Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Lehorreko itsasertzeko ekosistemak » Itsaslabarrak

Atlantikoaren ubare batean kokatuta egon arren, Urdaibaiko labarrek negu bakoitzean Azoresetako antizikloiek bidaltzen dituzten ipar-mendebaldeko haize gogorrak jasaten dituzte, bai eta udan itsasoa zakarki haserrarazten duten galarrenak ere. Itsasbazterra eta itsasoa borroka politean ari dira orain dela mila urtetatik hona, perfil koskadun eta malkartsua landuaz. Ez dago habitatik desatseginagorik latitude hauetan malda eta zabalgunetako zerrenda estu hau baino.

Erliebe honen malda gogorrari eta lakartasunari gehitu egin behar zaizkio haizearen etengabeko astinaldiak, itsas-hausian eragiten dituzten zipristinek lurrunketa eta gaiztasun handia baitakartzate. Itsas-hausitik gertu, ia-ia ez dago lurrik. Arraildura eta erlaitzetan bakarrik pilatzen da materia organikoko apur bat eta apur hori beti dago garbituta eta gazituta, itsaslabarraren laztasun edafikoa erabakitzen duen faktore horien pean alegia.

Oka ibaiaren estuarioak zabaldutako aho handiaren kanpoaldean itsaslabarrak dira nagusi kostaldean. Labarrak lerroz lerro hedatzen dira hainbat kilometrotan, eta nabarmenago garatzen dira itsasertzeko hainbat irtenunetan; Matxitxako eta Ogoño lurmuturretan, adibidez.


Argazkian, ezkerraldean, Asnarre
Puntaranzko bidea eta, eskumaldean,
Ogoñoko lurmuturra.

Halere, landare-espezie batzuk bizirik irauten dute baldintza gogor horien pean. Horiek guztiek antzeko egokitzapenak garatu dituzte euren bilakaeran. Batzuk hosto eta zurtoin lodi eta mamitsuak dituzte, euren ehunetan ur eta gatz asko gordetzeko gai direnak, argizarizko kutikulez estalita daudenak eta horma gogorrak dituztenak; beste batzuk hosto estuak dituzte, batzuetan ezkata edo arantza bakarrik direnak. Erro sendoak dituzte, harri garbietara heltzeko gai direnak eta lurraren grabitatearen eta urritasunaren aurka egin dezaketenak. Batzuek substratuari itsatsitako hosto-arrosatxoak osatzen dituzte; ia denak hostoiraunkorrak dira toki emankorrik eduki bezain laster taldean hazten dira eta harri gainean kuxinak eratuaz. Polinizazioa eta hazi bidez birkolonizatzea haize indartsuen eraginaren pean dauden habitatetan zaila direnez gero, errazago egiten zaie alde berriak propaguloak edo errizomak botaz kolonizatzea. Estuarioan gertatzen zen bezala, ingurune honetan bizirik irautea lortzen duten landareak bandatan jartzen dira itsas-hausiaren paraleloki, jasankortasun-ahalmenaren arabera antolatutarik. Baina, estuarioarekin konparatuz, itsasbazterreko labarrean landare-banda jarrai hauek metro batzuetan gertatzen da ozta-ozta.


Itsas ezkurrek (Balanus balanoides) kostako
ingurunetik itsasoko ingurunera igarotzen ari
dela adierazten dute itsas-hausiaren harri
gainean.

Matxitxakoko lurmuturraren (Bermeo) itsas-hausiaren gainean edo Asnarre Puntako (Elantxobe) ekialdeko aldean, behe zerrenda bat ikusten da eta ia ez dago landarerik. Barnera sartzen diren liken batzuek harriak bakarrik zikintzen dituzte. Baina uretatik oso gertu, ezkutuen eta babestuen dauden arrailduren artean, itsasoko iturri-belarra (Asplenium marinum) lotsatia eta urria hazten da, habitat honetako berezia den iratzea. Tolestutako estratuek osatzen dituzten erlaitzetan itsas mihilua (Crithmum maritimum) eta itsas plantaina (Plantago maritima) ale isolatuek irauten dute bizirik.


