Oka ibaiaren arroaren azalera 132 km2-koa da. Batez ere Hegoaldetik Iparralderanzko noranzkoan doa. Ubide nagusiak 14 bat km ditu luzeran eta bertara isurtzen diren errekak Oiz (1029 m), Arburu (552 m) eta Bizkargi (564 m) mendietatik datoz. Zugaztieta ondoan (Muxika) hirurek bat egiten dute ubide nagusian. Honek hondo harritsuaren gainetik egiten du Muxikara arteko bidea, ur-jauzi txikiak eginez. Muxikatik aurrera malda leundu egiten da eta ibaia geldoagoa da eta zeharguneak egiten ditu. Gernika-Lumotik hurbil, ibaiadar nagusia elkartzen zaio, Oizen jaio eta 9 km inguru dituen Berrekondo errekastoa, alegia. Ezkerraldetik ibaiadar garrantzizkoenak Muxikako Ugarte errekastoa eta Gernika-Lumoko Mikiene izenekoak dira. Itsasadarrera zuzenean isurtzen diren errekak ondokoak dira: Mape, Sollubetik (686 m) datorrena; Laga erreka, Armenduaren (386 m) magalean jaiotzen dena, eta Golako, Oka bezalaxe 15 km-koa, sorburua Oizen duena. Illuntzar mendian (727 m) sortzen dira Golako ibaiaren zenbait adar, Uharka eta Gastiburu, besteak beste, baita Oma ibaia ere. Berau ostondu egiten da Kortezubiko Omako lur karstikoaren azpian, ibai-tarte txikiak agerian uzten dituzten dolina edo lotuguneetan izan ezik. Ereñozarren berriro azaleratzen da, eta itsasadarrera isuri arte lurrazalaren gainetik jarraitzen du.
Ibaiak dira Urdaibaiko higadura-eragilerik garrantzitsuenak. Duela bi milioi urte baino gehiago, Kuaternario izenaz ezagutzen dugun aroan zehar, eskualdeko barneko paisaiaren diseinatzaile nagusiak izan dira. Kantauriko ibaiak, laburrak eta malda handikoak direnez, ibai ororen hiru ohiko estadioetatik bi baino ez dituzte ageri, hau da, goi-ibilgua, bertatik urak beren sorburutik ur-jarioz eta ur-jauziz goitik behera amiltzen direlarik, eta erdiko ibilgua, errekako malda gutxituz doan neurrian urak baretzen direnekoa. Behe-ibilgua, non ibaietako urak ia gelditu egiten diren eta meandroak eratzen baitira, laburra da eta ia ez dago horrelakorik Kantaurialdeko Erlaitzean. Horixe bera gertatzen da Artika ibaiaren arroan, bertan ibai guztiek beren urak baretu gabe itsasora isurtzen dituztelarik.
Urdaibaiko ibai guztiek dute oso ondo bereizitako goi-ibilgua edo gaztea, bertan lehorte-aldien ondoren ur-emari irregularrez, edo etengabeko euritearen ondoren ur-jauzi handiez ikus daitezkeelarik. Kasu horietan, beren emaria urria bada ere higadura-lan handia egiten dute, harri-mokorrak edo errekariak tokialdatuz. Ur-emaria egonkorra eta errekaren eta urbazterraren kontserbazioa egokia baldin bada, urak freskoak eta oxigenatuak mantenduko dira aireztapen altuari eta zeharkatzen dituzten bailaretako zuhaitz-geruza egokiari esker.
Korronte gogorra dela eta ur-landareak eta fauna ez dira ugariak. Perfila baretzen denean, baldintza egokiak ematen dira aniztasuna hobetu dadin. Ingurune-kalitatearekiko zuzeneko harremanetan bizi dira intsektu-komunitateak, besteak beste, efemeroak, plekopteroak, friganeak, e.a.ek osaturik. Horietariko batzuen eltxarrek egur-zati txikiez, belarraz, oskolez edo hartxintxarraz kutxa edo bizitoki txikikoak eraikitzen dituzte. Beren itxura zapalei eta harkaitzetara eusteko daukaten sistemari esker korrontearen indarrari eustera ohituta, ur-zozo europarraren (Cinclus cinclus) jakirik preziatuenak dira ur azpiko intsektuen eltxarrak. Hegazti hori bakarrik aurki daiteke erreka garbietan, horietan korrontearen aurka ur azpian ibiliz aritzen da ehizan. Erreka horietako beste hegazti garrantzitsu bat buztanikara horia (Motacilla cinerea) da; hegaz doala intsektu hegalari heldua harrapatzen ditu horrek, haiek bere funtsezko elikagai izanik.
