Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Migel, herritarrentzat San Miel Ereñuzarreko.

Parrokia: San Migel Goiaingerua.

Kokapena: Ereñozar mendiaren tontorrean.

Sarbidea: Ereñoko herri-gunetik ateratzen den auzo-bideak IE-ko maldatik gailurraren oinera garamatza. Azken tartea harrizko eta zementuzko bidetik egin behar da.

Deskribapena: Oin-plano errektangeluarra (11,25 x 7,30 m) du. Harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak. Bi isurialdeko teilatua. Bao bakarreko kanpai-horma kanpaiarekin. Ateburudun atea M-an. Lurrezko zorua. Oinean eta Epistolaren alboan arkupea du. Bertan, behe-sua eta harrizko jesarleku luzeak daude.

Irudiak: San Migel.

Barnealdean, baselizaren mendebaldeko ateburudun atetik sartutakoan zementuzko zorua eta neurri txikiko eraikina dela ohartuko gara. Leku honetan hareharrizko harlandua gordetzen da. Bere estetika, arkaikoa izan arren –zerra hortzez inguratutako otoizgile baldarra- Erdi Aroko egitura dirudi. Bere ondoan, hilobi monolitikoa gordetzen da. Kanpoaldetik oin-plano trapezoidala du eta barne-alde hutsak forma antropomorfoa du. Buru-aldea eta gorputza lepo zuzen eta simetrikoen antza duen zabalguneak bereizten du. X eta XII mendeen artean data daiteke. Hau ez da inguruko hilobi bakarra, tradizioak dioenez baselizaren alboan beste hilobi batzuk daude.

Artapena: Oso ona. 1982an, "Ereñozarreko San Migelen Lagunen Anaidia"-k eraberritu zuen.

Ereñozarreko San Migel
Ereñozarreko San Migel.

Jaia, kultua eta errituak: Irailaren 29an, San Migel egunean, Eleixugana deitutako lekuan meza eta herri-erromeria ospatzen da. Hurrengo igandean jaia errepikatu egiten da.

Errogatibak: Ereñoko parrokiatik baseliza honetara errogatiban joaten zen. Mezan ura bedeinkatzen zen eta, ondoren, parte-hartzaileen artean banatzen zen. Udalak, pattarrarekin eskertzen zuen.

Antzinako parrokia: Iturrizaren arabera baseliza hau antzinako parrokia izan zen: "la qual fundada en el siglo décimo por los Labradores Censuarios de los Señores de Vizcaya en el pináculo de Hereñozaar, fue trasladada al paraje donde existe". Gaur egungo Ereñoko San Migel parrokiari egiten dio aipamena.

Ehorzketak: Herri-tradizioaren arabera baselizaren inguruan hilobiak daude. Tradizio hau, Iturrizak, XVIII. mendearen amaieran, eta Barandiaranek XX. mendearen lehen herenean jaso zuten.

Haztegiaren sendatzea: Barandiaranen aburuz, teilatutik eroritako urarekin haztegia eta azaleko era guztietako gaixotasunak sendatzen zirela. Iturrizak ere ondo praktika batu zuen: "(...) dentro de la qual existe un sepulcro de piedra areniza con agua que labandose con ella las manos sarnosas quedan sanas".

Horko ur horrekin eskuak eta aurpegia garbitzea, eta ur hori sikatu orduko, baselizaren inguruan hiru itzuli ematea ohitura da.

Kondairak: Barandiaranen arabera: "En el monte Ereñusarre se halla enterrado un idinarru, pellejo de buey, lleno de oro".

Herri-tradizioaren arabera bizian behin baseliza hau bisitatu behar dela eta horrela egin ezean hildakoan egingo dugula. Hildakoen erromesaldia gauez da, eta baselizaren inguruan haize-ufada bortitzak sortzen dituztelako bertan daudela ohartzen gara.

Oharrak:

Antzinako gotorlekua: Iturrizaren arabera, baseliza inguratzen duen zirkunferentzian "existen los bestigios de vna fortaleza, ó Castillo que no pudieron conquistar los Reyes Dn. Alonso vndecimo, y Dn. Pedro el Justiciero que vinieron a Vizcaya contra sus señores Dn. Juan Núñez de Lara y el Conde Dn. Tello como relatan el Capítulo 137 de la Coronica de dho. Rey Dn. Alonso, y las Coronicas de Vizcaya escritas el año de 1404".

2008an eta Mikel Neirak zuzenduta San Migel baselizaren inguruan indusketak egin ziren. Erdi Aroko gaztelu baten eta gaur egungo baselizaren aurretik zegoen elizarekin erlazionatutako Erdi Aroko nekropoliaren aztarnak aurkitu ziren.

1978ko martxoaren 23an, Eguen Santu egunean, leherkaria jarri eta ermita suntsituta geratu zen. 1982an berritu dute berriro.

1970. urtean Ereñozarreko San Migelen Lagunen Anaidia sortu zen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.