Urdaibai Biosfera Erreserba » Esaera zaharrak antzekoak

Esaerok Idoia Mallea Lamikizek bildu ditu eta Mendatako Udalak 2002. urtean Mendata gure geurea danontzat izenarekin argitarutako liburutik daude aterata. Esaera zaharrak edo atsotitzak herri euskeran batu dira eta lagungarri bezala forma landua ere jarri dugu; ondoren herritarrek esaera horren gainean emandako azalpena ere ezarri dugu.

1. Mendatakoa: “aberatza inpernuko lebatza da pobrie seruko lorie”.
Forma landua: aberatsa infernuko legatza eta pobrea zeruko lorea.
Aberatsak bere kondizinoagatik, batzuk, ez denak, harroak eta fanfarroiagoak izaten omen dira, pobreak berriz umilagoak, apalagoak, nahiz eta hemen ere salbuespenak izan.

2. Mend.:“aginyue bat, emona bi te askenien aginyuas geldittu bier”.
Form. land.: agindua bat, emona bi eta azkenean aginduagaz gelditu behar.
Sarri askotan gertatzen da norbaitek bata edo bestea agintzen deutsula eta gero azkenean ba agindu horren hitzarekin gelditu behar.

3. Mend.:“aitte gurie seruetan eta ama gurie goruetan bier estien orduetan”.
Form. land.: Aita Gurea zeruetan eta ama gurea goruetan, behar ez diren orduetan.
Egokiak ez diren orduetan edo egunetan ere jendeak makina bat lan egiten du, hau da, igandeetan edo jai egunetan, orain ez dago hain txarto ikusia, baina bai lehenagoko denboretan. Adibidez meza orduetan goruetan (Ikusi hitz honen esanahia hiztegian) egotea ez zegoen ondo ikusia Jaungoikoarekiko errespetu falta horregatik.

4. Mend.:“alperran iñyerra eta urriñeko egur igerra bardiñek dies”.
Form. land.: alperraren indarra eta urruneko egur igarra bardinak dira.
Pertsona alfer baten indarra eta urrutian ikusten den egur igerra berdinak dira, zergatik? Egur igerra ere urrun egon arren ez baduzu lantzen eta sutarako etxera ekarri, alper alperrik da, eta pertsona batek ere indar haundia eduki arren, indar hori ez badu erabiltzen, alper-alperrikoa da.

5. Mend.: “ama sarran umie egarberie”.
Form. land.: ama zaharraren umea egarberea.
Esaerak dioenez, haurra zahar eginda izan ezkeroan, emakume horren haurra egarbera izaten omen da, hau da, beti egarri izaten omen da.

6. Mend.: “aman alabie ta aretxan sospala bardiñek dies”.
Form. land.: amaren alaba eta haritzaren ezpala berdinak dira.
Amak erakutsitakoa normalean alabek jasotzen dute eta desberdinak direla eman arren han izaten dute antza, haritzarekin ere beste hainbeste gertatzen da, horregatik esaten da nolako egurra halako ezpala.

7. Mend.:“aprill euritsu urte ogitsu”.
Form. land.: apiril euritsu urte ogitsu.
Baserritarrak esaten dute apirilean euri franko egin ezkero gari ugari hartzen dela, ondorioz ogitan ere gehiago izaten omen da, eta lehenagoko denboretan urtea pasatzeko hobe baino ez zen hori.

8. Mend.: “arrausi lusie logurie ta gosie”.
Form. land.: aharrausi luzea logurea eta gosea.
Pertsona zein animaliren batek aharrausi luzea egiten badu, logura edo gosea duela esaten da.

9. Mend.: “arroa Jainkoak obakoa”.
Form. land.: harroa Jaungoikoak hobakoa.
Aberatsak askotan harroak izaten dira, nahiz eta salbuespen asko izan; baina askoz hobeak ez dira ezer eduki ez arren aberats plantak egiten dituztenak, edota inoiz txakur handirik izan ez eta goizetik gabera aberasten direnak. Azken hauek nahiz eta bizitza osoan zure lagunak izan, askotan kasurik ere ez dizue egiten behin aberastu ezkero.

10.Mend.: “artoa ta umiek etxien daus ondoen”.
Form. land.: artoa eta umeak etxean dagoz ondoen.
Lehenagoko denporetan esaten zen moduan artoa etxean izan ezkero ez zela inongo arazorik, esate baterako elurte baten ondorioz edo etxetik urten ezina gertatu ezkero animaliek ez pertsonek goserik ez zuten izaten, baina artorik egon ezean abereak ere ixilik ezin eduki eta pertsonek ere gosea; haurrekin ere antzerako zerbait gertatzen da, etxean egon ezkero badakizu nun dauden da zer egiten ari diren baina etxetik kanpo badira buruko mina eta ardura baino ez.

11. Mend.: "artoa bedarras da umiek negarras asten die".
Form. land.: artoa bedarragaz eta umeak negarragaz hasten dira.
Esaerak dinoenez, artoa ere bere inguruan bedarra duela hasten omen da, udako beroetan eta beronek gordetzen duen hezetasunagaz mantendu egiten da, umeak berriz, negarrarekin hasten dira, batzuetan betetzen da, beste batzuetan ordea ez.

