Erromatar garaiko testigantza ugari aurki dezakegu Urdaibain. Erromatar berantiarreko materialak V. mendera arte agertzen dira. Erromatar garaiko azken lekukotasunetatik XI. mendera bitartean Urdaiko historiaren errealitateak ihes egiten digu. Erdi Aroko testuen informazioaren arabera, litekeena da gure aroko lehen mendeetako akulturazio-saiakerek porrot egin izana. Akulturazio-saiakera horietako bat bikingoen herriarena izan zitekeen, zeren eta Europako gainontzeko herriengan eragin handia izan zuten, batez ere IX. mendean. Euren albisteak iturri arabiarretan, kronika kristauetan, ahozko tradizioan eta gaur egunera arte heldu diren zenbait datu etnografikoetan ere jaso dira. Bikingoak Busturialden egon diren ala ez zehaztasunez frogatzea ez da lan erraza. Edozein kasutan ere, eskualde honen eta bikingoen arteko harremana gertuagotik ezagutzen saiatuko gara.
Hasteko, gure inguruan zer gertatzen ari zen azter dezagun.
Ejertzito indartsuarekin hainbat mendez menderatu zuen Erromak Europa, eta Afrikaren eta Asiaren zati handia. Baina, IV. mendetik V. mendearen amaiera bitartean, suntsitzen hasi ziren Rhin eta Danubio ibaien ibilguen inguruko mugak, "barbaroak" zeritzen herrien erasoari ezin eutsirik.
V. mendearen hasieran, Galiara, Akitaniara eta Hispaniara iritsi ziren bisigodoak, Erroma arpilatu ondoren. Horrela, 412. urtean Bartzelonan finkatu ziren eta bertan, Ataulfo, errege izendatu zuten. Sueboak (beste herri germaniar bat, Rhin eta Danubio ibaien artean dagoen Suabia eskualdekoa), berriz, egungo Errioxan finkatu ziren. Etengabeko borrokan jardun ziren bisigodoak eta sueboak baskoiekin.
Ezegonkortasun handiko garaiak ziren. Erromako inperioaren gainbeherari lotutako krisi politiko eta ekonomikoari krisi soziala gehitu zitzaion, gero eta zailago baitzen bizimodua aurrera ateratzea.
448. urtean, Rekhiario edo Rekiario (sueboa) Teodoriko erregearen alabarekin ezkondu zen. Ezkontzara joateko, Pirinioak zeharkatu zituen, Orreagatik. Bide batez, harrapaketa bizian aritu zen inguru osoan. 466.ean, Eurikok hil egin zuen bere anaia Teodoriko, eta bisigodoen errege bihurtu zen. Iruñea (erromatar hiria, oraindik) konkistatu, eta inperioarekiko konpromisoak eten egin zituen. 476.ean, Odoakro Erroman sartu eta agintetik kendu zuen Mendebaldeko azken erromatar enperadorea, Romulo Ausgutulo.
531.ean, Leovigildok bateratu egin zituen lurraldea eta erlijioa, eta Pirinioen hegoaldean Erromakoaren antzeko inperioa eratzen saiatu zen. Euskal herriak kontrolatzeko, bi hiri gotortu eraiki zituen. Bata, Araban, Victoriacum (Vitoria-Gasteiz) eta Ologite (Olite edo Erriberri, Nafarroan), izenekoa, sueboak behin betikoz kanporatu ondoren gerora Galizia eta Portugal izango ziren inguruetara. Ez zuen helburua lortu, antza denez, zeren eta 565.ean Venancio Fortunato poetak kantabriarrak eta baskoiak aipatzen baitzituen godoek menderatu gabeko herrien artean.
Handik 15 urtera, elkarrekin egin zieten eraso baskoiei frankoek (herri germaniarra, egungo Frantzian, Belgikan eta Herbeheretan finkatua) eta Leovigildoren bisigodoek.
Apenas dugun garai hartako erreferentzia aipagarririk; horregatik dira hain garrantzitsuak dauden apurrak. Hona zer idatzi zion Tajonek (Zaragozako gotzaina) bere Bartzelonako kargukide Quiricusi: "Pirinio mendietatik jaitsi eta Iberiako lurra suntsitu eta berenganatu egiten dute baskoi anker horiek. Kristau errugabe askoren odola isuri dute dagoeneko: lepoa moztu diete batzuei, beste batzuek geziz edo ezpataz zauritu dituzte. Jende asko eramaten dute gatibu; dena hartzen dute berentzat. Elizen barrualdera ere eramaten dute gerra fedegabe horiek, eta birrindu egiten dituzte leku sakratuak; apaizak, berriz, akabatu, eta ehortzi gabe uzten dituzte hildakoen gorpuak, putreen janari". Bat dator gutun horrek dioena aspaldiko uste batekin, Euskal Herria inguruko herriak baino geroago (X. eta XV. mendeen artean, seguruenik) kristautu zela dioenarekin, alegia. Portugaldik zetorren gotzain batek, adibidez, erantzi egin omen zuen abitua, badaezpada ere, 1120. urtean. Dirudienez, paganismoak garaikide izan zituen kristau komunitate txiki batzuk (musulmanak ere, segur aski).
Nolako egoera zegoen Urdaibain?
Manuel de Larramendi eta beste zenbait egileren ustez Octavio Cesar Augustoren garaian, Kantabria Asturiasetik Pirinioraino zihoan. Lurralde zabal horretan hainbat herri indoeuropar bizi ziren: perikoak, autrigoak, karistioak, bartuloak, baskoiak, beronak… Bizkaian batez ere autrigoiz eta karistioz osatuta zegoen. Herri indoeuropar hauek Bilboko itsasadarraren eta Deba ibaiaren artean kokatuta zeuden. Urdaibai, beraz, karistioen lurraldean zegoen, eta Estrabonek, generikoki, Kantabro deitutako horietako bat zen.
