Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Apainketa

Baserri-etxearen barne-aldean zein kanpo-aldean badaude elementu batzuk betetzen duten funtzio egituralean oinarrituta bakarrik ezin justifika daitezkeenak. Gehitutako edo apainketarako ezaugarrien izaera dute, herri-etxean aurrera eramaten den ekoizpen-aktibitatearen garapenerako guztiz azalekoak dira.

Halere, baserritarren etxebizitzaren irudi publikoaren konfiguraziorako garrantzi sinboliko handia dutela esatea ez litzateke zuzena izango. Armarriek, dekorazio-tailek, irudi piktorikoek eta, neurri batean, ataripeko zutabeek baserri-etxeen fatxadak edertu egin dute eta dotorezia ematen diote, baserri-etxean bizi den baserritarraren norbanako-duintasuna aditzera emanez eta bere garrantzi soziala berrestuz.

Iberzarra baserri-etxea
Iberzarra baserri-etxea (Ariatza, Muxika).
Armarriak eta izaera klasikoko zutabe
toskanarrak eskualdeko baserri-etxeetan
egoteak argi erakusten du landa-arkitektura
ez zela bizi garaiko estetika akademikotik
kanpo.

Formalean apaindura landuaren edo aristokratikoaren errepertorio tradizionaletik hartutako baliabide espresiboak dira. Era mimetikoan erabili ziren, blasoi nobiliarioen kasuan adibidez, edota herriaren ikuspuntutik berrinterpretatu egin zituzten tokiko artisauek, eraikinaren ataripea eta kanpoko habeak apaintzeko asmoarekin, harrietan eta egurretan zizelkaturiko irudien kasuan esaterako. Etxearen edertasuna handitzera norabideraturiko praktika hauek XVI. mendetik XVIII. mendera arte hedatu ziren. Maiztasunari zein kalitateari erreparatuz Busturialdean Bizkaiko beste eskualdeetan baino harrera hobeagoa izan zuten.

1. Armarria duten baserri-etxeak.

XVI. mendetik aurrera agertzen hasi ziren. Hasierako armarriak landugabekoak ziren eta baserri-etxeen sarrerako ateren baten gainean zeuden. Ebakidun intsigniak izaten ziren. Harriaren higaduraren ondorioz ia erabat ezabatuta egoten dira, baina, hala ere, urteekin orokortu zen joeraren testigantza goiztiartzat har daitezke.

Albiz baserri-etxea
Albiz baserri-etxearen (Albiz, Mendata)
armarria zutabearekin batera pieza bakar
batean landuta dago. 1530. urtearen inguruan
eginda egonik eskualdeko ondare heraldikorik
antzinakoena da. Familien blasoiak edo
armarriak nabarmenagoak izatea eta
barrokoaren garaian landuta egotea ohikoena
da.

Tailu heraldiko barrokoak bere hedapena bultzatuko du eta adibiderik ezagunenak eta landuenak lortuko ditu. Kasketak, lumajeak eta lanbrekinak erabiliko dira Busturialdeko landa-abizenen kaparetasun-adierazpena egiteko. Halere, noblezia-adierazpen publiko hauetatik ondorio txarrak ateratzea ekiditeko argi izan behar da erakusgarri dauden armak etxearen jabeari dagozkiola eta ez bertan bizi direnei. Zenbait kasutan, armarria izateak etxebizitza-jabetzaren marka soila baino ez da, eta bertan bizi dena bereizgarri hori eramatera derrigortu den maizter koitadua baino ez da.

Eskualde honetan armarria duten baserri-etxeak ondokoak dira: Biesko, Tolunburu, Azketa eta Gardoi, Forun; Landa (Murueta); Ormaetxe eta Aldekoa, Nabarnizen; Morgota eta Uriarte Kortezubin; Errenta eta Atxoaren, Bermeon; Domarine (Busturia); Iberzarra eta Ibertzebarri, Itxupi (Ariatza), Pagoeta (Oka), Muxika (San Roman), Muxikan; Ororoaurreko (Ororoa), Albiz (Albiz), Torre (Olabe) eta Olandikoetxe (Olabe), Mendatan, Musatabe eta Mendoza (Zelaieta) eta Jausolo (Errekalde), Gautegiz Arteagan; Altamira (1772) (Morga); Bizkerre (Ajangiz); Etxeandi (Gametxo) eta Albiz-Beaskoetxe (Antzora), Ibarrangelun; Zigertagoiko (San Pedro, Gernika-Lumo).