12. Mend.: “asto askok lasto asko”.
Form. land.: asto askok lasto asko.
Jende asko bizi den tokian jateko ugari behar da, animaliekin ere berdina gertatzen da, asto asko dagoen lekuan lasto askoren beharra izaten da.

13. Mend.: “bagillien kukue joan eta euliyek etorri”.
Form. land.: bagilean kukua joan eta euliak etorri.
Ekainean edo bagilean kukuak (txori mota bat) alde egiten du lurralde hauetatik, ondorioz udako beroak hasten dira eta euliak parraparra etortzen hasten dira.

14. Mend.: “barikuko trumoyek beatziurrena”.
Form. land.: barikuko trumoiak bederatzihurrena.
Baserritarrek esaten dutenez ostiralez trumoiak jo ezkeroan bederatzi egunetan ere hots egiten duela, jakina batzuetan betetzen da esaera eta beste batzuetan ez.

15. Mend.: “bei ostikalariye eta andra (txistulariye) berbalariye etzien onak es”.
Form. land.: behi ostikalaria eta andra berbalaria (txistularia) etxean onak ez.
Beti ostikadaka dabilen behiari ere oso zaila da esnea eranstea, eta emakumea ere beti hizketan badabil ezin du lanik egin, beraz ez bata ez bestea dira onak etxerako.

16. Mend.: “berakatza ereittiek eta eskontziek sasoi jarririk es”.
Form. land.: berakatza ereiteak eta ezkontzak sasoi ezarririk ez.
Berakatza ereiteak ez duela egun jarririk esaten da, hau da, irailean ere erein daiteke edo gabonetan ere bai, ezkontzarekin ere antzerakoa gertatzen da, inoiz ezin daiteke esan hogei edo hogeita bostekin ezkonduko naiz, sasoia datorrenean eta kito, hogei, berrogei zein hirurogei urtekin.

17. Mend.: “bija baterako lartxu bireko gutxitxu iru burditxu”.
Form. land.: bidaia baterako gehiegitxu bireko gutxitxu hiru gurditxu.
Baserritar batzuk esan didatenez adibidez bedar sikutan joateko egiten diren bidaia edo joan etorrietarako neurri egokia norberak bilatu behar du, beste edozetarako bezala, bizitzan zehar norberak eta ez inork hartu behar du neurria gauzak egiterako orduan.

18. Mend.: “bisitt urte dana iruasiye edo dana galdue”.
Form. land.: bisurte dana irabazia edo dana galdua.
Baserritarrak esaten dutenez bisurte den urtean, edo uzta guztiz onak edo guztiz txarrak hartzen omen dira.

19. Mend.:“Biskargin trumoye Mendatan euriye”.
Form. land.: Bizkargin trumoia Mendatan euria.
Behin Bizkargiko mendian trumoia danbarradaka hasi ezkero mendatarrek euria laster baten izaten dute.

20. Mend.: “bostak eta illune txarriye illtteko egune”.
Form. land.: bostak eta iluna txarria hiltzeko eguna.
Behin azarotik aurrera eguna asko laburtuta dago (eguzki orduak), arratsaldeko bostetan gautzen hasten da, eta negua denez nahiko hotz egiten du, beraz txarria hiltzeko egunak heldu dira.

21. Mend.: “dakiyenan kontuek eta estakiyenan eiñ bierrak estie barragarriyek”.
Form. land.: dakienaren kontuak eta ez dakienaren egin beharrak ez dira barregarriak.
Pertsona batek gauza bat egiten ez badaki ere ahalegin guztiak egingo ditu erdizka egiten baino ez bada ere, gorputz eta arima saiatuko da, besteak berriz badakien kontuaz ez da saiatuko dakien hori ere erakusten.

22. Mend.: “dakiyenantzat mundue da iruasten dabenantzat serue”.
Form. land.: dakianarentzat mundua eta irabazten duenarentzat zerua.
Benetan bizimodua aprobetxatzen eta beti hara eta hona ibiliz mundua ezagutu duenarentzat dela esaten da mundua, hori gehiago eramango duelako mundu honetatik, bestea berriz beti lan eta lan eta beti aurreratzen, ezertaz disfrutatu gabe, eta urtearen azkenean berdinberdin San Silbestre eguna biontzat.

23. Mend.: “dana gurien dana galdu”.
Form. land.: dana nahian dana galdu.
Sarri askotan asko dekonak ba gehiago nahi izaten du, eta askotan ba gehiago nahi izate horrek dana galtzera eramaten du pertsona.

24. Mend.: “dauenien bonbon eta estauenien or konpon”.
Form. land.: dagoenean bonbon eta ez dagoanean hor konpon.
Adibidez jatekoa ere asko eta ugari dagoenean franku jaten da, diruaz ere berdin gertatzen da, asko izanez gero ederto batean, denetarik dagoenean aprobetxatu, eta egon ezean hor konpon, dagoenarekin pasa-pasa egin behar.

25. Mend.: “dekonak badeko eta estekonak baleko”.
Form. land.: daukanak badauka eta ez daukanak baleuko.
Aberatsa dena aberatsa da eta kito, pobre dena, berriz, aberatsa noiz izango igarotzen du bizitzako denborarik gehiena.

