Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Joan Lepogabetua, herritarrentzat San Juan Gaztelugatxekua, Doniene.

Antzinako agirietan: Haitzeko San Juan.

Parroquia: Bakioko San Pelaioko parrokiari.

Kokapena: Gaztelugatxe irlaren gainean, lurrera zubi batekin lotuta, Matxitxakoko lurmuturraren mendebaldera.

Sarbidea: Bermeo-Bakio errepidea, 31,800 km-an, eskumara desbideratzea hartu haitz ikaragarri horren azpiraino. Azken tartea bide estutik egiten da eta 213 maila (1985ean) igo behar dira. Harkoskorrezko eta harlauza txikiko zorua da.

Deskribapena: Oin-plano errektangeluarra (15,30 x 7,80 m) du. Abside poligonala du oin-planoan adierazita. Barnealdean, presbiterioa eta nabea puntu erdiko arkuarekin banatuta daude. Harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak ditu. Hamaika horma-bular ditu: 4 Iparraldean, 4 Hegoaldean eta 3 Mendebaldean, absidean. Bi isurialdeko teilatua. Bost uretako absidea. Harlanduzko bao bakarreko kanpai-horma kanpaiarekin eta Ekialdean harrizko gurutzearekin. Ekialdean, harlanduzko ateburudun atea peraltedun puntu erdiko arrosetoiaren azpian. Dinteldun atea eta hiru bao zirkular, kristalez estalita hegoaldean. Egurrezko zorua. Harlauzazko arkupea. Egurrezko koroa mendebaldean. Ebangelioaren aldean arkupea. Fatxada nagusian, kanpai-hormaren azpian, San Joan Lepogabetuaren irudia dago hagidun zirkuluerdian sartuta. Ermitaren portadaren goialdean bi inskripzio ditu:

SEYSO / JUAN JOSE IMATZ FUE / MAYORDOMO DE SAN / JUAN GASTELUGACHE / CUANDO SE REDYFYCO ESTA ERMYNTA EN EL / AÑO DE 1886.

ZEYZO EN EL AÑO 1886 / ZEREEDYFYCO EST / EZANTUARYO DE SAN / JUAN DE GASTELUGA / CHESYNDO CONTRATY / STAX BENANXYODENA / CHYONDO Y SUXOXYO.

Irudiak: San Joan Lepomoztua –seguruenez Erdi Arokoa-, San Pedro, San Pablo –XVIII. mendekoa-, Sortzez Garbiaren Birjina –XVII. mendekoa-, Karmengo Ama eta San Antonio.

Ontziak eta itsaso-hondoratzeak adierazten dituzten margo-exbotoak: bost. Hiru ontzi-exboto, zinbrietatik eskegita.

Artapena: Ona. 1978an sutea izan zen. Bermeoko biztanleen eta beste era bateko laguntzaz konpondu zen.

Jaia, kultua eta errituak: Santutegi honetan erromeriak dituzten hiru jai ospatzen dira eta inguruko hiru herri desberdinetatik jendea hurreratzen da.

Ekainaren 24an, San Joan egunean, Bermeokoak datoz.

Uztailaren 31n, Loiolako San Inazio egunean, Arrietakoak doaz.

Abuztuaren 29an, San Joan Lepomoztuaren egunean, Bakiokoak datoz.

Mezak etenaldirik gabe ospatzen dira goizeko 6:30etatik 13:30etara.

Hildakoen aldeko meza ugari eskaintzen dira. San Joani kandelak eskaintzen zaizkio. Mezak amaitutakoan San Joanen erlikiari musua ematen zaio. Irteeran, lehenago bedeinkatu diren San Joanen eskapularioak saltzen dira.

Garai batean, Ostiral Santuan, prozesioan Gurutze Bidea otoitz egiten joaten zen San Pelaiko baselizatik.

Baseliza hau herri-tradizioetan oso aberatsa da.

Santa Ana Birjina Haurrarekin irudia oso beneratua izan da. Umerik ezin izan zezaketen horiek Santa Anaren esku hartzea eskatzen zuten. Horretarako, irudiari berari, baselizatik eskegita ume-arropak uzten zituzten. 1981etik irudia Bermeoko kapera baten beneratzen da. Erritu bera egiten da Santutegian gordetako Sortzez Garbiaren irudi moderno batekin.

San Joan Lepogabetuari buruko minak kentzeko ere eskatzen zitzaion. Horretarako, buruarekin zerikusia zuen edozer (gizonezkoek txapela, eta emakumezkoek orratza…) uzten zen baselizan.

San Joanengana ere amets gaiztoak osatzeko joaten zen. Gaur egun, oraindik ere, desio bat eskatzeko kanpaiari bueltak emateko ohitura bizirik dirau.

