Urdaibaiko eta bere gertuko itsasertzeko itsaspeari dagokion atal hau irakurtzen duen edozein pertsonak bertoko aberastasun naturalistikoz konturatuko da. Gauza bera gertatuko zaio lehorreko itsasertzari dagokion atala irakurritakoan. Horregatik, itsasertzaren, dela itsaspekoa dela lehorrekoa, babesari eta kontserbazioari tarte bat zuzentzea ezinbestekoa da.
Lehendabizi, itsasertzeko itsaspeko mundua aztertuko dugu. Ondoren, lehorreko itsasertzaren egoeraren berri emango dugu eta babestutako itsaso-azalera handitzearen beharraz hitz egiten amaituko dugu.
Itsaspeko itsasertza
2008an, Oceana-k, eremu galaiko-kantauriarrean (Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadi) zehar espedizioa egin zuen. Eremu honen itsasoko uren azalera 300.000 km2–koa da.
Garrantzi ekologikoa zuten guneen gainean informazio berria lortzea zuen helburu. Horrela, babestutako eremu itsastarren sarea zabaldu eta Europa Batasuneko Habitaten Zuzentarauan, OSPAR deitutako konbentzioan zein Nazio Batuen Bioaniztasunaren Konbentzioan -dibertsitate biologikoaren galera gelditu eta babes-eremu berriak sortzea exijitzen dituzte hirurek- aipatzen dena Espainiako estatuak kontuan har zezan.
Bildutako daturik interesgarrienekin talde ekologista honek 2009an txostena argitaratu zuen eta oso-osorik www.oceana.org-en irakur daiteke. Ondoren, zenbait datu interesgarri komentatuko ditugu.
Bizkaiko golkoko uren zati handi bat biraketa subpolarreko eta biraketa subtropikalekoak dira, biak ozeanoan sortutakoak eta Ipar Atlantikoko Erdiko Urak (IAEU) legez ezagunak direnak. Ipar Atlantikoko Erdiko Uren adar biek (subpolarra eta subtropikala) dibergentzia-prozesuak sortzen dituzte, batez ere penintsula Iberiarreko mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko eremuetan. Aurrekoaren eta golko honetako hondoetako ohiko konbergentzien, batez ere ekialdeko eremuan (eremuan ura isurtzen dituzten ibaien, itsasaldien zikloen eta haizeen eraginez) konbinaketak, ur-azaleramendu (upwellings) garrantzitsuak eta nutrienteen hondoratzeak gertatzen dira, batez ere udaberri-udan.
Prozesu ozeanografikoetan urtaroetako faktoreek dute eragina batez ere. Horrela, ur-lasterren urteko zikloa itsasoko gainazaletik mugitzen diren atmosferako haizeekin lotutako dago. Prozesuen urtaroetako izaera hau ondo ikus daiteke, adibidez, Gabonetako ur-laster garrantzitsuan. Ur-laster honek Kantauri itsasoa zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera neguan zehar eta nutrienteen ur-azaleramendu berri eta garrantzitsuak sortzen ditu, gehien bat lurmuturren eta itsaspeko mendien inguruan. Kantauri aldeko topografia honek eddies deituriko gertaerak sortzen dituzte eta horiek planktoneko konposaketa eta biomasa nabarmenki alda ditzakete. Eremurik produktiboenetan nutrienteen azaleramenduek plankton ugaritasun handia sortzen dute. Ekialderantz goazen heinean produktibitate atxikitzen badoa ere, Matxitxakoko lurmuturraren inguruan oraindik orain azaleramenduak izaten dira.
