Ibai baten itsasoratze-lekuak itsaslabarren lerroa hautsi egiten duenean, paisaia zabaldu egiten da eta itsasoak bide libre aurkitzen du uholde-ohe zabalera igarotzeko. Marea haranetik gora igotzen da hamabi ordutik hamabi ordura eta bere urak lehorrekoekin nahasten ditu, bere gatz-zama lurralde zabalean hedatuz.
Oka ibaiaren estuario-sistemari Gernikako, Mundakako edo Urdaibaiko itsasadarra esaten zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko estuario handiena eta ongien kontserbatutakoa da. Marearen kotapean 1.000 hektarea ditu, Ibarrangeluko Laidako hondartzatik Gernika-Lumoko hiribilduraino. Euskal Autonomia Erkidegoko marearteko zona guztien % 87 hemen dago bildurik.
Estuario zabal eta sakonera txikiko honen sistema nahasketa osokoa deritzon motakoa da, jatorri kontinentaleko ur geza gutxikoa. Hori dela eta, estratifikazioa txikia da: itsasoko mareek ekarritako bolumena askoz handiagoa da ibaietakoa baino, eta horren ondorioz, ura azkar eta erabat nahasten da eta itsasoko ura da nagusi nahasketa horretan. Gainazaleko gazitasunak handia izaten jarraitzen du, estuarioaren kanpoko aldean gutxienez.
Urdaibain, marea batetik besterako aldea 10 km-koa da Gernika-Lumotik Laidako (Ibarrangelu) hondartzara bitartean. Distantzia honetan zehar, ibaiek eta mareek garraiatutako jalgipenak hondoratu egiten dira euren dentsitatearen arabera. Marearteko gainazal zabalak estuarioaren guztizko azalera funtzionalaren % 70 inguru dira eta honela osaturik daude: kanpoaldeko herenean harea-bankuak daude, barnealdera sedimentu lohitsuagoko bankuak eta barne-barneko eremuan padura. Horrela lokatz eta hondarrezko zabalgune irekiak eratzen dira, handitu egiten direnean lur gainetik pixkanaka ateratzen direnak, aldizka gertatzen diren uholdeen eraginaren kanpo geldituaz.
Estuario horiek olatuen babesean daude, eta horren ondorioz, uraren energia txikia da. Halako estuarioetan osagai bereizgarria nabarmentzen da: padura. Definizioz, estuarioaren kostaldeko beheko eremua da padura; mareen eragina eta jatorri kontinentaleko urpetzeen eragina jasotzen du. Eremu zingiratsuak eta lohitsuak izaten dira, erabat hezetuta egoten dira, eta estuarioetan ohikoak diren sedimentazio-prozesuak gertatzen dira horietan. Paduran landare-komunitateen gune trinkoa eta aberatsa egoten da. Paduraren barruan, esteroa edo kostaldeko gerria dago: itsasgora eta itsasbeheraren arteko eremua da zingira hori. Beste modu batera esanda, maila batean edo bestean, mareen urpetzea jasaten duen eremua. Jalkin lohitsuz, buztinez eta lohiz osaturik egoten da tarte hori eta zuhaitz-erako drainatze-sarea izaten du marearen beheratze bakoitzean. Tarte horren barruan bi eremu bereizten dira: infraesteroa eta supraesteroa. Itsasgora guztietan (egunean bi aldiz) urpean geratzen diren lautadek osatzen dute infraesteroa. Supraesteroa, berriz, itsasgora bizietan urpetzen den zatiak. Supraesteroa bat dator iparraldeko herrialde atlantikoetan Slikke esaten dioten eremuarekin; eta infraesteroa, lurzoru zertxobait helduago eta trinkotuagokoa, Schorre deritzonarekin pareka daiteke. Zingira baino gorago, urez betetzen ez diren lautadak daude; eremu horiek, ordea, lurzorua hezetuta dute ia erabat edo oso maiz. Lur baxu eta zingiratsu horiei istingadi deritze, gazitasun maila desberdineko urez hezeturik daudenak.
Gainontzeko estuario atlantiarretan bezala, Urdaibaikoan ere paduretan berezia den dinamika kolonizatzailea garatu da. Berton bizia ugari dago, produktibitate-maila altuenak lortuaz. Laidako hareetatik eta Axpeko harea-lokatzezko irlatxo eta beteguneetatik, Gernika-Lumon eta Ajangizen, hareetatik kanpo dauden lehenengo lur zatietaraino, bizidun-sail konplexu batek lehorketa eta korronteen indarraren aurka egiten du eta lurrazal librea kolonizatzen saiatzen da. Itsasoarekin zuzenean harremanetan dagoen aldean igaroaldi astirotsua gertatzen da itsas ornogabe eta auken komunitateetatik lehorreko ingurunetako berezko komunitateetara pasatzeko.
