Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Urdaibaiko itsasertzeko itsaspeko mundua » Eremu pelagikoa

Ur-zutabeari elkarturik (edo, hobe esan, bi uren artean) bizi diren bizidun harrigarri guztiek Erreinu Pelagiko deitutakoa osatzen dute. Zona pelagikoa bi eremutan banatuta dago: bata, neritiko deitzen dena, sakonera txikiko lekuetara lotuta dago (hondartza eta itsaslabarren ondoan); eta bestea, sakonera kilometrotan neurtzen zaiona, kostatik urrunago, ozeaniko deritzona. Oraindik ezezagun diren habitat horietan bizi diren organismoak oso ongi moldatzen dira haien ingurune berezia den uretara.

Planktona

Itsasoko ekosistemaren oinarrian planktona dago. Gehienetan, tamainaz hain txikiak direnez gero, lupak eta mikroskopioak behar izaten dira ikusteko. Organismo-multzo horren osagai beren migrazio bertikaleko mugimenduetatik kanpo egon ezin daitezkeen landareak –fitoplanktona- eta animaliak –zooplanktona- dira. Beraz, korronteen eta itsasoko gainerako biztanleen mende daude.

Bermeoko baxurako arrantza-ontziak
Bermeoko baxurako arrantza-ontziek harrapatzen
dituzte arrain pelagikoak.

Denboran zehar aldatu egiten den planktona, meteorologiako eta ozeanografiako baldintzekiko oso sentikorra da. Planktona oso ugari (“bloom” moduan) agertzeko zenbait faktoreren konbinazioa behar izaten da: ur hotz oxigenatuak, elikagaietan aberatsak, tenperatura egokia… Zona horietan bizitza erruz sortzen da, eta horra joaten dira arrainak elikatzera eta ugaltzera, ondorengoak ere bizirik iraun dezaten.

Bestalde, urtaroetako aldaketek migrazio handiak eragiten dituzte espezie pelagiko gehienengan. Neguan elikatzeko eta udan ugaltzeko leku egokien bila ibiltzen dira.

EZAUGARRIAK AZALPENA
Ezkutatzea Inork sumatu gabe egotea oso garrantzitsua da, bai elikagaiak eskuratzeko eta bai besteek harrapatuta ez hiltzeko. Baina zona pelagikoan ez dago haitzuloan ezkutatzerik edo hondarpera sartzerik. Beraz, beren lehen arazoa, jatea, kamuflaje bikainaz konpondu zuten: bizkarra ur-azaletik bereizten zaila den kolore ilunaz jantzi zuten, eta sabelaldea zilar-kolorez edo zuriz, sakonetik ikusi ezin delako. Mozorro horri esker harrapariek ez ikusteaz gain ehiztari trebe bihurtu dira, beren harrapakinak ustekabean harrapatzen dituztelako.
Arrain-sardak osatzea Beren harraparien erasoetatik ihes egiteko ehunka aleko arrain-sardatan bidaiak egiten dituzte eta askotan itsaspean egiazko hormak eratzen dituzte.
Hidrodinamika Abiaduran nagusi diren atunen bizkortasunaz neurketa harrigarriak egin dira: 60 km/h-koak. Migrazio luzetan martxa hori mantentzeko, metabolismo-gastu handia dute, eta hain zuzen energia-premia handi hori dela medio dira oso jatunak.
Ugalketa-estrategia Hezurdun arrainen ohiko estrategia dute, hau da, milioika arrautza zuzenean kanpoko ingurunera botatzen dituzte eta hor ernaltzen dira. Arrain kartilaginosoek, berriz, barne-ugalketa dute eta beren populazioak poliki hazi eta poliki leheneratzen dira.

1. Taula: Arrain pelagikoen zenbait ezaugarri. Arrain pelagiko guztiek badituzte eboluzioan zehar urte askotan garatu dituzten zenbait ezaugarri komun.

Urdaibaiko kostaldeko animalia pelagikoak

Arrain pelagikoen txikien artean, besteak beste, antxoa, txitxarroa, berdela eta sardina ditugu.

Antxoa edo bokarta (Engraulis encrasicolus) bizialdi laburreko arraina da. Nekez bizi da hiru urte baino gehiago eta gehienez 20 zentimetroko luzera izaten dute. Hori duen hilkortasun-tasa handiari zor zaio. Hala ere, ugaltzaile nekaezina da. Neguan sakonera handitan bizi dira, baina udaberrian azaleratu egin behar izaten dute eta migrazio horretan gure itsasertzera hurbiltzen dira arrabak uztera. Arrain txiki hauek oso kontuz aukeratzen dituzte plankton-kontzentrazio handienetako lekuak (ibaien bokaleak eta itsasadarrak), eklosionatu berri diren larbek behar adina elikagai izan dezaten. Bai fitoplanktonaz bai zooplanktonaz osatutako dieta ezinbestekoa da bizialdiko lehen egunetan, zeren larbak bere biteloko erreserbak kontsumitzen dituenena bere buruaz baliatu behar baitu.

