalitatea jaitsarazten duen edozein aldaketa izanez gero bakandu edo erabat suntsitu egin daiteke. Horregatik du balio ekologiko handia; poluzio ezaren bioadierazle moduan erabil daitekeelako, hain zuzen ere.

Espezie hauen frondeen azpialdean, eta are eta gehiago Gelidium corneum algaren estipe edo ardatzetan, askotan orban zurixkak ikus daitezke. Marka horiek sare ordenatua eratzen duten gelaxka ugariz osaturik daude. Electra pilosa briozooa da, Gelidiumaren granate-kolore biziarekin kontraste egiten duen tonu zurixkakoa.

arribazoiak
Urte osoan zehar itsasoaren indarrak algen frondeak
apurtu eta bazterrean pilatzen ditu. Gertera honi
arribazoia deritzo. Alga arreen arribazoiak neguko
denboraleen ostean bereziki ohikoak dira. Alga
berdeena, berriz, udaberrian eta udan batez ere.
Algen kokapen hau itsasoko bizirako oso onuragarria
da. Tarte honetan, olatuek astindutako edo
hondartzetan pilatutako algak elika-katean sartuko
dira. Hegaztiak eurekin elikatuko dira eta masa
horretan dauden animalia belarjale edo detritiboro
kantitate handiak aho betean arituko dira.
Era berean, algen atalik zaharrenetan modu
iraunkorrean dirauten bakteriak aktibatu egiten
dira eta algen osagaia den materia organikoa
berehala deskonposatu eta egoera mineralera
itzuliko da. Zikloa itxi egiten da eta algek,
itsasoko uraren elementu mineralekin elikatu
direnak, berriro itsasoko ura aberasten lagunduko
dute. Algen bitxikeria nabarmenetako bat itsasoko
uretan oso kantitate txikietan ageri diren elementu
mineralak pilatzea eta kontzentratzea da.
Horietariko bat iodoa da. Alga arreek, normalean,
iodoaren zati bat zuzenki askatzen dute airera.
Denboraleek eragindako txikizio honek gertaera
honetan laguntzen du, eta horrela iodoz eta itsasoko
urez betetako zipriztinek lur barnean hainbat
kilometrotara sartzea lortzen dute.

Codium decorticatum alga berdea eta Saccorhiza polyschides alga arrea ere geruza horretakoak dira. Besteak bezala ez dituzte tapizak eratzen eta dezentez urriagoak dira. Urteko landareak dira eta oso baldintza berezietan garatzen dira. Codium decorticatum alga sakonera txikiko eta elikagai-ekarpen handiko uretan hazten da. Horregatik ugariago hazten da estuarioen bokalean.

Saccorhiza polyschides alga metro eta erdi luze izan daiteke. Otsailean eta martxoan espezie honen tarteko fase batek landarerik gabeko espazioak kolonizatzen dituen espora-kopuru itzela sortzen du. Udaberrian zehar tamainaz ikusgarriro handiagotzen da, Urdaibain zein Euskal Herriko kostako alga handiena izateraino. Udaren amaieran eta udazkenenaren hasieran izaten du garapen handiena. Zaharkitutako frondeek ezin dituzte olatuen kolpeak jasan eta askatuta lehorreraino eramaten dituzte udazkeneko ekaitzek. Alga honen kopurua urte guztietan ez da berdina izaten, izan ere, inguruneko baldintzen aldaketa urtean zehar kritikoa da, tenperatura bera erabakikorra delarik.

Gelidum corneum eta Cystoseira baccata algen geruzaren gainean laugarren eta azken geruza dago, geruza epifitoa dago. Landare-substratu biziaren gainean hazteko moldatu diren algek eta ornogabeek osaturikoa da. Epifitismoa esparru bentikoan oso estrategia arrunta da eta substratu hori kolonizatzen alga asko saiatzen dira, espazio ezari aurre egiteko abantail handiak dituelako. Zona honetako adierazgarrienetakoak Dictyota dichotoma alga arrea eta Plocamium cartilagineum alga gorria dira. Kokaleku horri esker, finkatzeko substratua ez ezik, hazteko argi ugari izateko aukera ere badute. Dictyota dichotoma eta Plocamium cartilagineum algak substratu harritsuan ere haz daitezkeen arren, geruza epifitoan lortzen dute garapen eta edertasun handiena.

