Urdaibai Biosfera Erreserba » Geografia » Paisaiaren ezaugarriak

Urdaibai Iberiar Penintsulan Erlaitz Kantauriar izenarekin ezaguna den unitate geografikoan dago kokatuta bere osotasunean. Honen beste guztia bezala urak Kantauri itsasora isurtzen duen lurralde menditsua da. Ibai-sarea, ura ozeanorantz oso azkar isurtzen dituzten emari handiko eta laburrak diren ibaiek osatzen dute.

Bizkaiko-mapa-topografikoa
Bizkaiko mapa topografikoa.

Oka ibaia, itsasorantz jaistean, paisaiaren diseinatzaile nagusia izan da, bidean iparraldera aurpegia ematen duen haran handi nagusia zabalduaz, Bizkaiko gainontzeko haranen IM norabidearen nagusitasuna hautsiaz. Oka ibaia antzeko luzera eta ur etorria dituzten beste ibai batzuk ematen dute, hala nola Golako edo Berrekondo ibaiek. Lurraldea, beraz, oso gorabeheratsua da eta lurraldearen egitura geologikoaren, hots, Euskal Arku Tolestuaren arabera ordenatuta agertzen diren altuera txikiko mendi ugari aurki daitezke. Egun Oka ibaiak laster egiten du topo marearekin. Mareak bere eguneroko erritmoak ezartzen ditu jalgipenak paduretatik eta leku hondartzadunetatik bananduaz. Haren gainean Mape ibaiak, Busturia edo Sollube izenez ere ezaguna denak, bere urak hartzen ditu eta, bitartean, Artigas eta Laga ibaiek itsaso zabalera ematen dute, Lamiaren Puntako eta Antzoraseko itsas labarrek estuarioaren ahotik bereizten dituztelarik, paduraren ezker-eskumatik arian-arian. Biosferaren Erreserbak bi hirigune garrantzitsu hartzen ditu, orain dela mende askotatik hona eskualdearen jarduera ekonomikoaren bilgune diren bi herriak: Gernika-Lumo, Oka ibairen haranean bete-betean dagoena, 1366an fundatua, komunikabide eta merkataritzako elkartrukaketaren elkargunea, lurraldearen gune geografikoan kokaturikoa, industriala eta hirugarren sektore indartsuarekin; eta Bermeo, 1236an fundatua eta Artigas ibaiaren urak garaztaturik bere portuaren inguruan, estuarioaren mendebaldeko itsasbazterrean, hazi dena eta itsasorako benetako bokazioa duena, azkenengo urteetan, eta arrantzaren beherakadarekin, turismoa indartu nahian dabilena.

Gernika-Lumo Lumotik ikusita
Gernika-Lumo Lumotik ikusita.
Bermeo
Bermeo.

Lurraldearen gainontzekoak giza-asentamendu ugari dauka, denak nekazal-mundukoak. Aitzinako Bizkaiko elizateen ondorezko banaketaz; gehienetan sakabanatutako baserri asko eta eliz edo oinetxe nagusi bat edo bi dituen plazaren inguruan osatutako auzunean bildutako beste batzuk dauzkate. Udal horietatik bi bakarrik dira guztiz kostaldekoak, biak arrantza-portu txikiaren inguruan jaiotakoak. Elantxobe eta Mundaka dira, lehena itsasora literalki botata Ogoño mendiaren (305 m) mendebaldeko mendi-hegaletik, eta bigarrena, badiaren babespean. Azken honen nekazal-gunea hazi egin da azken hamarkadetan hirigune txikia osatu arte.

Kantauriar itsasoarekin topo egiteko lasterketa eroan, ibaiek paisaia-mota ugari eratu dute Urdaibain. Oro har, berezitutako hiru paisaia-mota nabarmentzen dira: haranetako buruetan nagusi diren mendiek haran eta paduretako erliebe errez eta leunari ematen diote bide, Kantauriko lautada urdin handian bukatzeko, itsas-muga menperatzen duten kantala, portu eta hondartzek osatutako zerrenda estuaren aurka talka eginez.

