Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Lehorreko itsasertzeko ekosistemak » Hondartzak eta dunak

Kostaldeko marearen aldean jarraian astintzen duten olatuek itsasoko ornogabe askoren oskol, maskor eta kanpoko hezurreria mila zatitan apurtzen dituzte. Aro Kuaternarioaren azken mila urteetan zehar, Kantauriar Itsasoak hondarra deitzen diogun partikula horien tonak pilatu ditu, bai kostaldeko ubareetan, lurmuturren haizeen ezkutuan, bai badietan, zabalera desberdineko hondartzak eratuaz.

Urdaibain, Lagako hondartza, Antxon Azpiako eta Ogoñoko itsas-muturren babespean metatu zen. Ibaiak zerikusi gutxi izan zuen bere osaketan, ur emari urria zeukalako. Halere, Laidako hondartza eta Mundakako eta Sukarrietako hareatzak aurkako bi indarren eraginez osatu ziren, Kantauriko marearen eta Oka ibaiaren korrontearena hain zuzen ere. Zeharkako barra eratu zen eta barra horrek itsasgora bizien maila gainditu zuenean haizearen indarraren eraginpean gelditu zen.


Lapek (Patella sp.), itsas ezkurrek
(Balanus balanoides) eta harrian
sartzen diren zenbait liken (Verrucaria
sp eta Galoplaca sp., besteak beste)
bakarrik jasan ditzakete itsas-hausiko
zipriztin aldeko zailtasunak.

Bai Laidan bai Lagan dunak osatu ziren, ondoren ipar-mendebaldeko haize nagusiek modelatu egin zituztenak. Zoritxarrez, lehenengoak bere hondarrezko mendiak desagertzen ikusi zituen XX. mendearen erdialdean. Hondarrezko mendi horiek, izan ere, hamar metroko goibehera zuten Arketa (Ibarrangelu) ondoko puntuetan. XX. mendeko berrogeigarren urteen bukaeran oraindik harenondokoa (Ammophila arenaria subsp. australis), dunen euslea den gramineoa, aipatzen zen hondartzaren mendebaldeko muturrean; egun espezie honen agerpena Euskal kostan azkar murriztu da inguruneak gizakiaren eraginez izan duen aldaketagatik. Laidak, orain dela hamarka urte batzuetatik ona, perfil guztiz homogeneizatua erakusten du, bainu-garaian giza erabilpen masiboa jasanaz. Sizigietako mareak edo solstizioarekin bat datozen marea biziak heltzen direnean, hondartza ur azpian desagertu egiten da.


Laidako hareatza, 1950. urte aldera.

Lagan, berriz, dunen zabalera, berez nahikoa txikia zena, asko gutxitu da. Aitzinean mendi-hegaletik gora zihoan dunan itsas pinua (Pinus pinaster) landatu zen eta beranduago aparkalekutzat eta akanpalekutzat erabili zena. Horretarako zolatu egin zen, egungo zerbitzugunearen eta mareen eraginpean dagoen hondartza zatiaren arteko tarte txikira murriztuta gelditu delarik. Hantxe irauten dute bizirik komunitate psammofiloak eta halofiloen azken ordezkariek, aurrerago deskribatuko direnak. Ingurune horren erruderalizazioa eta aldaketaz gain, eta jasaten duten ibilgailuen trafikoa, hondarra garbitzeko makinen ekintzarekin batera, Euskal Kostan desagertzear dagoen habitat delikatu eta urri hau arriskuan jartzen duten faktorerik garrantzitsuenak dira.

Beste zenbait hondartza txiki, Kanalakoa esaterako, habitat honetako zenbait ohiko espezie gordetzen ditu. Gainera, Urdaibaiko Itsasadarrean egindako dragaketetatik lortutako hareaz betetako bi hareatza artifizial daude, Axpekoa eta San Kristobalekoa, dunetako zenbait landare jasotzen dituztenak.

