Izena: San Antolin. Sasoi batean ermita hau Santa Anaren izenarekin ezagutzen zen.
Parrokia: Santiago Apostolua.
Kokapena: Santa Ana auzoan, Kortezubitik Belendizera doan herribidean. Garai batean, baselizaren inguruan hariztia zegoen. Inguruko baserri-etxeak: Garai, Garakabe, Gallikibir...
Sarbidea: Gernika-Lumotik Kortezubira doan errepidea.35,500 km-an eskumaldera hartu Kortezubitik Belendizera doan herribidea. Kokapena 1,50 km-ra zegoen.
Deskribapena: Bere oinplanoa 10,90 x 8 m-koa da.
Irudiak: San Antolin, Birjina eta Santa Anaren irudiak beneratu ziren ermita honetan. Egurrezko taila horiek baselizatik gertu dagoen baserri-etxeetako baten gordeta daude.
Jaia, kultua eta errituak: Jaia, irailaren 2an, San Antolin egunean, ospatzen da. Meza eta herri-erromeria egoten da. Egun horretan, Kortezubiko parrokiatik ermitaraino errogatiban joatea ohitura zen. Santa Ana egunean, uztailaren 26an ere, meza ospatzen zen.
Ehortzeak: Herri-tradizioaren arabera baselizaren aldamenean kanposantua edo hilobia zegoen.
Oharrak: Karmelo Etxegaraik Geografía del País Vasco Navarro lanean Arratzuko baselizen inguruen ondokoa esaten zuen:
"En la ermita de Santa Ana de Gavica una ventana doble trilobulada, y un relieve del Cristo, de rudeza y tosquedad extraordinaria, cuyo aparente arcaísmo, más que de la fecha, depende seguramente de la impericia de las manos que se puso a labrarla".
Aipaturiko lanean leihoaren eta Kristoren erliebearen marrazkiak agertzen dira.
Ybarra eta Bergé bere Catálogo de Monumentos de Vizcaya lanean Etxegarairen datuak kopiatu eta marrazkiak sartzen ditu.
Gabikako Santa Ana hau San Antolineko bera da. Bertako auzotarrek Etxegaraik aipatzen duen Kristoren erliebea ezagutu dute eta baselizaren sarreran zegoela gehitu dute.
Hala ere, Iturrizak ez du Santa Ana ez San Antolin izenarekin batere aipatzen ez Kortezubin ez Arratzun. Gautegiz Arteagako ermiten artean, berriz, Santa Ana bat aipatzen du, nahiz eta herri horretan horren agerpenaren berririk inork ez izan. Litekeena da, garai batean, Santa Ana izeneko baseliza Gautegiz Arteagako parrokiren eskuetan egotea.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.