Arrautzaren garapena zuzenean tenperaturaren mende dago. Giro egokia izanez gero, bi egunetan larba eklosionatzen du eta horrek arrisku askori ihes egin beharko dio gazte bilakatu arte. Antxoa gazteko sarda handiak, “txitxina” izenekoak, izaten dira Mundakako portuan udaren amaieran.

Oso espezie garrantzitsua da; izan ere, batetik gizartean eragin handiko balio ekonomikoa duen arraina da (urtean milaka milioi euro mugitzen dira antxoaren arrantzaren inguruko negozioan, arrantzale eta kontserba fabriketako jende asko enplegatzen delako), eta bestetik, espezie askoren elikadura-oinarri da, balio ekonomiko handia duten legatz eta atunena, adibidez.

Sardina (Sardina pilchardus) antxoa baino handiagoa da eta 25 zentimetro luze izatera hel daiteke. Zenbait ale 12 urte bizi daitezke, nahiz eta arrantzak eragindako presioaren ondorioz askoz ere gazteago harrapatzen diren.

Antxoa
Gure eskualdeko arrandegietan Urdaibaiko eta bere
inguruko itsasertzeko uretan arrantzatutako antxoa
edo bokarta eros daiteke.

Gaur egun ingurasarearekin harrapatzen dira, antxoak bezalaxe. Lehen euskal arrantzaleek beren portu inguruetan zeuden baliabideak ustiatzea pentsatu zutenean, ontzi arinak eta maniobrak erraz egiteko modukoak eraiki zituzten: traineru izenekoak. Arraunen hamahiru gizonek eramaten zituzten, baina bertan bela ere ezar zezaketen.

Tamaina handiagoko espezieen artean berdela (Scomber scombrus) dugu. Arrain hau 50 zentimetroko luze izan daiteke. Talde handitan ikus dezakegu gure kostetan igeri apirilean eta maiatzean, baina isolaturik dabiltzala urte osoan ere ikus daitezke. Arrainak, moluskuak eta krustazeoak janda elikatzen da.

Berdelarekin batera askotan ikusten da tamaina ertaineko beste arrain pelagiko bat: txitxarro arrunta (Trachurus trachurus).

Arrain pelagiko handiak nabigatzaile nekaezinak dira. Gaur egun arrantzaren aldetik garrantzi handiko zenbait tunido-espezie badira. Horietakoa da hegaluzea edo atun zuria (Thunnus alalunga) eta hegalaburra edo atun gorria (Thunnus thynnus).

Txitxarro beltza
Txitxarro beltzaren (Trachurus
picturatus
) salmenta arrandegian.

Hegaluzea tamaina ertainekoa da. Luzera gehienez metro batekoa eta pisuz 30 kilokoa izaten da. Ekainaren erdialdera kostaldera hurbiltzen da talde handitan, eta hor egoten da urrira arte. Beste muturrean hegalaburra dago. Era guztietako arrainak jaten ditu. Gehienez 500 kilo eta hiru metro luze baino gehiago izan daiteke. Ale izugarri hauek atun erraldoi deitutakoak dira. Mediterraneoan ugaltzeko dituzten lekuetatik (hor udaberrian eta udaren hasieran egoten dira) migrazioak egiten dituzte Bizkaiko golkoraino, zona hau elikatzeko hobesten dutelako. Hor geratzen dira udazkena arte eta neguan hegoaldera itzultzen dira urte-sasoi hotza igarotzera.

Kostalde honetan ikus daitezkeen beste animalia pelagikoa handiak zetazeoak, marrazoak eta dortokak ditugu.

Euskal kostaldeko biztanleek balea handiekin VII. mendeaz geroztik gero izan dituzte harremanak. XIII. mendean balearen arrantza biztanleen bizimoduan hain garrantzitsua zenez gero, zenbait herrik beren armarrietan balearen irudia ezarri zuten, Bermeok esaterako.

Merkataritza aldetik espezie interesgarriena iparraldeko balea edo euskal balea (Eubalaena glacialis) zen nabarmenena. Poliki igeri egiten duelako eta hil ondoren flotatuz eduki daitekeelako, espezie hau Bizkaiko golkoan desagertu arte harrapatu zuten.