Taula: Itsas labarretan oso landaredi espezializatua dago. Itsasoko urak zipriztinen eta itsas haizearen bidez emandako gazitasunera eta bizitasunera eta substratuaren maldara eta harritsutasunera egokitutako landaredia. Faktore horien gradientearen konbinazioak eratzen du kostaldeko labarraren gradiente integratua. Mareen inmertsio-emertsiora esposatutako eremutik kanpo, gradiente integratu hori hiru segmentutan zatika daiteke; eta segmentu horiek, berriz, beste hainbeste habitat erabat bestelako hartzen dute. Horien atzean, barnealdera, itsasoak eta labarrak baldintzatzen ez duen landaredia dago. Aurrean, berriz, urpera behartutako kostaldeko eremua dago; itsasertzeko zoolikenen komunitateak bizi dira lerro horretan, Verrucaria generoko espezieak eta hainbat molusku; lapak eta balanoak, esaterako. Hiru habitat edo landaredi-gerriak taula honetan jasota daude. Habitat zonatuen eredu horrek ordezkaritza aberatsa du Urdaibaiko kostalde malkartsuan. Bi mota bereiz daitezke itsasertz horretan: bat kareharrizkoa, eta bestea ez karstifikatua. Kareharrizkoan higadura karstiko mota bat garatzen da, eraisten oso zaila (Ogoño). Ez karstifikatua, berriz, beste edozein harri motak osatutakoa da, eta eraisten errazagoa; horren adibide dira flyscha eta hareharria (Matxitxako). Maila horietako bakoitzean dauden landare-asoziazioak Prieto eta Loidi (1984) egileen proposamenaren arabera sailkatzen dira, taulan adierazten den moduan.

Haitz gogorrenek arraildura gehiago egotea ahalbidetzen dute, haietan, itsas-hautsitik metro gutxitara, komunitate bat jadanik eratuta agertzen delarik, itsas-azenarioak (Daucus carota subsp. gummifer), Limonium binervosum, Silene vulgaris subsp. uniflora eta Spergularia rupicolak osaturik. Honaino aipatutako landareek olatuen jazarraldiak jasan behar dituzte ekaitz eta galarrenak daudenean. Ia landarerik ez daukan zerrenda honen atzean, zipristinen lerrotik urrun, beste espezie batzuk agertzen dira, aurrekoei batu egiten direnak itsas labarra kolonizatuaz. Estaldura gehitu egiten da eta sastrakadi txiki bat agertzen da, eta erlaitzak lurzorua hazi berriaren seinale den soropil bigun eta heze batek estaltzen ditu.


Bermeoko Matxitxakoko lurmuturra.

Soropil honetan orratz-itxura eta hosto laburrak dituen gramineoa, itsasotik hurbil dauden ingurunetarako egokitzapen berezi bat bizi da, Festuca rubra subsp. pruinosa alegia. Horiekin batera beste belarkari batzuk agertzen dira, horietatik Armeria euskadiensis bereziki interesgarri delarik, Villanoko lurmuturra (Plentzia), Matxitxakoko lurmuturra (Bermeo) eta Gipuzkoako itsasbazterreko toki gutxi batzuetan bakarrik agertzen den euskal kostaldeko endemismoa dena; zauri-belarra (Anthyllis vulneraria) eta kostaldeko bitxilorea (Leucanthemum ircutianum subsp. crassifolium) ere agertzen dira, itsas-hausi ondoko espezieaz gain. Zintzilikatutako zelaiguneetan Desmazeria marina, Sagina maritima eta Plantago maritima hazten dira.

