Kokapena: Hirigunearen barnean, Kurutzi Plazatxoan, Gernika-Lumotik Bermeoranzko errepidearen aldamenean dago.
1982ra arte gaur egungo kokapenetik zortzi metrora zegoen, errepidearen espaloiaren ondoan hain zuzen ere. Lehengo leku horretan kamioi batek bota egin zuen eta fustea zati desberdinetan apurtu zen.
Gurutzearen aurrealdea mendebaldera begira dago.
Deskribapena: Ondoko elementuez dago eratuta: harmaila. plintoa, harroindun zutabea, fustea eta abakoa, eta goialdeko gurutzea.
Harmaila lauangeluarra da eta bi maila ditu. Plinto karratua sostengatzen du eta goialdeko erlaitza oso kaltetuta dago aurrealdetik arestian aipatutako istripuagatik. Bere aldeetako batean ondoko inskripzioa dauka: “ESTA OBRA HIZO HAZER RODRIGO ABAD DE MENDECANO, VOS QUE SOIS LECTOR ROGAD AL SOBERANO. AÑO 1611”.
Estilistikoki Errenazimentu Amaieran edo Erromanismoan koka dezakegu.
Plintodun zutabe toskanak moldurak dauzkan harroinak ditu eta bere gainean fuste zirkular liso eta monolitikoa (kolpeak jasotako gune askotan burdinezko lau bridaz helduta dago) du. Ondoren, koilarea eta honen gainean abakoa du kapitelaren ordez, eta gorago gurutzearen oinarria den erlaitza.
Goialdeko gurutzea sekzio oktogonalekoa da. Aurrealdean, INRI idazkiaren azpian Kristo gurutziltzatua du. Atzealdean, berriz, Birjinak buruan koroa du eta besoetan Haurra.
Elementu osoa hareharrizkoa da, harmailako bigarren maila salbu, kareharrizko zatiak baititu, eta guztira 4,42 m-ko altuera hartzen duena.
Oharrak: Lehenago gurutzea zegoen tokian harlauza dago lurrean ondoko deskribapenarekin: "LEKU HONETAN EGON ZEN GURUTZA 1982 URTE ARTE". Testuaren zati handia ulertezina da.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.