Izena: Karmengo Ama, herritarrentzat Karmengo Amabirjiña.
Parrokia: Asuntzioko Andra Maria.
Kokapena: Zendokiz auzoan, tontortxo batean, Aldamiz auzora doan bidearen eskumaldean. Inguruko baserri-etxeak: Goikoetxe eta Bekoetxe.
Baselizaren ondoan hilda dagoen tamaina handiko haritza dago. Bere gainean ale gazte bat landatu zen.
Sarbidea: Gautegiz Arteagatik Ibarrangelura doan errepidean 40,800 km-ra eskumara hartu behar da desbideratzea. 50 m-ra baseliza dago.
Deskribapena: 7,35 x 4,50 m-ko oinplano errektangeluarra. Zuriz luzitutako harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak. Bi isurialdeko estalkia. Bao bakarreko kanpai-horma kanpaiarekin. Ate eta leiho dinteldunak ipar-ekialdean, bai eta aulkia hormari itsatsita ere. Egurrezko zorua. Atearen gainean ondoko inskripzioa dago: 1.879an EGINA / 2.001an BARRIZTUA.
Irudiak: Karmengo Birjina, Ume Jesusen Aurkezpena Tenpluan eta Familia Sakratua.
Artapena: Ona. 2001 urtean eraberritu zen
Jaia, kultua eta errituak: Uztailaren 6an, Karmen Birjinaren egunean ospatzen da. Jai herrikoia hurrengo igandean izaten da. Abestutako meza izaten da, baina ez erromeriarik. Egun horretan haritzaren azpian meza ospatzea ohitura da. Auzotarren etorritakoei eskertzeko ardoa eta gailetak eskaintzen zizkieten.
Hilero, azken igandeetan, meza ospatzen zen.
Karmengo Birjina itsasgizonen babesletzat hartzen da; horregatik, itsasgizon batzuk edo horien senitarteko batzuk oin hutsean joaten ziren ermitaraino.
Zendokizko Abeltzain-Anaitasunak, bere bilerei hasiera emateko, hemen berton meza ospatzen zuten.
Exbotoak: Baseliza honetan itsaso-exbotoa dago, itsasontziaren maketa alegia.
Ohar historikoak: Luzio Arizmendiren aburuz Zendokizko semea zen José Ignacio Merika-Etxebarria aitak eraikitzea agindu zuen. Apaiz hori 1983an hil zen Foruko komentuan. Sarri askotan, bere gurasoei eta auzo-lagunei esanda zien diru apur bat batutakoan Karmengo Birjinari zuzendutako baseliza bat eraikiko ziela auzoan, LEKU SAKRATU horretan Meza Santua entzun, eta Gurutze Bidearen, Calbariyuac-en eta Arrosario Santuaren debozioak landu zezaten igandeetan eta jai-egunetan. Izan ere, batzuk adinez oso nagusiak ziren eta ezin izaten zuten Gautegiz Arteagako parrokiara jaitsi.
1879ko abuztuaren 26an, Vitoriako gotzaindegiak baseliza hori eraikitzeko baimena eman zion.
Horretarako aukeratu zuen orubea bazen "junto al roble secular y árbol juradero", bertan auzoa eta inguruak biltzen ziren euren arteko konponezinak konpondu, erabakiak hartu eta euren artean bakean eta adiskidetasunean bizitzeko.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.