Elantxobe
Elantxobe.
Mundaka
Mundaka.
Monterrey pinuaren landaketek
Monterrey pinuaren landaketek egun Urdaibaiko landazabalaren zati gehiena okupatzen dute. Argazkian, Kortezubiko behe lurrak eta ondoan Gernika-Lumo.

Barne eremuan, orografia menditsua da ezaugarria, altuera gutxiko eta malda gogorretako goibeheekin. Lur horizontalik ez egoteak eta Monterreyko pinuen baso landaketen nagusitasunak begietara ematen dute. Paisai mota hau, esate baterako, Biosferaren Erreserbako zabalena den Muxikako udalerriaren ezaugarria da. Giza asentamendua beti izan da urria, oso sakabanatuta eta gehienetan ur ibilbide nagusietara lotuta, Zugastietan eta Okan bezala. Hantxe, orain dela hamarkada batzuk besterik ez, ola, errota eta zentral elektriko txikiek jarduten zuten, ibaiaren higi-indarraren bitartez, lurrak ematen zituen baliabideak transformatzeko. Gaur egun auzo horiek, Ibarruri, Gorozika edo Ajuria bezala, baso ustiakuntza berriek okupatzen dituzte, paisaian nagusi izanik eta gaur produkzioa sortaraziz. Egur hori Astelarra eta Zugastietako (Muxika) zerrategiak edo Gernika-Lumokoa hornitzeko da, bai eta egur transformaziorako eta egurretik etorritako produktuen lantegiak, Muxikako Inama edo eta Ebaki XXI esaterako, hornitzeko ere. Pinudien artean lur-zati hutsik agertzen dira, batzuk sasi hasi berriekin, birlandatzeko prest daudenak. Biosferako Erreserbaren hegoaldeko beste udalerri batzuek, Mendatak edo Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzek bezala, labirinto itxura berdina dute, gehienak berde ilunak eta besteak ñabarrak diren laukiek osatzen dituzten bilbeez estalitako haran nahaskilduekin. Elexalde (Mendata) edo Berreño (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz) moduko auzoek ere itxuraldaketa horren lekukoak dira.

Arratzuko hariztia
Arratzuko hariztia.

Eskualdearen iparralderantz joanaz, itxura berdina erakusten dute Arratzuko goiko lurrek Arrola eta Gaztiburu mendietan, Gañaga mendiak (322 m) Gernika-Lumon, Maiaga eta Arriaga auzuneek Errigoitin edo Busturiko barnealdeak Sollubeko mendi-hegaletatik Kutziganera bitartean (440 m) Paresi gainean eta Añetu bitartean (367 m) Altamira ginean. Haran buruetako, Urdaibairen lau ibai-arro osatzen dituzten errekasto kontaezinak jaiotzen diren lekuetako, paisaia tipikoa da. Hondar baso batzuk eta dorre-etxeak euren ermita eta errotekin bakarrik gelditzen dira, urtaro bakoitzean paisaiak kolorez aldatzen zeneko beste garai batzuen lekuko gisa. Egun, Arratzuko Montalban dorrea, Muxikako Oka eta Mendatako Albiz izenekoa, jasandako itxuraldaketaren lekukoak direnak, Monterreyko pinuaren berde bizkorrak azpiratzen ditu.

Sartzeko zailenak diren mendi-hegalen gainean orain dela mende batzuk landare estalki nagusia zenaren aztarnak ikus daitezke: hariztiak eta Bizkaiaren barnea nahiz Kantauriar Erlaitza estali zuten beste hosto erorkordun espezie batzuen basoak. Ez da ia ikusi ere egiten garai batean Oka gainean (Muxika) Askari mendi-hegaletan (219 m) zegoen hariztia; egun Urdaibaiko hosto galkordun basoaren azalerarik handiena okupatzen baitute. Eskualdean beste baso txoko batzuk agertzen dira barreiaturik, isolatuak eta zabalak. Galeri baso hezeen aztarnek errekatxoen ubideari jarraitzen diote bihurka eginez, Zugastietan (Muxika) edo Loiolan (Mendata) gertatzen den bezala.

