Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Ostra-haztegiak

Aldaba Aldizkariaren 176 zenbakian (2012ko azaroa-abendua) Gernikazarra Historia Taldea deitutako elkarteko José Ángel Etxaniz Ortúñez kideak Las ostreras de Urdaibai: Datos históricos sobre actividades ostrícolas en la ría de Mundaka-Gernika (Urdaibaiko ostra-haztegiak: Mundaka-Gernika itsasadarreko ostra-haztegien aktibitateen gaineko datu historikoak) izenburupean Mundaka-Gernika itsasadarrean egondako ostra-haztegien inguruko datu interesgarriak jasotzen ditu. Artikulu horretan irakur daitekeenez aipatutako itsasadarrean, Urdaibai barnean, XIX. mendearen amaieran, itsasadarreko estuarioaren baldintza ezin hobeak aprobetxatuz oso aktibitate ostrikola garrantzitsua garatu zen eta hainbat ostra-haztegi izan ziren. Ikerketa honek, zehazki, ostra-haztegien garapena eta kokapena aztertzen ditu. Ondoren datorrena ikerketa honen moldaera da.

Itsas haztegiak XIX. mendearen hasieran hasi ziren Frantzian eta beranduago Euskal Herrian agertu ziren, seguruenez Gerra Karlistan erbesteratutako zenbait euskaldunek ekarrita. Akuikultura kokatu zen lehendabiziko lekua Hondarribin izan zen.

Ostra-hazkuntzaren lehendabiziko datua Bizkaian 1854ko abenduaren 13koa da, Isuntzako itsasadarrean, Mareaerrota deitutako gunean, ostra-haztegia eraikitzeko asmoarekin Celestino Garatek aurkeztutako proiektua Lekeitioko Udalak onartu zuenekoa, alegia. Zenbait hilabete geroago, zenbait pertsona batzen hasi ziren, itsasadarra denona zela aldarrikatuz eta honek eztabaida sortu zuen.

Eztabaida horretan bi alde egon ziren. Bata, Lekeitioko Udala, sustatzailearen alde egin zuena. Bestea, Foru Aldundia, Herrialde-Burua zen Carlos Adan Yarza-ri iritzia eskatu ziona eta honek ez zuen inoren alde jokatu, nahiz eta leku hori Mendexako udalerriaren lurretan zegoela esan zuen eta Mendexako Udala emate horren aurka agertu zen. Aldundiak 1855eko ekainaren 6an ebatzi zuen auzotar guztiek modu askean arrantzatzeko eskubidea bazuten ere, zegokion Udalak herriaren onurarako bazen bere ustiaketaren alokairua enkante publikoan eman zezakeela.

argazkia
San Antonio hondartzako Izpillueta puntaren
(argazkian ezkerraldean) eta Sandindere
irlaren artean (argazkiaren eskuinaldean)
artean Zabalaren ostra-haztegia kokatuta
zegoen.

Eskaera, gatazka eta hartutako erabakien inguruan aipagarriena data da: XIX. mendearen erdialdea; orduz geroztik ostra-haztegiak kokatzeko eskaerak kantauri isurialde osora zabaldu ziren eta emate horietan Itsas Ministerioaren irudia agertzen da. Ondorioz, Administrazio Zentralaren eta Aldundien artean eskumenen inguruan talka egon zen. Estatu-Kontseiluaren arabera emate guztiak Itsas Ministerioaren bitartez tramitatu behar ziren, interes orokorreko industria zelako. Hazkuntza-mota honek jabe txiki ugariri euren nekazal-errentak inbertitzea baimendu zien, ustiaketa hauek kasu gehienetan inoiz errentagarriak izan ez diren.

1. Lehendabiziko ostra-haztegiak: ostra-hazkuntza lanak Urdaibain

1.1. Aldamiz Etxebarriaren ostra-haztegia

Panorama honen baitan eta Mundaka-Gernika itsasadarrak erakusten zituen baldintza ezin hobeei esker, 1867an Gautegiz Arteagako lagunak, Pedro Aldamiz Etxebarriak, Balter errotan (Basterra errota, beste zenbait izenen arabera), Kanalako mugartean, “ostra-parkea” eraikitzeko kontzesioa lortu zuen 50 urterako, Itsas Ministerioak ezarritako araudi berriaren arabera. Hurrengo urtean Bizkaiko kontzesio bakarra izan zen. Urdaibai Eki Taldearen arabera, ostra-haztegi horretatik gertu beste ostra-haztegi bat zegoen itsasadarraren erdialdean.

