Erlaitz Kantauriarrean gizakia antzinatik bizi denez gero, baserri-etxez, belardi, soro eta aitzinako basoen gordekinez beteriko paisaia daukagu, mosaiko anitza eta oso emankorra eratuz. Bertako bizidunek oreka mantenduz elkarrekiko menpekotasuna agertzen dutenez, landazabal atlantikoaz ezagutzen dugun esparru ozeanikoaren barne ekosistema berezia eratzen dutela diogu.
Urdaibaiko landazabal atlantikoa bere osotasunean hainbat eta hainbat lekutan ikus daiteke: Oma eta Basondoko haranak (Kortezubi), Ozollo eta Isla auzoak (Gautegiz Arteaga), Loiola (Arratzu), Mikel Deuna eta Ander Deuna auzoak (Bermeo)…
Gaur egun Urdaibaiko landazabalak belardi, zuhaizti, heskai, harresi, baserri-etxe, landagune eta soroen alternantzia erakusten digu oraindik. Erreketan eta bideetan multzoa zeharkatzen duten heskaiak eta galeri-zuhaiztiak ikus daitezke. Koniferoen landaketek, 1950. urteaz geroztik hedatutakoek, eta negutegi modernoen ugaritzeak, matiz berriak eskaintzen dizkiote paisaia honi. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak balio natural eta kultural nagusienetariko bat dauka bertako landazabalean. Gizakiak Neolitikotik hartu du parte paisaian, ahalik eta lantzeko lur gehien eskuratzeko beharrizanak mendi-hegaletako eta bailara-hondoetako basoaren atzerakada berekin ekarri zuenean, alegia. Lurralde honetako lehenengo nekazariek hasteko sastrakadi bilakatuko zuten berau eta ondoren albitz belardia (Helictotrichon cantabricum, Brachypodium pinnatum subsp. rupestre, Sesleria argentea subsp. hispanica, Teucrium pyrenaicum, Helianthemun nummularium…), berezko belardi zaindugabea, sastrakak behin eta berriz erre eta gero ugaritzen dena, honetan albitz-belarra (Brachypodium pinnatum subsp. rupestre) da nagusi, hosto luze edo gogordun graminearen espeziekoa, hain zuzen. Garia, garagarra, ortuariak, fruta-arbolak landatzeko lurrak lantzen ikasiko zuten edo larre aberatsagoak izaten besterik gabe, baserriko hausnartzaileek larre-belardian bazka zezaten. Gaur egun oraindik sega-larreak bereiz ditzakegu, gramineoen (Lolium perenne, Lolium. multiflorum, Holcus lanatus, Poa pratensis, Dactylis glomerata, Cynosurus cristatus), konposatuen (Hipochoeris radicata, Crepis capillaris), leguminosoen (Lotus corniculatus, Trifolium repens, Trifolium pratense, Trifolium dubium) eta Linum bienne, Ranunculus repens, Plantago lanceolada, Bellis perennis, Taraxacum officinale edo Daucus carota bezalako espezie anitzak hazten direneko belar-komunitatea berau. Espezie hauek lurzoru hezeagoak eta abereen presio handia, lanketa konplexuaren bidez (artzaintza zuzena, ebakitzea eta ongarriztatzea), onartzen dute. Horiek guztiek aniztasuna eta kalitatea ematen diote larreari. Urtean bi-lau segaldi izaten dira larrean kortan dauden abereei bazka emateko. Belardi-mota hau behi-abeltzaintza tradizionalari lotuta dago. Landazabaleko landak edo zelaiak hartzen ditu, garrantzi paisajistiko handia dutenak.
Belarra haztearen muga segalarien esku ez dagoenean, larrean zuzenean bazkatzearen eraginez etxe-abere hausnartzaileenean baizik, hagin-larreak agertzen dira. Horietan zapaltzeari gogor eusten dioten erroseta formako belarrak ugaritzen dira, hala nola zain-belarra (Plantago lancelotata), eta konposatuen familiako beste hainbat, esaterako: Hypochoeris radicata edo Picris echioides, eta leguminosak, Trifolium repens delako hirsuta.