Garai horretan, lurralde honetako populazioaren habitata oso barreiatuta zegoen. Naturak berak eskaintzen zien babeslekuetan edo kobazuloetan bizi ziren edo, kasurik onenetan, zuhaitzen adarrez eta belarrez eraikitako etxoletan. Zenbait gramineaz, eskanda eta artatxikia esaterako, elikatzen ziren, baina batez ere basa-fruituz: gaztainak, ezkurrak, basaranak… Gizarte tribal eta gentilizioa zen eta taldearen kohesioa odol-loturek zehazten zuten.
Bizkaiaren lehen aipamena Alfonso III Handiaren Kronikan egiten da. Gure aroko 886 eta 900 urteen artean, Leoneko erregearen gortean idatzitako testua da. Agiri hau Alfontso I Katolikoak, VIII. mendearen erdialdean, penintsulako iparraldearen erdialdetik Pirinioetaraino, egindako konkistaren, hondamendiaren eta garaipenaren kanpainei buruzkoa da. Beraz, aipatutako Kronikan jaso baino mende bat eta erdi lehenago egindakoei buruzkoa da.
Hemendik aurrera Urdaibairen eta bikingoen herriaren arteko harremanak aztertuko ditugu.
Bikingoen presentzia Europan eta Baskonian, batez ere IX. mendean, oso dokumentatuta dago. Eta Busturialden? Ba al dago datu fidagarri nahikorik bikingoak eskualde honetan egon zirela esateko?
Galdera hau erantzuteko Anton Erkoreka mediku eta historialari bermeotarrak idatzitako Los vikingos en Vasconia ponentzian oinarrituko gara. Lan hau, 2003ko urriaren 7an, Madrilgo Danimarkako enbaxadak eta Danimarkako Isabel Erreginaren Fundazioak “Los Vikingos en la Península Ibérica” izenburupean antolatutako mintegian aurkeztu zuen.
Ikertzaile honen arabera bikingoak euskal kostaldean egon ziren, lehenengoz 814 eta 825 urteen artean, Djabal al-Madjus "Madjus-en Mendia" deitutako mendiaren oinean musulmanen aurkako kanpaina batean galdu zutelarik. Lehen multzo hau batez ere Baionako hirian eta Mundaka-Gernika itsasadarrean kokatuta egongo ziren. Kokagune hauetatik, Irlandako bikingoek 844. urteko udan eta udazkenean Lisboaren, Cadizen eta Sevillaren aurkako erasoaldi bortitzak izan zituzten. Ondoren, Al Andalus-en, Asturiaseko erreinuaren eta, noski, Nafarroako erreinuaren aurka aritu ziren.
Madjus iturri musulmanetan
Mendebaldeko historialari arabiarrek, Iberiar penintsulakoak eta Magrebekoak zehatzago esateko, bikingoak izendatzeko madjus berba erabiltzen zuten; ekialdeko islamiar historialariek berriz rus terminoa. Madjus berbak benetan Iraneko antzinako apaiz-kasta adierazi nahi du eta honen jatorria antzinako Pertsiako magush da.
Antzinaroan “Zoroastroren jarraitzaileak” ugari izan ziren eta Ekialde osotik hedatu baziren ere, gaur egun 100.000 parsi besterik ez dira lotzen Indian eta Iranen. Musulmanak bikingoekin kontaktuan sartu zirenean, sua gurtzea edo hilotzak erretzea bezalako ohiturak zituztela zioten.
Iturri arabiarrak sakonkiago aztertu duen historiagile eskandinaviar Melvingerrek oso argi dio: "Al-madjus, terme employé par des historiens et des géographes arabes traitant du Maghrib et de l’Espagne musulmane, avec le sens de Nordiques, Vikings, pour désigner ceux qui ont participé aux grandes incursions des Vikings en Espagne".
Frantziako historiografian bikingo adierazteko gehien erabiltzen den berba normando da eta, Anton Erkorekak dioenez "normando hitza Normandian eta beraiek konkistatutako beste lurraldeetan kokatu ziren bikingoen ondorengoak adierazteko egokiagoa da".
Erdi Aroko kristau kronistek ere bikingo adierazteko termino ugari erabiltzen zituzten eta termino horietako asko nahasmena sortzen dute. Frantziako iturri dokumentaletan oraindik termino ugari gehiago erabiltzen da.
Baskoiak eta bikingoak
Baskoiak eta bikingoak lotzen dituzten bi data muga daude. Lehena (795) iturri musulmanekoa eta bigarrena (1032) kristauen iturrikoa. Biak Galizian kokatuta daude. Lurralde honek itsasotik oso harreman estua du Euskal kostaldearekin eta euskaldunen eta bikingoen tropa mertzenarioak aipatzen dira. Bi gertaerak zalantzazkoak diren arren eta, Baskoniaren mugetatik kanpo gertatu badira ere, biak aipatzea ezinbestekoa da, muturreko bi data adierazten dituztelako, bikingoen aktibitate depredatzaileen hasiera eta amaiera, bi giza taldeak kontaktuan izan zirenekoa alegia.
795eko musulmanen espedizioari buruzko doktorego-tesia egin zuen Melvingerek. Ikerketa horren lehen kapituluan, oso ondo dokumentatuta dagoena, arabiar kronista desberdinen testuak transkribatzen ditu eta Hisham I b.’Abd al-Rahman-en general batek Alfonso II “el Casto”-ren aurka Galizian izandako kanpaina egiazkotzat jotzen du.