Halere, oraindik 1873ko ekainean, Aldamiz Etxebarria berak bere kontzesioarekin arazo burokratikoak zituen, ostra-haztegia itsasadarraren bigarren mailako besoan kokatuta egoteagatik, alegia; ondorioz, 1866ko maiatzeko eskaeratik behin eta berriro txostenak eta helegiteak aurkeztu eta jarri behar izan zituen erakunde ofizialetan, Itsas Ministerioan, Bizkaiko Gobernu Zibilean, Sustapen Ministerioan, etabarretan. Euretariko batean agertzen zenez jatorrizko txostena galdu egin zen. Hortik ondoriozta daiteke zergatik zazpi urte beranduago oraindik ez zituen baimen guztiak ostra-hazkuntzarekin hasteko.

1.2. Zabalaren ostra-parkeak

1877ko urriaren 6ko datarekin, Sustapen Ministerioaren Errege-Aginduak Mariano Zabala Bermeoko auzo-lagunari ostra-haztegia ezartzeko jabari publikoko lur-eremua eman zitzaion. Lur-eremuaren kokapena ondokoa zen: Izpillueta punta eta Sandindere irlaren arteko badiaren, eta Galdamizko errotaren eta Kanalako ontziolaren arteko badiaren artean, eta Aldamizko haitzetik gertu.

argazkia
Portugalgo ostra (Crassostrea angulata).

1879an kontzesiopean utzitako lur-eremua handitzea eskatu zuen Zabalak instalakuntzak zabaldu ahal izateko. Kasu honetan eskaerak San Martineko badiako (gaur egungo Laidatxu hondartza) lur-eremua, Mundakako mugartekoa, hartzen zuen. Bideen, Kanalen eta Portuen Aholku-Batzordearen erantzunean irakur daitekeenez handitze horren aurka, bai forman zein denboran Juan Pablo Lejarraga eta Bartolome Arginzoniz agertuko ziren, euren aburuz zabaltze horren ondorioz bi horiek eskatutako ostra-haztegia ezin izango zelako kokatu. Era berean, bi lagunak Mundakarrak zirela zioten eta aktibitate hori aurrera eramateko eta garatzeko gaitasun handiagoak zituztela.

Jabari publikoaren kontzesioa eman ziotenean Mundakako Udalak –baimenaren aldeko ebatzia eman zuena- zenbait itsasontzik negua pasatzen zuten ainguralekuaren zati bat hutsik uztea eskatu zuen. Honek guzti honek enpresa-lanak oztopatzen zituen prozesu burokratiko luzea ekarri zuen.

Ostra-hazkuntza aktibitatearen eskaera-, kontzesio-lanak eta ustiaketa-lanak garatzen ziren egitura burokratikoa ezagutzeko, kontzesioaren zabaltzeari aipatutako oposizio-pleitoan Mundakako Udala, Osasun-Batzordea, Saileko Kapitania Orokorra, Sustapen Ministerioa, Ferroleko Itsas Saileko Fiskala, Itsas Ministerioa, etabar aritu ziren.

Zabaltzeko baimenak luze jo zuen. Alde batetik, horren oposizioa, eta bestetik, beharrezko txostenak eta ikerketak egitea, prozesua asko luzatu zuten. Horrela, 1880ko martxoaren 10ean Bideen, Kanalen eta Portuen Aholku-Batzordeak zabaltzeko baimena eman zion.

1.3. Beste ostra-parkeak

Bideen, Kanalen eta Portuen Aholku-Batzordeak, 1880ko otsailaren 26an dataturiko txostenean, itsasadarrean, jadanik zegoenarekin batera, egingo ziren ostra-parkeak zehazten zituen. Bat ezkerraldean eta beste bi eskuinaldean; bi zegozkien hondartzetan eta itsasadarraren ibilgu nabigagarritik kanpo.

Bakarrik ostra-haztegietako lehenengoan, garrantzi handienekoa, lur-eremuaren zati bat fabrika-lanekin ixten zen. Gainontzeko hirurak hondoan sartutako pertxetan jarritako hezien bidez bereizten ziren. Heziak itsasgoratan itsas mailatik metro erdi ateratzen ziren. Hezitik hezira bi metro zeuden eta alanbrez lotuta zeuden.