Baina abereen eragina belardian txikia (artzaintza zuzena aldi batekoa edo estentsiboa delako) denean, lurzoru idor eta mesikoen artean, albitz-belardia agertzen da. Albitz-belarra (Brachypodium pinnatum subsp. rupestre) nagusitzen da, baina ondo beste espezie hauek ere agertzen dira: Bromus erectus, Sanguisorba minor, Medicago lupulina, Lotus corniculatus, Briza media, Leucanthemum ircutianum, Pimpinella saxifraga. Era egokian zaintzen bada, sega-larreranzko eboluzio du.
Albitz-belarrean oinarritutako larre honek balio txikia du, gramineoen espezierik ugarienek abereentzat ez direlako oso erakargarriak (elikagai urrikoak eta gozotasun txikikoak). Gainera, oso baxua da lekadunen proportzioa, eta larre on guztien lekadun proportzio nabarmena eduki behar dute biomasa osoari dagokionez. Hori dela eta, modu tradizionalean eta antzina-antzinatik, gizakiak larredi latz horietatik larredi baliotsuagoak sortu izan ditu, horien erabilera berezia bide zela: abereak larre horietara eramaten dira bazkatzera eta horrela landareen aireko zatiak moztuta gelditzen dira; gainera, abereek landareak jan eta lurra nitrifikatu egiten dute, gorozkiak pilatuta. Baldintza horiek gehiegizkoak dira larre latzeko espezientzat, baina beste batzuentzat ez: Lolium perenne, Holcus lanatus, Poa pratensis, Dactylis glomerata, Cynosurus cristatus, Trifolium repens, etab. Era honetara, erabileraren erabileraz, abereak elikatzeko balio askoz ere handiagoa du bazka bateranzko trantsizioa eragiten da, eta bazka horrek, jakina lekadunen proportzio askoz ere handiagoa du. Larre edo belardi hauek, urte osoan zehar berde diraute, eta urtaro egokian –apirila eta urria artean- hazkunde nabarmena dutenez, denbora-tarte horretan belarra behin eta berriro ebaki daiteke eta behin belar sikua bihurtutakoan negurako gorde daiteke. Horregatik belardi-mota hauei sega-belardi izena jarri zaie eta, lehen bezala orain ere, harizti mesofitikoaren eremu potentzialeko (belardi atlantikoko) elementu paisajistikorik nagusienetarikoak dira.
Baina gaur egungo Urdaibaiko larre gehienak mistoak dira, bertan abereek txanda luzeetan segaturiko zenbait lantzarretan txandakatuz bazkatzen dute. Arestian aipatutako bi komunitateren espezie-nahasketa ageri da, abereek produkzioa aberasteko ereindako beste batzuekin batera, hain zuzen ere, Llollobelarra (Lolium sp.), hirusta (Trifiolium repens) edota arrauka (Festuca arundinacea).
Baserri-etxearen ondoko lurrak etxeko kontsumorako landu izan dira beti, eta gaur egun oraindik Gernika-Lumoko eta Bermeoko merkatuetan saltzen dira soberakinak. Orain 400 urtetara arte, gariak eta batez ere artatxikiak, karbohidratoak eskaintzen zituzten eta zenbait barazki, ortuari eta frutaren osagarri ziren. Frutetatik sagarra eta mahatsa ziren garrantzitsuenak, horiekin sagardoa eta ardoa egiten zelarik. Lehenengo artoa eta ondoren patata eta indaba lantzen hasi ziren eta, horren ondorioz, urte osorako bermatuta zeukaten mantenua; horrela elikadura orekatuagoa lortu zuten eta, beraz, populazioa arian-arian haztea ahalbidetu. Basoko fruituek ere, batez ere ezkurrek eta gaztainek, dietaren zati garrantzitsua osatzen zuten. Gaztainondoak (Castanea sativa) baserrirako hainbat haltzari eta tresna egiteko balio zuen.
Oraindik orain, astelehenero, inguruko baserritarren produktuak zuzen-zuzenean erosteko aukera dago. Hiribildu horretan, urriko lehen (Pirenaika behi-arrazaren azoka) eta azken astelehenetako azokak (ortuariak, barazkiak, gazta, eztia, txakolina…) oso ospetsuak dira. Bestalde, urtean zehar hainbat azoka izaten dira eskualdeko herrietan (Bermeo, Gautegiz Arteaga, Morga, Mundaka…). Bermeon urtetik urtera arrain azoka haziz doa.