Beste zenbait intsektu ere, kakalardo distizidoak (Dytiscus marginalis esaterako) eta elmidoak (Epeorus torrentium, Riolus illiesi, Elmis aenea…), bizi dira bertan, bai eta ur-emari kontinentaletako bizitzari lotutako ornogabe ugari ere, hala nola Ancylastrum fluviatile izeneko ibai-lapa eta Theodoxus fluviatilis gasteropodoa, igelen eta arrainen parasitoak diren ibai-arkakusoak (Echinogammarus sp.) bezalako krustazeo anfipodoak edo izainak (Haemopis sanguisuga, Erpodella octoculata…). Intsektuen baitan aipu berezia merezi du orain dela gutxi aurkitu den Oxygastra curtisii burruntzi espezieak. Euskal Herri osoan Urdaibain du populazio egonkor bakarra, Ajangizko putzu bakarrera mugatua. Konturatzen gara beraz espezie honen zaurgarritasunaz, hain mugatuta agertzen baita. Burruntzi honek babes berezia du ez soilik gure lurraldean baita Europan nazioarteko mailan ere, beraz berau babesteko ekintza eta konpromisoak premiazkoak dira. Kontserbazio interesa duten beste ornogabe lurtarrak aipatzearren Elona quimperiana barraskiloa dugu, kobazuloen sarrera inguruetan ohikoa dena.
Urdaibaiko zenbait ibai-burutan bizi den beste ornogabe interesgarri bat bertako karramarroa (Austropotamobius pallipes) da. Karramarro hau, XX. mendearen azken herenera arte, ur garbiko ibai guztietan ikus zitekeen, baina azken aldian Euskadiko erreka gehienetatik desagertu egin da, alde batetik gehiegizko arrantzaren presioz, erreketako ur eta ekosistemek jasandako degradazioz eta bestalde eta batez ere afanomikosis gaixotasunaren eraginaz. Aphanomyces astaci onddoak sorturiko gaixotasun hilkor hau, gure erreketan kontrol barik askatu ziren karramarro exotikoekin etorri zen, Ameriketako karramarro gorria (Procambarus clarkii) eta seinale karramarroarekin (Pacifastacus leniusculus). 2004an egindako ikerketetatik ondoriozta daiteke Urdaibain ere bertako karramarroak desagerpen joera nabarmena jasan duela.
Ibaiak eta urbazterrak dira anfibio gehienen bizileku egokiena; haietako gehienak ibai-bizitzako eltxar-aldia izaten dute. Ondo kontserbaturiko Urdaibaiko erreketan udaberriaren hasieran errunaldiak eta ondoren zapaburuen ugalketa ikusi ohi dira. Anfibioen baitan 9 espezie agertzen dira Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, hala ere ez da lan berezirik egin talde honen baitan. Edonon aurki daitezkeen ur-igel arrunta (Rana perezi), apo arrunta (Bufo bufo) edo txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) dira, beraien izenak diotenez, espezie arruntenak edo behintzat aurkitu eta behatzeko errazenak. Aipatzekoa da Busturiko baso-igel iberiarraren (Rana iberica) populazioa, EAEn dauden hiru populazio handietatik dentsitate altuenekoa dela aurkitu da 2007an. Arriskuan dagoen populazioa da, berau agertzen deneko errekaren inguruan egiten diren basolanek, batez ere pista berrien zabaltze eta matarrasak, eragindako luiziek errekak lokatzez betetzen dituzte eta arriskuan jarri baitezakete. Espezie hau urria da EAEn eta bere populazio egonkor eta ugarienak, aipatutako Urdaibaiko hau, Karrantza Haranekoa eta Gorbeialdekoa dira, geografikoki isolatuta agertzen dira beraien artean eta gainera espeziearen banaketa eremuaren mugan aurkitzen dira, Iberiar penintsulako beste populazioekiko isolamendu-maila oso nabarmena izanik. Urdaibaiko beste anfibioen artean baso-igel gorria (Rana temporaria), zuhaitz-igel arrunta (Hyla molleri), arrabioa (Salamandra salamandra), uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) eta uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) ditugu.
Narrastien komunitatea ez da oso zabala Urdaibain baina bere garrantzia ez da gutxiagokoa. Dortoken baitan (Quelonia familia) Urdaibain galapago edo apoarmatuak ditugu, ur gezetako espezieak. Egin diren lanek talde honen urritasuna utzi dute agerian. Bertakoa den apoarmatu istilzalearen (Emys orbicularis) ale bakarra aipatu da 2006an; hala ere, errekatik kanpo zebilen eta beraz ustez errutera zihoan eme bati dagokiona, itxuraz populazio txiki bat dagoenaren lekuko. Kanpokoak diren espezieak ere badira, penintsulako eskualde mediterranearreko apoarmatu korronte zalea (Mauremys leprosa) eta exotikoagoa eta aurreko biekin lehian dagoen Trachemys scripta espezie amerikarra, etxeko animalia moduan saltzen dena eta jendeak inolako kontrol barik edonon askatzen duena.
Urdaibaiko ibaietako narrastietatik suge gorbataduna (Natrix natrix) eta suge biperikara (Natrix maura) dira azpimagarrienak; horiek aterpe egokia dute urbazterreko baso hezean. Ur-emari egonkorreko bitarteetan arrainak dira nagusi, esaterako, ezkailua (Phoxinus phoxinus), zalantzarik gabe arrainik ugariena, eta amuarraina (Salmo trutta), horren arrain-kumeak martin arrantzaleak (Alcedo atthis) goitik behera hegan datorrela jaten dituelarik; espezie horiek ondo kontserbaturiko erreketetan ikusi ohi dira.