26. Mend.: “entzuten estanien kantak eta ikusten estanien argiye alperrik die”.
Form. land.: entzuten ez danean kantuak eta ikusten ez danean argiak alperrikoak dira.
Bizitzako une guztiak gozatu behar dira ahalik eta ondoen, behin hilobirako bidean gaudenean alferrikoak dira, bai kantak eta bai candela argitsuak, orduan ez ikusi ez entzun egiten ez delako.

27. Mend.: “erabiliye maistu eta betiko gurebosu emen dekosu”.
Form. land.: erabilia maiztu eta betiko gura baduzu hemen daukazu.
Gizon batek emakume bati sexu harremanak eskaintzen badizkio eta honek baietza eman, emakumeak bere balioa urritu egiten du, beraz gizon horrek sexu- harremanak nahi baditu ezkondu egin beharko du eta horrela betiko izango ditu.

28. Mend.:“eskur urte negu urte”.
Form. land.: ezkur urte negu urte.
Baserritar askok esaten duenez, arteak ezkur ugari duen urtean nahiko negu latza egiten omen du.

29. Mend.:“estekonan emon bierrak eta dekosanan gorde bierrak andiyek die”.
Form. land.: ez daukanaren emon beharrak eta daukanaren gorde beharrak handiak dira.
Normalean daukanak beti izan ohi du zikotz fama eta gutxiago izan duenak ba gehiago erakutsi du esku zabaltasun hori.

30. Mend.: “etze utze gerra utze”.
Form. land.: etxe hutsa gerra hutsa.
Esate baterako etxe baten ez badago zerekin jan edo jantzi edo ibili, ba etxe horretan beti izango da haserre gehiago gauza guztiok dauden beste etxe baten baino.

31. Mend.: “etzien entzune umien sentzune”.
Form. land.: etxean entzuna umearen zentzuna.
Haurrek etxean ikusten edo entzuten duten guztiarekin gelditzen edo ohartzen dira, eta horren ondorioz etxekoak nolako jokaera izan, seme-alabek halakoa edo berdintsua.

32. Mend.: “etzien ser ikusi aixe ikesi”.
Form. land.: etxean zer ikusi huraxe ikasi.
Aurreko esaerarekin ia bat dator, haurrek etxean zer ikusten duten huraxe ikasten dute, etxekoek nolako gauzak egin, besteok halakoak.

33. Mend.: “eukiyek beti baliyo”.
Form. land.: edukiak beti balio.
Ezer ez da alperritarako, gauza guztiek dute beraien balioa, eta norberak ezer ez duela pentsatu arren denak balio du zerbaitetarako, beraz ez eduki baino hobe eduki. Gogoratzen naiz behin mendatar batekin egotean nola esan zidan, nahiz eta orain estudiorik haundienak eginda ere lana aurkitzeko oso txarto egon, eginak beti balio.

34. Mend.: “eurriek berak erakusten deu atzetik selan ibilli”.
Form. land.: aurreak berak erakusten dau atzetik zelan ibili.
Pertsona bategatik ekin eta ekin ibili ondoren berau enteratu egiten bada, pikutara bidaliko zaitu, horrexegatik, zuk zeuk nahi dituzun gauza guztiak esan ondoren, besteak, atzekoak, berak jakingo du hurrengoan zurekin nola ibili.

35. Mend.: “euskaldunen berbie legie”.
Form. land.: euskaldunaren berba legea.
Behin euskal amerikano bati entzun nion esaera hau. Euskaldunak beti izan du fama ona Ameriketan, horregatik artzain lanetarako nahi izaten zituzten, langile ona izateaz aparte behin zerbaitetarako hitza ematen bazuen, hitz emate hori legea zuelako.

36. Mend.: “eusoko lapikoa urreskoa da bertara joan da lurreskoa”.
Form. land.: auzoko lapikoa urrezkoa eta bertara joan da lurrezkoa.
Normalean norbere etxeko gauzak kanpokoenak baino gutxiagotzat izaten ditugu, egia esan ikusi ere ez ditugu egiten eta jakin ezin, baina behin ikusten joanez gero konturatzen da bat auzoko lapikoa ere lurrezkoa dela eta ez pentsatzen genuen bezalakoa urrezkoa.

37. Mend.:“eskondu artien larri da gero barragarri”.
Form. land.: ezkondu artean larri eta gero barregarri.
Ezkondu aurretik dena izaten da liluragarria, baina ezkondu eta gero hasten dira gauzak trakesten.

38. Mend.: “eskonbarritten galbayen be ure gero erradan bes”.
Form. land.: ezkon barritan galbahean be ura gero erradan be ez.
Ezkontzean galbahean ere ura eramateko gai, hau da, ezin diren gauzak ere egin, eta ezkondu ostean balde baten ere urik ezin eraman, ahal diren gauzak ere ezin egin.

39. Mend.: “eurrien eder da atzien jan”.
Form. land.: aurrean eder eta atzean jan.
Badago jendea norbere aurrean ondo hitz egiten dutenak gero atzetik kritikatzeko, aurrean papera egin eta gero kristorenak esan.