Anton Erkorekarentzat "testuak ilunak dira, eta kronista arabiar baten urruneko perspektibarekin bakarrik, galegoak eta euskaldunak auzotartzat har daitezke, nahasmen ugari sortuz eta madjus-en aipamena hain data goiztiarrean zalantzatan jartzen du", Frantzian dokumentatutako lehen erasoaldia, Vendée-n gertatutakoa, 799koa delako.
799an Akitaniako kostaldearen aurrean dauden irlen aurkako lehen erasoak dokumentatzen dira eta 814tik aurrera, Karlomagnoren heriotzaren datan, ikertzaile desberdinen iritziz Baionan (Euskal Herria) kokatuta zeuden.
Erasoetako batzuk izandako suntsiketa guztiz ezaguna da, 845ekoa esaterako; honetan, Aduretik sartu eta Tarbes, Lescar eta Oloron erasotu zuten; eta ikertzaileren baten aburuz bikingoek Baiona izena 986an jarri zuten. Estornesek dioenez, "Gillermo Santxok, Baskoniako dukeak, normandoak eraso zituen eta irabazle atera zen, eta Aireko elizbarrutia, San Salbatore gurtzen duen monastegia dena, sortu zuen". IX. eta X. mendeetan bikingoak Baionako hirian egon zirela ez da zalantzatan jartzen, ez eta XV. mendera arte Ingalaterrako erreinuarekin harreman estua izan zutela bikingoek ere. Oraindik orain, hirian bikingoak edo normandoak egon zirela frogatuko lukeen aztarna arkeologikorik ez da aurkitu.
Ibn Hayyan-ek bere Al-Muqtabis-en badio Iruñeko jaunaren aurka 816. urtean izandako azeifan, "Emirrak, muslimeen ejertzitoaren buru, al hayib ‘Adb al-Karim bidali zuela bere aurka, eta 13 egunez etengabeko borrokan aritu zirela, Jainkoaren aurkariak borroka galdu eta alde egin zuten arte. Asko hil ziren, tartean Garsiya ibn Lubb, Barmud-aren arrebaren semea, Idfuns-en osaba amaren aldetik; Sanyo, Iruñako zaldunik onena; Saltan, Mayrus-en zaldunik onena, eta beste hainbat". Portzierto, azeifa hitzaren jatorria arabiarreko "saifa" da eta “uda” esan nahi du; hain zuzen ere, kristauak erasotu eta euren lurraldeen jabetza lortzeko musulmanek penintsulako iparraldeko lurraldeen aurka udan bidaltzen zituzten espedizioak adierazteko erabiltzen da.
Erkorekaren ustez madjus hauek kristauekin bat eginda agertzen dira eta duela bi urtetik Baionako hiria okupatzen ari zirenak eta musulmanen aurka borrokan lehenengoz sartzen direnak izan behar zirela ezinbestez.
Arabaren eta penintsularen iparraldeko beste lurraldeen eta gaur egungo Frantziako lurraldearen hegoaldearen aurkako azeifei buruzko aipamenak VIII mendearen amaieratik IX. mendearen erdialdera arte oso ugariak dira. Argitu beharra dago bi mende horietako kronika musulmanetan aipatzen den Araba ez datorrela bat gaur egungo Arabarekin; aitzitik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru herrialdeek gaur egun betetzen duten lurraldea adierazten du.
Hurrengo bi kapituluak 823ko eta 825eko azeifei buruzkoak izango dira, zeren eta Erkorekarentzat "gertaera biak elkarrekin lotuta daude, azeifa biak leku berera doazelako, Mundaka-Gernikako Itsasadarrera (Urdaibai) hain zuzen ere. Hain data goiztiar hauetatik itsasadarraren ezkerraldean, gaur egungo Busturian, kokatutako faktoria madjusa edo bikingoa erasotzeko helburua izango zukeen". Ikertzaile honentzako "bikingoak Iberiar penintsulan egon zireneko lehendabiziko aipamen fidagarria izango litzateke aipu hau, 844. urteko erasoa baino hogei bat urte lehenago alegia". Gogoratu beharra dago, bikingoek penintsulan egindako lehen sarrerak 844. urtean kokatzen direla.
Gernikaren suntsipena (823)
Data eta ibilbideekin azeifak deskribatzen dituzten kronika arabiarrek 823an, "Arabako lurren eta Gazteluen Herrialdearen" aurka, izandako bati buruz hitz egiten digute. Azeifa horretan Guerniq, Djernik edo Charniq deitutako lekua suntsitu zuten, haratago kokatutako lautada arpilatuz eta guda-ospil handia lortuz.
823ko maiatza, ekaina eta uztaileko hilabeteetan izandako espedizio honen burua Abdelquerim izan zen. Mugan kanpatu eta kristauen herrialdean Arabako aldetik sartzea erabaki zuen. Ibn ‘Idhari Erdi Aroko historiagile arabiarrak honela deskribatzen du azeifa hau: "beste aldean lautada duen Guernica deitutako haranetik eraginez, ejertzitoa lautada horietara abiatu zen, lautadak eta bertako horniketa-biltegiak ejertzitoaren esku geratu zirelarik. Dena arpilatu zuten: ondoren, herrietara eta basetxeetara hurbildu ahala aurkitzen zuten guztia suntsitzen zuten, eta aberats eta garaile bihurtu ziren".