MAREARTEKO EREMU HARRITSUA
Estuarioko barneko marea-zerrendan kokaturiko harkaitzek, Portuondokoek (Mundaka), Txatxarramendikoek (Sukarrieta) edo Arbeikoak eta Miramarrekoak (Kanala, Gautegiz Arteaga), estuarioaren hondoko gogorren ezaugarri diren ornogabe eta auken komunitateari eusten diote.
Auka fukazeoek landaretza-gerrikoa eratzen dituzte marearteko zonan olatuetatik babestutako guneetan. Larrukarak dira eta kolorez nabar ilunak edo oliba-kolorekoak, nahiz eta itsasbeheran lehortuta belztu egiten diren. Urdaibain ugariena den fukazeoa Fucus spiralis da. Beste bat Fucus vesiculosus da, flotatzeko aukera eskaintzen dioten aire-xixkuak dituena. Horiei esker itsasgoran tente egoten da. Fucus ceranoides da estuarioan gehien barneratzen den fukazeoa. Marearteko erdiko mailan baino ez da hazten. Finkatzeko haitz-substratu gutxi dagoenez gero, eraitsitako munetako harrietan egon ohi da. Pelvetia caniculata da airetan denbora gehiena irauten duena, eta marearteko goiko mailetan hazten da, Fucus espezieak baino gorago. Ascopphyllum nodosum Txatxarramendiko irlan besterik ez dago.
Ornogabeen artean, muskuilua (Mytilus galloprovincialis) eta ostratzarra (Crassostrea angulata) nagusi dira, karramarro beltzaren (Pachygrapsus marmoratus) moduko krustazeo dekapodo, Platynereis dumerilli moduko anelido, poliketo eta karrakela epotzaren (Littorina littorea) moduko gasteropodoekin batera. Itsas ezkurraren (Balanus perforatus, Chthamalus stellatus) moduko zirripedoek marearen eraginpean gehien dauden lurrazalak eta aurrekoak egoten ez diren harri-zatiak estaltzen ditu. Harri horietan maiz egoten dira negualdia igarotzera datozen hainbat hegazti edo migrazio-aldietan atsedena hartzera gelditzen direnak, hala nola, harri-iraularia (Arenaria interpres), txirri iluna (Calidris maritima) eta itsas-mika eurasiarra (Haematopus ostragelus), azken hau bere moko gogorraz eta zorrotzaz ornogabeen oskol eta maskorrak apurtu eta zabaltzeko gai delarik. Barneko harkaitz-zerrenda honen produktibitatea garrantzitsua izan daiteke, Kanalan mende honen lehen herenera arte ihardunean egon den eta oraindik kanpoko horma eta alboko instalakuntzen hondarrak gordetzen dituen ostrategiak erakusten digun bezala.
MAREARTEKO HONDO BIGUNAK
Hondo bigunek, harea eta lokatzez osatutakoek, estuarioaren hondoetan ugari diren ornogabeen oso komunitate anitzak hartzen dituzte. Lurperatuta, organismoek lehortzeari ihes egiten diote. Gainera, sedimentuak tenperaturaren eta gazitasunaren maila-aldaketa moteltzeko ere balio du. Hala ere, beste arazo bat sortzen da: oxigenoa lortzea. Mareak behera egiten duenean, ur-kopuru bat sedimentuan gordeta geratzen da. Zirrikituetako uretan eskueran dagoen oxigenoa laster agortzen da animalia-dentsitatea handia dagoenean. Marearteko zona lohitsuan apur bat hondeatuz gero, gainazaletik milimetro gutxira sedimentu beltza agertzen da. Sedimentu beltz-urdinxka eta kirasdun hori gainazaleko marroia ez bezalakoa da. Kolore hori sedimentuko partikulek elkarturik dituzten burdin konposatu batzuek sorrarazten dute; burdina hidroxidozkoek, hain zuzen ere, zeinak oxigenoa dagoenean baino ez diren eratzen. Gainazaletik azpialdera oxigeno-horniketa urria da eta bakterioek materia organikoa deskonposatzen dutenean eskueran dagoen oxigeno-apurra amaitu egiten da. Egoera hipoxiko horretan hain usain txarreko burdina sulfuroa sortzen da. Gainazaleko geruza oxidatuaren eta sedimentu beltz erreduzituaren (oxigeno gabeen) arteko muga 5 eta 10 zentimetro bitarteko sakoneran dago marearteko zona hareatsuetan eta 1 eta 2 zentimetro bitarteko sakoneran hareatsu-lohitsuetan. Oso zona lohitsuetan sedimentu beltz hori ia gainazalean dago, hiru bat milimetroko sakoneran. Hortaz, bizirik iraun nahi duenak, uretarantz edo gainazaleko airerantz bidea ireki behar du.