Lizarraren (Fraxinus excelsior) adar malguez hesiak eta txabolak eraikitzeko trentzak egiten ziren eta, beren hostoek abereen dieta osatzen zuten lehorte-aldian. Landazabala handiagotzen zen neurrian, gizakiak sastrakadietan eta basoetan baliogarriak ziren honelako eta bestelako espezieen iraunkortasuna bermatu zuen eta, horiekin bertako faunak eta florak ere iraun zuten. Horrela, heskaien egungo konposaketak aitzinean Urdaibai hornitzen zuten komunitate nemoralak gogoarazten dizkigu.
Endomikorrizak sortzen dituzten onddoak Glomales ordenean sartzen dira eta Urdaibaiko larre guztietan ageri dira. Halere, landare-formazio horien artean badira makromizeto saprobio eta heliofiloak ere, Agaricus campestris, Clavaria zollingeri, Clavulinopsis helvola, Hygrocybe nitrata, Hygrocybe ovina, Hygrocybe pratensis, Lepista caespitosa, Marasmius oreades, Tremellodendropsis tuberosa, besteak beste.
Heskaietan haritz kanduduna (Quercus robur), ereinotz (Lauro nobilis), elorri zuri (Crataegus monogyna), arkarats (Rosa sp.), lizar (Fraxinus excelsio), elorri beltz (Prunus spinosa), basaerramu (Eonymus europaeus), sasi (Rubus sp.) bezalako espezieak eta basoetako atxapar (Lonicera periclymenum), huntz (Hedera helix) edo ahien zuri bezalako landare igokariak aurki ditzakegu. Erica cinerea, E. vagans eta E. lusitanica izeneko txilarrek, Ulex galli eta U. europaeus otek eta Cytisus commutatus eta C. scoparius isatsek heskaiaren beheko aldeak ixten lagun dezakete. Kareharrizko zoruetan edo Eguzkiak ondo jotzen dueneko zoruetan artadikoak diren zuhaixkak eta lianak agertzen dira, hala nola gurbitza (Arbutus unedo), ereinotza (Lauro nobilis), txorbeltza (Rhamnus alaternus) edo endalaharra (Smilax aspera). Heskaiaren ondotik bidea baldin badago, asuna (Urtica dioica) bezalako belar nitrofilo erruderalak eta intsusa (Sambucus nigra) bezalako zuhaixkak dira ugariak.
Heskaiak erreka edo ubidea mugakide baldin badu, haltzak (Alnus glutinosa) edo sahatsak (Salix atroccinerea) edo zumeak (Salix viminalis) haz daitezke bertan, horien adar gazteak, zumeki deitutakoak, behin lehortu eta zuritu ondoren, gaur egun oraindik eskulanak egiteko erabiliak direlarik. XX. mendeko azken hamarkadetan plastikoak eta petrolioaren eratorriak agertu baino lehen zumakia ezinbesteko lehengaia zen otzarak eta baserriko eguneko jarduerarako beharrezko tresnak egiteko.
Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren lurretan funtsezko eginkizun ekologikoa dute heskaiek, atzeraka doazen basoko flora eta faunaren gordailu genetikoa eratzen baitute, eskualdeak urtero-urtero hartzen dituen migrazioko eta neguko hegaztiei babesa eman eta aterpea eskaini eta bata bestetik aldendutako basoetako populazioen arteko elkartruke genetikoa ahalbidetzen dutelako. Horrez gain, heskaiek zelaiekiko eginkizun erregulatzailea daukate, izurriteak kontrolatuz, haizea ebakiz, intsolazio eta leia handiak ebitatuz, haien balantza hidrikoa eta tenperatura orekatuz eta, azken batean, gizakiak paisaian eragindako homogeneotasuna apurtuz eta aberastuz. Lurlantzarako metodo mekanizatu berriek, jabegoen kontzentrazio-politikak eta erreken bideraketak bizidun-kopurua izugarriaren desagerpena ekarri dute berekin azken hamarkadetan.