Ibn ‘Idhari-ren testua berriro ere argitaratu zuen Estornesek 1981ean. "208/823 urtean Arabako eta Al-Kile-ko borroka gertatu ziren. Adb el-Kerim ben el-Wahid udako espedizioan aritu zen eta Tseguren kanpatu zuen, eta Islameko ejertzitoek bat egin zuten eta Kristautasunaren etxeetara sartzeko nondik joan behar zuten eztabaidatzen aritu ziren, eta Arabako atetik sartzea adostu zuten, etsaiarentzako aterik arriskutsuena zelako eta bere jabearentzako erasoezinagoa zelako, eta Djernik deitutako haitzartetik jaitsi ziren. Haitzarte horren atzean lautada bat zegoen eta, lautada horretan, etsaiek biltegiak eta hornigaiak zituzten; ejertzitoaren jendeak lautada haietara jaitsi eta menderatu zuten, eta biltegietako hornigaiak ere beraien esku geratu ziren, eta pasatzen ziren herri-gune eta basetxe-gune hutsetatik hondamena baino ez zuten uzten, eta muslimak irabazle atera ziren".
Balpardak jasotzen duen bertsioak (1924), Aben Adharí-ren Al Andalus-en Historia, toponimoaren transkripzioa besterik ez du eta Guerniq moduan aipatzen da. Horren aldaketa bat Ibn Hayyan-en kronikan aipatzen da eta "Charnig-eko haitzartea" esan nahi du, Djulbin-en grafiarekin.
Rodrigo Jauna artzapezpikuak bere Historia Arabum-ean horren inguruan azalpen gehiago ematen ditu, kostalderaino ere iritsi zirela adieraziz: "Honen ostean, bere magnateetako bat, Abdelcarim deitutakoa, bere ejertzitoarekin Kalagorrira bidali zuen, eta horrela, bere jendea itsasoraino bidaliz; hondamendi ugari eragin zuen, astil ugari lortuz, eta bidalitakoaren jabetzetara itzuli zen, CC arabiarren urtean eta Albderrahaman-en XXIIII. Erregealdian".
Orain, oinarrizko gakoa Guerniq, Djernik edo Charniq toponimoa gaur egungo leku geografikoren batekin identifikatzean datza. Bertsio desberdinak daude. Denak aztertu ondoren Anton Erkorekak proposatzen duena da toponimo hori Bizkaiko gaurko Gernikarekin lotzea, "herri garrantzitsua delako, euskal askatasunaren eta bere antolaketa politikoaren sinboloa den “Gernikako arbola” duena, Eskandinaviako fiordoen oso antzekoa den itsasadarraren amaieran Erdi Aroan portua izan zelako eta bere deskribapen geografikoa testu arabiarrarekin bat datorrelako: Arabako Lautadatik Durangora jaisteko haitzarte handia dago eta baita hortik Gernikara etortzeko ere. Herriaren iparralderantz joanez gero, itsasadarraren ezkerraldean lautada dago eta hor kokatzen da Busturia. Eta hor bertan, Altamiran, bikingoen faktoria egon zitekeen, “biltegi eta hornigaiekin”, musulman guztiak “aberats eta irabazle” bihurtu zutenak. Gernika-Mundaka itsasadarraren sarreraren ertz batean egon zitekeen".
253/867 urteko kronika musulmanetan berriro agertzen da Gernika. Aben Adharí-ren Al-Andalusen Historian honela dago jasota: "Al-Hacam, Muhammad emirraren semea, Guernic-aren kontra espedizioan atera zen eta etsaien lurretik ibili zen, eta Hisn Guernic-en (Guernicako Gotorlekua) gainean akanpatu eta sitiatu zuen, armen indarrarekin sartu zen arte". Datu bera aipatzen du Lévi-Provençal-ek (1967), ondoko hitzekin, "Al-Hakam-ek Arabaren aurka kanpaina berri bat zuzendu zuen, edo agian Galiziaren kontra, Guernica deitutako gaztelua menderatu zuelarik".
Madjusen Mendia (Djabal al-Madjus) (825)
Lévi-Provençal-ek (1950) ondoko azeifa berriaren albistea ematen digu: "deux ans plus tard, une nouvelle campagne fut dirigée contre l’Alava, cette fois par le sahib al-sawa’if ‘Ubaid Allah. L’historien Ibn Haiyan est le seul l’avoir consignée. Le général musulman envahit les terres alavaises au mois d’août 825 (rabi’II 210), les ravagea et finit par se heurter aux contingents asturiens. Une violente bataille se déroula au pied d’une montagne que le chroniqueur appelle Djabal al-Madjus, "la montagne des adorateurs du feu", ou peut-être "des Normands". Elle se termina par la défaite des Chrétiens, et l’on appela par la suite en Espagne musulmane cette campagne "l’expédition de la victoire" (ghazwat al-fath).
Historialari musulmanek hainbeste garrantzia ematen dioten "garaipenaren espedizio" hau eta Lévi-Provençalek (1950) asturiarren kontra izango zela kontatzen duena Anton Erkorekaren aburuz "madjusen kontra zitekeen, euren operazio-gunean bertan gertatutakoa, hain zuzen ere Gernika-Mundaka itsasadarraren ezkerreko aldean".
“Madjusen Mendia”, “suaren gurtzaileak” testuan agertzen den moduan, herrialde honetako biztanleak elkarrekin komunikatzeko mendien tontorrean sua piztearen ohiturarekin lotuta egon daiteke. Ohitura hau penintsulako zenbait lekutan frogatuta dago eta, Bizkaiari dagokionez, bereziki garrantzitsua da, jakin badakigulako lurraldea gobernatzen zuen organorik gorena, Jaurerriko Batzar Orokorrak alegia, deitzeko, XV. mendera arte, lurraldeko bost mendi nagusiren tontorretara ordezkariak edo abisu-emaileak bidaltzen zirela eta goietan adarrak jo eta sua pizten zutela. Seinale bisual eta akustiko hauek Sollube, Oiz, Gorbea, Ganekogorta eta Kolitxa mendien tontorretatik egiten ziren, eta Gernikako arbolaren azpian ospatzen zen asanblada edo Batzarra adierazi nahi zuten.