Ibarbideari lotutako landare komunitateak haltza (Alnus glutinosa) nagusi deneko galeria-basoa eratzen du. Haltz-basoak ibaiertzetan hazten dira, ia beti putzuz betetako lurzoruen gainean. Urez bustitako eta oxigeno disolbaturik gabeko lurzoruetan. Baldintza horiek oso egokiak dira lurzoruan ur asko behar duten landareentzat eta beste organismo batzuentzat; ez, ordea, lurzoru oxigenatua behar dutenentzat edo lurzoru lehorragoak nahiago dituztenentzat. Gainera, lurzoruan geratzen den materia organikoa erredukzio bidez deskonposatu behar da, eta ez oxidazio bidez. Horrek lagundu egiten du zohikatza edo erdi deskonposatutako materia organikoaren masa sortzen. Hala, zohikatz hori geratzen eta lurzoruan pilatzen joaten da. Horrek sindrome edafiko berezia sortzen du, hidromorfia deritzona. Gainera, uraren korrontearen ekintza mekanikoak arrastan eramaten ditu lurzoruan pilatutako elementuak eta gainazaleko osagai asko berritzen ditu, lehendik zeudenak eraman eta beste batzuk ekarrita. Aldian behingo berritze horrek oreka dinamikoa mantentzen du haltzadiaren ekosisteman. Korrontea, gainera, funtsezko osagaia da espezie askoren hedagaiak zabaltzeko; izan ere, uraren indarraz errekan behera joaten dira hedagai horiek. Hala zabaltzen dira haltza (Alnus glutinosa) bera eta sahatsa (Salix atrocinerea).
Haltzadia Hyperico androsaemi-Alnetum glutinosae asoziaziokoa da. Baso trinkoa eta sarria da; hortik itzaltsua izatea. Oihanpearen iluntasun hori arindu egiten da basoaren antolaketagatik: haltzak galeria baten moduan lerrokatzen dira ibaiertzetan, eta, hala, argira zabaltzen da basoa korrontearen aldetik. Horrenbestez, zeharkako asimetria sortzen da ibaiaren alde argienaren eta ondoko basoak itxitako kontrako aldearen artean. Ibai eta erreka ahokatuetan itzala are handiagoa da. Ibar batzuen mehartasuna dela eta, haltzadia doi-doian iristen da haltzen ilara bat edo biko zabalera izatera kasurik gehienetan. Zuhaitz-estaldura haltzez osaturik dago ia osorik; badira, hala ere, lizar (Fraxinus excelsior) eta sahats (Salix atrocinerea) bakanen batzuk. Estaldura bera, nolanahi ere, trinkoa da oso. Haltza (Alnus glutinosa) lurzoruan hezetasun handia behar duen espeziea da, baina gai da mantenugaietan oso urriak izan daitezkeen substratuetan bizitzeko. Actinomyces generoko bakterio batekin asoziazio sinbiotikoa eratzen du, eta, hala, gai da atmosferako nitrogenoa finkatzeko (oso organismo gutxik dute horretarako gaitasuna); horren ondorioz, hantura edo nodulu batzuk garatzen ditu sustraietan. Horien bidez, haltzak, kidearekin batera, hazteko behar duen nitrogenoa finkatzen du, eta basoaren lurzorua aberasten du mantenugai baliotsu horrekin.
Zuhaitzen azpiko geruzak oparo garatuta daude, haltzadia bizi den lurzoruan ur eta mantenugaiak ugariak direlako. Zuhaixkak asko eta ugariak dira: arantzadunak dira espezie dezente, eta horren ondorioz, nekagarria izaten da zuhaizpe horretan ibiltzea. Zuhaixka arruntenak zuhandorra (Cornus sanguinea), urritza (Corylus avellana) (kareharrizko amildegien aldaeran da bereziki ugaria), elorri zuria (Crataegus monogyna), basaerramua (Euonymus europaeus), arbustua (Ligustrum vulgare), elorri beltza (Prunus spinosa), sasia (Rubus ulmifolius), intsusa (Sambucus nigra), etab. Beste batzuk, zumalakarra (Frangula alnus) adibidez, oso ugariak dira amildegi silizeoen aldaeran.
Lianak ere oso ugariak dira, udaberrian urbazterrak estaltzen dituzten hosto erorkordunak nagusi direlarik, hala nola apomahatsa (Tamus communis), aihenzuria (Clematis vitalba) eta lupulua (Humulus lupulus), gutxiago, baita huntza (Hedera helix) ere, berau iraunkorra izanik.
