Bere erako gehienak bezala eraikin librea zen, erabilpen horretarako eraikita espreski eta beraz beste etxeetatik urrun kokatuta. Hain zuzen ere, Iparraldeko haizeek gustora jotzen duten tontorrean eraikita zegoen, Haizerrota deituriko lekuan eta Kosnoagako gailurrean, 276 m-ko altueran.
Arestian aztertzen ari garen haize-erroten ezaugarri batzuk aipatu dira. Hemen badoaz soilik Kosnoagakoari dagozkienak: oinarriaren barne diametroa 4,5 m, hormaren lodiera oinarrian 0,95 m eta oinarriaren kanpo diametroa 6,4 m.
Aipatutako errotak zalaparta ugari sortu zuen. 1809ko otsailaren 6an Ignacio Garitaonaindiak jatorriz Zalduakoa (Zaldibarko antzinako izena) eta Gernikako Hiribilduko hiritarra zenak "molino harinero de los de verano" eraikitzeko lurra eskatu zuen. Eskaera onartu zioten eta Manuel Azketa perito-maisu adituak egindako tasazioaren arabera Kosnoagako mendian gutxi gorabehera 2300 m2-ko herri-lurra eskaini zioten. Horregatik guztiagatik martxoaren 18an adostu zuten horren truke urtero (154 erreal) edo hamalau dukat ordaintzea Elizateari.
Haize-errota eraikitzeko ondoko argudioak erabili zituen:
a) Lumoko lurretan dagoen Kosnoagako mendi malkartsuaren zati bat lur erabilgarri bihurtu. "Un molino de viento es la fábrica con que trato de enriquecer aquella población y sus circunvecinos ya que se componen de muchos habitantes" zioen berak.
b) Udako irin-errotarik ez egotea; hori dela eta, garai hortan auzokideek inguruko herrietara joan beharra zuten.
Lumoko auzotarrak lasaitzeko asmotan ezarritako kanona ordaintzeaz aparte haize-errota lantegi berrian hipotekatu egin zituen aipatutako bi mila eta hirurehun metro koadroak eta tresna guztiak (gurpilak, zilindroak...).
Eraikitzen hasi eta oinarria jartzen hasi bezain pronto, Gernika agertu zen sail zatiezinaren jabego-eskubideak eskatuz. Baina, Garitaoinaindiak ez zuen etsi eta haize-errota eraikitzen jarraitu zuen, bere desioak asetuz.
1810ean, Garitaonaindiak Antonio Guarrotxena gernikarrarekin hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmenaren arabera Guarrotxenak 7.000 erreal mailego-eran utzi behar zizkion eta Garitaonaindiak 6 urte beranduago itzuli. Horren truke, Garitaonaindiak errotan lortutako irabazien laurdena eman behar zion.
Baina Garitaonaindiak arazoak izaten jarraitu zuen. Errotariaren eta hiribilduaren arteko gatazkan Lumoko Elizateak bakarrik utzi zuen, hasieran Lumok saila berea zela ziurtatu bazion ere.
Atzenean, pleito desberdinen ostean, 1811n martxan jartzea lortu zuen: "uno de los días de principio de año de mil ochocientos y once, viviendo el testigo de la villa de Errigoiti hizo moler en el Molino que comprende la pregunta un surrón de media fanega de trigo".
Beranduago, tropa espainiarrak eta fantziarrak erabili zuten kanpamendu gisa. Horien eraginez irin-kutxak matxuratu egin zitzaizkion eta belak galdu egin zituenez hamaika urtez baino luzeagoz funtzionatu gabe egon zen. Horrela, 1824an funtzionatzeari utzi zion.
Antza denez, Kosnoagako haize-errotak bi errotarri izan zituen. Errotan lan egin zuen Francisco Zaldumbide gernikarrak hauxe zioen "tanto en su origen quanto en el tiempo que estubo corriente sólo tenía de molienda aunque la idea del ejecutor fue la de colocar dos moliendas vajo su uso". 1827an, Martin Elgezabal errotariak errota honen bi harriak 640 errealetan tasatu zituen eta Arratzuko semea zen Hipólito Nabeak erosi zituen.
1827tik aurrera ez dakigu ezertxo ere Kosnoagako tontorrez eta bertako antzinako haize-errotaren hondarrez 1945era arte. Urte horretan, Gernikako Jabego-Erroldan inskribatzen dira Lumoko San Pedro auzoko Zelaieta etxea eta bere baitan dauden ondoko elementuak:
"...las heredades y ribazos en el alto o término de Cosnoaga...".
Inskripzio honetan oinarriturik jakin badakigu bere jabea Marcelino Arrien izan zela, eta hildakoan, bere alarguna eta semealabek Juan Urionabarrenetxeari saldu ziotela.
Etxea eta Zelaietan baitan dauden elementu guztiak bere arrebaren alabek, Asunción eta Teresa Madariaga Urionabarrenetxeak, heredatuko dute. Azken hauek, 1981 urtean euren hiloba Fernando Omaetxebarria Madariagari salduko diote, eta data horretatik aurrera berau izango da Kosnoaga gaina eta horren tontorrean egondako haize-errotaren jabea.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.