Sollube mendia (680 m itsasoaren mailarekiko) zehatz-mehatz Busturia gainean kokatuta dago, Gernika-Mundaka itsasadarraren gainetik oso erraz ikus daiteke. Datu guztietan Busturia Bizkaiko kostaldeko bikingoen faktoria nagusienetzat jotzen dutela, itsasadarraren eta Sollube mendiaren artean sortzen den lautadan hain zuzen ere. Honen inguruan Anton Erkorekak hauxe dio: "Djabal al-Madjus, “la montagne des adorateurs du feu” Ibn Haiyan-ek aipatzen duena, Sollube mendiarekin erlaziona daiteke. Borroka odoltsu hori gaur egungo Altamirako auzoan gertatuko zen eta bere ondoriorik nabarmenena nordikoen eskuetan zeuden gure kostaldeko Busturia, Mundaka edota itsasoa begiztatzeko egokiak ziren Albonica, Burgó edo Gaztelugatx moduko talaietatik nordikoak kanporatzea izango zen. Lortutako ospilek nahiko ondo konpentsatuko zuketen uda honetan Galizian eta Portugaleko iparraldeko gaur egungo lurraldean hondamena sortzeko joandako bi zutabe musulmanen galera. Bizkaian izandako garaipen hau hain entzutetsua izango zen kronista musulmanek ghazwat al-fath, “garaipenaren espedizioa” deitu ziotela".
Berriro Gernika-Mundaka (Urdaibai) itsasadarrean (844, 858-861)
Bikingoen euskal kostaldean izan zuten presentzia goiztiarrarekin batera, penintsula Iberiarraren aurka 844 eta 858 urteetan izandako bi erasoaldi horietan, bikingoek Gernika-Mundakako itsasadarrean faktoriaren bat izan zutela pentsa genezake, eraso horietako baten bat prestatzeko erabil izan zezaketena. Horrela izan bazen, tokiko jendearekin oso harreman ona izan behar zuten, inguruko erreinuen mende izango ez zirenak eta tokiko jaunek, jauntxoek, gobernatutakoak izango zirenak. Litekeena da, beraz, jauntxoek itsasotik zetozen pertsonekin aliantzak izatea.
Iturri arabiarrak, kasu honetan ere, ezinbestekoak dira, Kantaurikoko kostaldearen bigarren okupazio hau zein urtetan gertatu zen zehaztasun osoz adierazten baitute. Nowâirî historiagile arabiarrak Sevillaren aurka, 844 urtean, izandako erasoa deskribatzen du. Horretarako ondoko hitzak erabiltzen ditu: "230. urtean Espainiako lekurik urrunekoena okupatzen zuten madjusek musulmanen herrialdea inbaditu zuten". Allen (2002) gehitzen duenez “Kordobako emirerriaren aurka 844. urtean izandako lehendabiziko eraso bikingoa Bizkaiko kostaldetik hasitako abentura norvegiarra izan zen eta Irlandako jatorrizko guneetatik abiatu zen”.
858 eta 861 urteen artean eman zitekeen Iberiar penintsularen aurkako bigarren erasoaldi hau gauzatzeko Anton Erkorekak uste du Gernika-Mundakako Itsasadarra (Busturiako Altamira auzoa zehazki) erabil zitekeela, baina Txingudiko Badia baztertu gabe "Irun-Oiasso-ko asentamendu erromatarra zegoelako eta nolabaiteko ahozko tradizioa dagoelako Hondarribian".
Gernika-Mundakako edo Urdaibaiko itsasadarra Bizkaiko lurralde historikoko erdigunea da eta bere sorrera kondairaren iluntasunean gordeta dago. Jaun Zuria deitutako Bizkaiko lehen jaunaren kondairaren bi bertsio desberdin transmititzen digute Erdi Aroko kronikek. Antzinakoena Barcelos kondearena (1288-1346) da. Livro dos Linhasgens bere liburuan kontatzen du Ingalaterrako erregearen anaia bat, From deitutakoa, Bizkaiko kostaldera heldu zela, Jauna izendatu zutela eta Asturiaseko Moniño Jaunaren kondearen kontra, Busturiatik gertu, borrokatu zela. Irabazi egin ziola eta hor bertan kondea hil zuela. Bigarren bertsioa 1454ean Lope García Salazarrek idatzi zuen. Eskoziako erregearen alaba Mundakara heldu zela dio, “Sugaar” deitutakoak haurdun utzi zuela eta ume bat izan zuela, Jaun Zuria izena jarri ziotena. Leoneko erregearen semeak Bizkaiko Jaurerria erasotu zuenean bizkaitarrek kapitaintzat hartu zutela. Arrigorriagan garaitu zuela Leoneko ejertzitoa eta horregatik Bizkaiko Jaurerriko lehen jauna izendatu zutela, Jaun Zuria izenarekin.
850 eta 873 artean Dublin gobernatzen duten errege bikingoetako bi Ívarr inn beinlausi daniarra eta Óláfr inn hviti norvegiarra dira. Euren izenak itzuliz honela izango lirateke: Ívarr “Sugea” (beinlausik “hezurrik gabea”, “bernarik gabea” edo “hankarik gabea” esan nahi du) eta Óláfr “Zuria”. Badirudi Óláfr inn hviti-k “zuria” ezizena hartu zuela kristautasunera bihurtu zelako; Ívarr inn beinlausi, Ívarr “Sugea”, paganoa izatearekin batera kristauen erabateko etsaia zen. Rex paganissimus deitzen zuten iturri ingelesek. Azken hau izango litzateke Smyth-en ustez (1977) 859 eta 860 urteen artean Iberiar penintsulako kostaldea suntsitu zuen barne-aldiaren erantzule.
