Estuarioko alderdi bietan altxatzen diren kareharrizko muinoetan kantauriar artadia hazten da; baso hosto-arroa berau, bere hostoak beti berde egonik. Ekosistema berezi horrek Erlaitz Kantauriarrean zehar isolaturiko bazterrak gordetzen ditu bere baitan, hain zuzen, klima epelagoa eta lehorragoa zeneko eta artadiak lurraldea babesten zueneko garai haietako ondarearen lekuko direnak. Gaur egun gune eguzkitsuenetan eta hobeto drainatutako zoruetan aurkitzen da artadia, esaterako, mendi karstikoetan. Kareharrizko lurrak kaxkarragoak dira eta ura arrakaletatik behera doa.
Lurrinketa ekiditeko kutikula gogorrez estalitako eta ia estomarik gabeak diren hosto iraunkordun eta larrukaradun zuhaitz eta zuhaiztiek osatzen dute baso-mota hau. Era berean, harkaitzetan eusteko gauza diren sustrai gogorrak dituzte. Hiri guztia dela eta kantauriar artadia oso garrantzitsua da bai biogeografia aldetik bai ekologia aldetik, habitat horretara bereziki egokitutako faunari eta florari osatuta emateaz gain eremu harkaiztsuak kolonizatzeko eta sendotzeko berariazko gaitasuna baitu.
Urdaibaiko artadiek osotarako gutxi gorabehera 1.350 hektareako lurrazalera hartzen dute. Artadirik handiena, 1.000 hektarea ingurukoa, eskuinaldean aurkitzen da, hain zuzen ere Ereñozarren. Arlanburu eta Atxarre mendien bitartean, bertan Ogoñoko labarrera arte iristen den multzoa eratzen duelarik. Bailararen ezkerraldean artadiaren bi eremu isolatu kontserbatzen dira, Muruetako Atxan eta Foruko Atxan, hain zuzen ere. Azken, hamarkadetan, Txatxarramendi eta Sandindere uharteetako zuhaitz estaldura ere suspertu egin da. Gune hauek guztiak itsasoaren epeldura dute onuragarri eta beren intsolazio-maila guneko altuena da. Artadiek kareharri organikoen azaleramendua argi eta garbi mugatzen dute hemen, bestelako harkaitz karbonatuetan ere hazi badaitezke ere.
Artadi kantauriarra Lauro nobilis-Quercetum ilicis asoziaziokoa da, eta baso sarria eta trinkoa da, ez oso altua baina bai dentsitate handikoa: zuhaitz ugari daude, eta liana ugari zuhaitzen estalduratik zintzilik. Argi gutxi sartzen da artadietan; itzala ia erabatekoa da, eta urte osoan irauten du gainera, basoa osatzen duen landare nagusien hosto betiberdeak direla eta.
Adindun baso-eremuetan, artea (Quercus ilex subsp. ilex) da nagusi. Zuhaitz hauen altuera apala da oro har; altuenak doi-doian iristen dira 8 edo 10 metrora, eta sarritan, enbor dentsitate handia egoten da azalera unitateko; horrek adierazten du baso-mota horretan gaur egun dauden multzo gehienak gazteak direla. Artea kenduta ez dago beste espezierik basoaren goiko eremuan. Gehienez, ereinotza (Laurus nobilis) edo gurpitza (Arbustus unedo) artearekin lehian sar daitezke, batez ere basoaren soilguneetan eta ertzetan.
Aitzitik, liana ugari garatzen da. Liana horiek zurtoinak sortzen dituzte, eta zurtoin horiek enborretan gora igo eta zuhaitzen estaldura jotzen dute. Huntza (Hedera helix), espezie iraunkorra eta ohikoa, liana-elementuaren beste osagaietako bat da. Huntzak zuhaitzen enborrak tapizatzen ditu bere hostoekin, eta halako hosto-estalki trinkoa osatzen du enbor horiek biltzeko; batzuetan artadiaren lurzoruan ere alfonbra modukoa hedatzen du. Endalarra (Smilax aspera) da liana-osagai horretan beste espezie garrantzitsua. Zurtoin arantzatsuak ditu landare igokari horrek, eta zuhaitzen adaregituretatik zintzilikatzen da. Halako landare-oihala sortzen du, trinkoa eta arantzaduna; batzuetan oihanpearen eremu osoa hartzen du oihal horrek, lurrera iristeraino, eta, halakoetan, ezinaren hurrengoa izaten da artadi kantauriarrean ibiltzea. Zuhaizti hauen adaburu trinko iraunkorrek, urte osoko argi gehiena hartzen dute, beraz, basoaren barnealdea iluna da eta espezie gutxi hazten dira. Argi eskasia honen aurrean, sustraien gaineko parasito-bizitzarako egokitzapenak hostorik gabeko landare baten errizoma-gorputzen biziraupena ahalbidetzen du, esaterako Latharaea clandestina, Urdaibaiko artadietan maiz ikusi daitekeena eta aire zabalean besterik bere more koloreko loreak azaleratzen ez dituena. Lur hezeetakoa den espezie hau bertan egoteak nolabaiteko garapen edafikoaren isla da, zalantzarik gabe, artadiaren barnean zoko helduak kontserbatzearen ondoriozkoa.
