Urdaibaiko ibilbide geologikoaren proiektua egitearen zentzua babesgune honek duen aberastasun geologikoan datza. Biosferako erreserba ez ezik geosferako erreserba ere dei genioke, zeren eta dituen baliabideak, ugariak, bereziak eta balio didaktiko azpimarragarrikoak baitira. Urdaibaiko ingurumena, Bizkaiko natur zientzien enziklopediatzat har genezake, zeren eta honen historia geologiko gehiena bertan azter baitaiteke, baita gaur egunean etengabe aritzen diren prozesu geodinamikoak ere.
Proiektu honen helburua azken finean didaktikoa baino ez da. Geologia ezezaguna da gehienentzat, nahiz eta gure erlazioa ingurumenarekin erabatekoa izan, eta nahiz eta dugun bizimodua ditugun geobaliabideekin lotura estua izan. Ikuspegi zabalagoa izateak, dugun ingurumenaren balorapena eta kontserbaziorako grina handitu egiten ditu. Geodibertsitateaz jadanik badaude zenbait erakunde arduratzen direnak, hala nola UNESCO , eta The International Union of Geological Sciences Geosites , beste batzuen artean. Geoturismo hitza ere aipatzen hasi da.
Proiektuaren ardatza kronologia izango da. Ibilbidean interes geologiko jakina duten puntuak adinaren arabera ordenatzen dira, zaharrenetik gazteenetara. Horrela, ibilbidea Triasikoko arrokekin hasi eta gaur egun sortzen ari direnekin amaituko da. Tartean, historia ebolutibo guztia azter dezakegu ordenaturiko puntuak jarraituz. Hauekin batera aparteko interes naturalistikodun puntuak ere aipatuko dira. Horien adibideak ondokoak izan daitezke: karea-harri urgondiarrak eta hauen karea-harri barietate berezia den Eren'oko marmol gorria puntu berezi moduan edota Arratzuko kretazeoko labak vs Fruizeko zutabe hexagonalak , ea.
Proiektua zenbait fasetan beteko da. Lehenik, ingurumenaren azterketa sakona. Bigarrenik, puntuen karakterizazioa eta balorapena, eta azkenik, ibilbidearen emaitza grafikoak eta dibulgatiboak. Momentuz ingurumenaren azterketa sakona dihardu, EVE ko mapa geologikoen laguntzaz batez ere; horrez gain, puntu gehienen karakterizazioa ere egin da. Azken hau komplexua da kasu batzutan, zeren eta ibilbidea prestatzeak puntu egokiak topatzea eta aukeratzea eskatzen baitu; hau da, egokiak ikusteko, ikusgarriak, errezak topatzeko, ea. Askotan balio handiko puntuek oso sartze txarra dute, bereziki zenbait itsaslabar, edota landarediak estaliriko arroka bigunak ea. Aukeratutako puntuen artean Laida, Laga, EreƱo, Elantxobe, Bermeo, Sukarrieta, Fruiz (ohartu Urdaibaitik kanpo dagoela) ditugu. Azkenean modifikazioak ere izan daitezke aukeraketa honetan.
Azken emaitza liburuxka eta triptikoa izango da. Naturalistek gai izan beharko dute triptikoaren laguntzaz soilik ibilbidea osatzeko eta historia geologiko ebolutiboaren haria jarraitzeko, eta zergatik ez, oinarria izanik, puntu berezi berriak topatzeko. Museo naturala zentzu osoan, museo dinamikoa eta errealean parte-hartzeko aukera bikaina izatea baino ez da projektu honen funtsa. Momentuz, geologia aztertzeko ibilbide gutxi daude. Honekin gehigo agertzea espero dezagun. Natura-arlo honek merezi du-eta.
Panela deskargatzeko: Ibilbide geologikoa (.pdf 723 KB)
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.