XIV. mendearen hasieran Hurtado Gartzia Abendaño Bizkaiko ganboatar bandoko buruak zeukana bere hiru semeen artean banatu zuen: handienari Arabako Aramaioko bailara eta Dimako Urkizuko orubea eman zizkion; bigarrenari, Arteaga; eta hirugarrenari, Joan Galindezi, Muxika. Azken horrek fiso el primero cadalso e [el] primer palaçio e aseñas e solar, e fue el primero que poblo alli, e por eso tomo el nombre de Mugica.
Garai batean leinu gaztearen Abendaño-Urkizuko eta Arteagako ahaideekiko harremanak onak izan ziren. Baina egoera hori XV. mendea hasitakoan aldatu zen: Maria Alonso Muxikakoa, orubearen oinordekoa –Joan Galindezen biloba-. Butroeko Gonzalo Gomez jaurerriko oinaztar leinu nagusiko ahaide nagusiarekin ezkondu zen. Muxika-Butroetarren eta lehengusu abendañotarren arteko liskarrak laster etorri ziren. Beraien goren uneak honakook izan ziren; Otxandio erretzea (1415), Mungiako borroka (1437), Aramaio berenganatzeko borrokak (1437-1450), Arrasate erretzea (1446) eta Elorrioko bataila (1468). Guztiarekin ere, 1471n Joan Alonso Muxika-Butroetako eta Pedro Abendaño adiskidetu egin ziren eta Pedro Fernandez Velasco Haroko kondea garaitu zuten Mungiako batailan.
Muxika-Butroeko orubea Bizkaikorik garrantzitsuenetakoa zen, aberastasunean eta boterean Abendañokoak bakarrik gaindituta. Uribeko merindadearen zati handiko benetako jaunak ziren, Plentzia, Larrabetzu eta Gernika hiribilduak barnean sartuta. Gainera, baserritarren zergak eta elizen harremanak kobratzen zituzten. Eta erroten, burdinolen, baserrien, laborantzako lurren, mendien, ganaduaren eta abarren jabeak ziren. Pribilegio-egoera hori haren abizenetakoa dorretxe bietan islaturik zegoen. Gotorleku biok oso eraldaturik daude baina Bizkaiko dorretxerik gehienek baino askoz indar- eta bikaintasun-sentsazio handiagoa ekartzen jarraitzen dute.
Perspektiba zabala menperatzen den muinoaren gainean finkaturik dagoen Muxikako egungo dorretxea ez da Joan Galindezek eraiki zuena. Hura urkamendia zen, zurezko eraikuntza, aztarnarik geratzen ez zaiona.
Gero, une ezezagunean, harrizko lana jarri zen beraren ordez. Baliteke horri etxearen perimetroaren zati handia egokitzea: harresi izugarria (2,60 m lodi, 5 m gora), oin ia karratua (19 x 20 m) zehazten duena. Harresi hori harrizko bloke handiz eraikita dago eta nonbait fase bitan eraiki zatekeen, arku zorrotz eta zabal den sarrerako tunelean ikusten den bezala.
Ez dakigu harresi handi hori ertaroko dorretxearen inguruko harresiaren zati ala dorretxearen kanpoaldeko hesia zen. Nolanahi ere, XIV. mendearen hasieran haren barrualdea –200 m2-tik gorakoa- hutsik geratu zatekeen, eta haren erdia gustu errenazentistako baina ohitura gotikodun jauregiak bete zuen.
Lan berria bolumen handi eta etzana da, aurretiko harresiaren gainean finkatua –harresi hori jauregia eraikitzearen kariaz berriz egin zen-.
Bertako lehenengo solairuak oso eraldaturik daude. Beheak, jatorriz ukuilua edo sotoa izandakoak, egun etxera sartzeko balio du, halaber. Ez du jatorrizko baorik gordetzen.
Gainetik, solairuartea dago, zerbitzu –lekuetarako gunea nonbait, hala nola, sukaldeetarakoa eta logeletarakoa- gaur egun funtzio horiek betetzen ditu. Badugu bertan dorretxeko lehengo leihoetako bat ikustea; geminatua, arku eskartzanokoa, baina mainela galdu duena.
Baina Muxikako dorretxeko gune nagusia bigarren solairua da. Bertara barrualdeko eskaileratik sartzea dago, kanpotik bere sarrera zuen baina: erdi-puntuko arkua. Bertara Lko oineko patin edo harrizko eskaileratik heltzen zen. Berau fatxada nagusiarekiko elkarzutik igotzen zen. Bizkaiko elementu arkitektoniko paregabe hori garaikideak harritzekoa zen.
Solairuaren barruan areto zabal –120 m2-tik gorakoa- ikus dezakegu, barrualdera begira eserlekuak dituzten bost leiho eskartzano zabalen bitartez argiztatuta. Haiek era irregularrean banatuta zeuden, beraietariko batzuk apaindurik zeudela: atzeko aldekoetako baten erroskan harrian tailaturiko zirkulu zentrokideak ikus daitezke.
Benetako dorretxeetan bezala, areto hori leinuaren gizarte ordezkapenerako gunea zen. Bertan ekitaldi ospetsuak izan ziren, hala nola, tregoa sinatzekoa edo senar-emazteen kontratua edo testamendua idaztekoa.
Kanpoaldean, solairu horren goialdean zehar, bozel laudeneko harbuirutxoak daude, teilatuaren hegala finkatzen zuten jabaloiei eustekoak. Baina XIX. mendean etxearen barruko egitura eta, berarekin batera, gainaldea berritu ziren: teilatu berriak hormen gainetik hegal egiten du ia-ia. Jabaloiak, alferrikako bilakatu baitziren, ezabatu egin ziren, eta egun mentsulak nahiko galduta daude hormataletan.
Muxikako dorretxea Muxikako San Roman auzoan dago. Bertara heltzeko Amorebieta-Etxano-Gernika-Lumo errepidean ezkerrerantz hartu behar da. Halere, ezin izango dugu barrura sartu jabetza pribatua baita.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.