Azpian, belar-geruza aberatsa dago, eta geruza horretan karize erraldoiak eta iratze ugari nabarmentzen dira, beste espezie askoren artean. Geruza horretan hazten dira haltzadian berezkoak diren espezieetako batzuk: Carex pendula edo Carex remota, Circaea lutetiana, Festuca gigantea, Myosotis lamottiana eta Silene dioica, esaterako. Ekologiaren aldetik hedapen zabalagokoak dira beste hauek: Ajuga reptans, Athyrium filix-femina, Brachypodium sylvaticum, Carex sylvatica, Dryopteris affinis, Dryopteris borreri, Euphorbia amygdaloides, Geranium robertianum, Hypericum androsaemum, Lamium galeobdolon, Lathraea clandestina, Lysimachia nemorum, Oxalis acetosella, Phyllitis scolopendrium, Polystichum setiferum, Potentilla sterilis, Stellaria holostea, Viola reichenbachiana, etab. Kostaldeko haltzadietan, neguko hotzak nabarmen epeltzen diren tokietan, neurri handiko iratzeak hazten dira basoen hostotza hezeetan babestuta; Woodwardia radicans eta San Joan iratzea (Osmunda regalis) espezieak, adibidez. Urdaibaiko haltzadietan ere hazten dira bi iratze horiek, leku batzuetan ugariago eta maizago bestetan baino.
Bustitako haitzetan, erreken basatzetan, iturrietan eta ura darion lekuetan, substratu silizikoen gainean eta eguzki-izpien eragin zuzenetik babestuta tamaina txikiko eta ertaineko belar delikatuak aurki daitezke. Hiru espezierik arruntenak ondokoak dira: Chrysosplenium oppositifolium, Saxifraga hirsuta (kareharrien gainean leku heze eta ospeletan ere bizi daiteke) eta Cardamnine raphanifolia.
Substratu azidoa, gehienetan hareharriak, duten mendien hegaletan edo tontorretan eta oso hezeetan edo putzuetan zokaiztegietako landare-komunitateei dagozkien espezieak, Sphagnum generoko goroldioak edo ihitza azidofiloak esaterako, aurkitzea ez da batere arraroa. Halere, espezie desberdinetako ihiz (Juncus spp.) eta belardietako zenbait espezierekin (Molinia caerulea, Succisa pratensis, Holcus lannatus…) osatutako egotea ohikoagoa da.
Ibaietako haltzadietan flora fungikoa bi multzotan banatzen da: bata, hein batean hariztiekin batera ageri dena, eta bestea, haltzadietan baino hazten ez dena. Azken horien artean espezie hauek daude: karraspinak (Morchella esculenta eta Morchella umbrina), Gyrodon lividus, Lactarius cyathuliformis, Lactarius lilacinus, Paxillus rubicundulus, Sarcoscypha coccinea eta Sarcoscypha austriaca, besteak beste. Betidanik, gizakiaren jarduerak izugarri aldatu ditu ibaiertzak (isurketak, ubideak, kontrolik gabeko nekazaritza- eta baso-jarduerak, etab.). Hori dela eta, ekosistema horri loturiko espezie fungikoak galtzeko arriskua dago.
Haltzadi kantauriarra desagertutakoan sahastia kokatzen da. Bertako espezie nagusiak ondokoak dira: lizarrak (Fraxinus excelsior), sahatsak (Sambucus nigra) eta hainbat sasi (Rubus spp.). Haltzadiaren bertsio degradatutzat har daiteke eta bere orla edo baso-mantua da. Haltzadia suntsitu eta bertan behera utzi ondoren landaretza-mota hau ibai-ertzetan aurkitzea oso erraza da.
Eraldaketak jarraitzen badu gizakiak tokian tokiko sortutako baldintzen arabera bertan agertuko den belar-komunitateak itxura eta konposaketa desberdina izango da: harizti mesofitikoaren serieko ebakitzeko belardiak, ihitzak (Juncus conglomeratus eta Juncus effusus), komunitate megaforbikoak (Angelica sylvestris, Eupatorium cannabinum edo Filipendula ulmaria), ihiz eta mentaz (Juncus inflexus, Mentha aquatica, Mentha suaveolens) osatutako komunitateak edo azeri-buztanezko (Equisetum telmateia) komunitateak. Komunitate baten edo bestearen agerpena gizakiak egindako maneiuaren araberakoa (artzaintza-maila, nitrifikazio-maila, zapaltze-maila…) izango da.
Zuhaitz-geruza finkoa duten errekastoen ugaztun-biztanleetatik Urdaibain ur-satitsu hankazuria (Neomys fodiens) aurki daiteke, bere azala iragazgaizten dueneko gantzua egiteari esker, ornogabeak janez bizimodu anfibioa garatzen duen satitsua dena, hain zuzen.