Atlantikoaren eragina Kantauri itsasoaren mendebalderantz txikitzen doan heinean, Portugaleko Itsasertzeko Kontrakorronteak Galiziako eta Kantauriren mendebaldearen erdiaren ur ez oso sakonetan eragina du, ur beroak eta ur gaziagoak ekarriz. Ekialderago dagoen aldean, golkoan itsasoratzen diren Frantziako ibai handien ur-emariak eta Mediterraneoaren eragin txikiagoak urak gazitasun gutxiago izatea eta tenperatura ez hain altua izatea dakar. Horrela, Peñas lurmuturra-Santander eremu horretan trantsizio-eremua dagoela esan daiteke eta, itsasoan, beraz, bi erdi bereiz daitezke. Halere, euskal itsasertzeko uraren tenperatura mendebaldekoarena baino altuagoa izatea oso ohikoa izaten da; izan ere, udaberria eta udazkenaren hasieran Bizkaiko golkoaren barnealdean, Donostia eta Loiraren itsasoratze-eremuaren artean, poltsa termikoa sortzen da. Noizbehinka Kantabriako Ajo lurmuturreraino ere heltzen da.
Bizkaiko golkoan Ipar Atlantikoko Ekialdeko Urak eta Mediterraneoan jatorria izan eta iparralderantz mugitzen diren ur sakonek bat egiten dute.
Laburbilduz, Kantaurikoan lau ur-geruza identifikatu dira: Gainazaleko Ura, Erdiko Ura, Mediterraneoko Ura eta Ur Sakona.
Kantauri itsasoan itsasoratzen diren itsasadarren luzera laburragoa da eta azalera txikiagoa dute. Bestalde, plataforma kontinentala estua da eta berehala erortzen da Bizkaiko golkoko lautada abisaleraino. Sarritan, neurri eta sakonera handiko itsas azpiko kanoien bitartez. Kanoiok, gehienetan, itsasertzean hasten dira. Matxitxakoko lurmuturra bezain handiak diren lurmuturrak egotea oso garrantzitsua da komunitate biologiko jakin batzuk agertu ahal izateko.
Arrainen aberastasuna gutxitu egiten da sakonera handitu ahala. Ornogabeak, berriz, ur sakonetan eta lokatz-hondoetan ugari agertzen dira. Bestalde, izaera mediterraneoagoa duten espezieak, eta ur geldoetan batez ere, gutxitzen doaz Kantauri itsasoaren ekialderantz joan ahala.
Bizkaiko golkoko eta inguruko urak trantsizio ozeanografikoan eta biogeografikoan egonik biodibertsitate nahikotxo altua dute, bertan espezie borealak zein subtropikalak eta ur epeletakoak auki daitezke.
Ur hauetan 25 zetazeo-espezie ikus daitezke.
Euskal Autonomia Erkidegoko bentosari buruz, batez ere hondo geldoetakoen inguruan, egindako hainbat azterlan egin badira ere, itsasoko komunitateen ezagutza oraindik orain oso eskasa da. Geroago, Euskalbentos izenburupean egindako eta aldizkari zientifikoetan egindako lanek biozenosi bentonikoen gainean datu ugari lortzea (19 fauna-asoziazio bentoniko ezarri eta 700 espezie identifikatu dira) ekarri dute. Honi esker, Bizkaiko golkoaren ekialderago dagoen eremua hobe ezagutzeko aukera emango du. Eusko Jaurlaritzak zein Foru Aldundiek Bizkaiko golkoko komunitate bentoniko eta espezie nagusien zenbait gida argitaratu dituzte, batez ere autonomia erkidegoko urei zegozkionak.
Hauekin batera, Espainiako ornogabeen liburu gorrian, espezie kalteberen artean, aingira (Anguilla anguilla), zere txikia (Balaenoptera acutorostrata), kaxalotea (Physeter macrocephalus) eta mazopa (Phocoena phocoena) biltzen ditu.
Bestalde, zetazeoen inguruan, hitzarmen espezifikoa dago, ASCOBAN, -Ipar itsasoko, Irlandako itsasoko, Ipar-ekialde Atlantikoko eta Baltikoko Zetazeo Txikien Kontserbaziorako Akordioa- deitutakoa, Europako uretako odontozetoak hartzen dituena, kaxalotea izan ezik.
Horrela, gure inguruan ikus daitezkeen zenbait espezie, Balaenoptera acutorostrata, arantzadun itsas izarra (Marthasterias glacialis) edo Chimaera monstrosa legedi desberdinetan aipatuta ageri dira.