Badiako harea agerienetan bibalboak dira ugari, hala nola, txirla garatxoduna (Venus verrucosa) edo txirla (Venus gallina), bai eta gasteropodoak ere, hala nola Hinia reticulata. Mundaka aurrean beste molusku batzuk agertzen dira, hala nola tallerina (Tellina tenuis) eta Donax vittatus, Nereis generoko poliketoekin batera. Barneragoko komunitatera igarotzeko lekua denez gero, hemen txirla zapala (Ruditapes decussata) eta berberetxoa (Cerastoderma edule) bizi dira. Busturia aurreko hondar istiltsuetan jadanik, azken hauen ondoan txirla zapala (Scrobicularia plana) eta tallarina baltikoa (Macoma balthica) agertzen dira, bai eta Hydrobia ulvae eta Cyclope nerita gasteropodoak eta hainbat poliketoak ere, azken hauen artean gehienetan Arenicola marina espeziea eta Nephtys generokoak nabari direlarik. Ugariak dira karramarro arrunta (Carcinus maenas) eta Corophium generoko anfipodoak ere.
Lokatzetan ugari dira Nereis diversicolor espezieko poliketoak, arrantzaleentzat euren amuetan jartzeko preziatuenak, kurlinten (Numenius arquata eta Numenius phaeopus) moduko hegazti limikolekin lehian jarriaz, izan ere, moko luzea eta okertua dute harrak euren galerietatik ateratzeko egokitua.
Lur finkorantz aurrera joana hala hondoek lohi gehiago daukate. Haien gainean zerrenda bat agertzen da non itsasoko azken algak olatuen eta korronteen urradurara eta gazitasunera egokituta dauden goi mailako lehen landareekin nahasten baitira.
Marearteko eremu honetan alga berdeak agertzen dira. Batzuetan tapiz zabalak eratzen dituzte eta harri, maskor zein egurretara atxikitzen dira edo aske flotatzen dute marearekin batera. Genero ohikoenak Blidingia, Enteromorpha, Ulva, Monostroma, Cladophora eta Chaetomorpha dira. Ingurumen-banda zabaleko espezieak direlako, marearteko edozein zonaldetan egoten dira. Udaberrian eta udaren hasieran ekoizpen handia dute, argi zein tenperatura aldetik giro egokiaz baliatzen direlako.
Ingurugiroa | Deskribapena | Landare-komunitateen zonazioa | Ezaugarriak |
Kanpo-aldeko padura halofiloa | Estuarioaren kanpoaldean egoten da, nahasketa osoko estuarioetan nagusiki. Horietan ibaiko ur gutxi izaten da, eta itsasoko uraren eragin handia. Horrez gain, aho zabaleko estuarioa bada –Urdaibaikoa, adibidez– itsasoko ura errazago sartuko da, eta hala, padura horrek hedadura nabarmena har dezake. Esteroa itsasotik datorren gazitasun handiko urez betetzen da, eta betetze-gradientearen arabera antolatzen diren landare-komunitateak egokitu beharra dute, bai morfologia eta bai fisiologia aldetik. | Zonazio halofiloa (Kanpoaldeko padura halofiloa) | Marea-gradientean zehar ordenaturik antolatzen dira 2. taulan adierazitako komunitateak. Taula horretan urteko komunitate batzuk sartzen dira bizikorren artean. Aurrenekoak doi-doian bereizten dira, udan eta udazkenean baino ez; izan ere, hazi-egoeran igarotzen dute gainerako urte osoa. Horrek, gainera, nolabait ibiltari bihurtzen ditu. |
Barnealdeko padura azpi-halofiloa | Urdaibaiko estuarioaren barrualdean, itsasoko uraren eragina arindu egiten da, eta ura gazikara da, gazitasun murriztua, ibaietako urarekin nahasi ondoren. Horrek sortzen du padura hori, itsasgoran urez betetzen ez diren lautada hezeek osatua, hein handi batean. Lautada horiei istingadi azpi-halofilo esango diegu. | Zonazio azpi-halofiloa (Barrualdeko padura eta istingadi azpi-halofiloak) | Estuarioaren barnealdean gatzaren eragina txikiagoa da, eta horren ondorioz, lurzoru gazikaren zonazio bat bereizten da. Lurzoru horietan, gainera, mareek ez dute hainbeste eragiten; aitzitik, ur-emari kontinentalaren gorabeherek eragin handiagoa dute itsasoko emariarekin elkartzen direnean (3. taula) |
1. Taula: Taula honetan Urdaibain ikus daitezkeen padurako ingurugiro-motak adierazita daude. Estuarioko landare-komunitateak ondo ordezkatuta daude Urdaibain, serie halofiloan zein azpi-halofiloan. (Urdaibaiko Gida Zientifikotik moldatuta).