Urdaibaiko ibai-ertzetako ohikoa den mustelidoa bisoi europarra da (Mustela lutreola). Beronen gau-ohiturek eta ernetasunak ia ikusiezin bilakatzen dituzte. Urlehortarrez, ugaztun txikiz, hegaztiz eta arrainez elikatzen da. Urdaibai babesleku garrantzitsuenetarikoa duen espeziea. Espezie hau “galzorian” katalogatuta dago EAEn, hainbat faktorek bere biziraupenean eragiten dutelarik. Ezaguna da gure lurraldeko erreken egoera kaskarra, ez soilik kutsaduraren ondorioz baizik eta, eta batez ere, azken aldi honetan kanalizazio eta errepideek eta urbanizazio-lanek eragindako ubide-aldaketa sakonek sorturiko egoeragatik. Errepideek bestelako arrisku handia suposatzen dute, ale ugari bertan hiltzen baitira. Azkenik eta aurrekoa gutxi balitz, bada bestelako arriskurik; hain zuzen beste bisoi espezie baten agerpenak eraginda, bisoi amerikarra (Mustela vison). Azken espezie hau haztegietan erabiltzen da larru ekoizpenerako. Tamalez sarriegi gertatu izan dira animalia hauen ihesak horrelako lekuetatik eta gaur egun hazten doazen populazio basati ugari daude. Espezie biak antzeko beharrizanak dituztenez, lehia zuzen eta berria ekarri dio txikiagoa den europarrari, azken honen biziraupena kolokan jarriz epe labur-ertainera. Oraindik ere Urdaibain ugaria ez den arren, aldameneko Lea ibaiko bisoi amerikarraren populazio egonkorrak arrisku larria suposatzen du, edozein momentutan Oka ibaiaren harrora pasa baitaiteke
Ibaiaren erdiko ibilguan lurraren malda gero eta txikiagoa da, eta ur-etorria gero eta astiroago doa, urbazterretan hareazko eta harri-koskorrezko ur-geldietara iritsiz. Ibaia aurrera joan ahala egonkor bilakatzen da. Bertan ur-geldietara egokitutako espezieen komunitateak garatzen dira. Hortxe, tenperaturak, eguzkitapen handiagoa dela eta, gora egin dezake, eta berriztapenik ez dagoenez gero oxigenoaren kontzentrazioak behera egiten du.
Urdaibaiko ibairik gehienak goiko eta erdiko ibaibideak dira. Ur-emari urriak dituzten eta horietan euri-zaparrada ugariak ibaietako ur-emari urrien eta uraren iragazgarritasunaren ordezko bilakatzen dira. Ur-etorri txikiko ibai hauetako egonkortasunik ezak ez du bide ematen ibai-komunitatea konplexuak eratu daitezen; hala eta guztiz ere, ondo kontserbaturiko bitarteetan, aniztasun handia ikus daiteke. Hauek dira, besteak beste, ibaien erdiko ibilguak litezkeenak: Golako ibaia, Olabetik (Mendata) igaroz eta Loiola (Arratzu), Berroiako erreka Muxikan edo Berrekondo Mendatan, baita Laga ibaia ere Ibaetatik aurrera (Ibarrangelu).
Horietan beti lokaztuta dauden zoruak nahiago duten landare arruntak hazten dira, hala nola, xipa-belarra (Mentha aquatica), berroa (Nasturtium officinale), apioa (Apium nodiflorum) eta aldizka bizi diren beste batzuk ere, esaterako, Callitriche palustris, ur-gainekoa, Equisetum fluviatile… Urdaibain ez dira maiz agertzen Potamogetum crispus potamogetoak, ur-geldi egonkorrenen gainean hostoak dituztenak. Zuhaitz-geruzan, haltza (Alnus glutinosa) nagusi izanik, goietan agertzen ez diren espezieak daude, zume zuria (Salix alba), hain zuzen ere. Ibaiaren ondoko bide bazterretan landare nitrofilo ugariak, hala nola asuna (Urtica dioica), asun borta (Lamium maculatum) eta Alliaria petiolata.
Ondo kontserbaturiko ibaietan bakarrik bizi diren hegaztiez gain, horrenbesteko exijentziarik gabeko eta beste esparruetan ere bizi diren bestelako espezieek haltzetan beren habiak egiten dituzte. Tamaina txikiko hegazti intsektujaleak dira. Ibai-zatietako ohiko espezietatik errekatxindorra (Cettia cetti) da azpimarragarriena; horrek errekaren ondoan sastrakadia baino ez du behar habia egiteko. Ikusteko zaila bada ere, bere txioketa zartagarriak eta errepikakorrak bera nondik nora dabilen adierazten digu eta hostoen babespean ezkutuan gordetzen da. Inguruko bizitokietako animalia asko datoz ibaira, bertan aterpea edo alimentu osagarriak bilatuz. Horixe da enararen (Hirundo rustica) eta enara azpizuriaren (Delichon urbica) kasua, lurgaineko hegadan intsektu eta edari bila ibaia zeharkatzen dutenak, eta urbazterreko lokatza beren habiak eraikitzeko erabiltzen dutenak.
Birigarro arruntak (Turdus philomelos) ere ur bazterretako zizareak eta barraskiloak jaten ditu. Lertxun hauskarak (Egretta garzetta) ere mokoaz arrainak, narrastiak eta anfibioak harrapatzen ditu, beti errekastoen tokirik lasaienak aukeratuz. Kuliska txikia (Actitis hypoleucos) erdiko eta beheko ibai-zatietako limikoloa da. Landareez erdizka estalitako urbazterrak zeharkatzen ditu, ia beti bakarrik, harrien artetik intsektuak, krustazeoak eta moluskuak harrapatuz.