Dictyota
Dictyota dichotoma alga arreak bere-xingola
-formako frondea urpeko tapiz handiak eratzen
dituzten Gelidium corneum eta Cystoseira baccata
alga handien gainean hedatzen du, argi gehiena
jasotzeko leku egokiena delako.
(Argazkia: http://www.cibsub.com/bioespecie_es-
dictyota_dichotoma-31319)

Landaretzaren egituraketa bertikal hori ez dago komunitate guztietan berdin garatuta. G. corneum eta C. baccata algen tapizak dira konplexuenak eta aldi berean substratuari etekin handiena ateratzen diotenak.

Ur azaletan, 3 metroko sakonerainokoetan, gehiago ikusten dira alga txikiagoak. Espezieek soropil trinkoa eratzen dute, olatuen eraginera hobeto moldaturikoa; izan ere, ur-korronteari erresistentzia txikiagoa eskaintzen baitiote. Horietan guztietan Corallina officinalis da ugariena. Haitzera ondo sendo finkatuta dagoelako, karezko egitura duelako eta ardatz giltzatuak dituelako, beste inork lehia egiteko zaila den malgutasuna eta erresistentzia mekanikoa du. Horren gainean ainguraturik epifito asko egoten da, baina Mesophyllum lichenoides, Bonnemaisonia hamifera, Falkenbergia rufolanosa edo Aparagopsis armata dira aipagarrienak. Azken biak berez espezie beraren bi belaunaldi desberdin dira. Australiatik Atlantikoko kostetara Ozeanoan zehar zenbiltzan ontzien kroskoetan itsatsita etorri zen. Berez lehen aldiz 1925ean ikusi zen Miarritzen. Asparagopsis armata-k adartxo batzuk gako-formakoak ditu eta beste batzuk arpoi-formakoak. Azken horiei esker erraz ainguratzen da beste algetan. Falkenbergia rufolanosa epifitoa erraz topatzen da udan hondartzako uretan flotatuz.

Bonnemaisonia hamifera, Asparagopsis armataren antzera, joan den mendearen hasieran Atlantikoko kostaldera ekarritakoa da; hain zuzen ere Japoniatik gure kostetan hazteko ekarritako ostrekin sartu zen. Bere adartxo kurbatuen artean gako-formako beste batzuk sortzen dira, beste algetan katigatuta geratzeko.

Heriotz tranpa
Bizitza pelagikoa duten lanpernak itsasontzietara edo
flotatzen duten egur edo bestelako objektuetara itsasten
dira. Kasu honetan lur lehorretik heldutako plastikozko
kutxa erabili dute itsasteko. Ordura arte mesedegarri
suertatu zaiena, orain heriotza-tranpa bihurtu zaie.
Itsasoak kutxa lehorrera bueltatu ostean denbora luze
igaroko da berriz itsasora joan baino lehen. Ondorioz,
ale hauek gosez, arnastu ezinik eta lehortuta hilko dira.

Harea-ekarpen handiko estuarioen ondoko kostetan sedimentura moldaturiko komunitateak garatzen dira. Gainazal harritsua hareazko zentimetro gutxiko geruza pean duen giro hauetan ugaltzen diren algak, sedimentaziora eta lehen aipatutako eraginetara moldatu diren espezieak dira. Chondria coerulescens, Cladostephus spongiosus, Stypocaulon scoparium, Halopithys incurva, Stenogramme interrupta eta Padina pavonica ditugu habitat hareatsuetako alga adierazgarrienak. Substratu harritsuan finkatu ondoren, estipea gorantz ateratzen dute, hareazko geruza zeharkatu eta eguzki-izpien argia jasotzeko adarkatuz eta zabalduz. Cladostephus spongiosus eta Stypocaulon scoparium ohikoak dira marearteko zonan. Sakonerako lehen 10 metroetan banako bakan batzuk ikus daitezke. Halopithys incurva askotan ikusten da prozesu hareatsuak dituzten marearteko zonetako kubetetan, baina Stenogramme interrupta bezala tamaina txikiko populazioak era ditzake mareapeko zonetan, zenbait zentimetrotako harea-estalkiak substratu harritsua ezkutatu badu.