Zuhaixkak ere, batzuk hostogogorrak eta hostoiraunkorrak eta besteak hosto erorkorrak, arantzadunak dira sarri, eta areago korapilatzen dute lehendik ere aski trinkotutako oihanpea. Soilguneetan, zuhaiztiak argiune bat zabaldu edo dentsitatea arintzen duen tokietan, zuhaixkak ugariagoak dira eta multzo trinkoagoak osatzen dituzte. Belar-geruzak, zurkaren geruza lodien erdian, garapen txikiagoa du. Iratzeek, gramineoek eta beste zenbait landarek lortzen dute artadiaren ilunpe betierekoan bizirautea.
Zuhaixkak ugariak dira: gartxua (Phillyrea latifolia), txorbeltza (Rhamnus alaternus), arrosa betiberdea (Rosa sempervirens) eta erratza (Ruscus aculeatus) dira geruza horretan bereizgarrienak. Horiei hosto erorkorren zenbait espezie gehitu behar zaizkie: esaterako, iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna), zuhandorra (Cornus sanguínea), arbustua (Ligustrum vulgare) eta aranbeltza (Prunus spinosa). Beste liana edo igokari bat, otxarra (Rubia peregrina) alegia, ugari agertzen da. Belarrak askotarikoak dira, eta guztien artean ohikoenak, hauek: Asplenium onopteris, Arum italicum eta Brachypodium pinnatum subsp. rupestre.
Mediterraneoko espezie termofilo eta erabat erlikiala, eta biogeografia eta ekologia aldetik esangura handikoa hazten den udalerri bat aipatzea beharrezkoa egiten da. Ogoño lurmuturrean dauden kostaldeko basolibondo populazioei buruz (Olea europaea var. sylvestris) ari gara batez ere. Halere, Txatxarramendiko irlan hazten den legeltxorra (Pistacia lentiscus) aipatu behar da. Landare bi horiek esangura historiko handia dute; izan ere, Mediterraneoko landaretza eta flora Kantauriko Erlaitzeko kostaldeko lurraldeetara iritsi ziren garaiko aztarna biziak dira. Garai klimatiko hartan, isurialdeen banalerroko zenbait mendi-lepo apal birlandatu zituzten landare-espezie horiek. Populazio horiek itsasertzari itsatsita daude, gaur egun neguaren gogortasuna hain muturrekoa ez den lekuetan.
Ondo kontserbaturiko eta nolabaiteko heldutasun-maila duten zenbait eremu zehatzek aniztasun handiagoa aurkezten dute. Esaterako, Atxarreko, Iruskietako eta Burritzaganeko dolinetan, artadi zaharrenak inguraturik, interes ekologiko handiko harizti-lizardi mesofitikoaren unadak hazten dira, bertan haritz kandudunak (Quercus robur) eta ametz ilaundunak (Q. pubescens), eta gaztainondoak (Castanea sativa), lizarra (Fraxinus excelsior), astigarra (Acer campestre), urkia (Betula celtiberica, ezkia (Tilia platyphyllos), hostazuria (Sorbus aria), besteak beste, lagun iladak eratzen dituztelarik. Urdaibaiko artadiko zenbait gunetan hagin-multzoen presentzia da azpimagarriena.