Jon Bilbaok (1982) Jaun Zuriaren kondaira aurreko pertsonaiekin lotzen du, "IX. mendearen bigarren zatian Mundakako itsasadarrean bikingoen base bat kokatu zen, Olafr Zuria eta Ivarr Sugea Dublingo errege bikingoekin harremanetan egongo zena" kategorikoki baieztatuz.
García Íñiguez erregearen bahiketa (859-860)
858 eta 861 urteen artean Europa hondatu zuten bikingoen eraso ugari izan ziren.
Kronika kristau eta musulmanek aipatzen dutenez 62 itsasontzi bikingo aritu ziren Iberiar penintsula, Marokoko iparraldea, Balearrak eta Galietako kostaldea erasotzen. Hauetako errege bikingo batek, Ívarr inn beinlausi-k (Ívarr “Sugea”-k) espedizio bat egin zuen 859 eta 860 urteen artean. Iberiar penintsula eta Portugaleko kostaldea hondatzearekin batera, Guadalquivir ibaitik sartu eta Mediterraneoko kostaldeetara heldu zen.
Ikertzaileren batek dioenez, 859an, erasoaldi bikingo hau gertatzen ari zela, Madjusak Iruñeko hirira joan eta bertan García Íñiguez frankoa, hiri honetako jauna eta Nafarroako erregea zena, bahitu zuten eta bera askatzeagatik hirurogeita hamar eta laurogeita hamar mila dinar artean ordaindu zutela.
Eraso honen inguruan, Dozy-k (1987) azpimarratzen duenez madjusen ontziratzea kantaurikoko kostaldean izan zela. Mañarikuaren (1984) aburuz Bidasoako bokalea izango zen sarrera-puntua, han bertan aspalditik Oiassoko portua kokatuta egon zelako eta hor bertan ere jada gure aroaren hasieran Oiasso Iruñarekin lotzen duen galtzada erromatarra eraikita zegoelako. Anton Erkorekarentzat sarbide posible bakarra euskal kostaldetik zatekeen, Bidasoan gora eginez, Baionatik, Baionan bertan kokaleku nordikoa zegoelako edo, oraindik probableago, Bilbaok (1982) ere uste duen moduan, Gernika-Mundakako itsasadarretik abiatuz, "horrela, espedizioko itsasontziek atseden hartzeko aukera izango zuketen, Mediterraneo alderantz zihoazela, Iberiar penintsularen kostaldetik, zein Dublinera itzultzeko".
Gernika-Mundakako itsasadarraren kokaleku bikingotik erraztasun osoz heldu zitezkeen Arabako Lautadara eta, Sakanako pasabide naturala zeharkatuz, Iruñara heldu eta, erregea edo bere semeak bahituta zituztela, Gernika-Mundakako itsasadarrera berriz atzera egin, bertatik erreskatearen ordainketa eta bahituen askapena negoziatzeko. Hainbat aurkikuntzek Aldaietakoak, Arabako Lautadaren iparraldean Duragorantz joanda, Finagakoak Bizkaian eta Nafarroako beste batzuek, VI. eta VII. mendeetako gerrako material ugari dutenek, denak jatorri frankoa edo germaniarrak, argi uzten dute lurralde honek talde armatu antolatuek aurrera eta atzera ibiltzeko posibilitate nabarmenak eskaintzen zituela. Talde horiek euskal populazio autoktonoaren aliatuak izan zitezkeen ala ez, baina oraindik orain populazio autoktonoa inguruko erreinuetatik at, askatasunean, bizi zen.
Baskoien eta gens leodomanorum-en azken aipamenak Galizian (1032)
1032. urtean, Lapiotik gertu dagoen Peña izeneko gotorlekuaren suntsipena deskribatzen duen testua España Sagrada-ren XI. alearen XXV. apendizean dago. Bere jatorriari, edukierari eta baita, bere erredakzioari dagokionez ere, kontu handiz hartu behar da Angel Uribe historiagile frantziskotarraren ustez, "zaila eta nahasia izateaz gain, akats gramatikal eta amaitu gabeko esaldi ugari dituelako".
Baskoiak Peñan zuten kokalekutik abiatuta egindako gehiegikerien deskripzioa, bai eta bikingoen laguntzaz egindako leku horren suntsiketa ere, oso interesgarriak dira eta horietan oinarrituta hipotesi desberdinak plazara daitezke. Lapioko “Peña” honen eta Bakio ondoko San Juan de la Peña (San Juan Gaztelugatxekoa), Bizkaian, antzekotasunak oso sakonak dira. Gaztelugatx bera hogei eta bat urte beranduago Pirinioko bere homonimoari dohaintzan eman zitzaion, "in loco quod dicitur Sancti Johannis de Castiello id est in territorio de Bakio et alia parte de Bermeio" testuan irakur daitekeenez.
Anton Erkorekaren ustez "Riscoko testua Lugoko Corgoko Udaleko San Miguel de Lapiori dagokio, nahiz eta Galizia eta Bizkaiko kostaldearen arteko distantziak gaindiezinak ez diren. XX. mendearen hasieran, salgaien garraioan aritzen zen berriemaile bermeotar baten arabera, Asturiasetik Bermeora ikatza eramaten zuten balandrek bela laguntzaz egun gutxi batzuk bakarrik behar zuten ibilbide hori egiteko. Edozein kasutan ere, euskal kostaldetan Baiona, Deva, Bermelio, Peña, etabar bezalako toponimoak etengabe errepikatzen dira".