2. Zutabedun baserri-etxeak.

Zutabea euskarri funtzioa duen elementua da eta ataripeko inprentaren azpian kokatuta egoten da. Askotan ez dator bat baserri-etxearen jatorrizko fabrikarekin, beranduago jarrita egon daitekeelako, egitura-funtzioari funtzio dekoratiboa gehituz. Gehienetan, hareharrian edo Ereñoko zein Gautegiz Arteagako kareharri gorrian eta, zenbait kasutan, kareharri grisan, landutakoak dira. Ondo eraikita egoten dira. Pieza bakarrekoak zein gainjarritako danbordunak izan daitezke. Beren ordena toskanarra da, fustean entasia izanik, eta gutxiagotan joniarra. XIX. mendeko eredu eboluzionatuenak toskanarren alde egiten dute eta ez dute entasirik erabiltzen. Ez da arraroa kapitelean eraikuntza-sustatzailearen izena eta data adierazita agertzea. Adibidetzat ondokoak dauzkagu: Tolunburu eta Gardoi (1701), Forun; Goiengo (Goierri, Murueta); Urtza Goikoa eta Aldekoa (Nabarniz); Enbeita (Ajangiz); Olaberri, Zubieta eta Iturburu, Arratzun; Sakone, Etxeandi eta Basozabal, Kortezubin; Nafarrolaerdiko (Bermeo); Arritxuzaga (1800) (Axpe, Busturia); Goienetxe eta Zarragoikoetxe (Zarra), Sargaste (Albiz) eta Solarrenbeko (Solarren), Mendatan; Mendiguren (Ordorika) eta Arteta (1737) (San Roman), Aurtenetxe (Unda), ia Ajuria auzo osoa, Egiarte Barrena (Agirre), Muxikan, Duo Bekoa (Flores) eta Intxuniz (Meakaur), Morgan; Goikoetxe (Zendokiz, Gautegiz Arteaga), Arrotegi (Gabika, Ereño); Mosueta (Aikelde) eta Zabaleorueta (1779) (Zabale), Errigoitin; Landa (Antzora, Ibarragelu); Barrenengoa (Baroa, Sukarrieta); Agarrebekoa (Agarralde, Mundaka); Mendiolea eta Arbatzegi (San Miguel), Zuzaeta eta Aldaola, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen; Urremendi (Zallo) eta Arostegi (Arane), Gernika-Lumon.

Busturialdean eta bere ingururik gertuenean bi kasu berezirekin egin dezakegu topo. Alde batetik, Muxikako Beitia (Ajuria) eta Berroja Arandia (Berroja) baserri-etxeetako galdaketa-zutabeak eta, bestaldetik, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzeko Jaio Goikoa (1888) eta Ormaetxe (Uriona) baserri-etxeetako sekzio karratuko eta ertz alakatutako hareharrizko zutabeak, nahiz eta azken honetan XVI. mendeko baserri-etxe baten haritzezko karreraren azpian zutabe monolitikoa jartzea eraikinaren egonkortasuna salbatzeko larrialdiko ekintza izango zen eta ez apaindura-kapritxoa.

Sargaste baserri-etxea
Sargaste baserri-etxearen
(Mendata) ataripearen
karrerapean berrerabili den
zutabe tortsoa oso ederra da.
Ez da batere ohikoa inguruko
herri-arkitekturan hain
antzinakoak eta hain ederrak
diren piezak aurkitzea, baina
adibide honek oso argi uzten
du landa-munduaren eta
kultura artistiko landuaren
zenbait formen arteko lotura.