Bizkaiko golkoan 25 zetazeo-espezie bizi dira eta lehorretik 11 ikus daitezke. (2. taula ikusi)

TALDE NAGUSIAK IZEN ARRUNTA IZEN ZIENTIFIKOA EZAUGARRIREN BAT
Mistizetoak. Bizarrak dituzten baleak. Zere txikia
Balaenoptera acutorostrata
10 metro luze izan daiteke
Zere arrunta Balaenopeta physalus 25 metro luze izan daiteke
Odontozetoak. Hortzak dituzten zetazeoak. Izurde pilotu edo hegats luzekoak Globicephala melas 4-6 metroko luzera du. 15-50 aleko taldeetan ibiltzen dira. Familiako senideen arteko harreman estua izaten du espezie honetako talde osoak hondartzetan itsasoratu ezinik geratzearen arrazoia
Orka Orcinus orca Arrak 10 metro luze izan daitezke
Izurde marraduna Stenella coeruleoalba Ozeanorako joera handiagoa izan arren, lehorretik ikus daitezke
Izurde arrunta Delphinus delphis Ozeanorako joera handiagoa izan arren, lehorretik ikus daitezke
Izurde handia Tursiops truncatus 1,9-3,9 metro artekoa izan daiteke. Mundu osoan zehar izurde bertakotu edo enbaxadoreak daude. Espezie honetako ale bakartiak izaten dira, arrazoi ezezagunek erakarrita leku berean urteak ematen dituztenak
Izurde muturmotza Grampus griseus Arrak 4 metro luze izan daitezke
Cuvier moko-balea Ziphius cavirostris 7 metro luze izan daiteke
Kaxalotea Physeter macrocephalus Zefalopodoak janda elikatzen da 3.000 metrorainoko sakonerako uretan
Mazopa arrunta Phocaena phocaena Animalia lotsatiak dira, eta kostako inguruko urak atseginago dituzten arren, nekez ikusten dira argi eta garbi, eta are gutxiago hurbiltzen dira ontzietara

Marrazoek gainerako populazioak kontrolatzeaz arduratzen dira. Beren ugalketa-estrategia urtean kume gutxi egitekoa delako eta nahitako zein ustekabeko arrantza egiten delako, espezieak arriskutan dira.

Marrazo muturmotza (Lamna nasus) gure itsasoan nahiko ugaria da, nahiz eta ozeanoan barruragoko urak nahiago dituen. Ur azaletan bizi ohi da eta gehienetan 150 metro baino sakonera handiagoetara ez da jaisten. Martxo aldera hurbiltzen da kostaldera arrain-sarden eta txipiroien atzetik. 3,5 m izateraino hel daitezke.

Gure kostetara datorren den beste marrazo bat marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus) da. Izen zientifikoak dioenez, handia izatea da bere ezaugarri nagusia. 15 metro luze izan daiteke. Ura iragaziz elikatzen da. Taldeak eratzen ditu.

Marrazo muturluzea (Isurus oxyrhinchus) maiz ikusten da. Ozeano guztietako zona beroetan gehien ikusten den marrazoa da, baina gure kostaldean ez da hain ugaria. Sardina-, antxoa-, txitxarro- eta berdel-sarden ondoren edo itsaso zabaleko arrain handien eta txikien ondoren ibiltzen da.

Tintoleta edo marrazo urdina (Prionace glauca) ere ikus daiteke.

Azken aipamena itsaso-dortokei dagokie. Elikatzeko lekuetatik kostatik hurbil kopulatzen duten zonaraino bidaia luzea (13.000 kilometrotaraino) egiten dute.

Euskal kostaldeko uretan larruzko dortoka (Dermochelis coriacea) eta egiazko kareta (Caretta caretta) azaldu izan dira hondartzetan. Gehienetan bizirik iristen dira. Beren osasun-egoera aztertu eta behar dituzten zainketen ondoren berriz ere itsasoratu egiten dira, eta arrakasta-proportzioa handia izaten da. Larruzko dortoka da handiena. Bere barne-tenperatura 25ºC inguruan mantentzeko moldaerak izan dituen itsas dortoka bakarra da. Horri esker ur hotzagoetan bizi daiteke. Egiazko kareta deituriko dortoka kostara gehiago gerturatzen da eta estuario zein itsasadarretara sartu ere egiten da. Dortoka-espezie guztietan tenperatura baxuak ongien jaisten dituena da.

Sasikareta (Eretmochelys imbricata) eta dortoka berdea (Chelonia midas) ere maiz sumatu dira.

Bermeoko udalerriaren armarria
Bermeoko udalerriaren armarrian
balearen ikurra ikus daiteke.

Gaur egun itsas dortoken kontserbaziorako arazo larriak daude. Izan ere, jaioberrien bizirik irauteko indizea oso txikia izateaz gain, populazioaren arazoa baitago. Batetik poluzio kimikoa dago (gaixotasun-tasa handiagorekin eta ugalmena jaistearekin du zerikusia), eta bestetik poluzio fisikoa (plastikoak janaria balira bezala hartzen dituzte). Horrez gain, hautespenik gabeko arrantzaren arazoak daude (trabes-sareak eta tretza).

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.