Azkenik, Mehatxatutako Fauna eta Flora Basatiaren Espezien Nazioarteko Komertzioaren gaineko Hitzarmena (CITES) aipatu behar da. Horren II. eranskinean, besteak beste, gure itsasertzean ikus daitezkeen marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus), aingira (Anguilla anguilla), itsas zaldiak (Hippocampus spp.) eta koral eskleraktinio eta antipatario guztiak jasotzen ditu.
Mehatxuak | Ezaugarriak |
---|---|
Espezie inbaditzaileak | Kantaurikoan eta Galiziako Atlantikoko uretan ehunka espezie exotiko zenbatu dira. Gipuzkoako kostaldean 250 espezie baino gehiago zerrendatu dira. Horietako zenbait kolonia zabalak eratzen dituzte eta ur horien urpeko paisaiaren partaide dira. Besteak beste, ondokoak daude: sargazo japoniarra (Sargassum muticum), kelpo wakamea (Undaria pinnatifida) edo alga zainzuriak (Asparagopsis spp.). |
Kutsadura | Hidrokarburoen isurketak izan dituzten itsasoko istripuak oso ohikoak dira. Urquiola, Aegean Sea edo Prestige deitutako petrolio-ontzien kasuak gogoratzea besterik ez dago istripu hauen eragina jakiteko nolakoa den. Aurrekoa ondo aztertuta dago itsasertza honetan eta hemengo komunitateetan. Beste kutsatzaile ugarik, metal astunak, organokloratuak, hiri-isurketak, esaterako, itsaso hauek ere zigortzen dituzte. Azken hamarkadan berezko faktoreek eta faktore antropogenikoek komunitate bentonikoetan eragindako aldaketak lan desberdinek aztertu dituzte. Euretariko zenbait (berezko faktoreetatik eta klima-faktoreetatik eratorritakoak) epe luzean eragina izan eta hondoen konposaketa biologikoa nabarmenki alda dezakete, nahiz eta, itsasertzeko zenbait lekutan hobekuntzak behatu diren. Era berean, hondakin-uren trataeran egondako aurrerapenei eta beste ingurumen-aurrerapenei esker zenbait espezie jakinen errekuperazioa ikusi da. |
Babestutako espezien nahi gabeko harrapaketak | Kantauri atlantikoan arrantza-aparailuetan, batez ere maila-sareetan eta arraste pelagikoan, istripuz gehien arrantzatzen diren babestutako espezieak zetazeoak dira. Duela gutxira arte, 2002an EBak galarazi zituen jito sareak hegaluzeak (Thunnus alalunga) Bizkaiko Golkoan eta Atlantikoaren Ipar-ekialdeko beste zenbait gunetan arrantzatzeko erabiltzen ziren. Arrantzatze honek urtero inguruko izurde-populazioen % 2ren heriotza eragiten zuen, izurde arrunten (Delphinus delphis) eta izurde marradunen (Stenella coeruleoalba) biziraupena arriskuan jartzen zituelarik. Eremu galaiko-kantauriarrean istripuz harrapatutako zetazeoen gainean datu gutxi daude. Arrantza-teknika horiek arestiko populazioetan duten eraginaren zenbait hurbilketa egin dira Galizian; horien arabera, eroritako animalien %20a gutxi gorabehera arrantza-aparailuekin kontaktuan egon dira, eta zenbait hurbilketen arabera itsasertzean 200 ale eta itsas zabalean 1500 ale harrapatu dira, eta oso kezkatzekoak dira izurde arruntari, mazopari (Phocoena phocoena) eta izurde handiari (Tursiops truncatus) dagozkion datuak. Azken bi horiek, EBeko Habitaten Zuzentarauan lehentasuna dute. Inguru honetan arrantza-teknikek eta hegaztien arteko elkarrekintzak ezin dira ahaztu. Halere, populazio hauengan egindako eragina nolakoa den argitzen dizkiguten ikerketa askorik gabe, euretariko zenbaitek, arazoaren