40. Mend.: “gabeko bierra eguneko lotsagarriye”.
Form. land.: gaueko beharra eguneko lotsagarria.
Gauez egiten diren lanak, egun argitan lotsagarriak izaten dira askotan, esate baterako gabean josten arituz gero hurrengo goizean argitan konturatzen gara gehienetan alperrikako lana izan dala eta hobe egunez egin, eta beste hainbeste beste gauza askotan ere.

41. Mend.: “Gabon bonbon, Natibittete aseta bete eta San Esteban bestie lantxik”.
Form. land.: Gabon bonbon, Natibitate ase eta bete eta San Esteban besteak legez.
Gabon egunean janari franko eta ugari izaten da, beraz bonbon, Natibitate egunean nahiz eta zertxobait gutxiago baina halan eta guztiz ere ase eta bete, baina San Esteban egunean jaiak amaitu eta beste egunetan bezala.

42. Mend.: “gari onari bille kaixara”.
Form. land.: gari onari bila kaixara.
Gari ona izan ezkero, nahiz eta kaizan eduki eroslea bertara kaixara joango zaio, pertsona ere ona eta fina izan ezkero inoren bila zertan joanik ez, etxera datoz bila eta.

43. Mend.: “gixonari etxako ezegaz bengetan ezkondu ezagas baño”.
Form. land.: gizonari ez zaio ezergaz bengetan ezkondu ezagaz baino.
Lehen ez zegoen oraingo beste askatasun, orain ez dio batak besteari hainbesterik aguantzatzen, lehenagoko zaharrek dioten bezala ezkontzerako unean ezetza eman ezkero, emakumeak orduan bengatuko dizkio ordurarte egindako txar guztiak, ez lehenago.

44. Mend.: “gusurre mendiyen esan da nobera baño len erriyen”.
Form. land.: guzurra mendian esan eta norbera baino lehen herrian.
Gezurrak atze laburra duela esaten da, askotan gertatu da norberak atzera begiratu orduko esandakoa zabalduta izatea, horregatik gezurrak atze laburra duela esaten da.

45. Mend.: “illiek falleuko deu baya es urtiek”.
Form. land.: hileak huts egingo du, baina ez urteak.
Inoiz ez du euririk egiten denen gustura, uda heltzean hamabosta euririk gabe egiten baditu, gehiago euririk ez duela egingo eta laster larritzen gara; negua heltzen denean berdin, hamar bat egunean euria bota eta bota badago, gehiago aterririk ez duela egingo esaten dugu, baina batera eguzkia eta bestean euria bota, aterrituko du, horregatik esaten da hileak huts egin dezakeela baina ez urteak.

46. Mend.: “illien biyen euriye ille osoan euriye”.
Form. land.: hilaren bian euria hil osoan euria.
Esaera da hilaren bigarren egunean euria eginez gero hil osoan euria egiten duela, batzuetan beteko da beste batzuetan, ordea ez.

47. Mend.: “Illuntze gorriyek aixiek eta gois gorriyek illuntze itturriyek”.
Form. land.: iluntze gorriak haizeteak eta goiz gorriak iluntze iturriak (euriak).
Baserritarrentzat garrantzi handia du eguraldiak, horregatik iluntzetan lanak egin ondoren beti botatzen dute begiradatxo bat zerura, gorri-gorri badago hurrengo egunean haizea seguru; eta goizetan zerua kolore gorriz badago eguna amaitu orduko euria.

48. Mend.: “jateko pronto eta bier eitteko tonto”.
Form. land.: jateko pronto (prest) eta behar egiteko tonto.
Pertsona batzuk beti izaten dira prest jateko, mahaian aurrerengo jarrita, baina lan egiterako orduan beti atzerantz, nahiz eta lanean oso ondo jakin, ezjakin plantak egin eta aurrera.

49. Mend.: “jenero obie baño benta obie oba”.
Form. land.: jenero ona baino benta hobea hobeto.
Plazara gauzak saltzen joaten diren baserritar askok halan esaten dute, benta ona egon ezkero ona zein txarra dena saltzen dela, eta salmentarik egon ezean jenero onak ere baliorik ez.

50. Mend.: “lelengoa señorie eta bigarrena eskobie”.
Form. land.: lehenengoa señora eta bigarrena eskobea.
Behin gogoratzen dot nola mendatar batek esan zuen esaera hau, zera adierazteko: lehenengo aldiz ezkontzean, lehenengo andrea benetako andrea izaten omen dela, baina bigarrena beti gutxiagotzat izaten dela.

51. Mend.: “martiko egualdiye goizien euriye eta arratzaldien euskiye”.
Form. land.: martiko eguraldia goizean euria eta arratsaldean eguzkia.
Behin martira helduz gero udaberrirantz goaz eta eguna asko luzatuta dago (eguzki ordu gehiago), ondorioz nahiz eta euria egin arratsalderako eguzkia ere atera daiteke.

52. Mend.: “marti kakatsu aprill urregorri”.
Form. land.: marti kakatsu apiril urregorri.
Normalean martirarte ez du eguraldi onegirik egiten, martian ere euria gehien batean, baina apiriletik aurrera, udaberrian sartu ahala, eguraldia hobeagotzen joaten da eta eguzkia ere sarriagotan ikusten da zeruan.