Urdaibairen mendebaldeko mugatik, birlandaketak kostaraino heltzen dira Urkimendi (330 m) eta Garbola mendien hegaletan. Hortxe beste baso espezie batek hartzen du garrantzia, eukaliptoak alegia. Monterreyko Pinuarekin batera Bizkaiko baso paisaia gizatuaren protagonista dena. Landaketa honen adibide bat Bermeoko Burgoa mendia estaltzen duen masa trinkoa dugu.

Haranetik behera joanaz, Urdaibaiko erdiko arean, maldak txikiago egiten dira eta ubideak astiroago doaz eta ubide zabaletik zeharka dabiltza. Hantxe lehenengo uholde-oheak eratu dira, jalgipen aberatsez estaliak, Neolitikotik hona seguruenik gizakiak labore-lurrerako erabili dituenak. Horrela gertatu da Astelarran (Muxika), Kanpantxun (Ajangiz) eta Uarkan (Arratzu).

Landazabal atlantikoa Ajangizen
Landazabal atlantikoa Ajangizen.

Urdaibaiko haran emankorra da, behe lurren paisaia adierazkorra, estuarioaren eta mendien arteko zerrenda estutik kostara hurbiltzen dena, honako lur hauek igaroaz: Forua, Altamira Busturian edo Zelaietan, Irla eta Kanala Gautegiz Arteagan. Landazabal atlantikoa da: mosaikoa, sakabanatutako baserriak, eta gehienez auzune txikietan bildutakoak, labore lurrak, zelaiak, hesiak eta eskualdea estaltzen zuten aitzinako basoen aztarnak diren lur-zerrendek osatutakoa. Landazabala da Urdaibaiko haranaren hondoen paisaia adierazkorra, baina landazabalaren adierazpen-maila handiena Biosferaren Erreserbaren erdi-erdian aurkitzen da. Hemen ere koniferoen landaketa txikiak agertzen zaizkigu, lur emankor hauetatik aberastasuna lortzeko modu berria, gero eta erosotasun eta errentagarritasun gutxiagokoa, epe ertainera.

Golako eta Oka ibaia bat egiten
Golako eta Oka ibaia bat egiten.
Haranaren erdian hain zuzen ere, Gernika-Lumoko hiria nabarmentzen da; egoitzalde, merkatalde eta eskualdeko komunikabideen gunea, haren ondoan dagoen industrialde zabalarekin. Honaino, Kantauriar itsasotik bederatzi kilometroraino heltzen da eguneroko marea. Oka ibaia, Berrekondoren urak hartu ondoren, itsasadar bihurtzen da. Hiritik oso gertu Golako ibaia hartzen du, hauxe itsasoaren gora eta beheren menpe dagoelarik.

Anbekoko polderrak
Anbekoko polderrak.

Gernika-Lumoko Errenteria auzunetik Busturiko Axpeko hondartzaraino paisaian zabalgune handia hedatzen da eta berori luzeran 5 kilometro dituen eta pixka bat okertua den ubideak zeharkatzen du. Ubide horri eskualdeko bizilagunek “Corte de la Ría” edo “Ibarra” deitzen diogu. Haren bi aldeetan, lehengo ubidearen bihurguneen ondoan, belardi heze zabalak eta labore-lurrak nabarmentzen dira, erretenek zeharkaturik eta dikeek inguraturik. Dike horiek, herritarrek gazteleraz ere “muna” izenaz ezaguna dute, euskararen zuzenean eginiko egokitzapenaz. Holandako “polder”en antzekoak direlako, estuarioari irabazitako labore lurrek izen hori berori hartzen dute. Orain dela mende asko ezagutzen dira Barrutiakoak Arratzun, Basozabal eta Kortezubiko elizatea bera, bai eta Oruetakoa eta Portua Gautegiz Arteagan. Azken hauetan ura, sizigietan edo solstizioetako marea gora zegoenean baserrietaraino bertaraino heltzen ziren. Erretenetik kanpo ere polder zabalak daude Ozollon eta Anbekon (Gautegiz Arteaga) eta San Martinen (Murueta), San Kristobalen eta Axpen (Busturia). Haien erretenetan ihi eta aipularrak jaiotzen dira eta euren larretan milaka hegazti bizi dira negualdian, hotzak Europatik igarotzen duen bitartean.