Landaretzaz beteriko heskaietan gizakiak eraldatutako habitat batean bizirik irauten ikasi duten basoetako ornodunak bizi dira. Horixe bera da trikua (Erinaceus europaeus), erbinudea (Mustela nivalis) eta azeria (Vulpes vulpes) bezalako ugaztunen kasua edo txepetxa (Troglodytes troglodytes), txantxangorria (Erithacus rubecula), zozo arrunta (Turdus merula), birigarro arrunta (Turdus philomelos) eta txonta arrunta (Fringilla coelebs). Beste zenbait animalia egitura aldetik konplexutasun handiagokoak diren eta zuhaitz helduagoak daudeneko zuhaiztietan bizi dira, hala nola tuntun arrunta (Prunella modularis), garraztarroa (Turdus viscivorus), txio lepazuria (Phylloscopus bonelli) eta arrunta (Phylloscopus collybita), erregetxo bekainzuria (Muscicapa striata), buztan luze (Aegithalos caudatus), kaskabeltz handia (Parus major) eta amilotx urdina (Parus caeruleus). Eskulapioren sugeak (Zamenis longissimus) landazabaleko zoko freskoenak aukeratzen ditu.
Ugaztunen artean, hemen mustelido harrapakarietatik lepazuria (Martes foina) da azpimarratzekoa, bai eta karraskari txikien zenbait espezie, basasagua (Apodemus sylvaticus), uzta-sagua (Micromys minutus), etxe-sagua (Mus (musculus) domesticus), lursagu gorria (Clethrionomys glareolus), satain piriniarra (Microtus pyrenaicus), lursagu mediterranearra (M. duodecimcostatus), lursagu lusitaniarra (M. lusitanicus), eta intsektiboroak ere, trikua (Erinaceus europaeus), satorra (Talpa europaea), satitsu txikia (Sorex minutus), Millet satitsua (S. coronatus), satitsu arrunta (Crocidura russula), baratzeko satitsua (C. suaveolens), Cabrerae ur-saitsua (Neomys anomalus) erreketako bizimodura moldatu den ursatitsu hankazuria (N. fodiens).
Bestalde, muxar grisa (Glis glis), artropodoak eta ornodun txikiak jateko gauza den karraskaria, landazabaleko zenbait zuhaiztitako biztanle txikia da. Horrek, lurzoruko orbelaren artean kokatzen duen borobil antzeko bere habian negua lozorroan igaroz, neguaren gogortasuna ekiditen du. Noizean behien landareez inguruetako etxolak eta eraikinen hondarrak okupatzen ditu. Izan ere, padurako artadietan zein bailara-buruetako landazabalean ikusi izan da baina, hala eta guztiz ere, Urdaibain ez da erraza ikustea. Landazabalean zuhaitz asko baldin badago edo berau basoen artean kokatuta badago, hegazti nemoralen zenbait espezie etor daiteke, hala nola okil berdea (Picus viridis) eta eskinosoa (Garrulus glandarius), bai eta eguneko hainbat harrapari espezie, esaterako zapelatz arrunta (Buteo buteo) edo zuhaitz-belatza (Falco subbuteo), eta gauekoak ere, urubia (Strix aluco), hain zuzen ere. Gaueko beste harrapari batek, mozolo arrunta (Athene noctua), landazabaleko zoko izkutuenetako eta inguruan zuhaitz zaharrak dituzten horma zaharrak edo gizaruan zuhaitz zaharrak dituzten horma zaharrak edo gizakien eraikinak aukeratzen ditu beti.
Sasi-txinboak (Sylvia communis) eta baso-txinboak (Sylvia borin) eta antzandobi arruntak (Lanius collurio) landazabalean sakabanaturiko sastrakadi-guneak aukeratzen dituzte; azken hori intsektu handien eta saguen harraparia da, horiek heskaien arantzetan iltzatu eta gordailua egiten du jana aurkitzeko modurik ez daukanerako.
Landazabaleko larretan pitxartxar burubeltza (Saxicola torquat), uda-txirta (Anthus trivialis), txirriskil arrunta (Serinus serinus), txorro arrunta (Carduelis chloris), karnaba (Carduelis carduelis), berdantza horia (Emberiza citrinella) eta gari-berdantza (Miliaria calandra), azken hori kostaldean batez ere. Era berean, ihi-txoria (Cisticola juncidis) segaldia berandu egiten deneko belardietan bizi dira.