Herentzia nordikoa Busturialden-Urdaibain
Urdaibai edo Busturialdea Bizkaia nuklearraren erdigunea da. Nortasun politikoa eta administratiboa bertan ezarri zen eta, oraindik orain, Northmen edo Nortmanni jeinuaren erlaziona daitezkeen hondarrak erakusten dituena.
EUSKARA | GAZTELANIA | ESANAHIA |
---|---|---|
Estriborrá | Estribor | “styr” eta “board” hitzez osatua, “eskumako aldea” esan nahi du |
Baborrá | Babor | “bak” eta “boord” hitzez osatua, “ezkerreko aldea” esan nahi du |
Tolétie | Tolete | “tholl” islandiarretik edo “thole” ingelesetik |
Lemié | Timón | “Loodsman”, hau da, “pilotua” |
Erlíngie | Relinga | “ra” nederlandarretik, “verga” eta “lijkl” “erlingea”: belen ertzak indartzeko sokak |
Eskotá | Escota | “schoot” nederlandarretik: belak heltzeko balio dituzten sokak |
Baríngek | -------------- | “wranger” suediarretik: itsasontziaren alde bat |
Balándrie | Balandra | Jatorria “bylander” da. “by”: “gertu” eta “land”: “lurra” (nederlandarrez “bijlandeer”). Beren ibilbideetan ez zuten inoiz kostaldea begien bistaz galtzen. |
1. taula: Euskaran, gaztelanian eta frantsesean erabiltzen diren itsas munduko hainbat berben jatorria nordikoa da. Taula honetan, adibide moduan, Bermeoko arrantzaleek erabilitako zenbait aipatzen dira.
Kondairen aztarnak
Busturian oraindik Jaun Zuriaren oroitzapena bizirik dirau. Baserritar batzuk diotenez pertsonai erdimitologiko hau bizi eta hil Torrezarreta deituriko hegal harritsuan egin zen. Torrezarreta, Altamira auzoan, Parezira doan errepideak eta Apraiz baserri-etxeen artean sortzen den angeluan dago.
Beste datu esangarritsu bat Pedro de Barcellos Erdi Aroko kronista portugaldarrak jaso zuen bere "Livro dos Linhagens" liburuan. Honek kontatzen duenez Bizkaiko Jaun batek ospakizuna ospatzen ari zen Busturiko herrian, seguruenez Altamirako jauregian, eta Jose Migel Barandiaranek horrela dio: "Bizkaian esaten zuten eta gaur egun ere esaten dute Iñigo Guerraren ama Bizkaiko aztia edo sorgintzailea zela. Bere eskaintza-ikur moduan, Bizkaiko Jaunak, Vusturio deitutako herrian dagoen bakoitzean, bere etxean hiltzen dituen behi guztien erraiak herritik kanpo, haitz baten gainean, jartzeko agintzen du, eta goizetan ez dute ezer ere aurkitzen, eta esaten dute horrela egin ezean, egun horretan kalteren bat izango zukeela, eta gau horretan bere etxeko ezkutariren batek edo min handia egingo ziokeen gauzaren batek kalteren bat jasoko zukeela. Eta hau beti egin zuten Bizkaiko Jaunek, Juan “Begioker” Jaunaren heriotzara arte, eta batzuk ez zuten horrela egin eta gaizki aurkitu ziren".
Lehenengo Bizkaiko Jaunen eskaintza hau bikingoek beren jainkoei opariak eskaintzeko ohiturarekin harremanean jarri behar da. Gai honi dagokionez, Bagdadeko kalifaren enbaxadorearen Ibn Fadlan-ek esandakoa dugu. 922an, Volgaren ertzean zegoen faktoria bikingoa bisitatu zuenean, arestian azaldutako ospakizun identikoa deskribatzen du.
Bizkaiko antolaketa politikoa
Bizkaiko Jaurerria, hasieran, independentea zen eta lurraldeko gizon askeek aukeratutako Jaun batek gobernatzen zuen. titulua, denboraren poderioz, hereditario bihurtu zen eta, 1175ean gaztelarren eskutik izandako lehen inbasioaren ondoren eta 1179an erreinu horretara gehitu zenean, Gaztelako erregeek jasotzen zuten.
Lurraldearen gobernua Batzar Orokorrek egiten dute. Herriko ordezkari bat batzen zuten Bizkaiko gaiak askatasun osoz eta demokratikoki erabakitze aldera. Anton Erkorekarentzat "antolaketa demokratiko hau, bere inguruko gizarte feudaletan gertatzen ez zen bezala, Gernikako hiri santuan Asanblada edo Batzarra deitzeko suak pizten eta adarra jotzen zuten deiadar-mendien tontorretan. Ordezkariak aukeratzeko egiten ziren auzotarren asanbladak eta bestelako ezaugarriek bikingoen eragin nabarmena izan dezakete".
Bizkaiko foru-zuzenbidea azter duten ikertzaile ugarik diotenez norvegiar-islandiar zuzenbidearekin antzekotasunak dituzte. Adrian Zelaia jurista ospetsuaren aburuz "Euskal Zuzenbidea Europako Zuzenbidea da, nahiz eta bere nortasun propioa duen. Iberiar penintsularen inguru kulturalean sortu zen, erromatarren eragin handiarekin, baina Europako ezaugarri propioak ditu, bai eta germaniar ukitua ere, Gaztelako legislazioan ez bezala".