53. Mend.: “mayetzeko perejile urte osorako eta irailleko betireko”.
Form. land.: maiatzeko perexila urte osorako eta irailekoa betiko.
Baserritarren esanetan maiatzean ereiten den perejila urte osoan kontserbatzen da, eta irailean ereiten dena betiko kontserbatzen omen da.

54. Mend.: “muskerra ta subie beti alkarren ondoan”.
Form. land.: muskerra eta sugea beti alkarren ondoan.
Muskerrak sugea izutu egiten duela esaten dute baina hala eta guztiz ere beti alkarren ondoan ibiltzen dira, eta pertsona batzuekin ere antzerako zerbait gertatzen da, nahiz eta ondo eraman ez, beti bata bestearen atzetik ibili behar.

55. Mend.: “Oixen trumoye Markiñen txixe”.
Form. land.: Oizen trumoia Markinan txiza.
Behin Oiz mendian trumoia danbarradaka hasiz gero, Markinaldean euria seguru dago, hala diote mendatarrek.

56. Mend.: “onari kandela bategas argi eta geistoari bigas argi”.
Form. land.: onari kandela bategaz argi eta gaiztoari bigaz argi.
Bide zuzenetik doan pertsona batek, okerretik doan beste batek baino laguntza edo kontseilu gehiagoren beharra dauka, hau da, zuzena ez den bide hori utzi ahal izateko.

57. Mend.: “ondo eiñen pague ate onduen palue”.
Form. land.: ondo eginaren pagua ate ondoan palua.
Norberak beste bati laguntzen, gero inongo eskerrik ez jasotzeko eta agian, sarri askotan txarto esaka ibiltzeko eta kritikatzen.

58. Mend.: “on bille on bille askenien ponpille”.
Form. land.: on bila on bila azkenean ponpila.
Esate baterako zerbait erosteko edo gabiltzanean beti onena nahi dugu, eta egia esan askotan, lehenengo aldiz ikusi duguna baino motzagoagaz gelditzen gara. Beste baten Mendatako emakume bati entzun nion esaera hau, zera adierazteko: hogeitamar urte inguruko neska bati esan zion emakume honek ia mutil lagunik bazuen eta besteak erantzun zion oraindik ez zeukala eta jarraian bota zion besteak: “On bille on bille ponpillek urtengo deutsu azkenien”.

59. Mend.: “pasko euritsu urte ogitzu”.
Form. land.: pazko euritsu urte ogitsu.
Pazkoetan euri ugari egiten badu, gariari ere mesede egiten dio eta ondorioz gero ogitan gehiago izaten da.

60. Mend.: “perejille bentanatan dauen etzien neska sarra seguruen”.
Form. land.: perexila bentanetan dagoan etxean neska zaharra seguruen.
Mendatar batzuk esan didatenez esaera ohi da perexila dagoen bentanetan han etxean neska zaharra seguru dela.

61. Mend.: “saldi ganekorik ez, oineskorik gure es da askenien esebe barik geldittu bier”.
Form. land.: zaldi ganekorik ez, oinezkorik gura ez eta azkenean ezebe barik gelditu behar.
Behin entzun nuen nola mendatar batek esan zion neska ezkongabe bati, zaldi gainean zetorrenik ez zuela aurkituko eta oinezkorik nahi ez zuenez horregatik gelditu zela ezer gabe, hau da, neska zahar.

62. Mend.: “Santa Luzia asi edo asi es igerri bes”.
Form. land.: Santa Luzia hasi edo hasi ez, igarri be ez.
Santa Luzia eguna azaroaren hogei ta bian izaten da, baserritarrek esaten dute eguna luzatu den edo ez ez dela igartzen. Beraiek esaten dutenez orduantxe ematen baita ahuntzaren saltoa.

63. Mend.: “San Bixente otza neguaren biyotza”.
Form. land.: San Bixente hotza, neguaren bihotza.
San Bixente eguna urtarrilaren hogeita bian ospatzen da, eta neguaren erdian gaude eta orduantxe egiten ditu eurite, elurte eta hotzaldiak, hortik dator neguaren bihotza, esate hori.

64. Mend.:“San Lorentzok esku batien sue da bestien ure”.
Form. land.: San Lorentzok esku batean sua eta bestean ura.
San Lorentzo eguna abuztuaren hamarrean izaten da eta esaerak dioenez, eguzkiak ondo berotu, edo trumoiaren ostean euriteak, gauza biok egin ahal ditu.

65. Mend.: “semat eta lurre bigunau arra ainbet eta barrurau”.
Form. land.: zenbat eta lurra bigunago harra hainbat eta barrurago.
Zenbat eta lurra bigunago egoten den harra hainbat eta barrurago sartzen da, lurra gogorrago izan ezkero harrak jai du; pertsonekin ere antzeko zerbait gertatzen da, izaera izukor eta motelagoa izan ezkero hainbat eta burutik behera kaka gehiago, baina aurpegi gogor eta beti aurrerantz egin eta ezerekin kikiltzen ez dena izan ezkero harrak ez du lanik.

