Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra » Dorretxeak

Urdaibai Dorretxea Foruako San Kristobal auzoko tontor batean kokatuta dago, Gernika-Lumotik Bermeoranzko bidea menderatuz.

Bere izenak, Urdaibaik, (“basurdeen ibaia”), jatorria erdi aroan, hau da, “ehiza etxabereak bezain ondo zaintzen zen” garaietan duela argi uzten digu. Bere ingurua nolakoa zen deskribatzen digu beraz, aberatsa ehizan eta basoa eta ibaia nagusi, bertako isiltasuna harrizko dorrearen biztanleen ehiza-oihuek bakarrik apurtuko zuten.

Herri mailan “castillo de perejil” moduan ezaguna da. Honen jatorria inguru hortan toponimo legez ageri den Peristegi hitzaren herri-deformazioan egon daiteke. Batzuren ustez, bere izenik antzinakoena Gorritiz dorretxearena litzateke, horien aburuz XIX. menderarte horrela deitu baitzen.

Urdaibai dorretxearen gaur egungo egoera

Iturrizaren iritziz, Lope Ansote Ajangizek sortu zuen 844an Urdaibai Dorretxea. Maria Victoria Gondrak bizkaitarren buruzagi Froom-ekin (Fortun, beste batzuren iritziz) ezkonduta zegoen Forubako (akordio hau egin zen lekuari deritzo, Orta Andrearen edo Forubako Dorrearen orubea) anderea zen Orta Andrearen Dorrearekin edo urkamendiarekin lotzen du. Bikote horrek, VIII. mendean zehar Foruako urkamendia fundatu zuen, Infantzoi Bizkaitarren Aukeramen-Foruaren inguruan zenbait puntu adostu zuten leku berean. XI. mendeko dokumentazioan ere ageri da, Iñigo Lopezek San Millan de la Cogollako monastegiari dohaitzan emandako eraikinen artean hain zuzen ere. Baina daturik seguruena bandokide aktiboen egoitza zela da. Gainera, XVII. mendearen hasieran alokairu-kontratu desberdinetan aipatuta agertzeaz gain, 1641eko sutegi-erroldan Foruako sutegi-errolden zerrendaren buru ageri da.

Urdaibai leinua: bandokide aktiboa.

Urdaibai leinua Urdaibai euskal toponimoan (urde eta ibai) du jatorria eta bere armarriak dorretxea kokatuta dagoen guneari egiten dio aipamen. Oso garrantzitsua izan zen oinaztar eta ganboatar bandokideen arteko borroketan.

Narrazioan luze ez jotzeko azter dezagun soilik Arrasateko borroka. Bertan, 1448an, Guraiak (ganboatarrak) Bañezkoen kontra altxatu egin ziren. Gomez Gonzalez Butron, Urdaibaiko dorreko Anderearekin ezkonduta zegoen Juan Gonzalez “Juanicote” bere semearekin batera, 500 gizonekin agertu zen Guraiei laguntzera, baina bertan galdu zuen bizitza. Kopla zahar batek honela gogoratzen du:

"...Ganboarok su emaitean Asi dira ta onegaz Urten daude berealan Oñeztar barunangoak. Zeiñ ere ez zitezan, Gomiz Gonzalez bertan zan. Beragaz Presebalen kaltean Juanitok eta beste askok Eudela parte bertean...".

"...Ganboarrok su ematean / hasi dira, eta honekin, / irten dira berehala / oinaztarrak barrutik / erre ez zitezen. / Han zegoen Gómez González / berarekin Presebalen kaltean / Juanicote eta beste asko / zeudela parte hartzen bertan...".

XVI. mendean, Urdaibai Dorretxeko Anderea, Maria Alonso Anderea, Juan Butron Manriquerekin ezkondu zen eta bere ondorengotariko bat, Felix Urdaibai Jauna, Teresa Ramírez Lumokoarekin ezkondu zenez Zearreta Jauregia Urdaibai oinetxearekin lotuta geratu zen.

