Izena: Jainkoko Ama, herritarrentzat Jainkoko Ama Birjiñe eta Andra Mari.
Parrokia: San Martin Gotzain.
Kokapena: Jainko auzoan, tontorrean, Abade-etxearen eta Jainko baserri-etxe bien ondoan.
Sarbidea: Mungia - Gernika-Lumo errepidea. Soietxen Arrietarako desbideratzea hartu. Herriaren erdialdean auzo-bide bat hartu eskumara. 3 km egin ondoren berriro hartu eskumara. 100 m-ra ermita dago.
Deskribapena: 19,45 x 9,60 m-ko oin errektangeluarra. Hormak begi bistan dagoen harlangaitzezkoa. Ertzak, berriz, harlanduzkoak. Hegoaldean, ataripearen gainean, hormak luzituta daude. Bi isurialdeko estalkia. Bao bakarreko harlanduzko kanpai-horma. Kanpaiaren goialdean XVIII. mendean dataturiko bi akrotera piramidal eta harrizko gurutzea daude. Barne aldera, gurutzeriazko ganga, hormari erantsitako harlanduzko sei pilastra gainean oinarrituta. Hego-mendebaldean arku eskartzanoa duen atea dago. Ipar-mendebaldera bi ate daude. Batak, punta erdiko arkua du eta, besteak, arku eskartzanoa. Ipar-ekialdera ate bat itsututa dago. Arku zorrotzeko lau leiho hego-mendebaldean. Egurrezko zorua nabean eta harrizko harlauzak presbiterioan. Ataripea du. Epistolaren ondoko ataripean dagoen jesarlekua harrizkoa da eta hormari erantsita dago. Ataripe honetan ur bedeinkatuko ontzia hareharrizko pilarearen gainean.
Irudiak: Andra Mari, Birjina. Abade-etxean Asisko Frantziskoren irudia gordetzen da.
Eraikinaren barne-aldean sagrarioa eusten duen oinarri moduan hilarri bat dago, behe-erliebea irudikatuta duena.
Artapena: 1747an, Juan Helguero Bilboko harginak eraikin hau erabat eraberritzeko trazak prestatu zituen. 1751n, lanen ordainketa amaitu zen. Mende bat beranduago, 1840an, oinaztura batek kalte handiak eragin zizkion eta zati bat zaharberritu behar izan zen. 1970ean eraberritu eta erreformatu egin zen. Presbiterioan berezko arrokaren punta bat agerian utzi zen.
Jaia, kultua eta errituak: Irailaren 8an, Amaren Natibitate egunean, abestutako meza eta herri-erromeria ospatzen da gaur egun hutsik dauden auzo-eskoletako zelaian. Jaiaren aurretik bederatziurrenak egiten ziren. Irailaren 9an auzoko hilen aldeko meza ospatzen da. Irailaren 10ean ere meza eta erromeria ospatzen da.
Abuztuaren 30ean, Santa Rosaren jai-egunean, meza eta erromeria ospatzen zen. Elizaren erreformarekin santa honen irudia kendu egin zenez bera oroitzeko jai-eguna ez da ospatzen.
Erreguak: San Marko egunean Arrietako parrokiatik errogatiban joaten zen.
Uztailean soroen bedeinkapena egiten zen.
Eskaerak: Baseliza honetara haurdun zeuden emakumeak etorri egiten ziren San Ramon Nonatori erditze ona eskatzera. Aipaturiko erreformarekin Santuaren irudia kendu zenetik eskaera hori ez da egiten.
Igandetako Kultua: Igandeetan (gaur egn zapatuetan) kultua dago eta sagrarioa kontserbatu egiten da. Noizbehinka ezkontzak eta bataioak ere ospatzen ziren.
Duela urte gutxi batzuk arte Santutegiak bere zerbitzura abade-etxean bizi zen abadea izan du.
Hilarria: Aldarearen oinaren funtzioa betetzen duen hilarria hareharrizko bloke bikoitza da. Litekeena da erromatarren edo bisigodoen garaiko hilarri sepulkrala izatea. Baselizaren erreforma-lanak egin zirenean presbiterioan aurkitu zuten. Hilarriaren bloke biek talde trapezoidala osatzen dute. 0,78 m-ko altuera du. Zabalera oinarri nagusian 0,56 m-koa da eta oinarri txikian 0,62 m-koa. Lodiera, berriz, 0,26 m-koa da.
Aurreko aldearen apaindura aspa handi bat da. Bere besoek diagonalean kokatutako angeluak lotzen dituzte. Intersekzio-puntuan moztu egiten dira sinbolo astral batekin lotzeko. Sinbolo hori triskel dextrogiroa da eta eguzkia adierazi nahi du. Lodiera bereko, hots, 6 cm-ko beste marra bat dago. Lerro paraleloz osatuta dago. Azaldutako adierazpena ez da oso ugaria gure inguruan.
Eskumako aldean gurutze latinoa dago. Beso bien intersekziotik lortutako lauki txikia aspa eran mozten diren bi diagonalez osaturik dago. Ezkerreko aldean 0,46 m-ko zerrenda bertikala dago. Bertan, gurutzearen bere aurkakoaren izaera eta banaketa-era bereko lerroz osatuta dago.
Ohar historikoak:
Antzinako Parrokia: Iturrizaren aburuz antzinako parrokia izan zitekeen:
"..es dable que en la antiguedad fuese Parroquia Sacramental dicho Heremitorio de Gainco por que se halla con cimenterios alrededor, y por Causa de Corta feligresia se suprimiese, con la reserva de acudir con las decimas a los Señores de Vizcaya":
Egile beraren aburuz ermitauarentzako etxea zuen.
Irudia: Baseliza honetan beneratzen zen Andra Mariren irudia Lizarraldek aipatzen du: "Hermana gemela de las de Fruiz, de Morga, de Derio...".
Aitzinean, baseliza honetan, fiel errejidoreen hautaketa egiten zen. Iturrizak honelaxe dio:
"...esta vltima es devoto Satuario donde se hace eleccion de fieles regidores el año nuevo (...) En las pesquisas que se hicieron en los años 1381 y 1487 sobre el valor de las Ofrendas y decimas de las Iglesias realengas, resulto de Patronato real, y anexa de la de Sn Marti".
Oharrak: Duela 80 urte inguru Pantxikuku deituriko irudi-egilea hil zen. Berri-emailearen arabera abade-etxean gordetzen den San Frantziskoren eta beste irudi askoren egilea da. Desagertutako aterpean, orturako tresnak gordetzen diren txabolan, irudi-egile horrek bere zurgin-tailerra zuen. Baselizaren ondoko Jainko etxean bizi izan zen.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.