Lanotan bi horma bakarrik egin ziren. Bata, harri lehorrean egindako metro bateko altuerako horma. Honekin lehen parkea gurutzatzen zuen errekastoaren ura bideratzen zen. Bestea, harlandu hidraulikoz egindako zeharkako dikea, presa formakoa, ixten zuen espazioan beharrezko ura itsasbeheretan gorde behar zuena. Era berean, jabari publikoan, zaindariarentzako etxea-gela egiteko asmoa ere bazegoen. Hirugarren parkearen ondoko haitz isolatu batean egitea pentsatu zen eta bertara heltzeko kai txikia eraikitzea beharrezkoa izango zen. Ostra-haztegi hau, gaur egun Kanalan dagoena izan daiteke.

argazkia
Kanalako ostra-haztegiaren Ipar eremuko
hondarrak (Gautegiz Arteaga, 2013).

1.4. Baldintzak eta ekoizpena

Mundaka-Gernika itsasadarra ez da itsas espeziak hazteko produktibitate handiko lekua, bere hondoak denboraren erdian bakarrik urpean daudelako; arrazoi honengatik, espeziek iragazteko eta, beraz, elikatzeko duten denbora laburra da. Honi aurre egiteko, Urdaibaiko ostra-haztegiak ura gorde egiten zuten eta, horrela, iragazketa-denbora handitu egiten zen; gainera, uraren zirkulazioak hondoko hondakin organiko oso nutritiboak mugiarazten zituen. Uraren sarrera eta irteera erregulatzeko instalakuntzek konportak zituzten.

Bere funtzionamenduaren gaineko datuen inguruan zehaztasun gutxi dago; aurkitutako hondarrei eta garai hartako teknikei erreparatuz, gutxi gorabehera azal dezakegu.

Datu zehatzak izan ez arren hazitako lehen ostra-mota ostra arrunta (Ostrea edulis) izan zitekeen, baina zenbait gaixotasun zirela medio desagertu egin ziren. Horren ordez, Portugalgo ostra (Crassostrea angulata) erabili zen, hondo hareatsuetan kokatzeko gai zena; ostra arruntak, berriz, hondo harkaitsuak behar ditu.

Molusku gehienak ez bezala, ernalketa ostraren baitan gertatzen da. Beranduago, ernaldutako obuluak askatu egiten dira eta metamorfosi gogorrak jasandakoan substratuari itsasten zaizkie. Momentu horretan 0,5 cm-ko tamaina dute. Beharrezko arrautzak jasotzeko Kanalako ostra-haztegian oskolei larbak itsatsi egiten zitzaizkien edo, Frantziako tekniken arabera, itsasadarrean zehar karez margotutako teilak kokatu egiten ziren larbak bertan koka zitezen.

Kareari esker larbak kendu egin zitezkeen larbak eurak kaltetu gabe. Ondoren, igerileku inudera (bere hondarrak oraindik orain hor diraute) eramaten ziren eta tamaina egokia zutenean igerileku orokorrera eramaten zuten. Berau, barrualdetik, zenbait muna txikik zatitzen dute, seguruenez, aleak tamainaren arabera sailkatzeko balioko zuketenak.

Egile hauen arabera Kanalako ostra-haztegia Bizkaiko produktiboena zen, bere ekoizpena 25.000 dozena/urte izanik. Besteak beste, Bilboko La Concordia taberna-jatetxean jaten ziren.

2. Baldintza aproposak. Natura-baliabideak, teknologia, kapitala eta baldintza egokiak: Gandarias ustekabean sartu zen ostra-hazkuntzan

2.1. Aintzindaria

Garai honetako egoera ezin hobea Pedro Pascual Gandarias Nabeak (Arratzu 1843-Bilbao 1901) –pertsonaia dinamikoa, arrazionala eta ekintzailea- aprobetxatu zuen. Busturialdeko eta orokorrean Gernikaldeko aberastasun natural eta paisajistikoaren, bai eta bertako aukeren eta baliabide turistikoen aprobetxamenduan ere, aitzindari eta sustatzailea izan zen. Industrian ere sartu-irtena egin zuen, Anastasio Zubiaurreren Sdad. Anma. Aurrera teila eta adreiluen fabrikako akzionadun handiena izan baitzen.

