Hasteko esango dogu atal hau prestatuteko Gernika-Lumoko Udalak Gure Ohiturak: Neguaren Bihotza izenagaz argitaraturiko lantxoan oinarritu gareala. Honekin batera esan behar dogu Marijesien atala prestatzeko, aurreko lanarekin batera, Daniel Rementeria Arruza ikertzaileak Ahozko ondare kulturalaren susperketa- eta berpizketa-fenomenoak Gernikan: Gernikako Marijesien kasua Garapen jasangarriari buruzko Urdaibaiko IX. Jardunaldiak: Ondare Kulturala zeritzon jardunaldietan aurkeztutako ponentzian ere oinarritu gareala. Amaitzeko, Gernikako Marijesiak 14 deitutako liburuxkako informazioa erabili dogu atala eguneratzeko.
Gabon aurreko bederatzi goizaldez kale arteko haize hotza doinu bihurtu eta gernikarren lo geldia esnatzera dator.
Zenbat urtez -herriko zaharrenek ere ez dakite noiztik- buruz jarraitu doguzen geure ohean melodia zahar horreek, barruko zirrarak iriparrea ezpainetara dakarkigun bitartean. Marijesiak direz. Marijesien sentimenduz betetako kantua.
Goazen Jose Antonio Aranak Gabonetako Kantak (Canciones de Navidad-Gabonetako Kantak, Colección Temas Vizcaínos, n.º 84, 1981) deitutako liburuan ohitura honetaz dioskuna gogoratzera.
Bizkaiko herri askotan ospatzen dan ohitura bada ere, indarrik handiena Gernika-Lumon dau, Gabon egunaren bederatziurren bezala ospatzen baita. Ikertzaile honen ustez, baliteke gaur ezagutzen doguzan Marijesiak antzerki gisa egiten zirenetariko “Misterio” baten zati izatea. Behintzat ospakizun haietariko baten kutsua gordetzen dauela dirudi: bakarlari eta taldea ondo bereizturik dihoaz beti; badago eliza guztien atean belaunikaturik abesten dan bertsoa, bederatzi gauetan zehar hiru doinu desberdin erabiltzen direz, antzezlanaren hiru akto bailira; errondaren iraupena, urteak joan, ordu eta erdian mantentzea; baita bakarlaria eta taldearen arteko elkarrizketa bera ere; eta, azkenik, XVIII. mendeko antzezlanean Marijesietako bertso berberak agertzen direz zati batean.
XVII. mendeko idazki batetan aukitu izan direz oraindik gaur egun abesten diran Marijesien zenbait bertso. Hauxe dugu horreen aipamen zaharrena. Kristoren jaiotza ospatzeko egiten zirenetariko antzerki zaharren batetik koplak bezala herrira, herritik bertso paperetara, hauetatik berriro XVIII. mendean antzerkira eta hurrengo mendean bertso paperetara berriz, Marijesiak bide luzea egin dabe –dakigun baino luzeago agian- gureganaino bizirik heltzeko.
Eta gaur, atzo bezala, ohiturak honela agintzen dau:
Erronda goizaldeko lauetan hasten da, Andra Mari elizako ate zaharraren aurrean, bakarlariak -hau beti metro batzuk aurretik eta taldeak belaunikoz bertso bat abesten dabelarik.
Gero, pausu bizi, erloju-orratzen noranzkoaren kontra doan ibilbidea osatu (sinistrorsum erara), eliz ate guztietan aipatu bezalako geldiunetxoa eginez. Eta Historia Sakratua osoa garaunduko deuskue bertsoz bertso, batek esan eta besteek erantzun. Adan izan zenetik Kristoren jaiotzara arte, herriaren adimenetik ateratako irudi biziz osoturiko 44 koplatan.
Hasieran, taldetik metro batzuk aurrera doan bakarlariak koplaren lehenengo bi bertsoak abesten ditu. Segidan, taldeko abeslariek, koplaren hurrengo bi bertsoekin erantzuten deutsie. Ibilbidearen hasierako Andra Mari-ko elizan, eta Jaungoiko Santuaren irudia daben herriko beste eliza eta kapera guztietan (Santa Klara, Josefinak, Kaltzada Zaharretxea, orain dala gitxi eraikitako San Frantzisko, Mesedetakoa, San Fidel Ikastolan) taldea gelditzen da, eta belaunikatuz, Eukaristia Sakramentuaren agurra koplaren lehengo bi bertsoak abesten ditu: “Sakramentu Santu Jauna...”. Honen ostean, kopla osorik abesten da eta berriro, ibilbideari hasiera ematen jako.