neurria zein den ikusten uzten digute. Ubarroi mottodunaren (Phalacrocorax aristotelis) kasuan, berreskuratutako marken %55 arrantza-aparailuetan istripuz harrapatutako animaliei dagokie. OSPAR bezalako nazioarteko hitzarmen desberdinetan sartutako espezie desberdinak aipatu behar dira. istripuz egindako harrapaketa hauen eragina ere sumatzen baitituzte. Esaterako, elasmobrankio-dibertsitate handia eta garrantzi komertziala duten zenbait teleosteo, hitzarmen horretan mehatxatutako edo beherantz doazen espezien zerrendan sartuta daudenak. |
Arrantza gainustiaketa | Kantaurikoaren arrantza-stocken egoera oso kezkagarria da, ICESek gune honetan ebaluatutako 12 stocketatik 7 gainustiatuta daude, egoera honetan dauden stocken % 57an arrantzatzea galaraztea eskatu da. Gainera, Kantaurikoko arrantzatzean oso garrantzi handia duten eta ICESek ebaluatzen ez dituen -ICCATek baizik- beste bi stocketetako egoera kontuan hartzekoa da, hegalaburrarena edo zimarroiarena (Thunnus thynnus) eta hegalaburrarena (Thunnus alalunga) hain zuzen ere. Bi espezie hauen egoera ere ez da ona. Bizkaiko golkoan garrantzi komertziala duten 200 espezie baino gehiago dauden arren Kantaurikoko itsasoko uretako harrapaketa gehienak hogei bat espezieei dagokie. Hala ere, ICESen aholku zientifikoei kasu egiten badiegu arrantzatzeen harrapaketa, gutxienez, %30 murriztu beharko zen. Aktibitate hauen aztarna itsas hondoan bertan behera utzitako edo galdutako arrantza-aparailuen hondarrak dira. Behaketei esker aparailu hauek espezie sesilengan egin duten kalteak frogatu ahal izan dira. Gorgonia eta belaki ugari ebagita, adarrak galduta edo apurtuta agertzen ziren. Kasu hauek sarriago agertzen ziren itsasoaren behealdeetan eta goraguneetan, bai eta kanoietan ere. Eragin honen beste aztarna ukaezina arraste-ontziek itsas-hondoan utzitako markak dira. Hidrodinamika gogorreko eta sedimentuen mugimendu handiko zenbait gunetan ripple marksak aurkitzea oso ohikoa bada ere, marka horiek zeharo estalita izaten dira. Baina, sedimentuen dinamika oso eraldatuta ez dagoen lekuetan, aparailuaren ateak edo beste atalek utzitako aztarnek oso erraz identifikatu egiten dira. Plataforma gailego atlantikoan berriz, arraste-ontzien kopurua handiagoa denez markak ez dira hain erraz ikusten. Kantauriren ekialderantz joan ahala, eta zirkalitoral sakonaren eta goi batialeko lokatzezko eta hareazko hondoetan arrantza-mota honen eraginak oso erraz ikusten dira. Arraste-marka gehieneko eremua Cap Breton-go kanoiaren ingurua da. Euskal Herriko (Urdaibaiko portuetan bat ere ez) eta Kantabriako flotan arraste-ontzi gutxien dago. Asturies edo Galiziako ontziak eremu galaiko-kantanbriar osoan dabiltzanez, kopuru osoa, asko handitzen da. |
Bakanketak | Kantauri itsasoan arrantzan ari diren arraste-ontziek altxatze bakoitzean tona erdi espezie komertzial bakantzen dute. Aurrekoari merkatuan garrantzirik ez duten arrain-espezieak, itsasoko ornogabeak, istripuz harrapatutako bolumena eta flota horren bakanketa osoa gehitzen bazaizkio bakanketaren garrantzia ikaragarri handitzen da. Urtero, eremu galaiko-kantauriarrean Espainiako arraste-flotak arrantzatzen dituen espezie komertzialen harrapaketa guztiaren %35 eta %59 artean alferrik xahutzen da. Orotara, urtero, bakanketan 42.000 tona arrain alferrik xahutzen da. 126 ontziz osatuta dagoen eta itsasora botatzen duen kantitate berdina portura eramaten duen flota hau legatza, itsas zapoa, itsas oilarra, zigala, txitxarroa, bakalada edota berdela bezalako espezieak arrantzatzen aritzen da. Bakantzen diren ohiko espezieak txitxarroa eta bakalada dira. |