Haizearen eta gazitasunaren ekintzari kostaldeko hareatzetako beste arazo berezi bat gehitzen zaio: lurzoruaren ezegonkortasuna, zulotxoduna eta jarraian jotzen duten haizeek garraiaturik etengabe lekuz aldatzen ari dena. Hemen ere, faktore hauei esker landaretza-zerrendak sortzen dira. Hondarrezko substratua kokatu eta egonkortu ahala, estaldura dentsoagoa eta anitzagoa agertzen da. Kolonizazioari laguntzen diote erro sakonak eta zuztar igokariak dituzten landareek, makollak osatzen dituztenak eta hostoak arrosatxo itxura emanaz antolatzen dituztenak euren artean babesteko eta haizearen eta hondarraren urratze-lana hobeto jasateko. Itsasotik urrunago dauden eremuetan gramineoen soropilak hazten dira. Gramineo horiek lehenengo basoei eusteko gai den lur emankorra dela adieraztera ematen duten zuhaixken lehenengo komunitateen ondorengo urteroko belarrak dira. Urdaibain berezko hareatzek egun oso zabalera txikia hartzen dutenez, antropizazio gogorra jasan eta espezie erruderalak ugaritu egin direnez, dinamika natural hori ikustea zaila gertatzen da. Paisaia honen zerrendak desagertu egin dira eta komunitateak nahastu egiten dira espezie askotako ale gutxi geratuaz, beste batzuk desagertu ere egin direlarik.


Lagako duna-sistema, Ibarrangelun.

Oraindik ikus dezakegu nola itsas kardu (Eryngium maritimum) banaka batzuek duna eta hareazko mendixken hondarrak kolonizatzen dituzten, bere hosto urdin eta arantzadunekin handik dabiltzanek zapaltzetik eta ingurunearen lehortasunetik babesten dutelarik. Itsas karduaren ondoan ehun sendo eta gatz eta urez puztutakoak dituzten landareak, Honckenya peploides, Herniaria ciliolata subsp. robusta, barratxo arantzatsua (Salsola kali) edo Kantauriko dunetan gero eta urriago den bitxilore bat, Matricaria maritima alegia. Hondartzetako turismoaren ezarpen gogorra ere jasaten dute, beste zenbait egokitzapen batera garatu dituzten espezieak, itsas mielgaren (Medicago marina eta M. littoralis) moduan, organo foliarrak ilez estalita dauzkana, argia islatu eta horrela transpirazioa gutxitzeko. Festuca rubra subsp. arenaria eta itsas askia (Elymus farctus subsp. boreali-atlanticus) moduko gramineoek zuztar igokariak eta errizoma luzeak dituzte, azken hauek hondarrezko lehen tontorrei eustearen eginkizun ekologiko garrantzitsua betetzen dutelarik, gero beste batzuk, lore zuri izugarriak dituen itsas akarak (Cakile maritima subsp. integrifolia). Espezie hauek zuztar malguak dituzte haizeak edo handik dabiltzanek garraiatutako hareak azpian harrapa ez ditzan.

1. Taula. Hondartza eta dunetako asoziazioak eta espezieak.

Urdaibaiko hareatza lehorretako beste zenbait espezie adierazgarri Euphorbia paralias eta E. peplis esne-belarrak dira. Azkena txikia eta lur-ondokoa da, eta biak ia desagertzear daude.

Landarearen berezko hazkuntzagatik nahiz gizakiaren jardueragatik, zoladuraz edo ibiltze hutsaz, egonkor bihurtutako hondar-guneak erbi buztan itxurazko buruengatik erraz ezagutu daitekeen gramineo eder batek estaltzen ditu, Lagurus ovatusak hain zuzen ere. Haren ondoan naturalizatu egin da Lagan Hegoafrikatik etorritako espezie bat Arctotheca calendula alegia, lore hori eta fruitu iletsuak dituena. Aldean ordezkariak dituzten beste zenbait espezie dira Calystegia soldanella, Polygonum maritimum, Atriplex prostrata, Linaria supina subsp. maritima, betibizi horia (Helichrysum stoechas), itsas urra (Aetheorhiza bulbosa subsp. bulbosa), Juncus acutus, Desmazeria marina, itsas-lilipa (Pancratium maritimum). Carex arenaria ziperazeak soropilak osatzen ditu hondar egonkorren gainean, Poa subcaerulea eta Vulpia fasciculata gramineokin batera. Substratuaren egonkortasunak lur emankorragoa metatzea ahalbidetzen duen lekuan, artadiaren zuhaixken estratukoak bereziki diren espezieak agertzen dira, hala nola, karraskila (Rhamnus alaternus), Rubia peregrina, endalaharra (Smilax aspera) eta iratze arrunta (Pteridium aquilinum) ere bai.