Ur-arratoia (Arvicola sapidus) eta martin arrantzalea (Alcedo atthis) batera bizi dira ibai-bazterreko zohizko ezpondetan eta padurako dikeetan eta bertan beren bizitokiak eraikitzen dituzte. Lehenak galeri handiak irekitzen ditu, harrapakariak ekiditeko, sarrera ur azpian jarriz. Martin arrantzaleak tunel estua egiten du lur azpian, ibaiaren handitzeetatik salbu.
Erdiko ibai-ibilguetako laspegi txikietan ornogabeak dira nagusi, bereziki, intsektuak, horien aniztasuna ibaiaren egonkortasunaz handitzen delarik. Trikopteroak (Hydropsyche pellucidula, Silo nigricornis…), dipteroak (Tipula maxima, Culex pipiens…), odonatoak (Cordulegaster boltonii, Calopteryx virgo…), plekopteroak (Nemoura cinerea, Leuctra fusca…) eta efemeroak (Ephemerella ignita, Baetis rhodani…) ur-geldien eta landareen gainean dabiltza hegan. Ur-bizitzako beren larbak eta pupak hondoko harrien gainean edo ur-gaineko azalean itxaroten dute bere metamorfosia osatu arte. Gerris generoko zapatariek beren hanka ziliodun luzeen gainean jakia bilatzen dihardute.
Habitat flubial nagusiak maldaren arabera sailka daitezke, erreka-tarte bakoitzeko arrain-komunitateetan eragiten duen faktorea delarik. Honela, iturrietatik gertuko eta goi-tarteetako malda handiek korronte handiak eta ur-emari txiki, aldakor eta azkarrak izatea erabakitzen dute, bertan amuarraina (Salmo trutta), ezkailua (Phoxinus phoxinus) eta ibai-aingira (Anguilla anguilla) direlarik espezie ugarienak. Erdiko eta beheko tarteetan, errekak zabaldu eta urak geldotzen direnekoetan mendi-barboa (Barbus graellsii), mazkar txikia (Chondrostoma toxostoma), urre-arraina (Carassius auratus) eta aingira agertzen dira. Amuarrainen kasuan aipatzekoa da Oka ibaiko aleek agertu izan duten geneen purutasuna; espezie honen arrantza sustatzeko askatzen diren arrainen jatorriaren ondorioz Bizkaiko ibai askotan bertako haplotipoak nahastuta daude kanpokoekin, ez ordea Urdaibain. Bertako genotipoen babesleku izateak maneiu egokiak eskatzen ditu beraz.
Urdaibain ondokoek baino ez dituzte profil helduko bitarteak aurkezten: Oka ibaia Astelarratik (Muxika) aurrera, Golako Uarkan eta Barrutian (Arratzu) eta Olalde Kortezubin. Horien ubideak ia horizontalak dira eta Aro Kuaternarioaren azken milaka urteetan pilatutako sedimentuez osatutako uholde-lautada zabal batetan zehar bailara-oinetik doaz meandroak eratuz.
Paisaiak berezko eraldaketa jasaten du bitarte honetan. Ibaiek urez gainezka egitean erreka-bide berriak zabaldu daitezke, ezponden higadura, bat-bateko landareen egitura aldi baterako puskatzea, baita ibai-oheak estaltzen dituzten dekantazio-prozesuak ere eragin daitezke. Itsasaldiek bizidunen komunitateak itxuraldatzen ditu. Ibaikoak ohi diren espezieak desagertu egiten dira arian-arian. Horixe bera gertatzen da Oka ibaian Gernika-Lumotik aurrera eta Golako ibaian Barrutitik aurrera.
Haltzek behe-ibilguen ibai-paisaian nagusi izaten jarraitzen dute oraindik, hemen ur geldietako berezko espezieak nagusitzen badira ere, bitarte zabalagoetan eta eguzkitapen handiagoko ibilguetan ur-gaineko multzo handiak eratu ditzaketenak, hala nola ur-dilista (Lemna minor edo Lemna gibba), Groenlandia densa eta Zannichellia palustris delako espezie arraroa. Era berean, Scrophularia auriculata, Cyperis longus, Veronica beccabunga eta Glyceria declinata delakoak ere hazten dira etengabe lokaztutako urbazterretan.
Marearen eraginez ura gazikara egiten den neurrian, haltzadiak padurako espeziei uzten die tokia; horietatik, besteak beste, milazkaren (Tamarix gallica) eitea da aipagarri. Beheko ibai-ibilgutako faunari dagokionez aipatzekoak dira itsasadarraren lohian ugaria den platuxa latza (Platichthys flesus) eta errekako lokatzarekin batera ornogabeak jaten dituen hondoetako korrokoia (Chelon labrosus) bezalako arrainak. Biak daude uren gazitasun aldaketara egokituta, baita bokaletako zarboa (Barbus bocagei) ere; berori hondo hareatsuen eta errekarrien gainean bizi da errekaren azken zatian, non mareak eragin handiagoa baitauka.