Zostera noltii gramineoak ez ditu oso komunitate dentsoak eratzen eta nahiko hareatsuak diren lurretan ematen ditu sustraiak. Itsasaldi bizien itsasbeheretan ur gainetik geratzen dira. Mareek estaltzen dituzten lurretan hazten dira. Beste graminea bat, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan desagertuta dagoena, Zostera marina da. Komunitate dentsoak osatzen zituen. Inoiz ez ziren uraren gainetik geratzen, ezta itsasaldi bizien itsasbeheretan ere. Lokatz-substratuaren gainean hazten zen. Bi gramineon hosto samurrek olatuen indarra jasaten dute eta anatidentzako bazka dira, hala nola ahate txistularia (Anas penelope) edo salbuespenezko branta musubeltzarentzat (Branta bernicla), alde honetan negua igaro edo migrazio-aldietan lurreratu egiten dutenak.
LEHORRERANTZ
Aireko lehenengo landareak Spartina maritima espeziekoak dira eta marea behera dagoenean ur gainean agertzen diren lokatzezko irlatxoetan soropilak osatzen dituzte. Lur hauetan hegazti limikolek mokoa sartzen dute, ornogabeak harrapatzeko.
Zbkia. | Asoziazioa (negritaz daude guztiz bizikorrak direnak) | Espezie nagusiak | Zonazioan duen posizioa eta habitatari buruzko anotazioak |
1 | Zosteretum noltii | Zostera noltii | Infraestero ertaina |
2 | Salicornietum dolichostachyae | Salicornia dolichostachya | Goi-infraesteroa |
3 | Puccinellio maritimae-Arthrocnemetum perennis | Spartina maritima | Goi-infraesteroa |
4 | Salicornietum fragilis | Salicornia lutescens, Salicornia dolichostachya, Suaeda maritima (+ Puccinellia maritima edo Aster tripolium, etabarren plantulak.) | Goi-infraesteroa |
5 | Salicornietum obscurae | Salicornietum obscurae | Goi-infraesteroa |
6 | Puccinellio maritimae-Arthrocnemetum perennis | Sarcocornia perennis, Halimione portulacoides, Limonium vulgare, Plantago maritima, Puccinelllia Maritima, Spergularia media, Triglochin maritima | Behe-supraestereoa |
7 | Sarcocornio-Salicornietum ramossisimae | Salicornia ramosissima, Puccinellia maritima, Sarcocornia perennis, Suaeda maritima | Supraestereoa |
8 | Puccinellio maritimae-Arthrocnemetum fruticosi | Sarcocornia fruticosa , Inula crithmoides, Halimione portulacoides, Limonium vulgare, Plantago maritima, Puccinelllia maritima,Triglochin maritima | Goi-supraesteroa, gazitasun handiagoa eta idortasuna (kutsu mediterraneoa) |
9 | Inulo crithmoidis-Elynetum pycnanthi | Elymus pycnanthus, Atriplex prostrata, Beta maritima, Aster tripolium, Festuca rubra subsp. pruinosa, Halimione portulacoides, Juncus maritimus,Triglochin maritima | Halonitrofiloa. Eragin antropikoa. Supraesteroa eta istingadi gazia |
2. taula: Padura halofiloko landare-komunitateak.
245 hegazti-espezie aipatu dira Urdaibain, nahiz eta hauen artean Biosferaren Erreserbako garrantzitsuenak hegazti urtarrak izan. Espezie migratzaile askoren behin behineko geraleku, askoren neguko babesleku edo beste batzuen bizileku egonkorra izanik, ur-ekosistemak 145 espezie lojatzen zituen 2004. urtean (Biosferaren Erreserbako hegazti-espezie guztien ia %60a). Oro har, esan daiteke Urdaibaiko paduran indibiduoen joan-etorri kopuru gehienak udazkenean gertatzen dira. Horietako batzuk negu osoa ematen dute lurralde honetan eta udan, ugaltze-garaian, oso espezie gutxik izaten dituzte ordezkariak. Horietako baten habigintza-lana bakarrik ikusi da, txirritxo txikiarena (Charadrius dubius), hain zuzen ere. Horrek estuarioaren barne-aldeko hareatza artifizialetan egiten ditu habiak, baina oso arrakasta gutxi daukate ugalketari dagokionez, eremuan lasaitasunik ez dagoelako kumeak hazteko garaian.
