Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra » Dorretxeak

Okako Dorretxea (Muxika)

Hegoekialdera begira dago eraikita, antzinako erret bidera. Errekaren eskumatara errota zaharraren hondakinak daude, berau ere dorretxearen jabeena.

Eraikin kubikoa da, oso handia, lau isurialdeko bizkar-zorua eta erlatz zabala dituena. Eraikinaren erdia harlangaitzez eginda dago eta beste erdia harlanduz, azkenengo gai honez eginda dagoela aurrealde nagusia, errekara begira dagoena. Sarbide bi ditu: bata hegal batean dago eta ate adintelatua da, aurrealde nagusikoa baino altuera handiagoan eginda; bestea aurrealde nagusikoa da eta arkuarri handiz egindako puntu erdikoa. Aurrealde nagusian lau ardatz huts-gune adintelatu daude, hiru solairutan. Behekoan, aipatu berri dugun atea dagoen solairuan, gezi-lehio bi daude. Goiko solairuetan huts-gune guztiak adintelatuak dira, dintel monilitikoa daukala.

Dorrea
Dorrea

Aurrealde honetan dago armarria: zaldungoari dagokion kaskua, lumateria, lanbregineak eta leoi tenante bi; lau zatitan banaduta da: lehenengoan gurutzea dago, bigarrenean kataiak, hirugarrenean idi bi arranekin, bata bestearen gainean, eta laugarrenean irustak edo direnak eta azpian hiru olatu.

Dorretxe honek aginpide-arazoak sortu zituen Gorozika eta Muxikaren artean, dagoen tokian kokaturik egotegatik. 1979 urterarte Gorozikako aginpidetzakoa izan zen eta urte horretan Aldundiak Muxikakora igarotzea erabaki zuen.

Armarria
Armarria

J. Ibarra eta P. Garmendiaren ustetan, dorretxe hau ez litzateke antzinako Oka dorretxea, nahiz eta toki berean edo inguruan kokaturik egon, euron iritziz gerra bitarteko garairen batean dorretxe honek zaharra ordezkatu zuelako, gero XVII. gizaldian gaur ezagutzen dugun jauregi-gotortokia bihurtuz.

Okako dorretxea Muxikako Oka auzoan dago, izen bereko errekaren ezkerretan eta dorretxe honen jabeek eraiki zuten Edurretako Amaren baselizatik 200 metrora. Erortzear dagoenez hobe da soilik kanpotik behatzea.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.