Aldaketa klimatikoa | Azken urteotan Portugal, Galizia, Bizkaiko golkoko eta Ipar atlantikoaren beste zenbait lekuren uretan arrain tropikalen agerpena handitu dela sumatu da. Aldaketa klimatikoak eragindako uraren tenperaturan egondako aldaketekin lotuta egoten da. Horrela, adibidez, aurreko mendearen amaieran Galizian harrapatutako arrainen inguruan egindako ikerketa baten arabera ur epelagoetan eta hegoalderago agertzen ohi ziren arrainak sumatu zituen, horien artean, Hoplostethus cadenati, Neoscopelus macrolepidotus, Nettastoma melanura, Halosaurus ovenii, Cyttopsis roseus, Chaunax pictus, Caranx crysos, Pseudocaranx dentex edo Dasyatis violacea. Plataformako kontinentaleko uren tenperaturak izandako igoerarekin ere lotzen dira XX. mendearen 70. hamarkadan oso ohikoak ez ziren espezien ugaritasuna, (Capros aper) esaterako, gaur egun, Bizkaiko golkoan, oso aberatsa dena. Uraren tenperaturan egondako aldaketek eragina izan dezakete espezie desberdinen banaketan, agerpenean eta ugaritasunean, hegalaburra edo eta txitxarroa esaterako, biek Kantaurikoan egiten den arrantzan garrantzia handia dutenak. |
Mehatzagintza | Itsas azpiko hidrokarburoen eta mineralen etorkizuneko esplorazioek eta ustiaketek izan dezaketen balizko eragina kontuan hartzekoa da. Izan ere, Kantauri itsasoan hainbat hamarkadetatik ona petrolio- eta gas-prospekzioen leku izan da, Matxitxako lurmuturraren aurrean gasa erauzteko Gaviota izeneko plataforma egotea esaterako. Oraindik orain, prospekzioak egiten ari dira. |
1. Taula: Kantauri itsasoak dituen mehatxuak. (Oceanaren txostenetik moldatuta).
Itsaspeko giroa alde batera utziko dugu eta lehorragoa den giroan murgilduko gara.
Lehorreko itsasertza
Urdaibaiko eremuan eta Gaztelugatxe Donienen (Urdaibai ondoan) 1 HBBE (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) eta 4 KBE (Kontserbazio Bereziko Eremuak) izendatu dira.
KBE bat Urdaibaiko Paduren eta Itsasertzeko Eremuen Kontserbazio Bereziko Eremua da. KBE horren eraginpean dagoen eremua ekinozioetako edo itsasaldi bizien beherago jaisten den marea beheraren gainetik kokatzen da. Marearteko eremua eta eremu supramareala hartzen ditu. Urdaibaiko Erabilpen eta Kudeaketa Plan Gidariaren C2 edo Itsasertzeko Berariazko Babespeko Eremuarekin bat dator. Matxitxako lurmuturraren eta Arbolitz lurmuturraren artean dagoen itsasaldeko itsas lurraren eragin-aldeak definitzen du eta Izaro, Txatxarramendi eta Kanala (San Antonio) uharteak hartzen ditu bere baitan, ez ordea, Itsasadarraren Eremua. (Informazio gehiago: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3074/es/contenidos/informacion/natura_2000/es_10989/participacion.html).
Beste bi Berariazko Babespeko Eremuak ondokoak dira: Urdaibaiko Artadi Kantauriarren KBE eta Urdaibaiko Ibai-Sarearen KBE. Erabat lur lehorrekoak direnez hemen ez dugu ezer aipatuko.
