Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Urdaibaiko itsasertzeko itsaspeko mundua » Marearteko eremua

Eremu honetako goiko mailetan bizi diren organismoak dira airetan denbora gehiena egoten direnak. Horregatik ura galdu eta lehortzeagatiko estres handiena izaten dute. Oso ingurune aldakorra, zeren eta neguko itsasbeheretan izaki bizidun hauek 0ºC inguruko tenperaturak eta udan 40ºC baino handiagoak jasan behar dituzte. Gazitasuna ere aldatu egiten da. Euriteak direnean ur gezak organismoak estali eta putzu eta kubetak bete egin ditzake. Udako lurrunketan, berriz, likidoa erabat deuseztatu eta gatz kristalduko geruza gera daiteke.

Espezieak ingurumeneko egoeretara moldatzearen eta baliabideak eskuratzeko elkarren arteko lehiaren ondorioz, algak eta ornogabeak marearteko zonan zerrenda horizontal edo gerrikoak eratuz banatzen dira, uraren zipriztinak heltzen diren lekuetatik hasi eta beti uraren azpian geratzen den mailaraino. Espezien banaketa bertikal horri Zonazio deitzen zaio eta Urdaibain, Matxitxako lurmuturrean, dago euskal kostako adibide ikusgarrienetakoa.

Gehien jotako lekuak

Itsasbehera bizia denean itsasargira bisita egiten badugu, lehorreko landaretza amaitzen denetik itsasbazterreraino komunitateak erabat aldatzen direla ikus daiteke. Marearteko zonara iritsi baino lehen, likenak nagusi diren espazioa dugu. Zona supralitorala da, beheko maila itsasgora bizien erdiko maila duena eta itsasoaren eragina heltzen denerainokoa. Goiko mailetan likenen aniztasuna handiagoa da beheko zonetan baino, eta gehienetan handiagoak eta ikusgarriagoak dira. Goiko supralitoralean laranja-koloreko likenak daude (Xanthoria parietina), grisak (Lecanora atra, Ochrolechia parella) eta berdeak (Ramalina siliquosa); maila ertainetan maiz ikusten dira Caloplaca thallincola eta C. marina liken laranjatuak; beheko mailetan, berriz, liken beltzen (Verrucaria maura) gerrikoa dago, haitzari kolore beltzezka ezartzen dion zianofizeo-tapizarekin batera.

Ur azalera iristerakoan, Eguzkiaren erradiazioak energiaren zati handi bat galdu du

Ur azalera iristerakoan, Eguzkiaren erradiazioak energiaren zati handi bat galdu du, atmosferak harrapatuta. Geratzen denaren zati bat eta sartzen dena ere azkar xurgatzen da eta biomasa (fotosintesiaren bitartez) nahiz bero bihurtzen da, halako moduan non itsas azaleko uraren tenperatura igo egiten baita. Hori erraz ikusten da marearteko putzuetan. Hala ere, bizidun-mota desberdinak aurki daitezke.

Maila baxuetako haitzen arrailduretan marearteko lehen animaliak babesten dira; likenak eta zianofizeoak kimatuz bizi diren milimetro gutxiko gastropodoak, magurio nanoa (Littorina neritoides), alegia. Hortik gora hasten da marearteko zona, non organismoak aldika mareetan azaleratu egiten diren.

Marearteko goiko zona marea bizietako itsasgoran baino ez da azaleratzen. Maila horretan bizi diren organismoak ingurumen-gorabehera handiak jasateko moldaturik daude. Hor zianofizeoak bizi dira, alga zelulabakar mikroskopikoak. Calothrix, Phormidium eta Gleocapsa generoetako espezieak dira gehien ikusten direnak. Horien gainean hazten dira lehen itsas alga makroskopikoak, baina urtaroaren arabera desberdinak dira. Blidingia minima alga berdea udaberrian ugariago da. Neguan Porphyra linearis alga gorriek itxura distiratsu eta gelatinakara emanez estaltzen dituzten haitzak. Udaberria amaitu eta uda hasten denean, harriak beste jantzi batzuk izaten ditu: Porphyra umbilicalis espezie generokidearena eta Bangia atropurpurea hari-formakoarena.