Gautegiz Arteaga
Behealdean Gautegiz Arteaga dago. Erdialdean, itsasadarraren kanal artifiziala eta ibilbide naturala ikus daitezke, parez pare.

Itsasadarraren meandroen eta ubidearen artean, erreken urarekin urez betetzen diren lurretan, urtero berriztatzen den landaredi urtarra hazten da, sahatsez eta haltzez inguratutako lezkari hurbilgaitza hain zuzen ere. Oso habitat urria da gaur egun Kantauriko kostaldean. Urdaibaiko, eta beraz Euskal Kostaldeko, lezkari-masarik handienak Elexalde ondoan eta Gaitokako muinoan, Forua eta Kortezubi artean, Gautegiz Arteagan eta baita Muruetan ere kokatzen dira. Berton, lohian eraikitako baserriak aurki daitezke oraindik ere, Ozolloko eta Mallukitzako itsas-errotak alegia. Itsasoak alferrik galtzen zuen lana gizakiak aprobetxatzen zuen garaiaren lekuko dira.

Itsasadarraren ezkerraldetik iparralderantz jarraituaz, paisaian Muruetako teilagintzako lantegi zaharraren tximinia nabarmentzen da eta aurrerago ontziola, 1943tik geroztik aktiboan dagoen lantegia. Ondoren Busturiko San Kristobaleko eta Axpeko hondartza artifizial handia nabarmentzen da eta haren ondoan ihiziak eta lokatz beltzen zabalgune hedatsuak, paduretako bizidunez gainezka daudenak eta migrazio aldietan edo negualdietan makina bat hegazti elikatzen dutenak. Hemendik aurrera mareak ez du erritmorik galtzen. Urak egunean bi aldiz estali eta agiruan jarri egiten ditu lokatz eta hareak eta paisaia orain urdin bihurtzen da duela ordu batzuk hori eta beltza zen tokian.

Ibarraren albo bietara, hura iparralderantz bideratuaz, artadi eta beti berde dauden sastrakadiez estalitako mendiak altxatzen dira. Zabalagoak dira eskumaldekoak, Aozar menditik (342 m) Nabarnizen, Atxarre (311 m) eta Ogoño harkaiztegietaraino doazenak, azken biak itsaso ertzean. Ezkerraldetik baso-mota hau Foruko Atxako (366 m), Atxa Puntako eta Apartola haitzako (180 m) harkaitzetara mugatzen da, Forua, Murueta eta Busturiko lurretan arian-arian.

Baso estu eta igaroezin hauek urak harria disolbatuz egin dituen zulo eta galeriez betetako kareharrizko harkaiztegiak ezkutatzen dituzte. Errekak bertatik igazten dira eta agertu bezala desagertu egiten dira, hau da, ustekabean. Horren adibidea Ereñozar mendiaren (448 m) kasua dugu, Kortezubi eta Ereño artean. Haren mendi-hegalak barrurantz sartzen dira Bollarreko zokoguneak ekialdean eta Basondokoak hegoaldean sortarazteko. Itsasadarraren ezkerraldean antzerako gauza gertatzen da Foruko Atxako mendebaldeko mendi-hegalean eratutako Malluku zokogunean.

Omako harana, Kortezubin
Omako harana, Kortezubin.

Kareharrizko bailara eta mendi hauek eta bertan ugari diren kobazuloak, Kortezubiko Santimamiñekoa bezala, Urdaibaiko aitzineko biztanleentzako ehiza-leku eta babestoki izan ziren. Bere baitan dolina izenez ezagutzen diren eta Muruagako mendia (362 m) inguratzen duten zulogune handiak nabarmentzen dira, hala nola Matxibarrekoa, Akordako auzunearen ondoan edo Iruskietakoa, biak Ibarrangelu udalerrian.