Urdaibaiko Itsasadarraren Eremua HBBE edo Hegaztien Babes Bereziko Eremu izendatuta dago. Berau, Urdaibaiko Erabilpen eta Kudeaketa Plan Gidarian Itsasadarraren Berariazko Babespeko Eremu legez agertzen da. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako estuario-sistema eta padura-aldeak eratzen dituen itsas-lur aldea bezala definitutakoa da.
Sailkapena | Zonazioa |
---|---|
P.O. | Marearteko aldeak edo alde supramarealak, landareekiko edo landarerik gabeko lokatzaz eta padura-aldeez osatutakoak. |
P.1. | Marearteko aldeak edo alde supramarealak, lokatzaz edo padura-aldeez osatuak eta lezoien, munen edo euskarri-hormen bitartez ur-zirkulaziorako sistemaz isolatuak. |
P.1.1 | Hiritarrek okupaturiko alde supramarealak, lezoiek, munen edo euskarri-hormen bitartez ur-zirkulazioko sistemaz isolatua. |
P.2 | Hareazko marearteko aldeak edo alde supramarealak. |
C.1 | Itsasadarrak eratutako alde mareapekoak. |
2. Taula: Taula honetan Itsasadarraren Berariazko Eremua zein azpieremuetan dagoen banatuta adierazi da.
Gainera, Urdaibaiko hezegunea (padura, itsasadarra, duna… 945 ha osatu arte) Nazioarteko Garrantzizko Hezeguneen Zerrendan (Ramsareko Hitzarmena) sartuta dago. Horrela, hezegune hau maila nazionalean sailkapen-maila berrian sartzen da eta Euskal Herrirako nahiz Espainiako estatutarako zein gizateria osorako balore adierazgarria duela aitortzen du nazioarteko komunitateak. Urdaibai, era honetara, munduko dibertsitate biologikorako eta betetzen dituen funtzio ekologikoengatik eta hidrologikoengatik gizakien bizitza mantentzeko garrantzia duen hezeguneen nazioarteko sarea osatzera pasatzen da. (Informazio gehiago: www.ramsar.org)
Beste Kontserbazio Bereziko Eremu bat Gaztelugatxe Donieneko Biotopo Babestua da. Gaztelugatxeko eremua 1998ko irailaren 15eko 229 Dekretuarekin (1998ko urriaren 2ko EHAA) Biotopo Babestua izendatu zen. Bere baitan ondokoa dago sartuta: harkaitzak, uharteak, Aketxeko uhartetxoa, Gaztelugatxeko tonboloa, itsaslabarrak, hondartzak, Centellako kanala, itsas-lur jabari publikoa (1988ko 22 Legearen, Itsasertzekoa, lehen tituluaren arabera), Bizkaiko Foru Aldundiko jabetzako mendiaren ekialdeko muga eta Centellako kanalaren artean eta mugak ondo ezartzeko egindako kartografiaren barnean sartutako itsasoko eta itsaspeko eremua.
2000 Natura-Saretik jaiotako kontserbazio- eta kudeaketa-figurak diren Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuen (HBBE) baitan elementu-gako bakoitzarekin (kostaldeko aintzirak, duna grisak, itsasertza atlantiarreko itsaslabarrak, lezkariak, hegazti migratzaile pelagikoak edo itsasertzekoak, itsasertzeko hegazti kolonialak, Gaztelugatxe Donieneko KBEn Podarcis muralis horma-sugandila babestea…) erabiltzeko zuzentarauak, arauak eta neurriak daude. Horietako zenbait KBEtik eta HBBEtik kanpo erabiltzeko dira eta, beraz, Urdaibai osoan dute eragina. Zuzentarauak jarraitu beharreko aholkuak dira; Arauak, lekuari dagozkion proposamen zehatzak dira, ordura arte egon daitezkeen gainontzeko babes-arauekiko desberdinak; eta Neurriak, kontserbaziorako ekimen aktiboak dira.
Babes-eremuak handitzeko beharra
Europako Batzordearen arabera Habitaten Zuzentarauan zerrendatutako itsas habitat guztiak, bai eta zenbait espezieren kontserbazio-eremuak ere, Kantauri itsasoan oso eskas ordezkatuta daude eta, beraz, urritasun horiek konpontze aldera babestutako itsas eremuen sare urre hau gehiago garatu behar da.