Zbkia. | Asoziazioa | Espezie nagusiak | Zonazioan duen posizioa eta habitatari buruzko anotazioak |
1 | Ruppietum maritimae | Ruppia maritima | Estuarioaren atzealdeko kanaletako eta putzuetako ur gazikaretan urperatutako landaredia |
2 | Scirpetum compacti | Scirpus maritimus var. compactus, Aster squamatus, Juncus maritimus | Ur gazikarez urpetuta dauden komunitatea anfibioak |
3 | Limonio vulgaris-Juncetum maritimi | Juncus maritimus, Armeria pubigera subsp. depilata, Carex extensa, Glaux maritima, Juncus gerardi, Triglochin maritima | Supraestero ertain eta goialdean ihitza subhalofiloak marea-goretan bakarrik urpetzen direnak |
4 | Agrostio stoloniferae-Juncetum maritimi | Juncus maritimus, Agrostis stolonifera (espezie subhalofiloak murrizten dira eta gazitasun gutxi jasaten duten espezie batzuk agertzen) | Barne-padurako ihitzak, gazitasuna txikiena den gunean |
5 | Agrostio stoloniferae-Paspaletum vaginati | Paspalum vaginatum, Agrostis stolonifera, Atriplex prostrata, Juncus maritimus | Supraesteroko lurzoru hezeen, gehienetan buztintsuak direnen, eta gazitasun moderatukoen gaineko larreak (marea gora bizienetan bakarrik urpetzen dira) |
6 | Armerio depilatae-Frankenietum laevis | Frankenia laevis, Armeria depilata, Elymus pycnanthus, Halimione portulacoides, Limonium binervosum, Puccinellia maritima | Goi supraesteroa. Marea behean erraz drainatzen diren lurzoru haretsuen gainean; padura eta dunen arteko kontaktu guneak. |
3. taula: Padura azpihalofiloaren komunitateak.
Urdaibain ohituraz negua igaro ohi duten limikolak dira itsas-mika eurasiarra (Haematopus ostralegus), hegabera europarra (Vanellus vanellus), txirri grisa (Pluvialis squatarola), txirritxo handia (Charadrius hiaticula), kurlinta handia (Numenius arquata), istingor arrunta (Gallinago gallinago) eta kuliska zuria (Tringa totanus) eta bernagorri arrunta (Tringa nebularia). Hegazti hauek udazkenean sartzen dira paduran eta, oro har, ez dira handik joaten udaberriaren hasierara arte. Beste batzuk, berriz, kuliska buztanbeltza (Limosa limosa), urre-txirri (Pluvialis apricaria) edo abozeta arrunta (Recurvirostra avosetta), dentsitatez aldatzen dira neguan zehar, Europan negua igarotzeko duten ohiko aldeetan nagusitzen diren baldintza meteorologikoen arabera.
Gainera beste espezie batzuen agerpena erregistratu da haien migrazio-aldietan, atseden hartu, jakiz hornitu edo baldintza meteorologiko egokiak itxaron besterik ez egiten duten bitartean. Azpimarratzea komeni da txirritxo hankabeltza (Charadrius alexandrinus), kurlinta bekainduna (Numenius phaeopus), kuliska gorria (Limosa lapponica), harri-iraularia (Arenaria interpres), kurrilo arrunta (Grus grus), txilinporta lepabeltza (Podiceps nigricollis), txirri lodia (Calidris canutus) eta kuliska iluna (Tringa ochropus), besteak beste.
Urdaibain kumatzen diren espezie sedentarioen artean ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus) dago, 2006an hegazti honen 5 kumatze-kolonia ezagutzen dira EAEn, denak Bizkaian eta horietako 2 Urdaibaiko haitz labarretan, Izaro irla eta Ogoñoko labarretan, 75 eta 23 bikote ingururekin hurrenez hurren. 2006an eta 2007an, Urdaibaiko mugetan, Aketx irlan, dago gainera gure lurraldeko koloniarik garrantzitsuena. Espeziearen populazio ugalkorra, 2004an, 600 eta 700 bikote artean estimatu da EAEn. Espezie migratzailea da, negua Gineako Golkotik Hegoafrikara doan kostaren aurrean igaroz, itsasoan barrena eta plataforma kontinentaletik at. Izan ere espezie pelagikoa da, itsas zabalean plankton, arrain-larba, zefalopodo txikiz elikatzen dena. Kumatze-garaian koloniak eratzen ditu kobazulo, zulo, arrakal eta antzerakoetan; bikoteek gauez egiten dituzte bisitak habira kaio eta beste harrapariak ekiditeko, espeziearen jarraipena eta ikerketa zailduz. Espeziearen ugal-arrakasta baxua da eta bazka-eskuragarritasunaren araberakoa dirudi, urtez urte desberdintasun nabariak izanik. Horri kolonien zaurgarritasuna gehitzen badiogu (batez ere arratoi eta bestelako harrapariengatik) babes-neurriak behar dituen espeziea dela esan genezake; adibidez Izaro irlan jendearen presentzia kontrolatuz, sarri txalupetan bestelako eskifaiarik ere badoalako, arratoiak alegia. Beste espezie ugalkor garrantzitsua ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) dugu, Ogoñoko labarretan kumatzen dena, 2007an, 44 bikoterekin gure lurraldeko kolonia garrantzitsuena izanik. Ubarroi handia (P. carbo) ez bezala, mottoduna itsaslabar eta irlatan soilik kumatzen da eta itsaso-hegaztien artean migratzailea ez den gutxienetarikoa da, Urdaibain 46 ale zenbatu direlarik neguan. Azken urteotan espeziearen zenbakiek gora egin dute eta joera emendatzekoa dela dirudi. Benarriz arrunta (Acrocephalus schoenobaenus) “galzorian” katalogatutako espeziea aurki dezakegu Urdaibaiko lezkadi itxienetan. Biztanle txiki honek migrazio transahariar luzeak egiten ditu; eta oraingoz ez da espeziearen kumaldirik behatu Urdaibain. Ciconia Proiektuak orain mende bat inguru desagertuta zegoen amiamoko zuria (Ciconia ciconia) birsartzea du helburu (Lurgaia Fundazioaren eskutik). Berreskurapen-zentroetatik pasatutako ale gazteak bi urtez kaiola handitan mantentzen dira beraien jaiolekutzat hartu dezaten ingurua, askatu ostean, eta neguko gordelekuetatik bueltatzean Urdaibain kumatuko dutenaren esperantzaz. 2003 urtean hasitako proiektu honetan guztira 39 amiamoko zuri askatu dira eta 2007an jaio ziren lehen txitoak. Aipatzeko beste espezieen artean, eta gehienak bisitari hutsak diren aliotak (Gavia sp.), gabaiak (Pardela sp.), Ardeidae familiako (lertxun, lertxuntxo eta amil-txoriak), eta anatidoen espezie ugari (Anas sp., Aythya sp., Melanitta sp. generoak) ditugu. Azkenik aipu bitxien barnean beltzarana (Plegadis falcinellus) nabarmendu daiteke.