Mendi-hegaletik gora, Festuca rubra subsp. pruinosa espezieko soropilen atzean, Matxitxakon batik bat, baina Antxon Azpiako eta Asnarreko eremu murriztuagoetan ere bai, kostaldeko txilardiaurreko (txilardi-otadi-kostaldeko txilardiaurrekoa) tipikoa hazten da, non Erica vagans txilarra nabarmentzen den, elorri-triskarekin (Genista occidentalis) txandakatuaz, hosto arantzaduna eta lubetetan kuxinak eratzen dituena. Bere loreek horiz estaltzen dituzte itsaslabarrak maiatzean.


Itsaslabarretan bizitzea ez da oso erraza,
hainbat faktoreren aurka borrokatu behar
baita.

Itsasbazterrean zehar sumatzen den bezala, maldatik gora haizeak bultzaturik doan gatzaz betetako lurruna jasan dezakeen lehen berezko zuhaitza milazka (Tamarix gallica) da. Haren inguruan albitz-belardiak daude, soropil zakarrak diren horiek, eta bertako espezie nagusia albitz-belarra (Brachypodium pinnatum) da. Albitz-belardi honetan ere Erica vagans txilarra, Ulex europaeus otea… bizi dira. Eta atzean, itsasotik gero eta urrunago, artadiaren berezko lehen zuhaixkak agertzen dira dagoeneko.

Kostaldeko landare-segida interesgarri honek, zuhaitz-estratu jakina, non artea (Quercus ilex) edo haritz kanduduna (Quercus robur) nabaritzen den, haztea ahalbidetzen duten bizi-baldintzak dauzkan eta emankorrago eta urrunago dauden lurretara aurreratzen den berezko kolonizazioa dakar berekin. Zoritxarrez, egun kostaldean dauden bertako basoen benetako azalera azkar gutxitu da Monterreyko pinuaren (Pinus radiata), eukaliptoaren (Eucaliptus globulus batez ere) eta itsas pinuaren (Pinus pinaster) baso-landaketak direla eta. Aipatutako landaketek, behin errotik eginda gero, Ulex galli eta Ulex europaeus oteen eta isatsaren (Cytisus sp.) adaxkak indarrez eta bizkor ateratzen ikusten dituzte, jasandako eragin handiaren ostean lurrari eutsi eta estalduran berreskuratzeko lan handia eginaz.


Kostaldeko txilardiaurrekoa Bermeoko
Matxitxakoko lurmuturrean.

Lekadun hauek, mendi-hegaletatik gora igotzen dira bere lore horiak isatsarenekin nahastu arte; garbi dago haina abegi txarreko den habitat batek bizitzeko oso aukera gutxi eskaintzen diela ornodunei. Itsaslabarretan ez dago ia anfibiorik eta egon dauden narrastien artean horma-sugandila (Podarcis muralis) eta sugandila iberiarra (Podarcis liolepis, orain arte Podarcis hispanicaren subespeziea) bakarrik dira aipatzekoak. Hemendik oso gertu, Gaztelugatxe Donieneko penintsulan, Pitiusetako sugandila (Podarcis pityusensis) sartu da. Oso ugaria da eta, bere populazioa hedatzen ari da. Osterantzean, hegaztiek ingurunea behar bezala erabiltzea lortzen dute eta kasu batzuetan populazio egonkorrak garatu ahal dituzte.

Txirri ilun (Calidris maritima) batzuk, negua igarotzeko, kostaldeko itsas-hausiak eta kaietako olatu-hausleak aukeratzen dituzte eta hantxe elikatzen dira harri artean lumez kamuflaturik. Itsasoan tipikoak diren espezieaz gain, Biosferaren Erreserbaren itsaslabarretan gure kostako nahiz Autonomi Erkidegoko barruko harkaitz handietako harrapakari bereizgarria den belatz handien (Falco peregrinus) bikote batzuek egiten dituzte euren habiak. Urdaibain, belatzak jaki iturri segurua aurkitzen du aldeko hegazti faunan, eta handik hornituko da urte osoan zehar.