Aintzina, erronda hiriaren alde zaharrera mugatzen zan. Gaur egun, berriz, abeslariek ibilbidea aldatzen dabe, herriko bazter guztietara heltzeko guran. Azken hamarkadatan Gernikak jaso dauen hirigintza-garapena ezinezkoa bihurtzen baitau tradizioak erritua betetzeko inposatzen dauen ordu eta erdi zehatz horretan herri osoa zeharkatzea.
Bederatzigarren goizaldeko erronda hurrengo eguerdirarte luzatzen da, eta une batez txistulari talde batek laguntzen ditu.
Errituan hiru zati argi bereizten dira. Lehenengo lau gauetan eta melodia zehatzarekin Kreazioa eta Familia Sakratuaren irudiak (hots, Itun Zaharraren irudiak) aurkezten dizkiguten koplak eta “Maria Jose; Jesus, Maria” leloak abesten dira. Marijesien ohiturari izena ematen deutson leloak, hain zuzen bere.
Hurrengo bost gauetan, Jesusen irudian eta Itun Berriari buruzko beste melodia baten koplak abesten dira, “Adoratzen zaitugu, Jesukristo” leloarekin. Lehenengo lau egunetako doinua motela bada ere, hurrengo egunetan alaituz doa. Azkenik, abenduaren 24ko goizean, Gabon egunean, Salbadoriaren jaiotza iragartzen deuskuezen koplak abesten dira, “Bart Belenen jaio da Jesus Nazareten” leloari dagozkionak hain zuzen, hiru erronda jarraian eginez. Goizeko zazpietan, taldea elizara sartzen da eta bertan bigarren erronda hasten da. Aintzina, Marijesiak elizara sartzen zirenean luto-banku izeneko aurreko bankuetan jezartzen ei ziren.
Marijesiek aldez aurretik, gernikar guztiak gonbidatzen ebezen parte hartzen bigarren errondan eta ondoren Pasiolekuan burutzen dan Tortimortxi-txokolatadan. Ostean, goizeko hamarretako azken errondan, abeslarietatik ehun metro aurrerago doazen txistularien laguntzaz diru-eskaera egiten da. Eskaeraren erronda amaitu ostean, Marijesiak eta txistulariak, ohitura danez, herriko tabernetan txikiteoan joaten dira danak batera.
J. A. Aranaren aipatutako liburutik hartu doguz ondoren doazen Marijesien hiru doinu desberdinak eta Daniel Rementeriaren lanetik ondoren doazen koplak.
Lehen lau gauetan, honako kopla hauek abesten dira: “Maria, Jose, Jesus, Maria” leloa “Abendu santu honetan...” doinuarekin. (Eukaristiaren Sakramentuari agurrako lehen kopla, hasieran eta Jaungoiko Santuaren irudia duten herriko beste eliza eta kapilla guztietan abesten da). Eta erabiltzen den doinua hauxe da:
Marijesiak 1. doinua - Maria Jose partitura: Marijesiak-1.doinua-MariaJose.pdf
Hurrengoko bost gauetan (Abenduaren 20tik aurrera) “Jesukristo, adoratzen zaitugu Jesukristo” leloa, “Billozik...” doinuarekin. Hauxe da doinu hori:
Marijesiak 2. doinua - Jesukristo partitura: Marijesiak-2.doinua-Jesukristo.pdf
Gaztelaniaz dagoen 24. bertsoan 2. doinua erabiltzen da, baina leloa “Jesucristo, Ay que bonito es el niño! Jesucristo” da.
Hauexek direz aurreko doinu biekin abesten diran koplak:
1
Sakramentu Santu Jauna
zelebradu zanian,
izena imini eutsen
Jesus Salbadoria.
2
Abendu Santu honetan
Kristoren jaiotzia,
kontentuaren handiz
guztiok poz gaitian.
3
Adan formadu zan
lehenengo lurrian,
pekatu egin eban
paradiso eternalian.
4
Linboan egoan deiez
bost milla urtian,
Jauna zerutik lurrera
etorri artian.
5
Erabagia izan zan
Trinidade altuan,
behar zala bialdu
lurrera aingerua.
6
Nor da hemen mensajerua?
San Gabriel aingerua,
egingo dabena ondo
Jaunaren agindua.
7
Eztator gizonetatik
ez gizonaren obratik,
elejidurik egoan
eternidadetik.
8
Behar zala bialdu
lurrera aingerua,
erremediatzeko
Adanen pekatua.
9
Nabegadua izan zan
bederatzi hilabetian,
mundu honetako
itsasoaren ganian.
10
Urten eizu eguzkia
hedoien arterian,
gozadu zakidazan
bizi nazan artian.
11
Obligaziño bagarik
kunplietan legia,
guri erakustiarren
zeruko bidia.
12
Josepek dirautso
Maria Birjiñiari:
noz deklaratuko daben
esperantza geure hori.
13
Hara hor etxetxu zahar bat
uriaren akabuan,
aberiak eta baiño
eztira sartzen barruan.
