Hiribilduko auzoan dago, plaza bazter batetatik itxiz.
Kubo-itxurako eraikina da, lau haizetako teilatuarekin; aurrealdean armarria daukan harria nabarmentzen zaio. Harri horri esker, Hiribilduaren armarria ageri-agerian geratzen da. Altuera bik eta ganbarak osatzen dute. Lehenengoan sarrera nagusia dago: harlanduz egindako lau zutabek arkupe handia eusten dute, erdiko zutabe biak alboetakoak baino altuagoak direla. Zutabeon oinarria, kubo-itxurakoa, harlanduzkoa da era berean baina erdiko zutabeak, lehenengoarekin gainera, harlandu beraz egindako kapitel laukia dauka.
Zutabeak bigarren altueraraino luzatzen dira eta horrela aurrealdea goitik beherako hiru zatitan banatzen dute. Zati honetako bakoitzean, uztartutako arkuek huts-gune handi bana dute; bakoitzaren gainean hegal txikia dago. Bigarren solairuan, arkupearen gainean, alde batetik bestera doan balkoia ikusi dezakegu, huts-guneak bere barnean hartzen dituelarik. Etxearen erdialdean, indartzeko, lehen esandako armarria dago, erdiko hutsunearen gainean eta lauki baten baitan.
Errenazimendu sasoiko armarri inperiala, ziurrenik XVI. gizaldiko udaletxe zaharrena da. Hondoan, buru biko arranoa agertzen da eta buruak ardatzarekiko simetrikoak dira; hegoak alboetarantz zabaltzen dira eta giza itxurako erpeak ertzetara. Armarria bera lisoa da eta gainera ez zaio inoren abizenari eskaintzen.
Gaur egungo Errigoitiko armarriak ere buru biko arranoa dauka, koroa batez inguratuta.
Aipamen historikoei dagokionez, “Herri Batza”ren etxea, XVII. gizaldi hasieran behintzat bazegoela badakigu. Etxe honetan zenbait berreraikitze-lan egin ziren; horretariko batzuk “Udalaren Kontu Liburu”etan agertzen dira, esaterako 1711.ekoa edo 1750.ean Agustin Urlezagak egindakoa. Dena dela, gaurko udaletxeak ez dauka horrekin zerikusirik, lehen esan dugun moduan, antzinako armarria baino ez da gorde eta.
Gaur Hiribilduko plazan dagoen etxea, XIX. gizaldi amaierakoa da. Egitasmoa Jose Lorentzo Zarrabeitiak burutu zuen. Gernikakoa berau, modu horretako lanetan gaitua.
1892. urteko udaletxearen lehenengo egitasmoan zeuden elementuetariko batzuk kendu egin ziren geroago, beharbada kostua handia zela eta. Aipatutako egitasmo horretan, etxearen arkupean hiru puntu erdiko arku zeuden, markatutako klabea arku barnean sartzen zelarik. Lehenengo solairu osoa harlanduz egina zen. Era berean, eraikuntzaren bigarren altuerako hiru huts-guneak leiho burudunak ziren, goian triangelu-tankerako frontoiak zeuzkalarik. Antza denez, eraikuntzaren alde bietan teilatu-hegalak eusteko zutabe bi egon zitezkeen. Teilatua, lau haizetara, aurreko harri-irten barik eta tximinia ageri-agerian daukalarik. Gainera, bai erlatxa bai arkuen elkarguneak “Ereñoko jaspe” harriaz eginda ziren. Lanaren aurrekontua 8.468 pezetakoa zen. Beste proiektu batek gaur egungo itxura eman zion udaletxeari, 1894. urtean. Baina eraikuntzaren bigarren altueran ez ziren erdiko zutabeak agertzen, bai ostera alboetakoak; leiho-burudun huts-guneak mantendu egin dira hiruki-itxurako frontoiekin batera; baita lau haizetarako teilatua, harri-irten eta tximinia barik bada ere. Solairu biak banatzen zuen erlatxa mantendu egin zen, eraikuntzaren alboetatik kanpora irteten zirelarik (gaur egungoan ez da erlatxarik agertzen). Egitasmo honek 5995 pezetako aurrekontua zuen.
Aipatutako proiektuetan ez da armarririk agertzen, ezta berau jartzeko lekurik ere, gaur egun dagokien tokia eduki izan balu, erdiko huts-guneko frontoiak galerazoko zizkion eta.
Udaletxe zaharra bota zenean gelditu zen materialik gehiena aprobetxatu zen, zutabeetako harria izan ezik; horiek Okako harea-harrizkoak izango ziren. Arkupeko eta beheko solairuko harlauzak parrokia zaharretik eta honen arkupetik ateratakoak lirateke, eta horren ordainez elizari Holandako ehun metroko ohol estu emango zitzaizkion.
1895. urtean egitasmoak burutu zen 5036 pezeta kostatuta. Egin ziren aldaketak, eraiketa garaian planoak aldatu zirelako edo beranduagoko berritzeagatik izan zirenentz ez dakigu, baina badirudi lehenengo ustea dela benetakoa.
Aurreko proiektu bietan, ale-saltegia eta herriko eskola udaletxean egongo lirateke, etxebizitza batez gain. Gaur egun, behealdea batzar nagusietarako erabiltzen da; goialdean berriz, etxebizitza eta udalaren bulegoak daude.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.