Itsasadarraren ertzerantz joanda, marearteko zonaren erdialdera edo marearteko erdiko zonara iritsiko gara. Ezaugarri biologiko nabarmenena Chthamalus montagui eta Chthamalus sttellatus zirripedo-gerrikoa da. Bizitza sedentarioko krustazeo horiek beren gorputzaren inguruan harresiaren moduko oskol edo kanpo-eskeletoa kaltzio karbonatozko sei plakaz osaturik dute. Erpina karezko lau operkuluz zigilatuta dute eta animaliak muskuilu baten bidez ireki edo itxi egiten ditu, hurrenez hurren, marean goian eta behean dagoenean. Prozesu horri esker ura atxiki eta ez dira lehortzen. Urpean daudenean etengabe elikatzen dira kirru izeneko eta planktona harrapatzeko luma-itxurako apendizeen bidez. Zirripedoekin batera goiko mailetan eta batez ere hormetan itsasoan gehien barneratzen den likena dugu, Lichina pygmaea alegia, zeinaren itxurak algarena gogorarazten baitigu.

Marearteko erdiko zonaren beheko mailetan oliba-koloreko zerrenda berezia argi eta garbi nabari da. Estuarioetan ohikoa den Fucus spiralis var. limitaneus alga arrea da, Matxitxakotik lurmuturrean bezala olatuak gehien jotzen dituen zonetan bizitzeko moldaturik dagoena. Horren azpian maiz ikus daiteke Caulacanthus ustulatus alga gorria, soropil-moduan hazten dena, eta Ralfsia verrucosa hostokara zoldagilea, haitzetan eta animalien oskoletan orban beltzezkak sortzen dituena. Lapak (Patella vulgata, Patella intermedia) ere protagonista dira marearteko erdiko zonan. Oskola haitzera gogor itsatsita geratzen da muskulu-oinaren bidez, eta horrela lehortzea zein harrapari asko (hegaztiak, karramarroak, itsaso-izarrak) saihesten ditu. Batez ere algak jaten ditu. Kimatzen jardun ondoren, beti beren abiapuntura itzultzen dira, eta portaera horri homing deritzo.

Matxitxakoko lurmuturra
Matxitxakoko lurmuturreko olatuen indar
handia jasan ezin duten Cystoseira
tamariscifolia edo Bifurcaria bifurcata
espezie handiek habitat egokiagoa dute
zona babestuagoetan; Mundakako
Ondartzapen, esaterako.

Marearen maila jakinetik aurrera zirripedoak eta Fucus algak bakan dira eta substratu harritsuan batez ere bi algarekin batera egoten dira: Ralfsia verrucosa arre zoldagilearekin eta Litophyllum tortuosum gorri karedunarekin, zeinaren gingildun formak eta harri-ehundurak korala gogorarazten baitute. Bisu izeneko hari-sortaz gogor atxikitako muskuiluak (Mytilus galloprovincialis) arraildura eta barrunbetan babesten dira, uhinek aska ez ditzaten.

Trantsizio-banda horren azpian hasten da algak nagusi diren marearteko beheko zona. Ingurune horretako animalia ugarienak krustazeo txikiak, anfipodoak eta isopodoak dira. Algen taloek eratzen duten bilbadurako biztanle ditugu. Beheko maila horretan algen aniztasuna handiagoa da, urpean denbora gehiago egoten direlako eta goragoko mailetako organismoek baino estres-egoera leunagoa dutelako. Lehen alga-gerrikoa granate-kolorekoa da, Osmundea pinnatifida alga gorria duelako. Alga hori ugari da euskal kostan, baina Matxitxako lurmuturrean argi eta garbi tamaina handiagoa du. Horrekin batera eta haitzean sendo finkatutarik Corallina elongata izenekoa hazten da. Urdaibaiko marearteko zona harritsuko espezie ugariena da. Bere gorputz edo taloan elkarri lotutako karezko segmentuak ditu. Olatuen eragina jasateko beharrezko elastikotasuna eta erresistentzia lortzen dute horrela. Gerriko horren azpian berehala Osmundea desagertu eta, Corallinarekin batera, Plocamiun cartilagineum, agertzen da. Corallinako aleen artean hazten da. Banda hori oso estua da eta berehala Plocamiun algaren ordez Pterosiphonia complanata izenekoa ageri da. Horrek aurrekoaren antzeko itxura du, baina granatea da. Apurka-apurka eta itsaso alderantz Corallina alga gero eta bakanagoa dago, baina karezko beste bat, Litophyllum incrustans, maila baxueneraino haitz-substratua estaltzen hasten da. Maila horretan uhinen kolpeak jasan ditzakeen espezie bakarra dela esan daiteke. Espezie horretako bi ale hazi eta elkartzen direnean, bata ez da bestearen gainean hazten. Bi taloen ertzak gorantz kurbatzen dira eta kolore arrosa argiagoko gailur lobulatu ikusgarriak eratzen dituzte. Hazkunde-era hau dela eta, estaltzen duten gainazalaren itxura irregularra da. Forma zoldagileek olatuak ongi jasaten dituzte, zati tenterik ez dutelako eta, ondorioz, uraren marruskadura txikiagoa delako. Marearteko beheko zonako arrailetan lanperna (Pollicipes cornucopia) batzuk ikusi ohi dira. Lanpernek oin sendo eta gihartsua dute, haitzera gogor itsasteko. Hala ere, krustazeo hauek isilpean harrapatzen dituztelako, haitz.-irtengune helezinetan eta olatuek gogor jotzen dituztenetan besterik ez dira egoten.