Zostera eta Spartinaren zelaien ostean, marea gora dagoenean urez betetzen diren lokatzen gainean, Salicornia dolichostachyak, Salicornia lutescensak, berun zuriak (Suaeda maritima), Aster tripoliumak osatutako landareak hazten dira, egonkorragoak diren komunitate iraunkorrei bide ematen dietenak, azken hauetan itsas getozkaz (Halimione portulacoides), beiraki belarra (Sarcocornia fruticosa, S. perennis subsp. perennis), Triglochin maritima eta zerba gazia (Limonium vulgare) agertzen direlarik, besteak beste. Guztiek zurtoin eta hosto estu eta mamitsuak dituzte. Ur eta gatzez beteta daude kanpoko gazitasuna jasateko. Egokitzapen hauei esker ingurunea arrakastaz kolonizatzea lortzen dute. Puccinellia maritima gramineoak soropil-antzeko masak eratzen ditu lurra marearen eraginpetik kanpo dagoen tokian.
Urak lurrazalera zabalak estaltzen ditu estuarioan marea gora dagoenean. Haietan sarraldiak egiten dituzte arrain-espezie batzuk, korrokoi (Chelon labrosus) eta platuxa latzen (Platichthys flesus) modukoak, hegazti urperatzaileentzako janak direnak. Horietako bat, ubarroi handia (Phalacrocorax carbo) ugaria da urte osoan zehar Urdaibain, eta zerra ertaina (Mergus serrator) ohikoa da baina oso urria, batez ere udazkenean eta neguan. Baina esandako arrainak ere beste hegazti-talde batek jaten ditu, hala nola lertxun hauskarak (Ardea cinerea) eta lertxuntxo txikiak (Egretta garzetta), harrapakinak mokoaz artatzeko espezializatuta dauden hankaluzeak.
Sumatu egin daitezke udazkenean, eta udaberrian gutxiago, mokozabalen (Platalea leucorodia) taldea estuarioan, marea erdiko mailan dagoela krustazeoak eta arrain txikiak harrapatzeko aprobetxatuaz. Burua alde batetik bestera mugitzen dute euren moko zabalaz azaleko ura iragazteko eta mokoa itxi egiten dute barruan harrapakina dutela konturatu bezain laster. Era berean aldean arrano arrantzale (Pandion haliaetus) bakan batzuk agertzen dira, udazkeneko migrazio-aldietan, aldean egonaldi desberdinak eginaz. Egonaldi horietan korrokoiak (Chelon labrosus) harrapatzen ikusi dituzte sartzeko zailenak diren estuarioko aldeetan.
Azken urteotan arrano arrantzalearen (Pandion haliaetus) eta mokozabalaren (Platalea leucorodia) jarraipena egiten ari da.
Arrano arrantzaleak (Pandion haliaetus) Europa iparraldetik Afrika tropikalera egiten duen ibilbidean atsedenlekua soila baita, espeziearentzat Mundakako itsasadarrak duen garantiza aintzat hartzekoa da. Izan ere 2007 urtean Eskozian arranoak irrati-telemetria bidez jarraitzeko proiektua jarri zenean martxan, haietako eme batek Urdaibai bisitatzen zuela jakin zen. GPSz hornituriko irrati-igorlearen bidez ale honen migrazio-ibilbidea ezagutu ahal izan da, eguneroko jarraipen zehatza eginez. Eskozian kumatutako eme honek Iberiar penintsula atzean utzi eta Sahara basamortua zeharkatu ondoren Ginea Bissauko kostaldean bukatu zuen, 5800 km-ko bidea eginez, tartean Urdaibain atseden hartu zuelarik. Gainera, behin negua han igaro ondoren berriz ere atzerako bidea egin zuen udaberrian.