Hemen arteak helduak dira eta itzalguneetan artadiaren monotonia apurtu eta interes handiko paisaia eta biologi aniztasuna ematen duten gaztainadi eta hariztiei uzten diete lekua.

Itsasadarra itsasoarekin bat egiten duen lekuaren airetiko ikuspegia
Itsasadarra itsasoarekin bat egiten duen lekuaren airetiko ikuspegia.

Urdaibairen iparraldean, itsasoa paisaiaren jabe egiten da. Estuarioa horiz tindatzen da marea behera dagoenean. Sukarrietako eta Laidako hondartzek Oka ibairen itsasoratze-lekua ixten dute Mundakako portuaren aurrean. Hondartzen alde bietan labarrak hasten dira. Mendebaldeko itsasbazterretik, Santa Katalina, Murgoa eta Lamera mendixkek Bermeo eta bere portua Badiatik bereizten dituzte; ondoren Aritxatxuko hondartza zabal dator Talape eta Tonpoi labarren artean. Burgoako mendi-hegalak itsasora amildu egiten dira Trankilpuntan eta Kargaderuan, 100 metrorainoko amildegiak eratuaz, bertako higaduraz eskualdean “arribolak” deituriko itsas-hausiaren hartxintxar handiak eragiten dituztelarik.

Azkenik, Matxitxakoko lurmuturra itsas-mugan gelditzen da markaturik bere itsasargien eta sirenaren hiru dorreek markaturik, itsas-hausiaren kresala arnasten duten sasiez inguraturik.

Sollubeko eta Burgoako mendiek Artigas ibaiaren arroa eratzen dute Urdaibairen ipar-mendebaldean, haren zatirik handiena Bermeokoa izanik. Lur lau eta uholde lautada gutxi dauden arren Bermeok baserri-dentsitate altua hartzen du bere landazabalaren baitan, mendi-hegaletatik sakabanatuak itsasbazterreko labar eta gailurren artean. Haietan nabarmena da maldan behera landatutako milaka eukaliptoen hostoen distira. Sakana eta erreketatik gora joanaz hostozabalen azken taldeak pilatzen dira, itsasbazterreko txoko honetan Kantauriar itsasoak bereziki bermatzen dien klima onaz gozatzen dutelarik.

Aritxatxuko hondartza
Aritxatxuko hondartza.

Itsasbazterra askoz anitzagoa da ekialderantz. Laidaren atzean Antzoraseko labarrek hondartza-kala txikia daukate Antxon Azpian.

Urpeko gailur-multzoak, izotzaldietan gertatutako itsasoaren atzeraematearen lekuko denak, Izaro Irla eta lur finkoaren dagoen Atxarreko mendia lotzen ditu. Gailur-multzo hori hor dagoela jakin daiteke marea behera dagoenean ur gainean gelditzen diren Otzarriko etaLemajaleko haitzei esker. Ekialderantz jarraituaz Lagako hondartza ageri zaigu bere duna baztertuekin. Ondoan Asnarreko Haitza, Euskal Itsasbazterreko haitz erraldoia den eta mendebalderuntz 200 metroko altuerako horma duen Ogoñoren aurrean oharkabean igarotzen dena. Artadiak harria estaltzen du eta itsas-hausiraino jaisten da ekialdeko isurialdea Elantxobe herriarekin konpartituaz, non etxeak maldan gora doazen ezkutuko kaiaren gainean. Azkenik, Montecalvo azpiko hartxintxarrezko hondartzei jarraiki, Arboliz Punta ikus daiteke, Biosferaren Erreserbako ipar ekialdeko muga. Atzean Abadeatxa eta Erminto Muturra ageri dira, Eako kostaldeko gorabehera geografikoak, Urdaibairen aldamenetan.

Laga eta Ogoño
Laga eta Ogoño.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.