Sarritan lokaztuta eta korronteak garbitutako lurretan bizitzera erabat egokituta daudenez gero, haltzak (Alnus glutinosa) eta galeria-baso hezeko gainontzeko ornogabeek izugarrizko garrantzia daukate Kantauriko bailaretan. Sustraiek zoruari tinko eusten diote, horrela bere higadura ekidituz eta ibairen berezko bideari nolabaiteko egonkortasuna ahalbidetuz. Horrez gain, bertako urak freskoak mantenduz babesten dituzte eta bailaretako bizitzan ezinbestekoak diren uren kalitatea bermatzen duen komunitate biologiko luzea hartzen ditu bere baitan.
Gainontzeko baso autoktonoek bezala, haltzadiek hazkundearen eta gizakiaren garapenaren ondorioak jasan ohi dituzte arro euskokantauriarrean. Ezin izan da inolaz ere beste era batera izan, zeren eta lur lauenetan eta emankorrenetan hazten dira eta lurralde honetan lurzoru horizontala ez da erraza aurkitzen. Horrez gain, haltzaren egurra betidanik izan da oso preziatua, ur-azpian oso gogorra izateagatik, eta baserri-etxeen eta ibai- eta itsaso-erroten eraikuntzarako oso erabiliak izanik.
Arrazoi bi horiek direla eta galeria-baso heldu gehienak eta bertako fauna desagertu egin dira. Eskualdean azken hamarkadetan izandako igarabaren (Lutra lutra) desagerpena da adibiderik garbiena. Urdaibain paduraren inguruko oso lurrazalera txikiko gune urri batzuetara murrizten dira ondo kontserbaturiko haltzadiak, hain zuzen ere, Zelaietan (Gautegiz Arteaga) eta Barrutiabason (Kortezubin), eta Golako ibaiko urbazterrean, Arrandietan eta Uarkatik beherako uretan (Arratzu), baita Nafarrolaken ere (Bermeo). Hala eta guztiz ere, oso nabaria haltzak eta bere lagunen kohorteak birkolonizaziorako daukaten trebetasuna eta, beraz, degradazioko gazte-etapak oso ugariak dira Biosferaren Erreserbaren lurralde osoan. Horrela paisaian haltza gazteen ilarak nabariak dira beheko parajeetan, Oka ibaiaren meandroetan, Gernika-Lumon, eta Ugarten (Muxika), edo Olalde (Kortezubi) errekaren sorburuan; era berean goikoetan zuhaiztiak dira ugariak, hain zuzen ere, Belendiz edo Telleria erreketan, baita Okara urak isurtzeko Zugaztietan bat egiten duten Ajuria eta Uroarro erreketan ere.
Azken mendeetako historian zehar Urdaibaiko ibaietako goiko aldeetan errota, burdinola, ubide eta bideak eraikitzearen ondoriozko deforestazioa ikusi ahal izan da. Halere, horren hondamena azken berrogeita hamar urteotan izan da erabat nabarmena. Ibai-ohean bertan egiten dira intsignis pinuen, itsaso-pinuen eta eukaliptoen landaketak, esaterako, Busturiako Oxinbaltza eta Mape, edo Bermeoko Madari ibaietako goiko aldean gertatu bezala. Horrela, haltzadiak eta baso mistoak degradatzen dituzte, erreka desorekatuz eta uhaldietan mendi-hegalen lurjausiak eta irristadura eraginez.
Urdaibaiko erdiko eta beheko ibilguek sedimentu eta materia organiko asko hartzen dituzte bere baitan; horiek uretan nutriente ugari egotea eragiten dute eta, beraz, ur-geldien eutrofizazio-fenomenoak agertarazten. Baldintza horietan mesedea egiten zaie urbazterreko landare espezieei, esaterako Veronica beccabunga eta Callitriche stagnalis delako espezieei eta, era berean, Echinogammarus berilloni bezalako anfipodo ugari ageri da eta Esollus paralelepipedus bezalako uretako koleopteroak, baita moluskuak ere, besteak beste, Pisidium obtusale eta P. milium bezalako bibalboak, eta Ancylastrum fluviatile, Lymnaea truncatula, Theodoxus fluviatilis eta Potamopyrus jenkisi, berau azken hamarkadetan Europako mendebaldeko ur kontinentalak okupatu dituen barraskiloa izanik. Era berean sedimentudun erdiko ibai-zatietan ezkailua (Phoxinus phoxinus) eta barboa (Barbus bocagei) arrainak bizi dira.