Santa Katalina (Mundaka)
Santa Katalina (Mundaka).

Matxitxakoko lurmuturrerako azaldutako zonazio-eredua euskal kostaldetan ez da bakarra, baina leku gutxitakoa bai. Leku bakoitzeko ingurumen-baldintzek (tenperatura, argitasun, gazitasun, elikagai, substratuen izaera, topografia, sedimentu-kopuru, olatu eta korronteek) eta organismoen arteko elkarrekintzek erabakitzen dute bertan zein motatako algak biziko diren.

Izaro uhartean iparraldeko maldan marearteko espezieen banaketa azaldutakoaren oso antzekoa da. Hala ere, Osmundea pinnatifida alga-gerrikorik ez dago, agian lastren topografia berdina ez delako; zerbait inklinatuagoa eta motzagoak dira eta bestelako egoera hidrodinamikoa sorrarazten dute.

Itsasoaren indarrari aurre egiteko itsas barraskilo gorriak (Thais haemastoma) mekanismo berezia du. Tamaina handiko oin bakarra du eta horren bidez gogor finkatzen da. Batez ere bibalbioz elikatzen da. Elikagai bila substratuan batetik bestera ibiltzen ez denean, pitzaduraren batean itsatsi egiten da, haitzaren eta haren oskolaren arteko tartea hermetikoki zigilatuta.

Erdi ageriko tarteak

Estuarioaren barrenera sartuz, Murgoako Puntaren eta Santa Katalinako puntaren artean ingurumen-baldintzak nabarmen desberdinak dira. Olatuek emekiago jotzen dute, substratuko topografia irregularragoa da (mota askotako habitatak eratzen dira) eta hareazko ekarpenak zein elikagai-mailak handiagoak dira. Ondorioz, beste alga-komunitate batzuk izango ditugu.

Marearteko goiko zonan beste lekuekiko aldaketa handirik ez da nabari, oso hedatuta daudelako eta alga espezializatuenak gara ezin daitezkeen maila altuetara bultza dituztelako. Marearteko erdiko zonan kosta irekian bizi ohi diren zirripedoen gerrikoa dugu, baina Matxitxakoko lurmuturrean eta Izaron Fucus spiralis var. limitaneus barietateko alga arreak eratzen zuen zerrenda hemen ez dagoelako. Horren ordez oliba-koloreko berdexkako beste fukazeo batzuk ikusten dira: goiko mailetan dagoen Pelvetia canaliculata eta beheko mailetan hazten den Fucus spiralis. P. caniculatak marearteko zonan goialdean dago, bere taloaren forma ildaskatuari esker. Berezitasun hori duelako itsasbeheran aurpegi ahurretan ura atxikitzen du. Bestalde, estaltzen duen olio-geruzak lehortzearen kontra babesten du.

Itsas anemona arrunta
Itsas anemona arrunta (Anemonia sulcata)
marearteko putzu batean. Krustazeo txikiz,
ornogabez eta arrainez elikatzen da.
Tentakuluetan harrapatu eta gero ahora
eramaten ditu.

Marearteko beheko zonan ikusten dira aldaketa nabarmenenak. Goialdeko substratua, olatuek erauzi, higatu eta lekuz aldatutako higakin-bloke zapalez osatutakoa, alga berdez (Enteromorpha intestinalis) eta gorriz (Caulacanthus ustulatus, Gelidium pusillum, Ceramium ciliatum edo Centroceras clavulatum, urtaroaren arabera) estalita dago. Alga berdeak nagusi dira olatu handiak direnean lekuz aldatzen diren harri desengokorrenetan. Bizi-ziklo luzeagoak dituzten alga gorriztek, berriz, espazio zabalago eta egonkorragoak behar dituzte. Alga txikien artean atentzioa ematen du gasteropodoen oskol asko egoteak. Arreta handiagoz begiratuta, ordea, honakoaz ohartuko gara: oskol batzuk benetan gasteropodoenak direla (Gibbula umbilicalis), baina beste asko hildako gasteropodoen oskolak bizileku gisa erabiltzen dituzten karramarro ermitauek (Anapagurus hyndmanni, Clibanarius erytropus) okupaturik dauzkatela. Bizitzeko era berezi horretan hirugarren osagai bat ere elkartzen da: Calliactis parastica anemona, zeinak batzuetan ermitauarekin bientzat mesedegarria den mutualismo-harremana izaten baitu. Ermitaua harrapariengandik babestuta geratzen da anemonaren garro erresumingarrien azpian, eta oskolean finkatutako anemona, krustazeoaren harrapakinen hondakinetatik elikatzen da eta elikagai bila doan egiten ditu bidaiak. Zibek algetan oinarritutako dieta nahiago dute, baina ermitauak batez ere krustazeo sarraskijaleak dira eta detritu zein hildako organismoen hondakinez elikatzen dira.