Herrien, baserri-etxeen, komunikabideen eta abereen eskorten harresi, horma eta hormatzar zaharretan substratu bertikalean bizitzera moldatutako landaretza-mota jakina aurki dezakegu. Landare hauen sustraiak hormen zuloen eta arrakaletan sartzen badira ere, inguruan sustantzia nitrogenatuak egotea ezinbestekoa zaie. Aurreko sustantziak euriaren urak garraiatzen dituzten partikuletatik edota, bestela, sarri askotan, habitat honen azpian egoten diren amoniako-konposatuen lurrunketatik lortzen dira. Horma hauetako landaretzaren estaldura-maila eta konposaketa orientazioaren, ingurumen-hezetasunaren eta beste zenbait faktoreren arabera alda badaiteke ere, badago baina inoiz falta ez den landare-talde bereizgarri bat: Parietaria judaica, Cymbalaria muralis, Polypodium cambricum, Umbilicus rupestris, Asplenium trichomanes…
Heskaiez beteriko belardietan eta zuhaizti inguruetan txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) eta apo arrunta (Bufo bufo) eta musker berdea (Lacerta bilineata). Eguerdian eguzkiak jotzen dueneko tokietan Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) -EAEko espezie mehatxatuen katalogoaren arabera “interes berezikoa” dena-, sugandila bizierrulea (Lacerta vivipara), Seoane sugegorria (Vipera seoanei) eta suge gorbataduna (Natrix natrix). Harresi zaharren eta bide-ezponden gainean hormasugandila (Podarcis muralis) bizi da, berau Urdaibain oso ugaria izanik. Zirauna (Anguis fragilis), eskinko hiruhatza (Chalcides striatus), sugandila iberiarra (Podarcis hispanica) eta iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca) ere ikus daitezke. Erreka-txindorrak (Cettia cetti) eta uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) eta marmolaire (Triturus marmoratu) bezalako anfibioek zuhaixkez inguratutako errekak aukeratzen dituzte.
Koleoptero koprofagoei buruzko lehenbiziko ikerketan -jatorri desberdineko gorotzak aztertu dituzte (behi, zaldi, ardi, txakur eta gizakiarenak)- 34 koleoptero koprofago espezie agertu dira Urdaibain; 6 Geotrupidae, 9 Scarabaeidae eta 19 Aphodiidae familietakoak. Horietatik guztietatik 19 espezie lehen aldiz aipatu dira Urdaibain eta 6 espezie lehen aldiz EAEn. Badira ere beste zenbait koleoptero interesgarri; 2006an, Oreina alpestris espezieak Bizkaia osoan hemen zuen bere aipu bakarra edota Carabus deyrollei karabidoa ere, endemismo iberiarra dena eta Bizkaiko mendebaldean soilik agertzen dena, 2006an aipatu izan da Urdaibain ere.
Hona hemen landazabaleko fauna aniztasunaren oinarria; udazkenean heskaietan ematen den baia eta udan larretan ematen den ale ugaritze izugarria eta, udaberrian tenperaturek gora egin eta berehala izaten den ornogabeen, eta batez ere intsektuen, ugaltzea. Horri esker hegaztiek eta ugaztun intsektujaleek eta ale-jaleek beren ugalkortasuna bermatuta dute. Horrez gain, migrazioko eta neguko hegaztiek udazkeneko eta udaberriko soberakinak aprobetxatzen dituzte. Gizakiaren ondoan bizitzera hurbileneko tokietan aurkitzen dituzte ostatua eta jatekoa, esaterako baserri-etxe, errota-etxe edo baselizetan. Enara arruntak (Hirundo rustica) eta enara azpizuriak (Delichon urbica) artez egindako belarrezko eta buztinezko beren habiak teilatu hegaletan eta aterpeetan zintzilikatzen ikasi dute.
Sorbeltzek (Apus apus), ostera, Gernika-Lumo edo Bermeo bezalako herrigune nagusienetako erdiguneetan topatzen dituzten eraikin altuetako, sarritan elizetako, hormetan dauden zuloak aukeratzen dituzte; Mundakan eta Busturian edota Muruetako elizan ere badaude sorbeltz-taldeak. Hegazti hauek oso trebeak dira hegan doazela intsektuak harrapatzen eta, beraz, padurako, ibaietako eta abeltegi eta etxe-abereak dituzteneko baserrietako lehertzapen demografikoak kontrolatzen dituzte. Azken urteotan Urdaibain izandako fatxaden berriztapenak eta baserri-etxe uzteak, baita ibai-kutsadurak eta plagiziden erabilpenak ere beren populazio-dentsitatea murriztea ekarri dute.