3. Harrian egindako tailuak: ateburuak, plakak eta arkuak.

Sarritan, baserri-etxeen sarbide nagusien dintelen gainean jatorrizko eraikuntzaren edo konponketa garrantzitsuren baten berri ematen diguten zizelkaturiko inskripzioak ikus daitezke. Bertan, egilearen izena eta lanaren data adierazten dira, betiere "Esta casa se edificó por orden de..." antzeko formula erabiliz eta, landare-motiboekin zein motibo erlijiosoekin lagunduta egoten delarik. Adibideen artean ondokoak dauzkagu: Aurtenetxe (Unda), Anporrene (Trupitxes), Muxikan; Maiukitza itsaso-errota (Murueta); Landeta (Nabarniz); Etxeandi (Arane), Arribalzaga Beheko eta Abaliz Beheko (Zallo), Gernika-Lumon.

Ohikoagoak izaten dira plakak. Gehienetan, Ereñoko zein Gautegiz Arteagako kareharri gorrian egindakoak dira. Antzeko inskripzioekin ondoko baserri-etxeen fatxadetan daude: Izolaga (Oñarte, Morga); Oxinbaltza (Muniketa, Muxika); Estanko, Torre eta Ibarra (Nabarniz); Omagoyeaskoa (Kortezubi), etabar.

Azkenez, arkuetan, janbetan zein ateburu edo lehioburuetan, motibo desberdinak (eguzkikoak, gurutze-formakoak edo historiarekin lotutakoak) dituzten dekorazio zizelkatuak ikus ditzakegu. Horrela da: Otei eta Aiua Atxekoa (Aiua), Ean; Igertxu (Ugarte), Undabarrenengoa (Undas), Muxikan, eta beste batzuk.

Urriene baserri-etxea
Urriene baserri-etxea (Terlengiz, Kortezubi).
Haritz bakarra erabiliz, bere berezko
urkilarekin, zutabe- eta jabaloi-talde hau
zizelkatu egin zen. Manierismo erromanista
estilorik puruenean (1600 urtearen inguruan
landutakoa) egindako trazeriekin eta
bolutekin apainduta dago. Baserri-etxea
erabat berreraikita dago eta gaur egun ez
du inolako egitura aipagarririk erakusten.

4. Egurrean egindako apainketak.

Habeetan, besoetan eta zutabe zuzenetan agertzen dira. Motiboak geometrikoak edo koskadunak izaten dira; halere, eguzki-helikoidalak eta gurutzeak kalbarioen edo txirlen gainean ere agertzen dira. Zutabe zuzenetan sarritan euren kapiteletan eta zapatetan zutabe klasikoen diseinuen imitazioa zizelkatuta izaten duta. Kasurik goiztiarrena, XVII. mendekoa, Urriene baserri-etxeko tailu erromanista da, baina badute garrantzirik Zierreko (Oma) besoek, Solozabaleko ateburuak edo Omabeitiko (Oma) oin zuzenak, Kortezubin, edota Etxebarri (Lamikiz, Mendata), Goitisolo (Isla Goikoa) edo Meaurio (Kanala) baserri-etxeek, Gautegiz Arteagan.

5. Margoak.

Eskualdean oso ohikoa ez den teknika dekoratiboa bada ere "Margoen" deituriko baserri-etxea (Zelaieta, Gautegiz Arteaga) aipa dezakegu. 1864an eraiki zen. Baoen inguruan eta teilatu-hegalaren azpian mihise esekien eta lore-motiboen irudiekin apainduta dago. Lauki baten ondoko inskripzioa dago: “Se edificó el año 1864 a expensas de D. Juan Cruz Albizuri”. Antzeko beste kasu bat, baina oraingoan hirigunean, Mundakako Gurutzearen Enparantzako 1. zbkiko etxea dugu. 1783koa da eta ikur heraldikoak ditu. Adibide biak, arraroak izategatik, arreta eta babes berezia merezi dute.

Margoen etxea
Margoen etxea (Zelaieta, Gautegiz Arteaga).

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.