Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Joan Bataiatzailea. Antzina, antza denez, San Martin esaten zitzaion, eta horrela aipatzen du Iturrizak.

Parrokia: Jaunaren Igokundea.

Kokapena: Kanpantxu auzoan, tontor baten Uriarteaurreko baserri-etxetik 50 metrora.

Sarbidea: Amorebieta-Etxano - Gernika-Lumo errepidean, Hiribururako sarreran, Gurutz Gorriaren gaur egungo kokalekuan Kanpantxu auzora doan eskuinalderako desbideratzea hartu. Hortik 1,600 km-ra dago baseliza hau.

Deskribapena: 12,25 x 5,60 metroko oin angeluzuzena dauka. Hormak harlangaitzez eginda dauzka, harlanduzko kantoi-harriekin. Teilatua isurialde bikoa da, bost zinbria gainean dago eta harlangaitzezko kanpandorrea dauka, kanpai bat dauka bao batekin eta goiko puntan harrizko gurutze bat. Atea erdi puntukoa da, hegoaldera begira dago eta gurutzea dauka erliebean. Era berean, ekialdeko horman leiho dinteldun bi ditu. Nabean behearen gainean terrazoa dauka eta presbiterioan harrizko losak. Amaitzeko, atari txiki bi ditu Ebanjelioaren eta Epistolaren alderdian eta egoera onean daude.

Irudiak: San Joan Bataiatzailea, San Martin eta Santa Mañeren (ezaugarriengatik Santa Margarita dirudi) irudiak ditu.

Artapena: Ona. 1981ean berriztatu zuten Elizbarruti, Udal eta auzokoen diruekin eta gainera, auzokoek konpontzen lagundu zuten.

Jaia, kultu eta errituak: Ekainaren edo bagilaren 24an, San Jon Bataiatzailearen eguna ospatzen da. Meza egiten da eta gero erromeria. Loreak eskaintzen zaizkio San Juani.

Ekainaren 25ean auzoko hildakoen aldeko meza egiten zen.

Aitzinean, azaroaren 11n, San Martin egunean, meza ospatzen zen.

Lemandaroko San Joan baseliza
Lemandaroko San Joan baseliza.

Erreguteak: Ajangizko parrokiatik baselizaraino joaten zen errogatiban, Asentsio aurreko hiru egunetariko baten.

Domeketako Kultua: Aitzinean baselizan igandetan kultua egoten zen. Bertan, ezkontzak eta Bataioak izaten ziren.

Ohar historikoak: Labayruren 1641-1642ko kronikan Lemandaro auzoko San Juan Bataiatzaile eta San Martin izenekin aipatzen da.

1736ko otsailaren 24ean Kalagorriko Gotzaintzearen bisitatzailea etorri zen. Baselizako ondasunak aipatzen dira:

"Memoria de los bienes que tiene y posee la hermita de San Marn, y S. Juan Baupta. de Lemandaro sita en el Conzejo de Ajangiz.
Primeramente tiene y posee una arboleda contigua a la dicha hermita que produze de corte a corte unas treinta cargas de carbón poco más o menos.
Ytt. el altar con los bultos de los dhos. santos muy dezentes.
(...)
Ytt. con esquilon dezente por el qual se rezela no se halla endido por el eco bronco que despide.
(...)
Ytt. todo el pavimento de la hermita muy bien reparado".

San Martinen izena XVII. gizaldi hasierako testamentu batzuetan agertzen da eta 1759an ere horrela deitzen zitzaion, inguruko errepideei buruz dokumentu baten agertzen den legez.

“el camino que se dirige desde la hermita de la Magdalena hasta la de Asunción y consiguiente hasta la de San Martin, se considere como real publicos de procesiones, y letanias y servidumbres”.

1864an dokumentazioan bakarrik San Juan agertzen da. Beraz, XIX. gizaldi hasieran aldatu zela esan genezake. Era berean, "Lemandaro" izena Antzinako Erregimenean kontzejuan egon zen izen bereko kofradiarekin erlazionatuta dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.