Egoera egoki honetan, Gandarias, merkatuak aurkezten zituen aukeren aurrean beti adi zegoena eta pilaketaren, irabazien maximizazioaren, berribertsioaren eta lukuruaren aurrean oso sentibera zena, Montijoko Eugeniak salgai jarri zituen ondasunak erositakoan hainbat baserri, mendi eta onibarrak lortuz agertu zen eskualdean.

Pedro P. Gandarias, Cía. del Ferrocarril Amorebieta a Guernica S.A. enpresa 1885ean sortu zenean akzionadun txikia izan zen. Zenbait urte geroago, 1893an, enpresa horren presidentzia lortu zuen eta urte horretan Sukarrietaraino luzatu zen. Honek, 1896an, Hotel Tatxarramendi hotel-jatetxearen sorrerak eta ustiaketak herri honetan ostatuen eta jatetxeen negozioa irekitzea ekarri zuen. Ordura arte eraldatu gabeko gunean, orain hondartzaz eta itsasoko bainuez disfrutatzea modan zen.

argazkia
Kanalako ostra-haztegiaren hondarren
perimetroa (Gautegiz Arteaga, 2013).

Pedro Pascual Gandariasen negozioen integrazio bertikalak Sukarrietako bere hotelerako jakiak lortzeko bere koinatua zen José Manuel Arispe Akaiturriri eskualdean ostrak erostea agindu zion. Lehendabiziko agindua horretarako izan zen eta, geroagokoa, aipatutako janari gozoa komertzializatzeko izango zen.

Arisperen kudeaketak, alde batetik, Arratzuko semea zen Gregorio Orueta Gorriñorekin aurrera eraman zituen. Arratzuar honek, 1897an, Gautegiz Arteagako elizapeko “Echandia” errotaren eta bere ondasunen jabe egin zen. Bestaldetik, Pedro Allendesalazar Zuluetarekin, Muruetan jaio eta bizi zenarekin ere aritu zen. Muruetako seme hau 1898an onartu zitzaion kontzesio baten jabe zen eta bere instalazioak itsasadarraren beste aldean, Kanalako jurisdikzioan, Gautegiz Arteagako udalerrian, kokatu zeuden. Biak, Allendesalazar eta Orueta, Pedro P. Gandariasen izen-mailegatzaileak ziren.

Natura-baliabideen ustiaketak akuikulturan beste adibide bat izan zuen.

2.2. Compañía Ostrícola de Canala, S.A. enpresa

1897ko abenduaren 9ko datarekin Gregorio Orueta Gorriño Arratzuko lagunak, Gernika-Lumoko notarioa zen Pedro Pascual Areitiok emandako eskrituran datorrenez, hamaika mila pezetaren truke, Jose Alegriari eta bere emazte Damina Borikari, biak Arrietako lagunak, Echandia deitutako errota erosi zien. Gautegiz Arteagako udalerriko Kanalako auzoan dagoen errota honek lau errotarri eta presa zituen.

Echandia errota erosteko asmoz Areitio notarioaren aurrean agertu zenean Pedro Pascual Gandarias Nabea, Victor Arana Belaustegi, Anacleto Olaortua Ibañez de Aldekoa eta Toribio Arana Elgezabal jaunen izenean egiten zuela ezkutatu egin zuen. Aipatutako erosketa egin ahal izateko hamaika mila pezeta horiek eman zizkiotenak aurreko horiek izan ziren.

Echandia itsas errota erosi eta ia urte bete geroago, 1898ko azaroaren 26an, arestian aipatutako lauak eta Orueta Sukarrietan –Hotel Txatxarramendi hotelean litekeena da- Busturin bizi zen Jose Mendieta Gernikako Distritoko Notarioaren aurrean agertu ziren. Gandariasek, Oruetak, T. Aranak, Olaortuak eta V. Aranak Echandia errota eta horren presa askatasun osoz erabiltzeko aukera izan zezaten. Era berean, Gregorio Oruetak errotaren jabetza eman eta traspasatzearekin batera, orube horretan legez zerbait egin bazezakeen ere eskubide hori bertan behera utziko zuela sinatu nahi zuen, eta, beti ere, aurrekoen asmoetarako erabilera egokiena izango zuen eta ez zen besterik ostrak hazteko parkea ezartzea baino.

Compañía OSTRÍCOLA DE CANALA, S.A. enpresa 1898ko azaroaren 26an sortu zen Busturian bizi zen Jose Mendieta notarioaren aurrean osatutako eskrituraren bidez. Arestian aipatutako lau aberatsak, lehena Bilboko semea eta beste hirurak Gernika-Lumokoak, izan ziren.

argazkia
Uraren gainezkabideetariko bat Kanalako
ostra-haztegian (Gautegiz Arteaga, 2013).

