Izena: Jesus Gurutziltzatua, herritarrentzat Krutzifizua.
Parrokia: San Migel Goiaingerua.
Kokapena: Elexalde auzoan, Eleizpi baserri-etxearen ondoan –gaur egun Txomin Taberna- eta San Migel parrokiatik 30 m-ra kokatuta zegoen. Ereño-Nabarniz errepidearen ezkerraldean zegoen.
Oharrak: Baseliza honek betetzen zuen lekuan, gaur egun, loreak dituen terraza dago. XX. mendearen erdialdera suntsitu zen.
Gurutze Santuaren baseliza hau, Iturrizaren arabera, 1578an sortu zen. Gurutze-Tokia izan zen
1973ko bisita-autoan esaten zenez “se hallo bastante maltratada, su tejado con muchas goteras, el interior sin adorno y la imagen de Christo deslucida en su pintura y otra efigie de San Gerónimo ridícula y fea” eta, beraz, meza ospatzea galazo egin eta lau hilabeteren buruan aurkitutako kalteak zuzentzeko agindua ematen da. Epe hori betetakoan agindutakoa bete ez bada erauntsi beharko da “poniendo una cruz en el sitio que la ocupa en señal de haber sido sagrado”. Baliteke egin beharreko konponketak egin izana, baina 1836. urtera arte ez dago horren berririk. Urte horretan, Fabrikaren kontuetan Kristo Santuaren baselizan egindako lanen berri ematen da. Lanon egilea Juan Aquilino Intxausti dela eta egindako lanengatik 116 erreal kobratu zituela badio ere, ez du zehazten egindako lana zertan zetzan. Kontuen kobraketen bidez badakigu 1925ean baseliza honen jabeak, parrokiako Fabrikak alegia, baseliza honi zegozkion hainbat sail saldu zizkiola Elexpe baserri-etxean, hau da, saldutako sailetatik oso gertu, bizi zen Bonifacio Etxebarria Mendozona Jaunari; halere, baselizak, oraindik ekialdean eta ipar-ekialdean lur-sailen jabe izaten jarraitzen zuen.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.