Antzorape hondartza Ibarrangelun
Antzorape hondartza Ibarrangelun.

Bloke batzuen gainetan Codium adhaerens alga berde ilunak 3-4 mm lodiko oso tapiz harro labaina eratzen du. Haitz artean erruz ikusten da Pachygrapsus marmoratuz karramarro beltz iheskorra. Itxuraz lirdingatsuak, marroi, berde eta gorri distiratsu diren aktiniak (Actinia equina), batez ere pitzaduretan babesten dira. Anemona horiek elikagaiak harrapatzeko duten garro-formako koroa barneragarria da. Horregatik itsasbeheran, garroak ezkutaturik daudenetan, tomatetxoak direla iruditzen zaigu.

Landaretza aldatu egiten da lastrak hasten direnean. Algak tamainaz handiagoak dira eta hazteko hainbat forma dituzte. Lehen bandan Bifurcaria bifurcata alga arrea dugu, bere 30 zentimetro altuko kolore horiko ardatz zilindriko eta guzti. Horren azpian ezkutuan tamaina txikiagoko beste espezie batzuk daude: Corallina elongata, Gelidum latifolium eta Litophyllum incrustans karezko zoldagilea. Harea atxikitzen den zonetan Cladostephus spongiosus eta Stypocaulon scoparium kolore marroiko iluneko bi espezie ditugu. Larrukarak direlako sedimentuaren higadura jasan dezakete. Horien gainean karezko Jania rubens alga hazten da, batzuetan ostalaria erabat ezkutatzen duten arrosa-kolore biziko eskuila modukoak eratuz.

Marearteko maila baxuenean espezie handiagoak daude; besteak beste, Codium decroticatum alga berdea eta Cystoseira tamariscifolia arrea, zeintzuek tamaina txikiagoko Corallina elongata eta beste batzuen ondoan hazten baitira. Marea azpiko zonatan protagonista den Gelidum sesquipedale alga gorria maila baxuenetako horma bertikaletan airetan geratzen da Mesophyllum lichenoides karezko zoldagilearen ondoan. Hondarra pilatzen den eta olatuetatik babestuago dauden ibarretan bi makrofito handi bizi dira: Cystoseira baccata alga arrea eta Halophithys incurva gorria.

Marearteko zona horretan dauden habitatean, istilak dira bisitaria gehien erakartzen dutenak. Baliteke marea azpiko bizitza islatzen duten akuario naturalak direlako izatea. Hor babesten dira sakonera txikiko hondoak betetzen eta menderatzen dituzten alga handiak eta bertan elikatzen edo babesten den hainbat arrain, triku, izar, izkira eta beste zenbait animalia.

Venta directa de pescado
Izaro uhartea

Izaro uhartea Ipar-mendebalde/Hego-ekialde norabidean dago. Gizakiaren atsedenik gabeko jarduerak eta uhartearen inguruan aingurak botatzen dituzten ontzien etengabeko joan-etorriak arrasto nabarmenak utzi dituzte. Hegoaldeko kosta, Mundakako itsasadarreko bokalaren aurrez aurrekoa, itsaso zabalera orientaturiko iparraldekoa bezain malkartsua ez da. Hegoaldeko zonako hondoek sakonera apurka irabazten duen itsas zabalgunea eratzen dute. Iparraldekoan, berriz, malda handiagoa da. Azken hori faunaren aldetik erakargarriena da. Uharteko kostarekiko paralelo dauden lastrak ditugu, elkarrengandik 10 bat metro bereizita eta bi giro desberdin eratzen dituztela. Batean alga ugari daude eta organismoek olatuen indarra gainditu behar dute; bestean berriz, argi gutxi iristen delako ia algarik gabeko horma dago.