Urdaibaiko baso gehienetako zuhaitz-espezieak, Eskualde Epel osokoak oro har, ektomikorrizak sortzen dituzten onddoekin lotzen dira. Halakoetan, tartean diren espezie fungikoek, sarri, gorputz fruitu-emaile epigeoak eta begi-bistakoak eratzen dituzte. Hori dela eta, ezagunagoak dira. Talde horren barruan Basidiomizeto asko eta Askomizeto batzuk daude; batzuetan oso ezagunak dira gastronomian interes handikoak direlako. Urdaibaiko hosto erorkorren basoetan, honako espezieak azpimarragarri dituen flora fungikoa ageri da: Amanita rubescens, Amanita phalloides, Boletus erythropus, Cantharellus pallens, Russula aurea, Russula cyanoxantha, Russula vesca, Russula virescens eta Tricholoma sulphureum, besteak beste. Horiek guztiak espezie ektomikorrizikoak dira. Batzuk jangarriak dira, hala nola C. pallens eta R. virescens; eta beste batzuk, toxikoak; A. phalloides, esaterako. Hariztietan, espezie ektomikorrizikoez gain, espezie saprobioen segizio fungikoa ere ager daiteke (Agaricus impudicus, Clitocybe nebularuis, Xylaria hypoxylon, etab.), bai eta espezie parasitoena ere (Armillaria mellea). Gune batzuk, Txatxarramendikoak adibidez, altuera dezentekoak dira; hau da, baso helduagoak dira, eta horietan aurkitu den flora fungikoa bereziki interesgarria da. Beste gune batzuk, ordea, gazteak dira eta liana asko korapilatzen da baso horietan; horren ondorioz, egitura berezia dute, desegokiagoa makromizetoak agertzeko. Artadietan ohikoak diren espezie fungiko ektomikorrizikoen artean, hauek daude: Boletus queletii, Boletus satanas, Boletus pseudoregius, Cortinarius calochrous, Cortinarius quercilicis, Cortinarius aleuriosmus, Hydnum rufescens, Hygrophorus persoonii, Hygrophorus russula, Hysterangium stoloniferum, Lactarius ilicis, Leccinum lepidum, Russula persicina, Russula vinosobrunnea eta Wakefieldia macrospora, besteak beste.
Historian zehar mozketak eta inausketak egin ohi ziren artadian, baina zenbait eta harizti gutxiago orduan eta sarriago egiten hasi ziren. Arteak ipurditik indarra hartzeko daukan gaitasunak azkenengoaren ondoren hamar eta hamabi urtetara eskuhartze berri baterako bide ematen du. Jakina, egintza honek, antzina hainbeste aldiz errepikatu zenak, biztanleak zituzten guneetara hurbil-errazagoak eta gertuago zeuden baso-eremuak pobretu egin zituen. XX. mendearen hasierako eta erdialdeko argazkietan agerian gelditzen da gehiegizko ekoizpenaren ondoriozko zenbait artadi-eremuen baso-soiltzea.
Baserrietan etxeak eta ogi-labeak hornitzeaz gain, arte-enborra, indar kalorifiko handikoa dena, egur-ikatz bilakatzen zuten basoan bertan eraikitako ikaztobi izeneko harlanduzko plataforma txikietan. Egur-mota honek kare-labe edo karobiak ere hornitzen zituen, bertan 820ºC-ra kareharria berotzeko erretzen zen egurra; tenperatura horretan gisu bizi bilakatzen zen kareharria. Labore-lurren azidotasuna saneatzeko eta orekatzeko ezinbestekoa zuten gisu bizia.
Artadia soiltzen denean lehen degradazio-maila bat agertzen da, sastrakadi altu termoatlantiko-gurbiztia deitutakoa. Gurbitza (Arbutus unedo) han-hemenka nagusia izan daiteke, gurbiztia osatuz. Arruntena gurbitza sastrakadi honetan artadiaren ertzean hazten diren zuhaixkekin batera agertzea da. Bertan ondoko zuhaixkak hazi daitezke: gartxu hostozabala (Phillyrea latifolia), txorbeltza (Rhamnus alaternus), zuhandorra (Cornus sanguinea), arbustua (Ligustrum vulgare), arkakaratsa (Rosa sempervirens), endalaharra (Smilax aspera) eta otxarra (Rubia peregrina), Erica arborea eta batez Erica lusitanica zuhaitz erako txilarrekin batera. Sastrakadi hori moztu edo su ematen baldin bazaio txilardiaurrekoa eta, azken unean, albitz-belardia hazten da.
