Izena: Elurretako Ama, herritarrentzat Amabirjiñe Niebezkoa, baita Edurtzetako Andra Mari ere.
Parrokia: Andra Mariaren Natibitatea.
Kokapena: Oka ibaiaren ondoan eta izen bereko dorretxearen aldamenean.
Sarbidea: Amorebieta-Etxano – Gernika-Lumo errepidea; Oka dorretxea igaro eta gero, eskumatara bidea hartu. Hemendik baselizaraino helduko gara. Aipaturiko dorretxea 200 m-ra dago.
Deskribapena: Oinplano errektangeluarra (14,37 x 6,40 m). Alboetako hormak eta eliza-burua harlangaitzez eginak dira, eta ertzak eta aurrealde nagusia, berriz, harlanduzkoak. Bizkar-zorua isurialde bikoa da. Aurrealde nagusiaren gainean huts-gune batetan kanpai bakarra daukan kanpai-horma dago, tontorrean burdinazko gurutzea eta piramide antzeko akrotera bi dauzkana ipar-mendebaldean eta beste bat hego-ekialdean. Zoladura harlauzkoa da nabean eta zurezkoa aldare aurrean. Fatxada nagusian ondoko inskripzioa dago: OCA / AGOSTO AÑO 1889 / NUESTRA SEÑORA / DE LAS / NIEVES.
Irudiak: Elurretako Amaren, Santa Teresa, Jesus Haurraren Santa Teresita eta Bihotz Sakratua.
Artapena: Ona.
Elurretako Amaren eguna abuztuaren 5ean ospatzen da; 1975 urtera arte meza eman izan zen egun horretan, harrezkero itxi egin zitzaiola.
Errogatibak: Egun horretan letaria-prozesioa ere egiten zen Gorozikako parrokiatik (Udal propioa zuenean) baselizaraino, Asentzio egunaren aurreko hiru egunetariko batetan. Parte hartzaileei anisa, koñaka eta gailetak, txitxiparratxua, ematen zitzaizkien. Ura bedeinkatu et aparte hartzaileen artean banatzen zen. Soroetan jarritako gurutzeak bustitzeko erabiltzen zen.
Eraisketa: Iturrizak dioenez, 1.496 urtean erasi zuten Oka eta Askoetako Saenzek eta beronen emaztea zen Butroe eta Muxikako Maiora Gonzalez andreek.
Kondairak: Lizarraldek badio Gernika-Lumoko errepidearen ondoan giza forma duen harria zegoen: "que dicen fue grabada al posarse en ella la Virgen de Oca". Gaur egun, auzoan, ez dute gogoratzen kondaira eta harria ez dute ezagun.
Oharrak:Oharrak: Palmar de Troya eta Unbe Mendiko Birjinaren inguruan sortutako erlijio-mugimenduen aldeko talde batzuk XX. mendearen 60. hamarkadan euren debozioak gurtzeko baseliza hau erabili zuten. Ostiralero bertaratzen ziren.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.