14
Eskepe etxetxu baten
dagoz atia joten,
gizona bentanara
txito nekez urteten.
15
Nor eta nor bizi da
etxetxu zahar horretan?
nor eta zer gura zeunke
Jaunaren ordu honetan?
16
Gizonak bentanatik
gau da erantzuten,
nor da ordu honetan
gure atiak joten?
17
Seinale handiak dira
Judeako partian,
egundo honelangorik
eztakusen lurrian.
18
Eguzki dibinala
gaubaren gauberdian,
etorri zan mundura
gizonaren antzian.
19
Idigi dira zeruko
ate diamantezkoak,
harexekin batera
bentana izarrezkoak.
20
Trinidade altuko
bigarren pertsonia,
transformadurik dago
Belenengo portalian.
21
Eguzkia zelan daguan
kristalaren artetik,
semia jaio dala
amaren sabeletik.
22
Astoak arrantzia
idiak arnasia,
halan berotzen eben
jaio dan infantia.
23
Mendian egozala
jaboten ganaduak,
manifestadu jaken
zerutik aingerua.
24
Corrían los pastores
Dejando al ganado,
que daban grandes voces
Jesús sea adorado.*
25
Arkangel San Gabriel
anuntziadoria,
ezkaizuz espantadu
hain jente umildia.
26
Seiña billozik dago
lur hotzaren ganian,
amia beleuniko
negarrez aurrian.
27
Billozik bazagoz bere
ez zara zu pobria,
zeruan josirik dago
zeuretzako erropia.
28
Hotzaren negarrez dago
jaio den infantia,
bere amak dirautso
o musika dultzia.
29
Herodes erregia
faltso traidoria,
zeren damua dozu
Kristoren jaiotzia.
30
Hiru Errege Magoak
hain bide luzian,
ostatu hartu eben
hain etxe pobrian.
31
Gasparrek intsentsua,
Meltxorrek urria,
Baltasarrek eroian
Mirra preziosua.
32
Herodesek esan eutsen
erregieri gabian,
hemendik zoiazela
ni bere joan neitian
33
Dontzella galantori
Maria birjinari,
hemen non jaio jakun
Mesias Erregia.
34
Herodes koitadua
burladu zaitue,
erregiak joan dira
zeu ikusi bage.
35
Agur ba dontzellia
graziaz betia,
zeure izena dozu
Maria Birjiñia.
36
Hemen esan badogu
berbarik deungaro,
Eleiza Ama Santiari
parka eske naiago.
Azken egunean, lehen, gabon eguneko goizean, beste hiru kopla laikoak abesten ziren, lehengo lelo eta doinuarekin: “Da bart Belenen...”. Antza denez, 70. hamarkadan asmatutakoak dira eta erreferentzi politikoak argi ikusten dira.
Hor goiko landetan
eperrak dabiltz kantetan
Errigoitiko alkatiari
Kaka eintziela praketan.
Hor goian Juaniko
hemen behean Periko
eta bien bitartean dago
Martzelino Polanko.
Hor goian Frantzia
Hor behean España
eta bien bitartean dago
Gora Euskadi Askatuta.
Gaur egun, berriz, hurrengo sei kopla hauek azken egunetan abesten dira, zazpietako eta hamarretako (edo eskarietako) errondan, ondorengo leloarekin:
Leloa: Da bart Belenen
Da bart Belenen
Jaio da Jesus Nazaren.
37
Belenengo portalian
estalpe batian,
jaio da Jesus ona
ganadue nartian.
38
Belenengo urian
Gabon gabaren erdian,
Birjiña Santisimia dago
Kontsolaziño handian,
39
Pastore santu birtuosuak
baliau zakiguz gaur hemen,
bart arratsian zer pasatu dan
kontau dagigun Belenen.
40
Korraletako ardiak bere
dantzan ebilzan orduan,
gure Jesusu Salbadoria
jaio dalako munduan.
41
Jesus Dibino gabaren hotza
jausten dan iñetazixe,
erloju bien honelan bada
hil da ganadu guztixe.
42
Hortixik gora niñoiela
ospitaletxu zahar baten,
aita San Jose topatu neban
astotxu zahar bat txalmatzen
43
Nazaretako Tenpluan dago
Dama eder bat jarririk,
Izena berak Maria dauko
ondo graziaz beterik.
44
Bederatzi gau tristetan
ibili gara hotzetan,
emoten bazu limosnatxu bat
sartuko dogu poltsetan.
Leloa: Baibelenak
1
Nazaretako tenpluan dago
dama eder bat jarririk.
Izena berak maria dauko
ondo graziaz jantzirik.
2
Da bart belenen,
Da bart belenen,
jaio da Jesus nazaren.
Baibelenak, ondorengo leloarekin eta doinuarekin: Baibelenak.pdf
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.