Armeria euscadiensis landare-espeziea
1976an identifikatu zuten lehenengoz.
Banaketa urria duenez, eta euskal Autonomia
Erkidegoan espezie oso ugaria ez dela aintzat
hartuta: “Bakana“ kategoriarekin jasota dago
Mehatxupeko Espezieen Euskal Katalogoan.
Estuarioaren ahoaren aurrean, Izaroko irlak (Bermeo) gure kostako itsasoko hegaztien habigintza-koloniarik oparoena hartzen du. Itsasotik 30 metrora ozta-ozta dagoen harkaitz bat da, kostaldeko itsaslabarretako landaretza tipikoaz estalia, non espezie bitxi bat, Lavatera arborea alegia, nabarmena baita. Malbazea mediterranear honek nitrogeno ugari dituen inguruneak nahiago ditu eta tamaina handia izatera heltzen dira.

Izaroko itsas-hausi gaineko hutsuneetan kaio horiaren (Larus michahellis) mila bat bikote bizi da, eta azken urteotan, noizbehinka, Kantauri aldeko kostaldean gutxitan kumatzen duen kaio ilunen (Larus fuscus) bat ikus daiteke. Izaroko itsas-hausi gaineko hutsuneetan bere habiak izkutatzen ditu ekaitz-txori txikiak (Hydobates pelagicus). Baina irla ere bada gaua igarotzera, batez ere neguan eta migrazio-aldietan, lertxuntxo txiki (Egretta garzetta) eta ubarroi handien (Phalacrocorax carbo) moduko, azpimagarrien artean. Itsasadarraren ubidean batzen dira taldeka iluntzean, azken argi-izpiekin batera estuarioa utzi eta Izarorantz abiatzeko, hantxe koloniaren babespean gaua igarotzeko. Padurara itzultzen dira berriro egunsentian janari bila.


Itsas mihilua (Crithmum maritimum).

Itsas eta kostako hegaztien habigintzarako beste leku garrantzitsu bat Ogoñoko haitza da. Bere ekialdeko isurialdetik behera artadia doa, krestoiak eta dolinak estaltzen dituena eta itsasbazterreraino bertaraino heltzen da. Mendebaldeko erlaitzetan, ehunka kaio hankahorik (Larus michahellis) habiak egiteko leku zehatza aurkitzen dute. Harkaitz-zozo urdinek (Monticola solitarius), belatz handiek (Falco peregrinus), buztangorri ilunek (Phoenicurus ochruros), hontza zuriek (Tyto alba), belatz gorriek (Falco tinnunculus) eta erroiek (Corvus corax) ere habiak egiten dituzte. Hormaren oinean, itsas-hausiaren ondoan hogeiren bat ubarroi mottodunek (Phalacrocorax aristotelis) kumeak hazten dituzte eta olatuek zulotutako koben barruan, ekaitz-txori txikien (Hydobates pelagicus) kolonia ugari batek ere bai. Ustekabean, haitz-enarek (Ptynoprogne rupestris) habia egin dutela ikusi da.


Itsas mihilua (Crithmum maritimum).

Ezkontosteko migrazioan, abuztuaren bukaeratik azarora bitartean, milaka itsasoko hegazti Bizkaiko golkoan zehar dabil Afrikako kostalderantz eta Atlantikoaren hegoalderantz bidaiatzeko, hantxe baitute negua igarotzeko lekua. Itsasbazterrez badabiltza ere, kostara baldintza meteorologikoek behartzen dutenean bakarrik hurbiltzen dira. Udazkeneko egunetan, ipar-mendebaldeko haize gogorrak eta itsaskiak nagusitzen badira, Matxitxakotik milaka zanga (Morus bassanus), gabai (Calonectris diomedea, Puffinus mauretanicus) eta espezie askotako marikoi (Stercorarius parasiticus, Catharacta skua) ikusten dira, mendebalderantz hegaztien itsaslabarretik hurbil.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.