Ontzi-industria eta ontzigintza-terminologia
Zenbait ikertzaileren ustez euskaldunek baleak ehizatzen normandoetatik edo bikingoetatik ikasi egin zuten. Udazkenean edo neguan gure kostaldera hurbiltzen ziren animalia hauen ehizak, Erdi Aroan zehar, euskal itsasbazterreko aktibitate ekonomiko garrantzitsuenetariko bat bihurtu zen. bakailaoaren arrantza eta komertzializazioa ere oso aktibitate garrantzitsua izan zen Erdi Aroaren amaieran. Kurlanskyren (1999) arabera, bakailaoaren kontserbazioak “neguko hotz handian ondutako bakailaoa, bere pisuaren lau bostenak galdu arte” bikingoen espedizioei, 1000. urte aldera, Iparramerikara heltzea erraztu zien. Euskal arrantzaleek, gatzarekin kontserbatuz, Colonen espedizioak baino lehenago, bidaia transatlantikoak egiteko, bai eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldeko herriak aberastu zuten bakailao-merkatu emankorra garatzeko ere aukera izan zuten.
TOPONIMOA | AZALPENA |
---|---|
Albonica (Almika) |
Jadanik erromatarren garaian Iberiar penintsularen barnean aipatuta agertzen da eta Normandiako “Armonica” eskualde frantziarra adierazten duenaren oso antzekoa da. Anton Erkorekaren arabera, toponimoa “Ar”, "gainean", eta “Mor”, "itsasoa", hitzekin osatuta legoke, -ika amaierarekin. Albónigaren toponimoaren interpretazio honek "itsasoaren gainean" esan gurako luke eta bat dator bere kokapen geografikoarekin, Matxitxakoko talaiaren gainean dagoelako. |
(Bermeo) Bermeio edo Vermelio |
Erkorekaren ustez frantseseko "berme" terminoaren antzeko jatorria izan dezake eta, ondorioz, "breme" nederlandarrarekin lotuta egon daiteke, "ertza" esan nahi duelarik. Horrela, Hatzfeld hiztegiko definizioa bat dator bere kokapen geografikoarekin; izan ere, udalerriko alde zaharrean, Portu zaharraren gainean, kokatuta dago. Bermeo toponimoa, Erkorekaren arabera, "itsasertz" edo "itsas gaineko amildegi ondoko ertz" moduan itzul daiteke eta Europako Iparraldeko sustraiak izan ditzake. Antzeko toponimoak aurki daitezke, Verma esaterako, Möre og Romsdal-eko Norvegiako departamenduan, edo Bremen, Alemanian. |
Barzizi (Parezi) |
Busturiko Altamiran kokatutako auzoa eta ermita duen gune honen hasierako aipamenetik izenean bertan agertzen den esangura erlijiosoa da. Erkorekarentzat "ingeleseko “parish”, parrokia, hitzarekin duen antzekotasuna ezin da kasualitatearen kontua izan bakarrik". |
Burgó (Burgoa mendia) |
Bizkaiko kostaldeko mendi estrategiko batzuen izena. Matxitxakoko lurmuturraren, euskal kostaldeko altuenaren, gainean, izen hori duen mendi-tontorra dago. Bertan, dorre-itxurako eraikin borobilaren hondarrak daude. Urdaibaiko itsasadarra barnealdetik menderatuz izen hau duen beste mendi bat dago, Ajangizko Ispizua baserrien gainean hain zuzen ere. Toponimoaren jatorria, dudarik gabe, “burg” da eta gotorleku esan nahi du. (Antzeko toponimo bat, “berg” alegia, “mendi” moduan itzul daiteke). |
2. taula: Busturialdeko toponimoen jatorri posiblea, eskualde honetan nordikoak egon zirela kontuan hartuta. Parentesi artean gaur egun onartutakoa idatzita dago.
Kantaurikoko Erdi Aroko ontzigintza-arkitekturari buruz egindako ikasketa guztiek itsasontzi nordikoekin lotura duela baieztatzen dute. Iparraldeko ontzien kroskoaren sekzioa V erakoa zen eta perfil simetrikoa zuten; hau da, popa eta branka berdinak ziren. Armazoia, oso arina zena, oso tartekatutako zuaker finez osatuta zegoen. Estaldura sendoa zuen. Taulak teilakatuta eta ertzak gainjarrita zuten. Estaldura hau izateak bazuen bere azalpen teknologikoa, zeren eta iparraldeko herriek, zerrarik ez zutenez, aizkoraz landu behar zuten egurra eta, ondorioz, eskuadra egokiak lortzeko arazoak zituzten.
Europako zenbait arrantza-herritako XIII. eta XIV mendeetako udal-zigiluetan adierazitako itsasontziek, besteak beste zenbait euskal arrantza-portu, erabat nordikoak dira. Roskildeko fiordoan erreskatatutako itsasontzi bikingoetakoren batek eta Bizkaiko Golkoko urak, Erdi Arotik gaur egunera arte, zeharkatu dutenen artean duten antzekotasuna begien bistakoa da. (1. Taula)
XI. mendetik aurrera badaude idatzizko zenbait testu gaur egunera arte heldu diren toponimoak aipatzen dituztenak, besteak beste, Sancti Johannis de Castiello (San Juan Gaztelugatxekoa), Albonica (Albóniga, Almika), Vermelio o Bermeio (Bermeo), Mundaka, Barzizi (Parezi), Erkoreka, Bakio, etabar. Toponimo hauetako batzuen jatorria eta esangura iluna da eta euskaran oinarrituta egindako interpretazio-ahaleginei esker zerbait gehiago badakigu. Nordikoak eskualde honetan egon zirela kontuan hartuz zenbait toponimo berrirakurri daitezke (2. taula eta San Juan Gaztelugatxekoaren, Mundakakoaren eta Matxitxakoko lurmuturrekoaren argazki-oinak).
BIBLIOGRAFIA
+ AA.EE. Los vikingos en la península Ibérica. Fundación Reina Isabel de Dinamarca, Danimarka, 2004.
+ EGAÑA, IÑAKI. Euskal Herriko historia laburra. Txertoa Argitaletxea, Donostia, 2013.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.