Nafarrola leku-izena Bermeoko Artika auzoan kokatuta dago. 1285ean, jadanik, aipatzen da, Lope Diaz Harokoak Bermeori forua berrestean: “Por do taja la agua de Lamiaran adentro, é por el somo de la sierra que es sobre la caseria de los fijos de don Sancho de Galdacano, é por esa senda que recuda por sobre Achonaraen al rio que ba por entre Nafarrola, é Zuloeta, é por ese rio arriba que recuda en destajo al somo de la sierra, é por el cuesto de esa sierra por sobre Morteruza, é por Ordoña que recuda a Burgos (sic), é de Burgoa fasta Bermejo, con montes, é fontes, é con entradas, é exidas (...)”.
Bertan Nafarrola baserriak daude.
Nafarrolabeko edo Nafarrolanagusia legez ezaguna zenbait agirietan 1578an aipatzen da idatziz lehenengoz. XVII. mendean, Martin Larrinagako kapitainaren familiako jabetzakoa izan zen. XVIII. mendean, Longa eta Renteria familiakoak agertzen dira baserri honetako jabe, eta XIX. mendetik aurrera, Ibinaga familiakoak.
Nafarrolaerdiko baserriaren idatzizko lehen aipamena 1578koa da. Ez da beti egon orain dagoen tokian. Nafarrolabeko baserriaren mendebaldean, bide ertzean, Etxerreko solo izeneko saila dago. Hortxe egon ei zen antzina Nafarrolaerdiko, suak hondatu zuen arte. Etxe berria gorago, gaur dagoen tokian eraiki zen. Gaur, Nafarrolaerdiko, Nafarrolagoiko baino gorago egon arren, izen zaharra mantentzen du. XVIII. mendean, Bidaetxea familiaren jabetzakoa izan zen etxea; XIX. mendean, liberalen aldean nabarmendu zen Manuel Santos Txirapozuren jabetzan agertzen da baserria; 1836an karlistek, Kafranka eta Garalde baserriekin batera, bahitu egin zioten baserria. XIX. mendean, Asteinza familiakoen jabetzan agertzen da.
Azkenik, Nafarrolagoiko baserria edo Nafarrolatxikerra dugu. Baserri honen idatzizko lehen aipamena 1578koa da. XVII. mendean, Martin Larrinagako kapitainaren familiako jabetzakoa izan zen. XVIII. mendetik aurrera, Ormaetxea familiakoen jabetzakoa agertzen da. XIX. mendean Atela familiakoena eta XX.ean, Monasterio familiakoena izan zen etxe hau.
Jabego pribatukoak direnez ezin sar daiteke euren barnera.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.