66. Mend.: “subertie ta logurie beres etor bier”.
Form. land.: suertea eta logurea berez etorri behar.
Zortea eta logurea berez etorri behar dira, ezin daiteke suertearen atzetik ibili, eta logurarik eduki ezean ezin egin lorik ere.

67. Mend.: “sure esana ta txakurren errena igualak dies”.
Form. land.: zure esana eta txakurraren errena bardinak dira.
Askotan pertsona bat berba eta berba dabilenean, eta itxurazko gauzarik ez duenean esaten hau esaten zaio.

68. Mend.: “trumoi urte labore urte”.
Form. land.: trumoi urte labore (uzta) urte.
Baserritarrek diotenez trumoi asko jotzen duen urtea ona izaten omen da, bero egiten du trumoia jo aurretik eta gero euria botatzen du, eta gauza bi horiek oso onak dira uzta ugari hartzeko.

69. Mend.: “udaberri sikue, ude gustiko gosie”.
Form. land.: udaberri sikua uda guztiko gosea.
Baserritarrek hala esaten dute behintzat, udaberrian euririk egin ezean ez da labore ugaririk hartzen.

70. Mend.: “umien esana etzien entzune”.
Form. land.: umeen esana etxean entzuna.
Normalean haurrek beraien etxeetan egiten dena ikasten dute, eta horregatik esaten da umeak esandakoa etxean entzundakoa izaten dela.

71. Mend.: “ur geldiye bein mogitan asi eskero esiñ geldittu”.
Form. land.: ur geldia behin mugitzen hasiz gero ezin gelditu
Behin mendatar batek esan zidan, errekako ura ere bere lekutik ateratzen hasten denean inork ez ezerk ezin duela gelditu, eta sarri askotan pertsonekin ere antzerako zerbait gertatzen dela, behin trakesten eta bihurritzen hasi ezkero oso gatxa dela lehenagokora bueltatzea.

2. URDAIBAIKO HERRI BATZUEI BURUZKO ESAERAK:

Esaeren atal honetan Urdaibaiko herri batzuei buruzko esaerak bildu dira, oso interesgarria iruditu zait hauei tokitxo bat egitea; mendatarrek esan dutenez esaera hauek herri batzuetakoek besteetakoei jarritakoak izan dira, eta kasu gehienetan hitz jokoa baino ez diren arren esangurakoak dira. Azken esaerak, hain zuzen ere, Mendatako herrian dauden baserri batzuei erreferentzia egiten die (Artabille, Olan, Zaldibisker, Laprastei edo Kakatxa baserriak), eta herrien esaeren moduan baserri batzuetakoek besteetakoei jarritakoak dira lehenagoko denboretan eta gaur egunerarte heldu direnak. Hiztegi eta beste esaeren kasuan egin bezala, bi eratara aurkezten dira herri esaerok, Mendatako euskeran, eta lagungarri moduan forma landuan.

1. Mend.: “Arteaga koartillo erdi”.
Form. land.: Arteaga koartilo erdi.

2. Mend.: “Ea katillu bete brea”.
Form. land.: Ea katilu bete brea .

3. Mend.: “Elantxobe mille pobre”.
Form. land.: Elantxobe mila pobre.

4. Mend.: “Gernika inpernuko barrika”.
Form. land.: Gernika inpernuko barrika.

5. Mend.: “Ibarrangelua ganbela burua”.
Form. land.: Ibarrangelua ganbela burua.

6. Mend.: “Kortezubi inpernuko zubi”.
Form. land.: Kortezubi inpernuko zubi.

7. Mend.: “Ispaster moskor baster”.
Form. land.: Ispaster mozkor bazter.

8. Mend.: “Mendata saldi burue saldatan”.
Form. land.: Mendata zaldi burua saldatan.

9. Mend.: “Muxike atzo gustiyek puxiken”.
Form. land.: Muxika atzo guztiak puxikan.

10. Mend.: “Natxitua bastarrak gustiyek atxitua”.
Form. land.: Natxitua baztarrak guztiak atxitua.

11. Mend.: “Artabille biribille, Olan alan Zalbibisker bisker bisker Laprastein laprast ein eta Kakatxan urten”. Form. land.: Artabille biribille, Olan halan Zalbibisker bizker bizker Laprastein laprast egin eta Kakatxan urten.

3. ESAMOLDEAK

Bildutako esamoldeekin zerrenda bat egin da inolako sailkapenik gabe, maila fonetikoan eta tratamenduz kanpo, bakarrik alfabetoz ordenatuta. Orain artean bai hiztegian eta bai esaerekin ikusi dugunaren osagarri bezela eta eranskin modura hemen doa zerrenda.

