KONPOSTAJEA BUSTURIALDEAN: EMAN BEHARREKO
PAUSUA
Gernikako Ekologi Lan Taldea eta Ekologistak Martxan Elkarteek Urdaibai Biosfera Erreserbako Udal guztietan basbesgune honetan biltzen den gai organikoarekin konposta egitearen alde. Jarraian, mozioa, hitzez hitz kopiatuta, aurki dezakezue.
Gure gizartean zaborren kopuruak nabarmen egin du gora azken hamarkadetan. Zaborren kudeaketa egokia egitea maila ezberdinetako erakunde publikoen (Foru Aldundia, udalak...) erronka garrantzitsu bihurtu da. Zalantzarik ez dago zenbait aurrerapauso eman direla, baina, gure ustez, garaia da zaborren tratamendua erabakitzen denean "zaborrak arazo gisa tratatu beharrean, baliabide gisa ikustea". Horretarako, hona hemen kontuan hartu beharreko printzipio batzuk:
1) MURRIZTEA.- Hondakinik hoberena sortzen ez dena dela oinarri gisa hartuta, lehentasunezko helburua prebentzioa da, jakina. Lehentasunezkoa da, hasiera batean, biztanleko eta eguneko sortutako hiri-zaborren kantitatea geldiaraztea eta, ondoren, hura murriztea. Horrek Administrazioaren aldetik heziketa-lan etengabea eskatzen du, etxe guztietara zabalduko dena eta gure kontsumo-jarrera aldatuko duena. Azkenik, zabor-sortzaileen, hau da, gu guztion inplikazioa eta motibazioa da zaborren beharrezko kudeaketaren oinarria.
2) BERRERABILTZEA.- Administrazioek ontzi berrerabilgarrien erabilera sustatu behar dute, eta, besteak beste, eskua sartu behar dute kontsumo handiko produktuen ekoizpenerako erabiltzen diren materialen (bereziki plastikoen) konposizioa estandarra izan dadin, eta, modu horretan, haien berrerabilpena eta birziklapena errazago egin dadin.
3) BEREIZTEA ETA BIRZIKLATZEA.- Sen onak eskatzen du etxean ez nahastea ondoren, kasurik onenean, edukiontzietan bereiz dezagun eskatzen digutena. Hortaz, etxean bereiztea da zaborren kudeaketa egoki ororen abiapuntua, hori ezinbestekoa da gero behar bezala birziklatzeko.
4) ZATI ORGANIKOA.- Etxean zaborra bereizteko oinarrizko baldintza materia organikoaren zatia bereizirik biltzea da. Materia organikoa eta horren ondorengo tratamendua da kutsadura-arazo gehienen jatorria, bai eta egun zaborraren tratamenduak sorrarazten duen gizarte-gaitzespenarena ere.
5) ESKUALDE BANAKETA.- Zaborra ez da bihurtu behar urrutira garraiatu beharreko merkantzia. Beraz, zaborra kudeatzeko, eskualde-esparrua hartu behar da erreferentzia gisa, eredu deszentralizatua ezarrita, instalazio handien proposamen ofizialaz bestela.
6) KONPOSTAJEA.- Materia organikoak bi tratamendu-mota jaso ahal ditu, sortutako kantitatearen eta dagokion eskualdeak duen biztanle-dentsitatearen arabera, hots: a.- biztanleria txikiko eskualdeetan, konplexutasun tekniko eskaseko konpostaje irekia aukeratuko da; b.- biztanle-dentsitate handiko eskualdeetan, materia organikoa tunel itxian konpostatuko da, eta iragazkiak erabiliko dira, usainik ez sortzeko. Dena den, konpostajeak, edozein eratakoa izanik ere, lorezaintzaren eta nekazaritza-jardueraren hondarrak barne hartu behar ditu, uztondoak eta inauste-hondarrak erretzearen arazoa saihesteko. Bestalde, kontuan hartu behar dugu aipaturiko printzipioetan oinarrituta 1997 eta 1998 urte bitartean Rezikleta erakundearen eskutik esperientzia aitzindaria, interesgarria eta arrakastatsua egin zela Urdaibain. Izan ere, esperientzia horretan Bermeon modu bereizian jasotako zaborren zati organikoa Ajangizen bildu eta tratatu zen kalitate oneko konposta egiteko. Zoritxarrez esperientziak ez zuen gero jarraipenik izan, eta eskualdean segitzen dugu zaborren zati organikoa aprobetxatu barik alferrik galtzen. Pasadan urtean Urdaibaiko udal guztiek Tokiko Agenda 21 garatzeko konpromisoa hartu zuten eta martxan hasi zen Urdaibai-Busturialdeko Udaltalde 21. Gure ustez, une hau oso egokia da esperientzia hori kontuan izateko, eta, bide horretatik, funtsezko aurrerapausoak emateko. Horregatik mozio hau proposatzen dugu eztabaidatua eta onartua izan dadin: 1- (Udalerriaren izena)-ko udala zaborren kudeaketa egokiak ingurumenean eta biztanleon bizi-kalitatean duen eragin handia kontuan izanik Busturialdeko Udaltalde 21ek osatzen duen eskualdearentzat konpostaje-planta bat eraikitzearen alde agertzen da, eta hori errealitate bihurtu dadin eman beharreko urratsak egiteko prest agertzen da. 2- Ildo horretatik, eskualdeko gainontzeko udalei jakinaraziko zaie (Udalerriaren izena)-ko udalaren erabaki hori, eta proposatuko zaie denon artean ikerketa tekniko bat enkargatzea.
Ikerketa horretan konpostaje-plantaren ezaugarriak eta kokapen egokia argituko lirateke. 3- Erabaki honen berri udalerriko biztanleei emango zaie, eta konpostajeari buruzko informazio-kanpaina zabala abian ipiniko da, ahal den pertsona gehienen inplikazioa lortze aldera. 4- Proiektua aurrera eramateko beharrezko diru-laguntza eskatuko zaie Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.
Zuen erabakiaren berri jasotzeko, eskertuko genizuke honako helbide honetara idatziko bazenute:
Gernikako Ekologi Lan Taldea
157 Posta-Kutxatila
48350 Gernika-Lumo (Bizkaia)
Gernikako Ekologi Lan Taldearen presidentea
Alfonso CaƱo Reyero
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.