Gaur egun, hegazti hau Urdaibain birsartzeko programa garatzen ari da.
Mokozabalari (Platalea leucorodia) dagokionez esan 2007an egin diren azken estimen arabera 1.166 alek atseden hartu zutela Urdaibain, hortaz Europa ipar-mendebaldeko populazioaren %18ak gutxi gorabehera gure Biosferaren Erreserba erabiltzen du indarrak hartzeko Mauritania eta Senegalerako bidean. Hain zuzen Urdaibaiko geltokia aprobetxatzen duten animalia gehienak Holandan kumatzen deneko populazioari dagozkio. Espeziea oraindik ere mehatxatuta agertzen da nazioartean, hau dela eta 2002 urtetik hona espezie honen urteroko zenbaketa eta behaketa egin da Urdaibain, nazioarteko lankidetza baten baitan.
Lurrak bataz besteko itsasgora-mailatik gora zentimetro batzuk irabazi bezain laster paisaian nagusi diren Itsas-ihiez (Juncus maritimus) osatutako makoilak agertzen dira. Ugari dira ere beste landare batzuk, hala nola Carex extensa, Glaux maritima, Frankenia laevis edo Agrostis stolonifera. Komunitate horiek ondo jasaten dituzte itsasoaren aldizkako uhaldiak, lurzoru garatuagoen gainean eta marearen gainetik daudenetan, Kantauriar Kostaldean ingurune gazia jasaten duen eta zuhaitz-itxurazko lehenengo espeziea agertzen da, tamariza (Tamarix gallica) alegia. Festuca rubra subsp. pruinosaren eta soropilak eta Itsas-ihi (Juncus maritimus) eta Scirpus holoschoenus belartzak hazten dira Elymus pycnanthusen moduko gramineoen multzoekin batera, marearen eragina ozta-ozta heltzen den lekuan. Ingurune hauek zeharkatzen dituzten ubideak ur-arratoiaren (Arvicola sapidus) habitatak dira, hauen ezpondetan euren galeriak eraikita dituzte eta. arratoi beltza (Apodemus sylvaticus) ere agertzen zaigu alde honetan, ubareetan sarritan pilatzen diren hondakin organikoez baliatuz.
Ibaiaren aitzinako bidearen bihurguneen ondoan, Forua eta Kortezubi parean, edo Muruetako eta Ozolloko poldere-istilduetan, lezkaz (Phragmites australis) jositako aldeak zabaltzen dira. Lezka horiei ihi itxurazko ziperazeek laguntzen diete, hala nola Scirpus maritimus var. compactus eta S. lacustris subsp. tabernaemontani, edo beste batzuek. Ur-gaziaren portzentaia ia zero da eta landareen artean ur-gezietako komunitateen ordezkariak nagusitzen dira. Zabalera txikia izan arren, Urdaibaiko lezkadiak Euskal Kostako zabalenak eta dinamikoenak dira. Habitat konplexu eta delikatua da, kantauriar aldean desagertzeko arrisku larrian dagoena.
Azken berrehun urteetan kostaldeko lezkadiek jasan dituzten agorraldiek, ibai eta paduretako kutsadurekin eta haien lurraldeetan azken hamarkadetan hiriek eta industriek bizi izan duten hazkundeareklin batera, Euskal Kostako lezkadi gehienak desagertarazi egin dituzte. Habitat horien zaintza ezinbestekoa da zingira-hegaztien espezie batzuen ugalketa bermatzeko. Urdaibaiko lezkadietan beren habia egiten duten basahate (Anas platyrhynchos), uroilo arrunta (Gallinula chloropus), uroilanda handia (Rallus aquaticus), lezkari karratxina (Acrocephalus arundinaceus) eta arrunta (Acrocephalus scirpaceus) eta zingira-eerdantzek (Emberiza schoeniclus). Lehenengoak hegazti bereziki lotsatiak dira eta bere jan-iturria eta habia eraikitzeko leku egokia beti istilduta dauden lezkadiko sasien pean aurkitzen dituzte. Halere, lezkariak lezkadirik estuenetan ere bizi dira, inguruetan harrapatzen dituzten intsektuak jana.
Dikeen bitartez estuarioari irabazitako lurretan paisaia uniformea garatzen da. Lezkadiek alderik istilduenak estaltzen dituzte, ihi, belardi heze eta ereiteko lehortu egin diren aldeekin txandakatuz. Lur horiek arrakastaz kolonizatzen ditu Ipar Amerikatik datorren zuhaixka batek, Baccharis halimifoliak hain zuzen ere. Zuhaixka honek, jadanik, kantauriar paduretako azalera handiak hartzen ditu. Loratu berandu egiten du, uda bukaeran, eta fruitua ematen du, udazken hasi berrian. XXI. mendearen lehen hamarkadan landare-espezie hori desagerrarazteko lanak hasi zituzten. Oraindik, goiz da horren emaitza ikusteko.