Duna-sisteman hazten diren landare-
espezie desberdinak

Lagurus ovatus landare-espeziearen
xehetasuna.

Ekosistema horretan hazi daitezkeen espezieak egokituta daude substratuaren mugikortasunera, materia organiko gutxi izatera eta, bereziki, estres hidrikora. Ekosistema horretan espezie psammofiloak nabarmentzen dira. Besteak beste, hauek: Agaricus devoniensis, Conocybe dunensis, Cyathus pygmaeus, Hygrocybe conicoides, Hygrocybe olivaceonigra, Inocybe arenicola, Lepiota brunneolilacea, Melanoleuca cinereifolia, Omphalina galericolor, Omphalina pyxidata, Peziza ammophila, Psathyrella ammophila, Suillus mediterranensis, Tulostoma brumale, etabar.

Ornodunen faunak ez ditu alde honetan habitat honetako ezaugarri diren espezieak erakusten; horma-sugandila (Podarcis muralis) eta sugandila iberiarra (Podarcis hispanica) bakarrik bizi dira bertan. Hegazti limikola eta itsas hegazti ugari ere agertzen dira maiz, gaueko edo egunsentiko barealdietan, gizakia ez dagoenean. Urdaibaiko estuarioak orain dela gutxi jasan dituen aldaketa gogorrenetariko bat 1977an Muruetako ontziolatik itsasontziak ibil daitezela ahalbidetzeko Axpen eta San Kristobalen (Busturia) paduraren ia 100 hektarea itsasadarraren ubidea dragatuz ateratako hondarraz betetzea izan da, birkolonizatzeko berezko prozesua jasan dutenak. Artifizialki pilatutako hondarrak, zenbait tokitan, itsasgoren bataz besteko mailatik gora bi metrora heldu zen eta hareatza zabalak eratu zituen. Orduz geroztik, dragaketa gehiago –bolumen txikiagoak- izan dira eta ateratako materialak itsasadarraren inguruan, Kanalan eta Laidan, besteak beste, metatu dira. Haien ertzetan milazkek (Tamarix gallica) diraute, euren erro gogorrez lurraren perfila egonkortzen dutelarik. Aldamenetako lokatzen gainean, gaur egun, paduretako tipikoak diren landare komunitateak hazten dira. Hareatzaren barnealdea birkolonizatu egin dute., zati batean, dunetako komunitateko tipikoak diren espezie psammofiloek, hain artean, euren dentsitate altua dela eta, erbi buztana (Lagurus ovatus) eta errege kamomila (Helicrysum stoechas) nabarmentzen direlarik, besteak beste.

Atxikitako faunak zenbait berezitasun dauzka: dunetako habitatetan tipikoak diren intsektu-espezie batzuk ugaritzen dira. Labidura riparia ipur-orratza edo Polyphylla fulloren moduko koleopteroak este baterako, azken honen eltxarrak hondar azpian bizi direlarik. Azeriak ikasi du jadanik eltxar horiek hondarrean harrapatzen. Hegazti-espezie bik, negu-txirtak (Anthus pratensis) eta txirritxo txikiak (Charadrius dubius) hain zuzen ere, hareatza hauetan bereziki egiten dituzten habiak, baina kumeak hazteko garaian alde horretan jendea kontrolik gabe sartzen denez gero ez du oso ugalketa arrakastatsua izaten.


San Kristobaleko beteketa, Busturin.

XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran Laidako eta Lagako hareatzetan bien duna-sistemak birsortzeko, babesteko eta aintzat hartzeko proiektuak aurrera eraman ziren. Laidan, Eusko Jaurlaritzak egin zuen. Oso emaitza onak eman ditu eta landaretza oso azkar birsortu da. 2004an dunetako 13 landare-espezie identifikatu ziren eta, bi urte beranduago, 30 espezie. Bestalde, Lagan, Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioko zenbait boluntario aritu zen. Era berean, Eusko Jaurlaritzatik birsortze-plangintza (harea jasotzeko sistema jartzea, dunetako landare-espezieak landatzea …) abian jarri zen. Bi hareatzetako eboluzioa jarraitzeko programa oraindik indarrean dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.