Izena: Sortzez Ama, herritarrentzat Talako Ama.
Parrokia: San Joan Bataiatzailea.
Kokapena: Isolatuta, kostaldeko talan, Tala deitutako lekuan.
Baselizara joateko bidean, Beletxe etxearen aldamenean ermitan bertan amaitzen den Gurutze Bidea hasten da. Gainera, bere ondotik, PR BI-168 ibilbide laburra igarotzen da.
Sarbidea: Earen erdigunetik itsasadarraren eskumaldetik paraleloan doan bidea hartu behar da. Hori amaitutakoan gorantz doan bidezidor batetik 350 m-tan jarraitu behar da.
Deskribapena: Oinplano angelu zuzena (9,20 x 7,40 m) du. Absidea (7,55 x 9,30 m) du. Zuritutako harlanduzko hormak eta harlangaitzezko ertzak. Bi isurialdeko teilatua bi zinbriren gainean. Bao bakarreko harlanduzko kanpai-horma. Dinteldun atea eta leihoa eta erdi puntuko arkuan egindako atea IM-an. Hiru leiho leihoburudun IE-an eta HM-an. Zementuzko zorua. Arkupea oinetan.
Irudiak: Maria Garbia (XVI. mendeko bukaerakoa), Jaunaren Flagelazioa (XVIII. mendekoa) eta San Erramon Nonato (XX. mendekoa).
Artapena: Oso ona. 1973an Eako auzo-lagunen kontura berritu zen.
Jaia, kultua eta errituak: Abenduaren 8an, Sortzez Garbiaren egunean, abestutako meza eta herri horretako enparantzan herri-erromeria ospatzen da. Abuztuaren hasieran, abenduaren 8ko egunera ezin etor daitezkeen udatiarrentzako meza ospatzea ohitura da.
Errogatibak: Eako parrokiatik baseliza honetara Igokundearen aurreko hiru egunetan errogatiban joaten zen. San Gregorioren eta San Markoren errogatibak ere egiten ziren. Ura eta gatza bedeinkatzen ziren. Ondoren, parte-hartzaileen artean banatzen ziren.
Udalak parte-hartzaileak ogiarekin eta pattarrarekin eskertzen zituenean, sakristauak, parrokiatik baselizaraino bidean, otarrean ogia, edalontziak eta pattarra eramatea ohikoa zen.
Exbotoak: Gogoratzen dutenez, baseliza honetan, itsaso-exbotoak betidanik egon dira: itsasontzien maketak, etabar. 1973ko eraberritzearren ondoren salbamendu-flotagailu bakarra kontserbatzen da. Sortzez Garbiaren Ama arrantzaleen eta itsaso-gizonen babesletzat hartzen da. Baselizaren aurretik pasatzerakoan Eako, Elantxobeko eta Lekeitioko itsasontzietako kapitainek bozina jotzen dute.
Eako arrantzaleek portuaren sarreran eta irteeran Birjinaren alde salbea otoitz egiten zuten. Salbarri (Salbe-arri) izena hortik datorkio.
Eskaintzak: Olio-eskaintzak egiten ziren. Gaur egun, berriz, kandelena egiten da.
Emakume haurdunek San Erramon Nonatorengana jotzen dute erditze ona izan dezaten.
Gurutze Bidea: 1980. urtera arte, Ostiral Santuan, parrokiatik ermitaraino Gurutze Bidea egiten zen.
Maiatza: Maiatzaren azken egunean umeak loreak uztera, otoitz egitera, abestera edota bertsoak botatzera baselizaraino igotzea ohitura zen.
Noizbehinka, ezkontzak ospatzen dira.
Kondaira: Kontatzen denez arrantzale batzuek Sortzez Garbiaren irudi bat itsasoan aurkitu zuten eta gertaera hau dela eta, topatu zuten puntuaren aurrean baseliza eraiki zuten.
Itsaso-gizonek Kristoren irudiarekiko debozio handia dute, tradizioaren arabera Kantauri itsasoko olatuetatik erreskatatu baitzuten.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.