Txilardiaurre atlantikoan nagusi diren espezieak ondokoak dira: ainarra burusoila (Erica vagans), otabera arrunta (Genista hispanica subsp. occidentalis), albitz-belarrak (Helictotrichon cantabricum, Brachypodium pinnatum, Sesleria argentea subsp. hispanica, Teucrium pyrenaicum, Helianthemun nummularium…), eta, substratua apur bat azidoa den eremuetan estrepa (Cistus salvifolius) agertuko da, otarekin (Ulex spp.) eta iratze arruntarekin (Pteridium aquilinum) batera, edota baita ipuruarekin (Juniperus communis) batera ere.
Baso honetako sastrakadietan endomikorrizen sortzaileak diren onddoak, Glomales ordenakoak, oso sarri agertzen dira. Nolanahi ere, landare-formazio horien artean badira onddo handi saprobioak eta heliofiloak: besteak beste, Agaricus campestris, Clavaria zollingeri, Clavulinopsis helvola, Hygrocybe nitrata, Hygrocybe ovina, Hygrocybe pratensis, Lepista caespitosa, Marasmius oreades eta Tremellodendropsis tuberosa, besteak beste.
Lar homogeneoa den ingurunea izan arren, Urdaibaiko artadietako faunak lagunak garrantzi ekologiko handia ematen dio Biosferaren Erreserbari. Zuhaitz heldu eta zaharrak, eta oihanpe aberats eta oparoak egoteak baso-eremu osoan ohikoak edo ez hain ohikoak diren hegazti intsektujale txikien dietan ezinbestekoak diren ornogabeen ugaritzea dakar berekin. Hona hemen hegaztiok: txepetxa (Troglodytes troglodytes), txantxangorria (Erithacus rubecula) edo txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla). Landaretza nahaspilatsuak eta zuhaitzen enbor-azalen zulotxoek edo zirrikituek espezie hauek beren habiak bertan egin ditzatela ahalbidetzen dute eta, beraz, bereziki artadikoak ez badira ere artadian bizi dira.
Urubia (Strix aluco) da guneko gaueko harrapari basotar aipagarriena, eta bere habia egiteko zulo handiak behar izaten ditu enborretan, zenbaitetan basoak inguraturiko horma erautsietako zuloak erabiliz. Artadiaren ertzetan eta oihanpeko eremuetan, baietan aberatsa denetan, leku oroko hegaztiak ere daude lurralde honetan, hala nola txonta arrunta (Fringilla coelebs), zozo arrunta (Turdus merula), kaskabeltz arrunta (Parus major) edo amilotx urdina (Parus caeruleus), guztiak Urdaibaiko zuhaitz-eremu batean zein bestean daudelarik.
Halere, Urdaibaiko artadietako hegazti nagusienen artean gerri-txori arrunta (Certhia bachydactyla), eskinosoa (Garrulus glandarius), erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapilus) eta kaskabeltz txikia (Parus palustris) azpimarra ditzakegu. Euskal Herri Atlantikoko baso helduen etengabeko lurrazalera zatikatua eta horren murrizketa dela eta, hegazti hauek gero eta gutxiago dira gure lurraldean. Artadiaren eremu haziberrietan azpimarratzekoa da izaera mediterraneoko espezie baten ordezkariaren presentzia, hau da, txinbo burubeltzarena (Sylvia melanocephala). Beste txinbo batek, hain zuzen, etzetxinboak (Sylvia undata), Urdaibaiko baso hauen bazterretan eta inguruko sastrakadietan bizi da. Arrano sugezale europarrak (Circaetus gallicus) basoko arte izkutuen urkiletan aurkitzen du bere habia egiteko eta bere kumeak hazteko kokagune eta lasaitasun egokia.