Geroago, Urdaibai dorretxea zein Lumoko "Zearreta" Jauregia Lekeitioko Adan Yarzaren familiaren eskuetara igaro ziren, hain zuzen ere Mazarredotar batekin ezkondu zelako Adan Yarza. 1985etik aurrera Mazarredo Pons familiak ordezkatzen du leinua.

Eraikuntza-ezaugarriak

Oin lau angeluarreko eraikin honek ez du zimendurik, harkaitz amaren gainean eraikitakoa da. Erabilitako kareharrizko harlandua kalitate handikoa da. Hormen lodiera, gutxi gorabehera, metrokoa da. Sendotasun handikoa izan arren goranzko garapenak irudi paralelepipediko liraina erakusten du. Beste ezaugarri bat bere hormak baoz beteta egotea da.

Urdaibai Dorretxearen antzinako argazkia
Urdaibai Dorretxearen antzinako argazkia.

Bere hormetan oinarrituta ondokoa aipa daiteke:

  • + Ekialdeko Fatxada: 1929ko suteak ekialdeko fatxadan izan zuen eraginik nabarmenena. Horrela, horma honen egitura zehazteko J. Ybarra Bergeren lanean argitaraturiko argazkiaren bitartez egin behar da. Hemen irekiko litzateke arku erako sarrerako atea, gaur egun ateraldia bakarrik ikusten ez bada.
  • + Hegoaldeko Fatxada: Lehenengo solairuan saetera bakarra hasi da. Bigarren solairuan tamaina handiagoko lehioa dago, itxita, arkuduna. Hirugarren solairuan, horman, gezileihoak daude.
  • + Mendebaldeko Fatxada: bao-erregulartasun handiena duen horma da, gezilehioak eta bao adintelatuak ikus daitezkeelarik. Aipagarriena bertako lehio zorrotza da.
  • + Iparraldeko Fatxada: haizeak eta euriak gehien zigortzen duen aldea izanik logikoki lehio bakarra erakusten du, baina, agian, eraikinaren adierazgarriena. Estilizatutako lehio zorrotza da. Behera etorri orduko hartutako argazkian oinarrituta ikus dezakegu mendebaldeko fatxadan ate modernoa eta berari lotutako teilapea zituela. Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadatan bi pabilioi zituen atxikituta.

Arestiko datuetatik ondoko ondorioak atera ditzakegu:

  • + Barne egitura hiru solairutan eta sotoan antolatuko litzateke, baoen kalitatean eta dimentsioetan oinarrituta bigarren solairua izango litzatekeelarik nobletuena. Sotoa eta goiko solairua biltegi moduan erabiliko ziren, inguruan atxikiturik agertzen ziren pabilioiak korta eta lastotegi moduan erabiliko zirelarik.
  • + Barnealdeko egitura osoa egurrezkoa zen eta armazoi osoa egurrezko zutabeen gainean zegoen oinarrituta.
  • + Solairu desberdinak Iparraldeko eta Mendebaldeko hormen ondotik zihoan eskilararen bidez komunikazten ziren. Sotorako eskilararen hondakinak, hots, ekialdeko hormaren hondakinak, ikusi zitezkeen duela gutxira arte.

Dorretxearen suntsipena

Urdaibaiko azken bizilagunak Gaztelua-Izpizua familiakoak izan ziren, Jerónimo Gastelua eta Nikolasa Izpizua Lekunberri alegia. Senar-emazte bikote horrek zazpi seme-alaba izan zituen, hiru emakumezkoak Maria, Eugenia, eta Rikarda, eta lau gizonezkoak, Juan Cruz, Eustaquio, Tomas eta Santiago, azken hau oso gazterik hil zelarik.

Aipatutako dorretxea 1929ko sutean suntsitu zen, eta Bizkaiko Aldundiak Gernika-Lumotik Bermeoranzko errepidearen alboan baserria –Urdaibai baserria- eraiki zuen erretako dorretxeko bizilagunei ostatu emateko.

Urdaibai baserria
Urdaibai baserria.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.