1. Mend.: “agoa alkate”.
Form. land.: ahoa alkate.

2. Mend.: “ago bete asurras itxi”.
Form. land.: aho bete hazurrakaz utzi.

3. Mend.: “agoko arnasarik atara”.
Form. land.: ahoko arnasarik atara.

4. Mend.: “agopien jan”.
Form. land.: ahopean jan.

5. Mend.: “ago sikiñekoa”.
Form. land.: aho zikinekoa.

6. Mend.: “aintzakotzat artu”.
Form. land.: aintzakotzat hartu.

7. Mend.: “akillen busten ibilli”.
Form. land.: akilen buztan ibili.

8. Mend.: “albañe sikurik bes”.
Form. land.: albaine sikurik be ez.

9. Mend..: “anka jokoa atara”.
Form. land.: hanka jokoa atara.

10. Mend.: “ankak beyen ipin barik, an sarielakoan emen”.
Form. land.: hankak behean ipini barik, han zarealakoan hemen.

11. Mend.: “arimerik bes”.
Form. land.: arimerik be ez.

12. Mend.: “arimiek urten”.
Form. land.: arimeak urten.

13. Mend.: “aseta bete eiñ”.
Form. land.: ase eta bete egin.

14. Mend.: “asie tripen seiñ lepoan eroan bardiñ”.
Form. land.: azea tripan zein lepoan eroan bardin.

15. Mend.: “astegun buru suriyen”.
Form. land.: astegun buruzurian.

16. Mend.: “atzamarran puntetan ibil nikoa”.
Form. land.: atzamarren puntetan ibilitakoa.

17. Mend.: “atzie ekarri”.
Form. land.: atzea ekarri.

18. Mend.: “atzo goixein jaiyonikoa”.
Form. land.: atzo goizean jaiotakoa.

19. Mend.: “begiye jota euki”.
Form. land.: begia jota euki.

20. Mend.: “begikune illune”.
Form. land.: begikune iluna.

21. Mend.: “begiyek andiyabak tripie baño”. Form. land.: begiak handiagoak tripea baino.

22. Mend.: “beleunera be eldu bes”.
Form. land.: belaunera be heldu ez.

23. Mend.: “bere neurriko sapatie”.
Form. land.: bere neurriko zapata.

24. Mend.: “berebixikoa ixen”.
Form. land.: berebizikoa izan.

25. Mend.: “berakatz atala baño fiñaba”.
Form. land.: berakatz atala baino finagoa.

26. Mend.: “beye jo”.
Form. land.: behea jo.

27. Mend.: “berde panteu”.
Form. land.: berde plantau.

28. Mend.: “biyek eta aguardintte”.
Form. land.: biak eta aguardinta.

29. Mend.: “bixialargune”.
Form. land.: bizialarguna.

30. Mend.: “bixiyoak erreta”.
Form. land.: bizioak erreta.

31. Mend.: “burue estekonak ankak ibil bier”.
Form. land.: burua ez daukanak hankak ibili behar.

32. Mend.: “dabillenari pasetan yakos orrek estabillenari gatx”.
Form. land.: dabilenari pasetan jakoz horrek ez dabilenari gatx.