Sozietate berria 1899ko urtarrilaren 12an inskribatu zen Bizkaiko Merkataritza-Erregistroan eta bere xede soziala Echandia errota eta bere presa ustiatzea zen, bertan ostra-haztegia eta arrain-haztegia kokatuz.

Eskrituratan jarritako kapitala 30.000 pzta.-takoa izan zen, 250 pzta.-tako 120 akzioetan bananduta, baina 20.000 pezeta bakarrik harpidetu ziren, 80 akzio hain zuzen ere. Hauek era honetara banandu ziren: Gandariasek 56 akzio, 14.000 pezeten truke, Victor Aranak (8 akzio), Anacleto Olaortuak (8 akzio) eta Toribio Aranak (8 akzio). Gainera, eurek osatu zuten Administrazio-Kontseilua eta bertako Presidentea Gandarias izan zen. Isidro León enpresaren kudeatzailea, Manuel Fernández Mimeza idazkaria eta Karmelo Iruarrizaga diru-zaina izan ziren.

Gainontzeko akziodunak zein enpresako ardura administratibo desberdinetako pertsonak Gandariasekin harreman estua zutenak ziren, lagunak zirelako, antzeko ideia politikoak zituztelako edota bere ondare ugariren administratzaileak zirelako.

Enpresak 37 urte iraun zuen, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, 1936an bere aktibitatea eten egin zen. Edozein kasutan ere, dauden agiri gutxietan eta Bizkaiko Ogasunera zein Administrazio zentralera entregatutako balantzeetan oinarriturik oso lan gutxi egiten zuela esan daiteke.

Dauden agiri gutxietan oinarrituta, denak galeren eta irabazien balantzeen ingurukoak, sozietatea bizi osoan kiebra teknikoan egon zen eta hau ez zen aurrera eraman zordunak onak zirelako, hain zuzen ere akziodunak eurek edota euren familiarrak direla oso argi ikusten da. Badirudi, ostra lortzeko eta, aldi berean, diru-sarrera eta diru-irteera ofizialen kontrol formal zorrotza izateko, bai eta instalazioak ere kontrolpean izateko, enpresa mantendu egin zela. Bertako ekoizpen eskasa Hotel Txatxarramendi hotelaren eta Gandarias familiaren kontsumo propioa mantentzeko erabiltzen zen.

Baina baliteke jabeen eta zordunen desioak asetzeko kontabilitatetik at ere ostrak lortzen aritzea, dagozkien gastuak aipatzen direlako baina ez, berriz, irabaziak.

Sozietateko idazkaria Pascual Arana Etxebarriak 1912ko apirilaren 26an baieztatu zuen 1911ko uztailaren 29an ospatutako Akzionadun Batzar Orokorrean azken ekitaldiaren kontuen balantzea onartu zela. Irabazien eta Galeren kontuen kitapena, aurreko saldoa kontuan hartuz, 6.754,35 pezetatakoa zela.

argazkia
San Martin edo Potzada badian (gaur egungo
Laidatxuko hondartza) Mundakako ostra-
haztegia kokatuta egon zitekeen.

1925eko uztailaren 7an enpresak esan zuen 1910-11 ekitalditik 1923-24 ekitaldira, biak barne, Sozietateak ez zuela zergak ordaintzeko irabazirik izan, eta 1920-21, 21-22, 22-23 eta 23-24 ekitaldiei dagokienez ez dagoela kapitalik, Galeren eta Irabazien Kontuetako kitapena akzionadunek jarritakoa baino handiagoa delako.

Gerra Zibilean erdi-erdian, 1937ko martxoaren 30ean, Carmelo Iruarrizagak, Sozietatearen diruzainak Erabilpen-Kontribuzioen kitapen-buruari gutun bat idatzi zion esateko SOCIEDAD OSTRICOLA DE CANALA S.A.-k 1931-32-33-34 eta 1935 urteetako ekitaldietako kontribuzio-ordainketei zegokienez ordaindu beharreko 160 pezetak ezin zituela ordaindu, enpresak horretarako ez zuelako funts nahikorik, nahiz eta ordura arteko kontu guztien kitapena Juan Tomas Gandariasek maileguen bidez egin zen, baina bere kontu guztiak esku hartuta zituenez, ez zuen modurik diru gehiago mailegatzeko.

