Urdaibaiko Biosferako Erreserbak 230 km2 hartzen ditu, Bizkaiko Lurralde Historikoaren lurrazalaren % 10 eta Euskal Autonomia Erkidegoaren % 3 hain zuzen ere. Ipar latitudeko 43º 12’ eta 43º 28’ artean, eta 2º 33’ W eta 2º 46‘ W arteko longitudean kokatzen da. 22 udalerriz eratuta dago. Horietatik hamabi oso-osorik sartuta daude: Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta, Forua, Gernika-Lumo, Ajangiz, Mendata, Arratzu, Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Elantxobe. Beste bi udalerri, Muxika eta Ibarrangelu, ia-ia bere osotasunean sartu dira. Bermeo, Nabarniz eta Ereño euren azalera erdia baino gehiago dute barnean, eta beste bostak, Arrieta, Errigoiti, Morga, Amorebieta-Etxano eta Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, euren azaleraren herena baino gutxiago dute Biosferako Erreserban.
Udalerrien inplikazio-maila desberdin hau Urdaibaiko Biosferako Erreserban eremu geografikoa muga politikoez zehaztuta egon beharrean ura kantauriar itsasora isuritzen duten Oka, Mape, Artigas eta Laga ibaien arroez zehaztuta dagoelako da. Muga 900 m baino gutxiago duten mendigainen hileratik zehar doa, aipatutako ibai-sarearen eta mendebaldetik Estepona eta Butroi, ekialdetik Lea eta Ea, eta hegoaldetik Ibaizabal ibaien alboko arroen arteko banalerroari jarraituaz.
Iparraldeko muga itsasbazterraren lerroak ezartzen du, bataz besteko itsasbeheren mailaren arabera, Matxitxakoko lurmuturretik (Bermeo) Arbolitzeko Puntaraino (Ibarrangelu), azken hau Elantxobeko kaitik eta Eako errekara bitartean, Elantxobetik bi kilometro eskasetara, dagoelarik. Iparreko muga hau Mundakako badiaren parean dagoen Izaro Irlak zedarritzen du.
Matxitxakoko lurmuturra, euskal kostaren gorabehera geografiko nagusia, estuarioaren sarrera mendebaldetik babestu egiten duen irtengune nauturala dugu. Hortik Urdaibairen muga Burgoa menditik (452 m) gora doa Bermeoko udal-mugarte barrurantz, Garbolatik (481 m) eta Truendetik (420 m) jarraitzeko Solluberaino (686 m) heldu arte Bermeo, Arrieta eta Busturia elkartzen diren punturaino. Handik bihurka ibiliko da Kurtzegana (442 m) eta Sestretxa (335 m) mendietatik Errigoitiko lurretan sartzeko Arriaga mendian (352 m). Banalerroak ekialderuntz egiten du Maiaga menditik (398 m) arkua osatzeko eta Otxolarreko gailurrera (272 m) bueltatzeko –hantxe Biosferako Erreserbak Morgako udalerriaren zati bat hozkatzen du- eta Bizkargiko gailurreraino (564 m) jarraitzen du Urdaibaiko hegomendebaldeko erpineraino.
Hegoaldeko muga eskualdearen hego mugarriak diren Bizkargiko eta Oizko mendi-taldeen artean dago. Lehenengoa Amorebieta-Etxanoko lurretatik zehar dabil Urremendi mendian (270 m) eta Autzaganako mendibizkarrean, ondoren Muxikako mugari jarraitzeko Torreburu menditik (320 m), Ibarruriko auzunea inguratuaz. Gero, udalerriaren mugatik Muniketaganan banatu egiten da Goroño mendiruntz (801 m), Oizko mendilerroan bertan. Mendi horren gailurra, Bizkaiaren erdi-erdian kokaturik dagoena, Biosferako Erreserbaren lurraldetik kanpo dago ibai arroa haren berdina den mendi gailurrean bukatzen baita, Astoagana mendian (804 m), Urdaibaiko mendirik gorenean, hegoekialdeko benetako erpina Kantauriar itsasotik hamazazpi kilometrotara dagoena. Ekialdeko muga zehar-meharka dabil hemendik Donesolo (547 m) eta Kanpona (504 m) mendietatik, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzeko lurretan, eta Elbitzuagatik (469 m) Mendata eta Aulesti artean, Arratzu Nabarnizetik bereizten duen Arrola mendira (532 m) heltzeko. Puntu honetan arroen banalerroak ekialderuntz jotzen du Sarada mendiraino (669 m) Elexalde (Nabarniz) gainean, iparmendebalderuntz jarraitzeko Motrollo (592 m) Krabeliñatxe (572 m) eta Geranda (420 m) mendiek Ereñoko Udalerrian osatzen duten kareharrizko tontorretik zehar. Ondoren bihurka doa Ibarrangelu udalerriaren ekialdeko lurraldetik Arbolitzeko Puntako kostaldeko harkaitzera jeisteko. Deskribaturiko lurraldeak ez dauka 12 km baino gehiagoko gehinezko zabaleraz eta 17 km eta 20 km bitartean luzeraz.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.