Ihidi, dike eta poldereak zehakartzen dituzten bideei esker, era berean gazitasuna jasan dezaketen espezie erruderal eta nitrofiloak agertzen dira, hala nola Beta vulgaris, Atriplex prostrata, Aster squammatus edo Paspalum vaginatum. Belardi hezeen ezaugarri dira ziperazeen eta ihidien komunitate interesgarriak, haien artean Scirpus maritimus eta Carex riparia. Komunitate honek tamaina txikiagoa izateak ihi-txoriari (Cisticola juncidis) habia egitea ahalbidetzen dio. Habia poltsa-itxuraz ehuntzen du, bildutako ihi batzuen zurtoinetatik zintzilikatuaz. Hegazti-intsektujale honen dentsitatea, hemen altua da gehienetan; halere, ez ditu negu hotzak jasaten, bere populazioa gutxitzen baitute. Zuhaixkak egokiak dira udako intsektujaleen beste espezie batek, sasi-txori arruntak (Hippolais polyglotta), bere habia eraiki dezan.
Hezegune hauek habitat egokiak dira anfibioentzat, hemen paduretako kresalaren mende onean daudelako. Espezierik arruntenak zuhaitz-igel arrunta (Hyla molleri) eta ur-igela (Rana perezi) dira, bai eta txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) eta apo arrunta (Bufo bufo) ere. Paisaiak ibai edo iturri baten ekarpenak jasotzen dituen lekuan, lehenengo sahatsak eta haltzak jaiotzen dira. Ur-ibilbide honetan uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) eta uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) bizi dira. Gaitzgabeko suge gorbataduna (Natrix natrix) eta uretakoak (Natrix maura) ur gazietan sarraldiak egiten dituzte. Zuhaixka eta kondar landaretzaren artean erreka-txindorra (Cettia cetti), txorrotxio zalapartatsu duen txori intsektujale hori, bizi da izkutuan. Padurako aldemenetako zuhaixketan ere azaltzen dira basoan tipikoak diren espezieak hala nola txepetxa (Troglodytes troglodytes), txantxangorria (Erithacus rubecula), edo zenbait parido (Parus sp.). Narrastien artean, sugandila bizierruleak (Lacerta vivipara) nahiago ditu belardi hezeak, horma-sugandila (Podarcis muralis) tontor txikietan eta bide bazterretan arrunta den bitartean. Estuarioaren barnealdeko lur lehorrak larre-buztanikarek (Motacilla flava) habia kokatzeko aukeratzen dituztenak dira. Espezie honek Euskal Autonomia Erkidegoko kolonia-habigilerik handiena dauka Urdaibain.
Mareen araberako maila aldakorreko istil egonkorretan alga-itxurako fanerogamo urtar bat bizi da, Ruppia maritima alegia
Ondo ubidetutako lehenengo tontorrak edo gizakiak eraikitako dikeak, jadanik, aldeko basoetakoak propioak diren zenbait landarek kolonizatzen dituzte, hala nola karraskilek (Rhamnus alaternus), endalaharrek (Smilax aspera) edo arteek (Quercus ilex) eurek, etapa konplexuagoa eta klimaxetik hurbilago daudenen sarrera moduan. Sugandila iberiarra (Podarcis hispanica) arrunta da Itsasadarraren erretenaren bazterretan. Beste narrasti batzuek, zirauna (Anguis fragilis) esaterako, paduran agertu arren, dentsitate txikitan agertzen dira. Belardi eta landazabal atlantiarrean ezaugarriak diren mikrougaztunak ugari dira, hala nola satitsu arrunta (Crocidura russula), uzta-sagua (Micromys minutus) eta basasagua (Apodemus sylvaticus).
Neguko hilabeteetan zehar, Europan hotz-olatuaren batek suntsitzen duenean, hegazti-talde handiek hartzen dute estuarioa. Ipar haizeek lagundurik, limikolek, anatidek, birigarroek, etab. utzi egiten dute Europan negualdia pasatzeko duten kuartela eta hegoaldeko alde epelagoetara doaz egun batzuk igarotzera. Honelaxe heltzen dira kantauriar estuarioetara milaka hegazti, aldean ohikoak ez diren espezie eta haien dentsitateak behatzeko aukera bakarra eskainiaz.
Hotz eta elur egun horietan, agerian gelditzen da estuarioak eta berori mugatzen duen landazabalak duten garrantzia, hegaztiak hartu eta hornitzen baitituzte. Haien kudeaketa zaindu behar da bereziki ehiza debeku eta araudiak zorrozki bete daitezela bai elurte-garaian espezie guztientzat bai urte osoan zehar legeek babestutako espezientzat.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.