Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia

Korta

Kortetan, bizkaieraz, edo Sarobeetan lurraldearen eta baliabide naturalen erabilpen ordenatuaren jatorria egon daiteke.

Lurraren gainean egindako eremu edo sail borobilak dira, eta aintzinako artzain-ekonomian dute jatorria. Lurraldea antolatzeko modu primitiboa da, beraz.

Kortak, sarobeak, saroiak edo bazka-zelaiak abeltzaintza mugimenduaren arabera eraikitzen ziren. Zuhaitzez inguratuta, basoaren erdian artzaintzarako zabaldutako lursailak ziren.

Arratzuko korta

Antzineko basakortak Arrola eta Gastiburuko maldetan, Arratzun

Lurraldearen hasiera-hasierako antolakuntzan berebiziko garrantzia dauka kortabasok, azienda handiak gobernetako erabiltzen ziren eremu zirkularrak. Eremu horiek udal-lurraldeak zehaztu baino arinagokoak dira, eta hondino ere oso erraz ikusi daitezke airetik. Harri bat izaten zuten erdian eta, ha oinarritzat hartuta, zirkulu perfektua egiten zen. Neguko kortabasoek 502 metroko diametroa daukate eta udakoek, berriz, 374koa.

Lursail borobil horiek erdigunean kokatutako harri baten inguruan antolatzen ziren. Harri horretatik hurbil hartu omen zuten atseden abereek. Adituen arabera eraikuntza megalitikoetatik hurbil aurkitzen dira Euskal Herriko kortak. Dena den, inoiz ez omen daude eraikuntza megalitikoen perimetroaren barruan.

Urdaibaiko korta
Urdaibaiko korta, abeltzaintzarako eremua

Historian zehar, Korta Nagusia deitu izan zaio udako saroiari Bizkaian, eta Korta Erdia negukoari. Hala ere, gaur egun jada ez da lurraldea antolatzeko sistema hori erabiltzen. Gainera, gelditzen diren saroiak aire-perspektibatik baino ezin daitezke antzeman.

Euskal Herriari dagokionez, korten funtzioa eta jatorria ezezagunak dira. Beraien inguruko lehenengo testuak XII. mendean agertu ziren. Dena den, korten existentzia XI. mendeko dokumentazioetan ere badela diote adituek.

Kortabaso honetan daukagu euskal habitat atlantiar sabanatuaren jatorria; izan ere, nekazaritza jarduera nagusi legez garatzen joan zen neurrian, eremuotako abeltzaintza bokazioa eraldatu egin zen, eta horreen eremuen barruan giza-talde sedentarioak sortu eta ezarri ziren, hau da, baserriaren inguruan.

Baina kortak ez dira Euskal Herrian bakarrik erabili, izan ere, Kantauriko isurialde guztian zehar sakabanatzen baitira horien arrastoak. Era berean, isurialde atlantikoaren iparralderantz ere zabaldu izan zirela uste dute adituek, Bretainian ere antzeko egiturak aurkitu izan dira eta.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.