Gernikako Hiribilduko udaletxea 1545ean eraiki zuten antzinako plazaren aurrean eta 1743an berriro eraiki zuten harea-harrizko harlanduz. Hala eta guztiz ere, 1815ean hiriko udaletxe berria egiteko obrak hasi zituzten; handik urtebetera (1816ko garagarrilean) udaletxea amaituta zegoen. Aurreko eraikinetik armarria gorde zuten eta udaletxearen aurrealdean eskegita geratu zen. 1937ko bonbardaketak udaletxea txikitu egin zuen eta Suntsitutako Eskualdeak erakundeak berriro eraikitzea erabaki zuen eta jatorrizko itxura estetikoari ahalik eta leialen eutsi zion. Aurrealdea guztiz simetrikoa izango litzateke alboetako baten okertutako dorrea ez balego; dorre horretan hasiera batean aurrealdean zegoen erlojua ipini dute. Udaletxeak hiru solairu ditu eta bertara sartzeko erdi-puntu zortzi arku dituen arkupetik pasatu behar da. Arkupearen gaineko solairuan forjazko burdina-hesia duten zortzi balkoi daude, arkupera sartzeko arkuen gain-gainean ipinita. Hirugarren solairuak bao txiki batzuk ditu eta simetria-ardatzetan horma-hobia dago, irudi batekin. Horma-hobi horren alde banatan –tartean bi bao daude- Gernika-Lumoko hiriko armarri bi daude.
Lumoko elizateko udaletxea XIX. mendeko gustu neoklasikoak agintzen zituen ikusmolde arkitektonikoen arabera eraiki zuten. Mende horretan Bizkaiko elizate tradizionalek parrokietako elizpeetan (“cimenterio”) elkartu eta batzarrak bertan egiteari utzi zioten; ordutik aurrera udaletxeetan elkartzen hasi ziren; izan ere, eraikin berri horiek udalbatzen egitura berrientzako lekua zuten. Gernikako hiriarekin elkartu eta berarekin batera udalerri bakarra sortu ostean, elizatean udaletxe legez erabiltzen zuten eraikina lehen hezkuntzako eskolak emateko itxi zuten, herriko eskolak hondatuta eta egoera penagarrian zeuden eta. Oin-plano laukizuzena dauka eta sarbidea sarreraren alde banatan dauden bao biak baino apurtxo bat zabalagoa da. Sarbide hori mentsula biren gainean dagoen balkoiaren azpian dago; balkoi irten horiek burdina-hesia dauka. Baoak plaka sinple batekin enmarkatuta daude eta beste batek harri-mihisearen maila biak banatzen ditu; agerian geratzen da ondo landutako harlandua.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.