Araba-zozo pikarta (Sturnus vulgaris) gizakiari oso lotuta dago. Biosferaren Erreserbako lurraldera oraintsu etorritako beste hegazti bat usapal turkiarra (Streptopelia decaocto) da, Europako mendebaldeko kostaldeetatik zabalduz doana. Mundakan izan zuen lehen agerraldiaz geroztik, zenbait bikotek Sukarrietan, Gernika-Lumon… izan ditu habiak. Orube eta lorategietako landare-hesietan, farola edo harresien gainean kokatzen ditu bere habiak, beti herrigunetik babestuta, hortik irten ere ez duela egiten.
Etxe txolarreak (Passer domesticus) eta buztanikara zuriak (Motacilla alba subsp. alba) ere gizakiak eraikitako etxeetan egiten dituzte habiak, eta lastategian eta landazabaleko zenbait baserritan landa-txolarreen (Passer montanus) koloniak bizi dira; azken hori alejalea da eta gizakiarekin batera bizi da. Baserrien eta landagune txikien inguruan dagoen karraskari txikien ugaritasunagatik, gaueko zenbait harrapari, hala hontz zuria (Tyto alba) nola mozolo arrunta (Athene noctua) gizakiarekin batera bizi daitezke kanpandorre eta baserri-etxeetan habiak eginaz. Oso garrantzitsuak dira karraskarien populazioak kontrolatzeko zereginean edota oso kontutan hartzekoa teilatuetan lanean aritzeko orduan.
Urdaibain aurkitu diren 10 saguzar espezierekin, EAEn saguzar dibertsitate altuenetariko eremuen artean aurkitzen da. Halere, espezie horietatik dirudienez erdiak soilik kumatzen dira, beste guztiak soilik puntualki edo sasoi jakinetan agertzen baitira. Azken hauen artean ferrasaguzar mediterranearra (Rhinolophus euryale) dugu, EAEn desagertzeko arriskuan dagoen espeziea. EAEko egungo populazio egonkorrak Bizkaian soilik mantentzen dira, nagusien eta garrantzitsuena Enkarterrietan (Karrantza Harana eta Trianoko mendien artean) baina esan bezala Urdaibai eta ingurutan ere bada populazio ugalkor txiki bat. Espezie honek batik bat kobazuloak eta lurrazpiko barrunbeak erabiltzen ditu urte osoan zehar eta gainera espezie termofiloa denez tenperatura altueneko barrunbeak nahiago ditu. Hortaz haran-ondo eta altitude baxutan dauden haitzuloak dira egokiak espeziea kumatuko bada, hain zuzen ere gizakiaren presentzia handieneko lekuak, honek dakartzan arriskuekin. Saguzar honek sitsak jaten ditu batez ere, hauek ehizatzeko habitat egokiena larre eta landazabalez inguraturiko eta bertako zuhaitz hostozabalez osoturiko baso, basoxka eta hesibiziak izanik. Hain zuzen, Urdaibain espezie honek dituen habitat-beharrizanak zehazki ezagutzeko ikerketa egin zenean, harizti, errekako baso eta baita eukalitadiak hautesten zituztela aurkitu zen. Aurrerago egindako ikerketek erakutsi dute Urdaibain behatutako portaeraren atzean habitat egokien eskasia zegoela, eta seguruenik horregatik animalia honek Urdaibain itzelezko bidaia luzeak egiten ditu ehiza-leku horietara ailegatzeko: batezbeste 5 km ingurukoak eta gehienez ia 10 km. Bere beharrizanak ikusita uler daiteke espezie honen egoera larria; izan ere, kobazulo asko itxi egin dira itxitura desegokiekin arrazoi desberdinak medio eta beste askotan jendearen bisitek sorturiko zalapartak saguzarrek bertatik alde egitea ekarri dute. Gainera, honi gehitu behar diogu paisaia tradizionala desagertu egin dela zuhaitz exotikoen landaketa monoespezifiko zabalek ordezkatuta. Horien guztien ondorioz espeziea galzorian dago EAEn. R. euryale bezalako espeziea mantendu behar bada ekintza zehatzak premiazkoak dira; are gehiago galzorian dagoen espeziea izanda legez beharko lukeen kontserbazio-plana oraindik indarrean ez dagoelarik kontutan izanda.