2.3. Beste erosketa bat

Gautegiz Arteagako udalerriaren jurisdikzioan zegoen Kanala auzoan ostra-haztegia jartzeko zuen asmoarekin aurrera jarraitu zuen. Pedro Pascual Gandariasek ostra-haztegia jartzeko (edo aukera izanez gero handitzeko) itsaso-lur jabari publikoan kontzesioa lortze aldera, berriro ere, izena mailegatzeko beste pertsona bat aukeratu zuen. Oraingo honetan, Pedro Alledensalazar Zulueta -53 urtekoa eta, orduan, ezkongabea, Muruetako jabea eta semea zena- aukeratu zuen. Urpean geratu ahal zen lur-zatian ostra-haztegia kokatzeko kontzesioa lortzeko eskaera egin zuen. Hasiera batean ezezkoa jaso zuen, baina helegitea sartu zuen. Ondorioz, bertatik bertara egindako bisitaldian Bilboko Arrantza-Batzordeak, 1898ko martxoaren 28ko Errege-Agindua betez, Mundakako itsasadarrean berezko ostrarik ez zegoela ikuskatu zuen.

Allendesalazarrek itsasadar horretan kokatu nahi zuen gunetik 500 m-ko distantzia baino laburragorako beste ostra-parkea bat zegoela izan zen ezezkoaren funtsa eta hori horrela ez zela ikusi ondoren, hori guztiagatik, Erregeak eta bere izenean Erreginak, 1898ko abenduaren 20ko datarekin Pedro Allendesalazar Zuluetak egindako eskariari oniritzia eman zion eta Saileko Estatu Nagusiko Buruaren 1898ko abenduaren 29ko data duen agirian horrela jasota dago.

Allendesalazarri jarritako baldintzak ondokoak dira: gunea argi adierazita egongo dela, eskaeran aurkeztutako txostenaren eta planoen araberako kontzesioa dela, hektareako 50 mila ostra ama erein behar zirela espresuki adierazita izatea eta aurrera eramateko epea sei hilabetekoa eta, gehienez, urte batekoa izango zela. Era berean oso argi geratu zen Estatuak lur horien beharra bazuen, kontzesioak ez ziola kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ematen. Beraz, kontzesioak ez zuela kontuan hartzen hirugarren bati egin ziezaiokeen kalterik eta adostutakoa bete ezean kontzesioa bertan behera geratuko zela.

Baina, Pedro Allendesalazar Zuluetak ostra-parkea ez zuen inoiz erabili. 1898ko urriaren 27an eta Pedro Pascual Areitio Gernika-Lumoko notarioaren aurrean Jose Manuel Arispe Akaiturri -44 urtekoa, ezkondua eta jabea, Arratzuko bizilaguna eta lehen hezkuntzako irakaslea-, Pedro Pascual Gandarias Nabearekin batera, agertu zen, lehenago deskribatutako ostra-parkea, eskubide eta erabilpen guztiekin, Gandariasen alde jartzeko. Arispe emate-eskritura onartu ondoren Gandarias ostra-parke horren jabea bihurtu zen.

1899ko otsailaren 18an, Gautegiz Arteagako elizatean, Ramón Vázquez Núñez, Bermeo Itsas laguntzaileak, 1898ko abenduaren 20an Itsas Ministroak indarrean ezarritako Errege-Agindua betez Mundakako itsasadarrean ostra-parkea jartzeko baimena jasorik, José Lorenzo Zarrabeitia Gernika-Lumoko lan-maisuarekin batera -lekuko legez Anacleto Olaortua eta Galo Nardiz agertu ziren- urperatutako lurren mugak zehazteari ekin zion.

Lan-maisuaren agerpenaren arrazoia izan daiteke Gandariasen asmoa ostra-parkea eraikitzeko lanekin lehenbailehen hastea.

Kontzesio hau jasotakoan eta Echandia itsas errotaren eta bere presaren jabetza eskuraturik, Pedro P. Gandariasek bere helburua lortu zuen: ostra-haztegia industria kokatzea.

2.4. Echandia errota

Echandia itsas errota, lehenago esan den moduan, Kanalan, Gautegiz Arteagako jurisdikzioan kokatuta zegoen eta, orain arte esandakoaz gain, ez dakigu besterik. Urdaibaiko erroten inguruan informazio gehiago: Urdaibaiko errotak.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.