Urdaibaiko ugaztun handienen artean bi ungulatu espezie ditugu, azken urteotan beraien kopuruak gorantz egin dutenak, basurdea (Sus scrofa) eta orkatza (Capreolus capreolus). Baserriaren gainbeherarekin batera mendiaren erabilera aldatu egin da eta lehen belardi eta leku irekiak zirenak orain abaro, baso edo landaketa bihurtu dira, basurde eta orkatza bezalako animalia handiei izkutatzeko aukera berriak eskainiz. Basurdeak azkar erantzun zion egoera berri honi eta espezieak duen ugalkortasun-tasa handi eta inguruko harrapari naturalen eza medio, otsoa (Canis lupus) adibidez, bere populazioak gora egin du nabarmen. Orkatzak igoera hain azpimarragarria ez izan arren Urdaibai kolonizatu du ere, orain 10 urtetik gora egin ziren birsartzeak lagunduta. Era berean, bestelako habitatetan ohikoak diren espezieak ditugu hemen, hala nola katagorria (Sciurus vulgaris) eta azeria (Vulpes vulpes). Tamaina txikietakoenen artean aipagarriak dira Millet satitsua (Sorex coronatus) bezalako intsektujaleak eta lursagu gorria (Clethrionomys glareolus), basasagua (Apodemus sylvaticus) eta soro-muxarra (Glis glis) bezalako karraskariak. Hau bezalako habitat xeriko batek ez die inolako aukerarik ematen anfibioei. Gune heze eta freskoenetan apo arrunta (Bufo bufo) eta txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) baino ezin daitezke ikusi. Narrastien artean hauexek dira arruntak: zirauna (Anguis fragilis), Schreiber muskerra (Lacerta bilineata), horma-sugandila (Podarcis muralis) eta Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus).
Urdaibaiko artadi kantauriarreko koleoptero fitofagoei buruzko 2005eko lan sakon batek agerian utzi du ekosistema honen aberastasun faunistikoa; izan ere 195 espezie deskribatu dira, 123 generori dagozkienak. Honek, artadia dibertsitate oso altuko habitata dela azpimarratzen du, behintzat gure lurraldean egin diren beste lan batzuekin alderatuta. Faunistikoki garrantzia duten espezieen artean arkanbelea (Lucanus cervus) eta C. cerdo zeranbizidoaz gain Cetonia aurata subsp. pisana eta Netocia cuprea koleopteroen presentzia aipatzen du lan honek. Honelako ikerketa zabalak ere aipu berriak lortu ditu noski; aurkitu diren espezie guztien artean 5 lehen aldiz aipatu baitira Iberiar Penintsulan, 17 aipu berri EAErako eta 94 Bizkaiko probintziarako.
Zenbait mendetik hona artadi kantauriarrek mendiari larreak lapurtzeko eragindako suteak jasan behar izaten dituzte behin eta berriz. Zuhaitz-azala desagertu ondoren, prezipitazioek geratzen den zorua garbitzen dute, higadurari bidea emanez. Handik gutxira gurbitzak, gartxuak eta endalaharrak hazten dira, jarraian, galera handiagoak ebitatuz, harkaiztegia ezkutatzen dutenak; baina, zoritxarrez landare eta ornogabe espezie asko murriztu egiten dira eta, beraz, lortzeko hamarkadak behar izaten diren oreka galdu egiten da. 1989.eko abenduan, lehorraldi luze baten ondoren, Atxarreko eta Ereñozarreko artadietako zenbait puntutan suteak izan ziren, bertako lurrazalaren eta fauna lagunaren zati handi batekin bukatuz, estaldura-zati gehiena erre zuena. Hamaika hektarea baso galdu ziren, suspertzeko asko behar izango dutenak. Suak erregabeko zokoek hondatutako guneak berriro kolonizatzeko gordailu genetikoa izatearen eginkizun garrantzitsua daukate.
Dolinak hondakin-isurtegitzat erabili izana oso jarduera kaltegarria da bai artadiarentzat bai karstak ura isurtzen duenko ibarbideentzat. Kontrolatu gabeko zabortegiek, eta gaur egun itxita dagoen Burretxagana (Gautegiz Arteaga) mendiaren hegoaldean kokatutakoa bezalako beste zenbait akuiferoak kutsatu eta bereziki abere sarraskijaleen populazioek desorekatzen dituzte, hala nola azeriarena (Vulpes vulpes) edo arratoi beltzarena (Apodemus sylvaticus).
Euskal Legebiltzarrak onartutako Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren antolaketarako eta babeserako 5/1989 Legean artadiak Babes Bereziko Eremua izendatuta agertzen dira.
Amaitzeko esan 2010ean Europa Batasunak Habitaten (92/43/CEE) eta Hegaztien (92/43/CEE) Zuzentarauetan oinarrituta Urdaibaiko artadi kantauriar multzo osoa Interes Komunitarioko Lekua izendatu zuen, gaur egun Urdaibaiko Artadi Kantauriarraren Kontserbaziorako Babes Eremu moduan ezaguna da.
Urdaibaiko Artadi Kantauriarraren Kontserbazio
Bereziko Eremuaren mapa.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.