Izena: Santa Katalina.
Parrokia: San Migel Goiaingerua.
Kokapena: Akorda auzoan, Ereñotik Nabarnizerako errepidearen alboan.
Sarbidea: Ereñotik Nabarnizerako errepidea. Akorda auzoan, 46,700 km-an, ezkerraldean, baseliza dago.
Deskribapena: Oin-plano errektangeluarra (10,15 x 7,70 m) du. Harlanduzko hormak eta harlangaitzezko ertzak. Hiru isurialdeko teilatua bi zinbrien gainean. Goian burdinazko gurutzea du. Kanpaia, bao batean, fatxada nagusian dago. Ateburudun atea HM-an. Bi gezi-leiho IM-an. Zeramikazko harlauzazko zorua.
Irudiak: Santa Katalina, Santa Luzia eta Santa Barbara. Irudi hauek birjina-hirukotea osatzen dute.
Artapena: Ona.
Jaia, kultua eta errituak: Azaroaren 25ean, Santa Katalina egunean, hurrengo domekan, meza eta herri-erromeria egoten da.
Abenduaren 13an, Santa Luziaren eguna ospatzen da eta meza izaten da; hurrengo egunean, abenduaren 14an, Santa Barbara egunean –bere jaia abenduaren 4an izan arren- jaia egoten da. Egun aldaketa horren arrazoia hauxe da: parrokian, abenduaren 1etik 8ra, Sortzez Garbiaren bederatziurrena ospatzen delako.
Ohar historikoak: Baseliza honen gainean dugun aipamen dokumentalak bi dira. Bata, Ereñoko zein Nabarnizko herritarrek XVII. mendetik aurrera emandako limosnen berri ematen dituzten testamentuak dira. Bestea, San Migeleko parrokiako Fabrika-Liburuan adierazten den 1793ko bisita-autoa da. Bisitatzailearen arabera Santa Katalinako baseliza oso egoera penagarrian dago; gurutzea apurtuta dago eta, era berean, aldarea estaltzeko ganga txikia falta da, erorita izateagatik alegia, ondorioz “éste se hallaba lleno de tierra y polvo”; seguerenez konpondu zen, 1847ko autoan esaten denez San Migel, San Martin eta Santa Katalina baselizak egoera onean daude, halere “en esta última apenas se conoce la imagen de la titular” eta horregatik bere zaintzearen ardura duten pertsonek bertako santaren irudia berriz margotzea agindu arte meza ospatzea debekatu egiten da.
Agirietan Santa Katalina aipatzen den arren, baselizak hiru birjinen izenak ditu: aipaturikoa, Santa Luziarena eta Santa Barbararena; bakoitzaren egunetan (azaroaren 25ean, abenduaren 13an eta hilabete horren 14an) erromeriak ospatzen dira.
Baseliza honek, aurreko mendeetan, Akordako herritarrek ekimen erlijiosoak ospatzen zuten lekuarekin batera eskritura notarial ugari egindako lekua ere bada.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.