Atal honetan Urdaibaiko erdi aroko eraikuntza militarrak landuko dira. Dorretxeak gehien bat aztertuko badira ere, haitz-gazteluei, alkazarrei eta harresiei ere erreparatuko diegu. Baina, nork agindu zuen eraikitzea? Nork eraiki zezakeen? Zein bete behar zuten? Nolakoak ziren?... Ondoren, arestiko galderak eta sor daitezkeen beste batzuk ere erantzuten saiatuko gara.
Busturialdeko erdi aroko arkitektura militar zaharrenak haitz-gazteluak eta Jaunaren alkazarrak dira. Lehenengoak, egon zitekeen inbasiotik lurraldea defendatzeko sortu ziren eta, bigarrenak, hiribilduak babesteko eraiki ziren.
1334an, Alfonso XI Gaztelako erregeak Bizkaia inbaditu zuenean Gaztelugatxeko (Bermeo) eta EreƱozarreko (EreƱo) harkaizko gazteluetan bakarrik aurkitu zuen oposizioa.
Aurrekoekin batera Zarragoitiko alkazarra (Bermeo) dugu. Oso gutxi dakigu berataz eta are gutxiago zuen itxuraz.
Harresiak oraintsuagokoak dira. Busturialdeko hiru hiribilduek (Bermeo, Errigoiti eta Gernika) izan zituzten, eta, antza denez, hirurak XIV. mendean eraiki ziren. Harresien aztarna bakarra Bermeon ikus daiteke, San Juan Portalea hain zuzen ere.
Baina, Erdi Aroko eraikin militar bizkaitar ezagunena dorretxea da. XIII. mendetik XV. mendera bitartean eraiki ziren.
Orokorrean, gehienak leku estrategikoetan kokatuta daude ikuspegi militarretik, baina, batez ere ikuspegi ekonomikotik begiratuta.
Zaldun infantzoiak, Bizkaiko kapareek, bere oinetxea zuen lehendabizi, bertan dorrea eraikita zuelarik. Inguruan, baliabideen arabera, beste elementu ugari zituzten.
Bizkaiko dorretxeak bere forma berezia du: oin lau angeluar edo angeluzuzen, harlanduzko horma lodiak, harrizko eskantzuak, 18 edo 20 metro baino altuera handiagorik ez eta estalkia harlauzadun terraza.
Hasierako dorretxeak eraikin erabat militarrak ziren, euren forma betebeharrera egokitu zuten zeharo.
Dorretxerik garrantzitsuena Arteagakoa izan zitekeen, hegaletan dorre zilindrikoak zituen harrizko hormaz inguratuta zegoelako. Montalban, gainera, oin pentagonala duen Bizkaiko dorretxe bakarra da.
Senideen armarria ia dorretxe guztietan zegoen kokatuta leku ikusgarrian, orokorrean, ate nagusiaren giltzarriaren gainean.
Solairu bakoitzaren erabilpena eta antolaketa oso zehatza zen.
XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran bandoen arteko gerrak desagertuta eta hiriguneak indartuta dorretxeak defentsa-gotorleku moduan zuen garrantzia galduko du. Etorkizuneko erabileraren arabera jauregi, nekazaritza-estiloko eraikin zein bien arteko nahasteen ezaugarriak zituzten etxe bihurtu ziren.
Busturialdean, gaur egun, 23 dorretxe diraute zutik, eta, gutxienez, beste 21 gehiago egon zitezkeen.
Hain kopuru handia soilik azal daiteke erdi aroko giro soziopolitikoari erreparatuz. Izan ere, mende askotan, Euskal Herriko klanak bi bando handitan banaturik egon ziren: oinaztarrak eta ganboatarrak, eta horien arteko etengabeko gerrek Herria zatitu eta beldurra eragin zuten nekazarien artean.
Ahaide Nagusi batzuk Gaztelaren aldekoak ziren eta besteak Nafarroaren aldekoak.
Bizkaian bandoekiko atxikipena berandu gertatu zen. Agian, horregatik, borrokak Euskal Herriko gainerako lurraldeetan baino luzaroago mantendu ziren.
Errege Katolikoen erregetzaren eta horiek agindutako neurrien ondorioz bandokideak eta horien gotorlekuak desagertu egin ziren behin betiko. Azken gatazka armatu garrantzitsuak, bestalde, Komunitateen Gerra baino apur bat lehenago gertatu ziren.
Hor bukatzen da beraz Ahaide Nagusien arteko liskar militarrak eta guk honekin amaituko dugu Urdaibaiko egitura militarren zehar egingo dugun ibilbidea. Horiek gabe ezin azal daiteke Erdi Aroa Urdaibain eta Bizkaian.
Jakin badakigu Bizkaiko dorretxeen etorkizuna ez dela onena, etxebizitza moduan gaur egungo beharrizanetara moldatzea zaila dela eta diru asko eskatzen dutela. Oso urte gutxiren buruan galdutako dorretxeen kopurua zaharberritu direnak baino askoz ere handiagoa da.
Ez dezagun itxaropena galdu! Ia lan honek Ondare hori ezagutzen, iraunarazten eta berreskuratzen laguntzen duen.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.