Materia organiko ugariko lekuetan, zabortegietan esaterako, arratoi beltza (Rattus rattus) bezalako espezie sarraskijaleak ugariak dira; jatorri tropikalekoa eta ugaltzeko tokirik egokiena sotoetan eta zaharpildegietan aurkitzen duen gaueko ohiturazale karraskaria da arratoi beltza. Sortzez barazkijalea bada ere orojale bihur daiteke. Oso ugariak dira eta, zaborrak kontrolik gabe isurtzea saihestu ezean, ez da batere erraza kontrolatzen. Era berean, isurtegien ugaritzeak zenbait espezieren dentsitate handiagotze desorekatua dakar berekin, esaterako azeriena (Vulpes vulpes), horixe delarik eskualdeko adibiderik onena.
Beste karraskari orojalea ere, arratoi arrunta (Rattus norvegicus), estolderi eta gizakien herri- eta landa-isurbideetan bizi da; hori Europako historian zehar protagonista izan diren izurrite izugarrien gaixotasun kutsagarri ugarien eragilea izan da, esaterako, denontzat ezaguna den XIV. mendean kontinenteko giza populazioa erabat murriztu zuen izurritea. Gizakiaren eta arratoi arruntaren arteko harremana aitzinakoa da, eta gaur egun paradoxikoa da hirietan oraindik irautea, zeren eta gizakiak egunero hamaika tona hondar jateko ematen dion bitartean pozoinketa-kanpainaren bidez horiek akabatzen saiatzen baita. Bizkaian mende honetako berrogeitamarreko eta hirurogeiko hamarkadan izandako industria-hazkundeak lur-laborantza uztea ekarri zuen berekin. Berezko belardi eta baratzetako lur-eremu luze-zabalak ustiatzeari utzi zioten, eta biztanleriaren zati handi batek baserriak utzi zituen eta Bermeo, Gernika-Lumo eta Bilbo bezalako herri garrantzitsuetara tokialdatu zen. Utzitako lursailetatik irabaziak ateratzeko xedez, jabe askok hazkunde azkarreko zuhaitzak, bereziki Monterreyko pinua (Pinus radiata edo Pinus insignis), landatu zituzten, mendearen hasieratik eskualdeko mendi-paisaian barreiaturik baitzegoen. Horrela, pinudiak gero eta ugariagoak ziren landazabalean, bertako lur emankorrak okupatuz, eta alboko lursailetako ekoizpena txikiagotuz. Baso-landaketak landazabal atlantikoko mosaiko-paisaiaren zati bilakatu ziren, belardi seminaturalaren kaltetan, zeintzuk luze-zabalean izugarri murriztu baitira. Nekazal-birmoldaketa hau inolako orekarik gabe suertatu zen.
Orain 50 urtez geroztik, gehiagorik ez, eskualdean ez da garirik landu, eta landa-uzteak mahatsondoari eta sagarrondoari ere eragin die, etxeko ardogintza eta sagardogintza ia desagertzeraino urrituz. XX. mendearen azken bi hamarkadetan negutegietako lurlantzaren gorakada sumatu izana da. Elorriagakoak (Kortezubi) eta Ibarrurikoak (Muxika) zenbait hektarea hartzen dute. Halere, landazabaletik sakabanaturik, tamaina txikiagoko horrelako tunelak ikus daitezke Bermeotik Nabarnizera. Horren baliogarritasuna lekadun eta ortuarien eta lore eta landare apaingarrien ekoizpen zikloak aurreratzean eta anizkoitzean datza. Orain urte gutxi batzuetatik hona fruta-langintzan esperientzia berriak garatzen hasi dira, hala madariondo eta sagarrondoen (mahairako zein sagardoa egiteko) landagintza nola espezi exotikoen landagintza, kiwia esaterako. Ekoizpenean badaude horrelako ustiapenak, Loiolakoa (Arratzu), hain zuzen, horiek eskualdeko klimaren egokitzapena islatzen digutelarik; XIX. mendeaz geroztik, bailarako behealdeko eta kostaldeko baserrien ondoan hazi diren zitrikoek klima egoki hori aprobetxatu dute.
Landazabal atlantikoaren eremu baliotsuenak EKEGetik (Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria) eratorritako araudi urbanistikoek babesten dituzte. Izan ere, nekazal-eremua, Nekazal Garrantzizko Eremu (A eremua) moduan sailkatuta dago.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.