Urdaibaik, bere kokapenagatik, klima epel ozeanikoa du. Udako eta neguko tenperaturen arteko muturreko diferentziak gutxitu egiten dira, Kantauri Itsasoaren eta Ozeano Atlantikoaren eragin termiko moteltzailearen ondorioz. Horrela, neguak ez dira oso hotzak (izotza edo lehia botatzea ez da ohikoa) eta udak, hego-haizeko (edo hegoe, hegoi, gaztelegoe, andre-haizea, erreka-haizea, herriko haizea...) egunak alde batera utzita, ez dira oso beroak. Prezipitazioak oso ugariak dira eta ondo bananduta daude urte osoan zehar. Oso gainetik bada ere, arestian aipatutakoak landarediaren agerpenarekin lotuko dugu.
Urdaibai Biosfera Erreserbaren (43º 19’ Iparralde eta 2º 40’ Mendebalde) kokapenagatik Bizkaiko Golkoan klima epel ozeanikoa du. Udako eta neguko muturreko tenperaturak itsasoaren –eta batez ere Europarantz eta Atlantiko Iparralderantz doan Mexikoko golkoko laster epelaren adar baten- eragin moteltzaile termikoagatik moteldu egiten dira. Ondorioz, udako tenperatura beroenen eta neguko hotzenen artean oszilazioa 10ºC baino apur bat gutxiagokoa izaten da. Eguneko eta gaueko muturreko tenperaturen artean ere oszilazio txikia izaten da. Modu honetara, neguak ez dira hotzak (lehi- edo izozte-aldi erlatiboki gutxi), epelak baizik, eta udak ez dira oso beroak, hegoaldeko haizea dagoenean izan ezik, orduan, egun batzuetan, tenperatura beroko mutur-aldi batzuk izaten dira. Euriztapena ugaria da eta urtean zehar ondo banatuta daude, klima ozeanikoari dagokionez. Hala ere, Europaren hegoaldean egotearen ondorioz klima epel honetan euri gehien udazkenean eta udaberrian botatzen du. Bi mementotan ematen den gehienezko hau klima mediterraneoaren ohiko ezaugarria da eta penintsula Iberiar osoan eta Europako hegoaldeko eremuetan gertatzen da.
Urdaibaiko klimaren ezaugarri orokor hauek hainbat aldaketa txikiak izaten dituzte, batez ere, Biosfera Erreserba honetako orografia malkartsuak eraginda. Horrela, tenperaturarik epelenak Bermeon izatea ohikoa da, kosta bertan dagoelako eta Sollube mendiak Mendebaldeko haize heze nagusietatik babesten duelako. Horrela, arrantza hiribilduan elurra egitea oso arraroa da. Nahiz eta Urdaibaiko beste eremuetan edota Bizkaiko Golko osoan egin -Britaniar Uharteetako antizikloi hotza eta hezearen mende geratzen denean, eta berau, noiz behinka, hegoalderantz doanean- Bermeon ez da elurrik izaten. Ostera, Nabarniz bezalako udalerrietan elurrez estalita izaten dira zenbait egunetan zehar, eremu altuan eta askean kokatuta egoteagatik, kostatik oso gertu dagoen arren. Bestalde, kostan (Bermeo, Mundaka, Busturia, Ibarrangelu edo Elantxobe), lehia edo izotza egitea oso arraroa bada ere, neguko egunik hotzenetan zenbait kilometro barnealderago (batez ere Muxikan, Mendatan edota Arratzun) ugariagoak izaten dira. Aldakortasun honek euriztapenaren banaketan ere, nahiz eta maila txikiagoan izan, eragina dauka. Haize heze nagusiak ipar-mendebaldekoak (IM) dira. Eragin handiagoa dute itsasadarraren eskuinaldean eta Kortezubiko Basondo-Oma haranetan zehar inolako eragozpenik gabe barneratzen dira. Ezkerreko ertzak, berriz, bere atzealdeko mendien babesa jasaten du.
Laburbilduz, Urdaibai Biosfera Erreserbako ezaugarri klimatiko orokorretan, bere kokapena dela eta, faktore orografiko desberdinek (altitudea, haranen orientazioa, itsasoarekiko distantzia…) aldaketa txikiak izaten ditu. Ondorioz, mikroklima ugari sortzen dira eta ematen diren aldaketek eragina badute -baina mugatu gabe- ezaugarri naturaletan (berezko landaretza), nahiz beste batzuetan (eremurik babestuenetan giza populazioen garapen historikoa).
Eragile naturalei giza ekintzen eragin termikoa gehitu beharko genieke, Gernika-Lumoko eta Bermeoko udalerrien inguruan 1 edo 2 ºC igotzea eragiten baitute.
Atal honen ulermena erratzeko ondoko azpiataletan banatu da: (Euren gainean klikatuz ireki egiten dira).
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.