Sakonerako lehen metroetako mundu argitsuko aniztasun itzela oso bestelakoa da 20 metrotik behera dagoen urritasunarekin parekatuz gero. Zona horiek goibelak dira, hondora argi gutxi iristen delako eta organikoak mugarik gabeko ilunantzean bizi direlako. Uhinen indarrari ia ez zaio antzematen eta sedimentua alga zein animalien gainean jalkitzen dira. Giro argitsuetan algek hartzen zuten espazioa orain ornogabeek hartzen dute eta espezie batzuek baino ez dute giro lasai eta ilun horietan bizirik irautea lortzen. Hona hemen horietako batzuk: Halopteris filicina, Halidrys siliquosa, Carpomitra costata, Rhodymenia holmesii, Peyssonnelia sp. edo Mesophyllum lichenoides. Ia genienetan banako isolatuak egoten dira substratu erdi biluzian.

Arriboleta
Arriboletako kala (Bermeo). Kargadoretik
hegoalderantz Txankilpuntaraino luzatzen den
kostalde-zerrenda da. 5 bat kilometro luze den
itsasertzeko zati hau Bermeoko udalerrian kokatuta
dago eta arroka handi borobilak eta birlak ditu.
Hortik datorkio izena. Bere zabalera itsasaldien
araberakoa bada ere, 10 eta 15 metro arteko
zabalera du. Argazki hau antzinako hustuketa-kaitik
aterata dago. Hemendik, itsasontziak “La Gaviota”
gas naturala erauzteko plataformara joateko
ateratzen ziren. 2004ko abenduan 18 m luze zen
zere handia (Balaenoptera physalus) hondoa
jota agertu zen.

Hidrodinamismo txikiko leku hauetan Sphaerechinus granularis itsas triku morea maiz ikusten da. Paracentrotus lividus itsas triku espeziea baino sakonera handiagoetan bizi daiteke.

Matxitxakoko lurmuturraren gibelean Potorrotxe puntatik ekialdera olatu handi eta haize zakarretik babestutako kosta-tartea dago. Arriboletako zonako substratuaren izaera metro gutxi batzuetan erabat aldatzen da. Hondo harritsu bihurriak utzi eta sakonera handiagoko hondo hareatsuetara berehala pasatzen da. Urpeko paisai harritsu honetan oso animalia-komunitate aberatsak garatzen dira, erlaitz, pitzadura eta arraildura asko egonik espezie anitzi babesa emateko hainbat eta hainbat mikrohabitat eratzen delako.

Zirrikituak betez eta horma zein haitzetan itsatsita, anemona-espezieak ikus daitezke. Anemona viridis anemona leku argitsuetan kostatik gertu itsaspeko azalera handiak betetzen ditu.

Anemona
Anemonen garroak ederrak dira, baina zelula
erresumingarriz hornituta daude eta itsasoko izaki
txikientzat arrisku hilgarria da.

Arriboletako hondoetan, argia motelago iristen den substratu harritsuak hartuz, Actinonothoë spyrodeta anemona bizi daiteke. Zona horretako horma ilunetan erabat zuria edo ahoaren ingurua laranja-kolorekoa dutenak ikus daitezke. Aiptasia mutabilis anemona ere erraz ikusten da. Kolore arre ilunekoa da gorputz luzexka du. Horri esker pitzadura sakonetan sartuta egon daiteke. Spirographis spallanzani zizarea ere erraz ikusten da eta Urdaibaiko hondoetako zizare ikusgarriena da. Berak egiten duen tutu batean barruan bizi da beti. Protula tubularia zizarea fauna-talde berekoa da. Batez ere sakonera txikietan bizi da, berak egiten duen karezko tutu zurixka batean haitzetara itsatsita.