33. Mend.: “egiye, begi bittartien surre”.
Form. land.: egia, begi bitartean surra.

34. Mend.: “egosi aundittu”.
Form. land.: egosi haunditu.

35. Mend.: “eiñ edo apurtu”.
Form. land.: egin edo apurtu.

36. Mend.: “eiñ yabenak eiñ yabela”.
Form. land.: ein dabenak ein dabela.

37. Mend.: “emonak mermie dakar”.
Form. land.: emonak merma dakar.

38. Mend.: “enbier estanan bat”.
Form. land.: ein behar ez danan bat.

39. Mend.: “eperdis gora egon”.
Form. land.: eperdiz gora egon.

40. Mend.: “erregien berbakoa ixen”.
Form. land.: erregearen berbakoa izan.

41 Mend.: “esanak danak estie mesa”.
Form. land.: esanak danak ez dira meza.

42. Mend.: “esetako opera barik”.
Form. land.: ezertarako opera barik.

43. Mend.: “es astarik es bustenik”.
Form. land.: ez astarik ez buztanik.

44. Mend.: “es bata es bestie euntzen odolostie”.
Form. land.: ez bata ez bestea ahuntzaren odolostea.

45. Mend.: “esanen podesus”.
Form. land.: esanaren poderioz.

46. Mend.: “esan txarrekoa”.
Form. land.: esan txarrekoa.

47. Mend.: “espuelie atara”.
Form. land.: espuelea atara.

48. Mend.: “estau arantxa bako larrosarik”.
Form. land.: ez dago arantza gabeko larrosarik.

49. Mend.: “etzerako modukoa”.
Form. land.: etxerako modukoa.

50. Mend.: “etzie jan”.
Form. land.: etxea jan.

51. Mend.: “eurrekos atzera seiñ atzekos eurrera”.
Form. land.: aurrekoz atzera zein atzekoz aurrera.

52. Mend.: “eutzek euki”.
Form. land.: hautsak eduki.

53. Mend.: “eutzek kendu”.
Form. land.: hautsak kendu.

54. Mend.: “esa bidien dator”.
Form. land.: eza bidean dator.

55. Mend.: “etzie esta barkue”.
Form. land.: etxea ez da barkua.

56. Mend.: “galduek ixen”.
Form. land.: galduak izan.

57. Mend.: “gastien posik es”.
Form. land.: gazteen pozik ez.

58. Mend.: “gastien errukirik euki es”.
Form. land.: gazteen errukirik ez.

59. Mend.: “gatxosatu”.
Form. land.: gatxosatu.

60. Mend.: “geur San Juan, da biyer juan san”.
Form. land.: gaur San Juan, eta bihar juan zan.

61. Mend.: “gitterrie joten”.
Form. land.: gitarra joten.

62. Mend.: “gorputz da arime”.
Form. land.: gorputz eta arima.

63. Mend.: “gusurrek atze laburre”.
Form. land.: gezurrak atze laburra.

64. Mend.: “gusurre ta abarra saltzie nikoa”.
Form. land.: gezurra eta abarra saltsa nahikoa.

65. Mend.: “ill da ez bixi”.
Form. land.: hil eta ez bizi.

66. Mend.: “inbidiyek erreta”.
Form. land.: inbidiak erreta.

67. Mend.: “ ixerdi garaunetan”.
Form. land.: izerdi garaunetan.

68. Mend.: “karta partidie atara”.
Form. land.: karta partidea atara.

69. Mend.: “keye daben lekuen sue seguru”.
Form. land.: kea dagoen lekuan sua seguru.

70. Mend.: “kriston serrie”.
Form. land.: kriston zerra.

71. Mend.: “lekuteko aman etzien”.
Form. land.: lekuteko amaren etxean.

72. Mend.: “lo asarrie”.
Form. land.: lo hasarrea.

73. Mend.: “loguriek erreta egon”.
Form. land.: logureak erreta egon.

74. Mend.: “mastiye billurrek jabon”.
Form. land.: mahastia beldurrak jabon.

75. Mend.: “miñik bako negarra”.
Form. land.: minik gabeko negarra.

76. Mend.: “naboan odola”.
Form. land.: naboaren odola.

77. Mend.: “narrue artu esiñik egon”.
Form. land.: narrua hartu ezinik egon.

78. Mend.: “narrue kendu”.
Form. land.: narrua kendua.

79. Mend.: “nungo txakurreri potroak jeusiko begire”.
Form. land.: nongo txakurrari potroak jausteko begira.

80. Mend.: “odolak ur eiñ”.
Form. land.: odolak ur egin.

81. Mend.: “odolik es gatzik bakoa”.
Form. land.: odolik ez gatzik gabekoa.

82. Mend.: “ormara eroan”.
Form. land.: hormara eroan.

83. Mend.: “orpoan arantzie baño obie”.
Form. land.: orpoan arantza baino hobea.

84. Mend.: “otz mingorra”.
Form. land.: hotz mingorra.

85. Mend.: “ortzes eperdi”.
Form. land.: ortzez eperdi.

86. Mend.: “Pater noster serue laster”.
Form. land.: Pater noster zerua laster.

87. Mend.: “plagien adarrien”.
Form. land.: plagaren adarrean.

88. Mend.: “punterengo ibilli”.
Form. land.: punterengo ibili.

89. Mend.: “saldue galdue”.
Form. land.: saldua galdua.

90. Mend.: “samako latza”.
Form. land.: samako latza.

91. Mend.: “santue espada txarri askie”.
Form. land.: santua ez bada txarri aska.

92. Mend.: “sasiyek be entzun”.
Form. land.: sasiak be entzun.

93. Mend.: “sasoyek eta lorak”.
Form. land.: sasoiak eta lorak.

94. Mend.: “sasoyen sasoakoa”.
Form. land.: sasoian sasoikoa.

95. Mend.: “se ingeru!”.
Form. land.: ze ingeru!

96. Mend.: “sekule santan”.
Form. land.: sekula santan.

97. Mend.: “ser gure ta aixe euki”.
Form. land.: zer gura eta haixe euki.

98. Mend.: “sesiñerik bes”.
Form. land.: zaratatik be ez.

99. Mend.: “sorrari oriyoa”.
Form. land.: zorrari olioa.

100. Mend.: “sorriyek jan da”.
Form. land.: zorriak janda.

101. Mend.: “soriyonien!”.
Form. land.: zorionean!

102. Mend.: “susen korda”.
Form. land.: zuzen korda.

103. Mend.: “tamaiñukoa!”.
Form. land.: tamainukoa!

104. Mend.: “txakada baten”.
Form. land.: txakada baten.

105. Mend.: “txaketen aldiye”.
Form. land.: txaketen aldia.

106. Mend.: “txakur amesetak”.
Form. land.: txakur ametsak.

107. Mend.: “txakur sarra ixen”.
Form. land.: txakur zaharra izan .

108. Mend.: “txakurrek ortosik”.
Form. land.: txakurrak ortozik.

109. Mend.: “txankaerrie”.
Form. land.: txankaerrea.

110. Mend.: “txitxiena eiñ”.
Form. land.: txitarena egin.

111. Mend.: “txori lumetue”.
Form. land.: txori lumetua.

112. Mend.: “urek gora”.
Form. land.: ura gora.

113. Mend.: “urikoa ixen”.
Form. land.: urikoa izan.

114. Mend.: “ule sapastoa”.
Form. land.: ule sapaztoa.

115. Mend.: “uren ganeko bitzien”.
Form. land.: uraren gaineko bitsean.

116. Mend.: “urre kurtzie baño fiñaba”.
Form. land.: urre gurutzea baino finagoa.

Busturialdeko esaera zaharren gainean informazio gehiago izateko hurrengoko web-helbidea kontsultatu: www.gernika-lumo.net

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.