Nazioarteko bestelako konpromisoek ere itsasoa kontserbatzera derrigortzen ditu gobernuak. Horrela adibidez, Nazio Batuen Dibertsitate Biologikoaren Hitzarmenak (DBH) munduko itsasoaren %10 gutxienez babestea exijitzen du. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak (NKNB) ehuneko hori %20-30ekoa izatea eskatzen du; Ipar-ekialdeko Atlantikoaren itsas ingurunearen Babeserako Nazioarteko Konbentzioak bere eraginpean dagoen azaleran –Euskal Herriko urak barne- itsas eremu babestuen sarea sortzea eskatzen du.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren Itsas Ingurunea Babesteko Lege-Proiektuak –Europa Batasuneko Itsasoaren Estrategia Esparruaren Zuzentaraua betetzeko prestatu dena-, helburuen artean, babestutako eremuen sarea osatzea du.
Espainiako estatuaren menpean eta Eremu Ekonomiko Esklusiboan (EEE) dagoen eremu galaiko-kantauriarraren itsasoko uraren azalera gutxi gorabehera 300.000 km2–koa da eta Kanarietako itsas uren ostean estatu espainiarreko bigarren azalera ozeaniko handiena da. Halere, babestutako eremuaren azalera 250.000 ha-koa da, %1 baino gutxiago alegia. Gaztelugatxeko babestutako biotopoak 129 hektareako azalera du eta Deba-Zumaiakoak 3.740 ha. Itsasertzan izendatutako Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) kontuan hartzen badira babestutako eremuaren azalerak apur bat gorantz egiten du, nahiz eta zatirik handiena itsasertzeko eremuak (hondartzak, padurak, estuarioak, etabar) hartzen dituen eta itsasaldera hedatzen ez den.
Baina, azkenean, Espainiako estatuak bere Eremu Ekonomiko Esklusiboa (gaztelaniaz Zona Económica Exclusiva –ZEE-) deitutakoa 350 itsas miliataraino handitzen badu Espainiako Ipar Atlantikoko uraren azalera 450.000 km2-raino handituko da eta, beraz, babespeko eremua %0,7ra jaitsiko litzateke.
Baina bistan da nahikoa ez dela. Itsasoarekin modu batera edo bestera lan egiten duten pertsona eta kolektibo desberdinek itsasoko ekosistemaren egoerak kezkatuta Ondarroakoa Adierazpena deitutako agiria sinatu zuten. (Informazioa gehiago: www.ondarroa12.org). Agiriaren sinatzaileek proposatzen dute "gure kostaldetik 12 itsas milia arteko eremua, estatu frantziarrekiko mugatik hasi eta Punta-Lucero lurmuturraren Ipar-Hegoalde arteko mugarainokoa, Babestutako Itsas Eremua izendatzea, eta eremu horren barruan Erretserba Guneak izendatzea". Gune babestu horietan zer baimendu eta zer ez esateko orduan hauxe proposatzen dute: "artisau-erako arrantza baino ez baimentzea eskatzen dugu, amuekin eta nasa edo otarrekin. Horrela, egungo flota baxurako arrantzarekin (sareak) mantenduko litzateke, arraste eta zerko modukoak galarazita. Erreserba guneetan mota guztietako arrantza debekatuko litzateke. Babestutako Itsas Eremu honek kostalde osoa eta bertako kalak, flora eta faunan aberatsak dituen itsas hondoak, eta legatza edo bixigua bezalako espezieek arrautzak jartzeko beharrezkoak dituzten habitatak babestea ahalbidetuko luke". Amaitzeko, euren ustez proposatutako aukera horiek "arrantza sektorearen etorkizuna, itsasoko bioaniztasuna eta ekosistemak, beraz, itsasoko ondare natural publikoa eta bertatik ustiatzen duguna kontserbatzeko ezinbestekoak direla uste dugu".
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.