Gizakia Urdaibain lurra lantzen eta baserriak eraikitzen hasi zenetik, urriak eta beti marearen gorabeheren eraginpean izan arren, eskualdeko lurzorurik lauenak okupatzen saiatu da. Zenbait herri-gune uholde-ohearen gainean altxatuta daude. Horixe da Zugaztietaren, Okaren, Astelarraren eta Areatzaren (Muxika) kasua Okaren uholde-lautadetan; Ugarte (Muxika) izen bereko errekaren gainean, eta Uarka, Golakoaren gainean eta Loiola (Arratzu) Loiola eta Txarkoeta ibaien elkargunean.
Baina ibai-ohearen okupazio hau argiago gelditzen da oraindik eskualdeko hiri-esparrua eratzen duten bi hiribilduei begiratuz gero. Batetik, Gernika-Lumok Oka ibairen ibar emankorrenetatik zabaltzen du bere industria- eta etxebizitza-paisaia, Aranako Paguko eta industrigunearen ondoko Berrekondo erreken isurtze gunetik Errenteriako Golakoareneraino. Bestetik, Bermeoko bere arroko erreka gehienen elkargunea okupatzen du, Artika eta Berdentxa erreketatik Landabaso errekaraino.
Bestalde, haran nagusienen hondoak izan dira eskualdeko komunikabideetarako kokagunerik erosoenak. Horrela bai Zornotza-Gernika trenbidea bai ibilgailuen funtsezko ardatza den Zornotza-Bermeo eskualdeko errepidea Oka eta bere aurrekoa den Uroarro ibaien albotik doaz. Ibarrangelutik doan Arteaga-Laga errepideak Basetxetatik (Gautegiz Arteaga) desbideratzen du ibaia eta errepidea zabalagotzeak izugarri aldarazi du erreka, lagunak zituen haltzadiak desagerraraziz. Gernika-Nabarniz errepideak Golako ibaiaren adar nagusia den Uarka ibaiaren ohea baldintzatzen du.
Errekasto horiek oso trebeak dira uholdeak sortzen, azken hamarkadetan agizko aldizkatasunaz baina gero eta indar handiagoaz islaturik. 1977, 1979, 1983… urteetako uholdeez geroztik, sarritan eskuhartu izan da eta erdiko eta beheko ibai-zatiak bideratu ere egin dira Urdaibaiko ibairik gehienetan, Okan (Muxika) eta Altamira (Busturia), edo Agirren eta Lasturrin (Ibarrangelu) bezala, berezko ibai-ohearen susperketa lortzera inondik inora ez daramaten ereduei jarraiki. Harresien bloke izugarriek, ezponda antzean eraikitakoek, urbazterreko landareen birkolonizazioa eragozten dute. Horrez gain, bere indusketa handiagotzeko egindako errekaren sakonketa bailarako zenbait toki baxuenetako maila freatikoa txikiagotu dezake. Orain hamarkada batzuk beste zenbait herritan egindako azterketa teknikoetan zalantzan jarri izan dira teknika horiek.
XX. mendearen hamarkada batzuetatik hona, industrialdeetatik egindako hondar isurketak direla eta, Oka ibaiak eta Artikako arro hidrografikoak kutsadura arazoak dituzte beren azken zatietan. Lehenaldian izandako hondar hazkundeak, hondar horiek tratatzeko planifikaziorik ez baitzegoen, arazoari aurre hartzeko neurriak bilatzea zailago egiten du gaur egun. Gernika-Lumoko industrialdean kokatutako zenbait enpresa metalurgikok eta kimikok metal-kontzentrazio handiak isuri dituzte itsasadarrera eta, beraz, ibai hondoko lokatzetan eta bizidun mikroiragazkorretan metatzen dira, horien bitartez gainontzeko sare trofikora igaroz. Bermeon kokatutako kontserba-enpresa multzoak beren hondar ur-gehienak, tratamendurik gabeko hondar organikoen portzentaia handiz, gaur egun hiriaren azpitik doazen erreketara isurtzen dute eta horiek urak itsasora doaz. Bestalde, eskualdean, hondar-uren araztegi bi daude. Bata, Ibarrangelun, XXI. mendearen hasieran eraikitakoa eta herri horri zerbitzua eman diona. Bestea, Gernika-Lumon dago kokatuta. 1980. urtera aldera eraiki zen eta Bizkaiko udalerrietako isurkien araztegi lehenetariko bat izan zen. Gaur egun hiri honen hazkundeak eta erabilitako uren bolumenak araztegiaren saturazioa eragiten dute. Eskualde mailan estolderia-sarea eta eskualde-mailako araztegia eraikitzen ari da. Martxan jarritakoan egoerari behin betikoz irtenbidea emango zaio.
Baserri eta herriguneetatiko isurkien ibai-zati hartzaileek eutrofizazio-arazoak izaten dituzte maiz; horiek ur-dilistak, apioak, Groenlandia densa eta Alisma lanceolatum delakoek baino ezin dituzte jasan. Landare horiek ur hauen kalitate eskasa uzten dute agerian.
Urdaibaiko ibai-sistema osoa, Natura 2000 Sarean sartuta dagoen heinean, Babes Bereziko Eremua (BBE) izendatuta dago eta bere osotasunean Euskal Autonomia Erkidego osoan babestuta dagoen bakarra da.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.