Zabalak ohitura hori aipatzen du: "... En Gaztelugatx se cura el dolor de cabeza poniendo esta al par interior del hueco de la campana y haciendo sonar a la campana en tal disposición tres series".

Autoreak berak ere badio tartamudoak ziren pertsonek ukabilean gor zezaketen dirua San Joani eskaintzen ziotela. Era berean, ondo jaiotako seme-alabak bidean aurkitutako lehen gizonezko eta emakumezkoen laguntzaz batailatu egiten zirela.

Babak zituztenak oinak landutako harrietan jartzen zituzten.

Hilobiak: Lur azpian Erdi Aroko harrizko hilobiak aurkitu ziren. Oraindik, elizan egindako azken lanetan giza aztarnak agertu dira.

Ohar historikoak: Iturrizak idatzi zuen legez, baseliza X. gizaldian eraiki zen, San Joan Bataiatzailearen izena hartuta. XI. gizaldian ostera, Haitzeko San Joan izena eman zitzaion.

Dohaintza: Agiri-sortetan honen gainean dagoen lehenengo aipamena 1053koa da. Urte horretan Bizkaiko lehenengo Jauna izan zen Iñigo Lopek baseliza Aragoiko San Juan de la Peña monastegiari eman zion. Baselizak bere lur propioak zituen. Era berean, haitz honetan erromesak hartzeko hogei oheko doako ostatua eta behin betiko ermitaua izan direla diosku Labayruk.

Alfonso XI.aren Kronikan, hau da, 1334an, Gaztelugatxeko San Joanen gotorlekua zegoela agertu arazi zuen. Errege horrek, Bizkaiko Juan Nuñez Larakoarekin eduki zituen guduetan zehar, gogor ekin omen zion gotorlekuari.

Labayruk berak 1488ko bere kronikan badio Gastel-Ugach"en egotearen berria nahiko hedatuta zegoela.

Autore batzuen aburuz bertan tenplarioen monastegia egon zen eta ondoren premontretar ordenekoak bizi izan zirela. Azken hauek, bertako agiriak eta erlikiak hartu zituzten eta Salamancako ikastetxera eraman zituzten. Anton Erkorekak Salamancako San Esteban komentu dominikoen fondoak aztertu ditu eta bertan ez du agiri horien inolako aztarnarik aurkitu.

Eskura etorri zaizkigun beste agiri-sorta batzuen bidezko berriek XVIII. gizaldera eramango gaituzte. Orduan, ingeles kortsarioek baselizari eraso zioten:

“Día 29 de Abril de 1782: invadieron á la Parroquia de San Juan de la Peña en la xurisdicción de esta Villa; dos lanchas de dos Corsarios Garnesies á las siete de la mañana: y robaron un relox, dos camas, un navío que regalado San Juan por un devoto se hallaba en la Iglesia; los vasos sagrados y ornamentos fueron transportados por los curas de la expresada parroquia el mismo día antes de la invasión: No tuvieron lugar para mas los Ingleses, por haver prontamente a rechazarlos el paisanaje armado de esta Villa”.

Kondairak: Kondaira baten arabera lekua san Juan Bataiatzaileak berak bisitatu zuen. Bermeoko portuan lehorreratu zen eta, hiru erraldoi-urrats eginik, baselizara iritsi zen, bideko hainbat puntutan bere oinatzak utzita. Lehenengoa, Bermeoko San Juan arkuan (San Juan Portalie, jatorrizko harria apurtuta zegoenez berria jarri zen 1982an). Bigarrena, Araneko Itsasalde baserriaren ondoan Burgoako gainean. 1982an harri berria jarri zen. Hirugarrena, Burgoako gainean zegoen. Baina baselizarako ohiko bideak garantzia galdu zenez, oinatz hau galdu egin zen eta 1981n berraurkitu. Hurrengo urtean, baselizarako sarbideko azken mailan kokatu zen. Hiru pausuen suzesioa errespetatzeko laugarren bat kokatu zen Bermeotik Bakiorako errepidearen ondoan, Ermu baserri-etxetik gertu, laugarren berri bat jarri zen.

Informazio gehiago Urdaibaiko Ipuinak eta kondairak eta Urdaibaiko Mitología Histegia

Nahitako sutea: 1978ko urriaren 10ean sua eman zioten baselizari. Lau hormek bakarrik iraun zuten bizirik. San Joanen burua botata eta oso kaltetuta agertu zen haitzetan. Baseliza berria berreraiki arte Bermeoko Frantziskotar Anaien komentuan gordeta egon zen. 1980an baseliza berria zabaldu zen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.