Izena: Andra Mari Madalen.
Parrokia: Arratzuko Santo Tomas parrokiako Fabrika-Liburuetan aipatuta ageri da.
Kokapena: Errenterian zegoen baseliza horren aztarna bakarra Maloste toponimoa da. Maloste Errenteriatik Mendietarako bidean dagoen etxe multzo bati esaten zaio. Antza denez, Maloste "Madalen oste"-tik dator. Alberto Iturriarte historiatzaileak hauxe dio:
"esta ermita estaría en lo que fue la plazuela principal. Es decir, la zona comprendida entre Maloste, el molino Urrengo, la casa de la Magdalena, la cruz de Rentería y la herriko etxea -en el viejo edificio que durante años lo ocupó la antigua taberna de Goiritxu-. Concretando más: muy cercano al antiguo caserío caserío Kaleko, posiblemente entre sobre el trazado de la carretera que venía de Lekeitio, y muy cercano a la casa Kateko".
Deskribapena: Bere arkitektura nolakoa zen ezezaguna da.
Artapena: Desagertuta.
Ohar historikoak: Kontzejuko ermitarik garrantzitsuenetarikoa izan zen Madalen eta 1592an sinatutako testamentu batean aipatzen da lehendabizi. Errenteriako Urrengoerrota errotaren zortzirena saltzen dela aipatzen duen agiri horretan behin eta berriro aipatzen da saldu egiten dela “la octava parte del molino Madallengo herrotea, vecinito a la ermita de la Madalena del concejo de Ajanguiz”.
1680an Busturiako merindadeko Teniente Jeneralak egindako bisitan elizak eta parrokiak idazten dira, eta Ajangizen “Santa Magdalena” deiturikoa bildu zen. Gainera, baselizan herri-batzarrak ospatzen dira, behin baino gehiagotan aipatzen den moduan: “en la hermita de la Magdalena del conzejo de Ajanguiz paraje acostumbrado para los aiuntamientos y congresos que se ofrezen en el referido concejo”.
1751, 1752, 1758 eta 1768 urteetan berriro aipatzen da.
1793an, Frantzisko Mateo AgirIano Gomezek, Kalagorriko Gotzainak, egindako bisitan badio baseliza hau egoera onean dagoela, baina San Bartolomeren aldare txikia dela eta baseliza horren barnealdean bolbora-kupelak gordetzen direla ere esan zuen. Orduan garaurik ez bazen ere, morroiak biltzen zituen hamarrenak hor gordetzen zirela jakinaren gainean zegoela gehitu zuen bisitatzaileak. Kontzeju (Ajangiz) horretako herritarrak sasoian sasoiko gaiak lantze aldera biltzen zirela ere aipatu zuen. Bisitatzaileak zera agindu zuen: bisita-autoa argitaratu eta hogei egun eta gero, aldare txikia kendu eta kontsakratutako beste handiago bat jartzeko, ermitatik bolbora-kupelak ateratzeko, hemendik aurrera bertan garaurik ez gordetzeko, eta sasoian sasoikoak eta profanoak diren gaiak lantzeko Batzar gehiagorik egin ez egiteko. Agindutakoa bete ezean berrogeitamar duketen isuna jarri eta arauen arabera ezarri beharreko bestelako zigorrak indarrean jarriko zirela argi utzi zuen.
1824an Joakin Barrenetxeak, Gregorio Elgezabalek eta Ramón Urgoitiak baselizan egindako lanen berri biltzen da.
Baseliza XIX. gizaldian egon ziren gatazken biktima izan zen eta Ajangizko liburu parrokialetan zera dakar: “en Errenteria existía la ermita de Santa María, la cual y debido a la guerra, pereció el 4 de mayo de 1835 en el incendio habido en ese barrio. Sólo quedaron las paredes y en la actualidad la ermita es usada para otras cosas que nada tienen que ver con la religión”. Baseliza eta bertako artxibategia erre egin ziren.
Ajangizko Udalak baseliza ez altxatzea erabaki zuen eta hormetako harriak aprobetxatu egin zituen Mendietan eraikitzen ziharduen parrokiarako. Errenteriako auzoa baseliza barik geratu zen eta Gernika-Lumoko uriak egoera hori aprobetxatu zuen eliztarrak bere eliz-jurisdikziopera eramateko. Egoera horren aurrean, XIX. gizaldiaren erdialdera, Ajangizko Udalak honako eskaera hau egin zion Elizbarrutiko Gotzainari, eraiki dadila “en este barrio la ermita de San Bartolomé y Santa María Magdalena (se mencionan los dos nombres) que existió hasta que en 1835 se incendió”. Baseliza ez zen inoiz altxatu.
Andre Maria Madalena, ermita leku sakratua izatez gain, Ajangizko eta Errenteriako hiritarren batzarrak egiten ziren lekua zen. Horrela baieztatzen dute hainbat agirik (1751, 1813, 1816, 1833... urteetan dataturikoak). Agiri hauetatik suma daiteke baselizak atari estalia zuela eta deliberazioak era erosoagoan egiteko harrizko mahairen bat eta jesarleku luzeak izango zituela.
Hala ere, ohitura horiek ez ziren Kalagorriko Gotzaitegiaren gustukoak. Hori dela eta, 1793an horrelako bilerak egitea debekatu zuen. Agindu horren ez zuen indar handirik izan, urte batzuk beranduago, 1873an, herritarrek bertan biltzen jarraitzen zutelako.
1835ean suntsitu eta gero Udalaren aktibitatea Mendietako Jaunaren Igonkudeko ermitara eraman zen.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.