Aszidiak, nahiz eta itxura delikatukoak eta bizitza sesilekoak izan, ornodunen hurbileko ahaideak dira. Talde txikitan isolatuta egoten dira (Clavelina lepadiformis espezie ederra, adibidez), edo ale ugariz osatutako kolonia uniformeak eratzen dituzten (Botryllus schlosseri espezieak, esaterako). Lehena bere mutur batetik substratura atxikita bizi da. Bigarrena haitzari itsatsitako kolonietan egoten da.

Arriboletako haitzen azpian armiarmaren itxura eta sugeak balira bezalako besoak dituzten animaliak bizi dira, ofiurak alegia. Arrunt ikusten den espezie bat Ophioderma longicauda da. Leku ilunetan bizi ohi da, arrailduretan eta harri azpiko zuloetan, baina ale gazteak alga artean bizi dira. Gehienetan gauez elikatzen dira, beren bizilekua orduantxe baizik ez baitute uzten. Sedimentazio handia dagoenean lekuan bertan geldirik egoten da, bere beso finekin partikulak atxikiz.

Arriboletako zona hareatsuetan holoturia animalia handiak bizi dira. Espezie ugariena Holothuria forskali izenekoa da.

Uretan igeri Sepia officinalis txokoa ikus daiteke, gure kostako espezierik arruntenekoa. Hondo hareatsuetan edo harri-koskor artean bizi da, erdi lurperaturik eta inguruko substratura moldatzeko ahalmenari esker mimetizaturik.

Arriboletako hondoak utziz eta ekialdera jota, Matxitxakoko badiaren erdialdean Mina Mari-ren hondakinak daude urpean. Orain 40 urte inguru kargaontzi horrek su hartu zuen Bermeoko portuan. Portuko uretan hondoratuta gera ez zedin atoian itsaso zabalera eraman zuten eta orain hortxe dago 35 metroko sakoneran. Mina Mari inguratzen duten hondo hareatsuen urpeko basamortuaren erdian, kargaontzian itsaspeko oso komunitate aberatsak garatzen dira. Bertan, besteak beste, ondoko espezieak ikus daitezke: Corynactis viridis anemona, Alcyonium glomeratum korala, Pentapora mebranacea briozooa, Homarus gammarus abakandoa, itsas-aingira (Conger conger), paneka gaztea (Trisopterus minutus), barbarin asko (Mullus barbatus), erreboiloa (Scophtalmus maximus), mihi-arraina (Solea solea) eta oilarra (Lepidorhombus wiffiagonis) eta inoiz bisitan etorri ohi den Scyliorhinus canicula marrazoa.

Arboliz
Arbolizko lapatza, Ibarrangelun, Urdaibaiko mugarik
ekialdekoenean kokatuta dago.

Kostatik urrunduz, hondaleko profilak gero eta kota sakonagoak ditu. Hala ere, batzuetan itsasoaren hondoak bat-batean goraguneren bat izaten du eta fauna anitzeko giro bereziak osatzen dira. Habitat horiek uharte distiratsuak dira, pielago sakoneko monotomia hausten dutenak. Horren adibide dira Matxitxakoko lurmuturraren aurrean dauden goragunean, hainbat espezieri babeslekua eskaintzen dietenak. Arrantzaleek ondotxo dute ezaugarri horren berri zeren beren arrantza-leku gogokoenak leku horiek baitira.

Arrantzan
Urdaibaiko itsasbazterrean pertsonak arrantzan
ikustea oso ohikoa da.

Goragune horietan bizi den fauna, oro har, kostatik gertu azaltzen den bera da. Besteak beste ondokoak: txangurruak (Maja squinado), nekorak (Necora puber), langostak (Palinurus elephas), Echinaster sepositus itsas izarra, karezko tutuetan bizi den Salmacyna dysterii zizarea eta Haliotis tuberculata gasteropodoa.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.