Izaroko uhartean algak ugari diren esparruetan eta horietan ezkutaturik santio txikia (Scyllarus arctus) krustazeoa bizi da. Itsas hondoa estaltzen duten algetan labridoen taldeko arrainak bizi ohi dira. Durdoi handia (Labrus bergylta), karraspio begiubela (Symphodus melops) eta dontzeilak (Coris julis) landaretzaz betetako hondoetan maiz ikusten dira. Algak erabiltzen dituzte beren habiak egiteko. Lastretan, sakonerarekin argitasuna gutxitzen doanez, gero eta landare gutxiago agertzen dira. Eremu honetan lastrak tapizatuz hainbat ornogabe-mota agertuko dira, gehienak belakiak hain zuzen ere; besteak beste ondoko belakiak ikusten dira: Scypha ciliata, Hymeniacidon sanguinea eta Cliona celata.

Lagako hondartza baino lehenago dagoen kostako tartean, Murgoako puntako edo Ondartzapeko antzeko ingurumen-egoera ikus daiteke. Zabalgune harritsuak dira, harea-ekarpena dutenak eta olatuek erdizka jotzen dituztenak. Aurrekoaren oso antzeko marearteko landaretza garatzen da. Dena den, honako diferentzia hauek badira: marearteko beheko zonako maila baxuetan Cystoseira baccata gehiago izatea eta istiletan zein kubetetan Sargassum muticum alga arre arrotza ugariagoa izatea.

Ogoño lurmuturreko hormek, aldiz, orain arte azaldutako erabat bestelako marearteko giroa dute. Maiz angelu negatibokoa eta bertikala delako eta iparraldera orientaturik dagoelako, algek eskueran duten argitasuna txikia da. Gainera, olatuen talkek, txikiak izanik ere, uraren mailan gorabehera handiak eragiten dituzte. Ondorioz, bertako espezie-maiztasuna txikiagoa da, Chthamalus generokoa zirripedoen 70 cm inguruko gerriko estuaren azpian 20 bat zentimetroko zerrenda txikia dago, Balanus perforatus zirripedo handiagoak eta Litophyllum tortuosum karezko algak okupatua. Ondoren marea azpirainoko gerriko zabalean Gelidum pulchellum eta Gelidum pusillum soropil-errodofizeoak dira nagusi. Espezie horiek eta zenbait animalia (batez ere Actinothoe sphyrodeta knidarioa) egoteak marearteko zona hau iluna dela adierazten dute.

Ogoño

Urdaibain, mendebaldean, Ogoñoko lurmuturra (Elantxobe) dago. Lagako hondartzatik Elantxobeko herriraino lurmuturreko labar bertikalen azpian hainbat bizi-forma babesten duen arraildura eta zulo handiak daude. Argi gutxiagoko zona horietan animalia sesilek lehia egiten dute (arrakastaz egin ere) algekin substratua bereganatzeko. Habitat horietara argi gutxi iristen delako, algak sarreran baino ez dira egoten, eta barnean koralekin sinbiosian daudelako behar duten energia lortzen dutenak baino ez dira agertzen.

Itsasertzetik gertu dauden barrunbe batzuek, ur gezako infiltrazioak izan ditzaketelako, ur gazikarako giroan sor daitezke. Bizileku horiek sakonera txikian egonagatik, barnean sortzen diren baldintzak nola edo hala giro sakonagokoak gogorarazten dituzte. Hondalean egon ohi diren belaki-espezieak ikus daitezke, adibidez; baita ur-azaletik ehunka metrotako sakoneran duten ganba-espezieak ere. Gainera, leku horietan urak zirkulazio txikia duelako fauna berezia garatzen da, fauna interstiziala, gehienetan tamaina mikroskopikoa duten organismoez eratutakoa eta era anitzeko animaliez taldea osatuz sedimentu artean bizi dena.

Haitzuloetako sarreran gobido- eta blenido-espezie batzuk bizi dira. Arrain horiek marea jaisten denean marearteko zonan sortzen diren kubetetan ere ikus daitezke, horietariko bat Tripterygion xanthosoma espeziea da. Sarrera zeharkatu ondoren, erraz ikus daiteke Parazoanthus axinellae anemona. Hidrodinamismo gutxiko leku ilunak hobesten dituelako, anemona horrek azalera handiak estaltzen ditu, baina, pitzaduretan zein haitzuloetan, ornogabe sesil ohikoenak belakiak dira. Behar bezain handi diren haitzuloetan barnean arrain-mota asko babesten da: lupiak, muxarrak eta Torpedo marmorata espezieko marrazoren bat edo Raja spp. espezieko arraiaren bat.

Haitzuloetatik kanpo Ogoñoko lurmuturraren azpian dagoen paisaia Clathrina coriacea belaki-aleek pikardatzen dute.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.