Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra

Gipuzkoako Ermandadeen arteko borroken ostean dorretxe ugari eraitsi egin ziren eta 1457an Enrike IV.ak dorretxe berriak ez eraikitzeko agindu zorrotzak ezarri zituen. 1498an Fernando Katolikoak behin betiko galazotu egin zuen eraikuntza berriak altxatzea edota zaharrak berreraikitzea.

XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran bandoen gerrak amaitu egin ziren. Lurraldea baketzearen eraginez, Ahaide Nagusiaren ereduak bilakaera izan zuen, eta irudi berria sortu zen: gerra atzean utzi eta euren esfortzutik gehienak merkataritzara bideratu zituzten. Aurrerantzean ere “dena delako etxearen eta orubearen jauna” zela esaten zen; gainera, bere tituluen artean, “bere abizeneko edo abizenetako leinuaren buru” izatea sartu zuen. Baina laster utzi egin zion ahaidetasun mailako erreferentzia izateari, hurbil-hurbileko ahaideei zegokienez izan ezik.


Muxika dorretxeko harresi handi hori
ertaroko dorretxearen inguruko
harresiaren zati ala dorretxearen
kanpoaldeko hesia zen ez dakigu.
Edozein kasutan ere, XIV. gizaldiaren
hasieran haren barrualdea hutsik
geratu zatekeen, eta haren erdia
gustu errenazentistako baina ohitura
gotikodun jauregiak bete zuen.

Beraz, bandoen arteko gerrak desagertuta eta hiriguneak indartuta dorretxeak defentsa-gotorleku moduan zuen garrantzia galdu egingo du. Geratzen diren batzuk moztu egingo dira. Ondorioz, euren ezaugarri militarrak gutxi horiek galduko dituzte eta eraikinaren goialdea kendu egingo zaie. Beste batzuk, berriz, eraitsi egin ziren. Etxebizitzen barnealdeari dagokionez, aldaketa nabarmenak jasan zuten, barne egiturak, ia bere osotasunean egurrezkoa zena, batez ere.

Etorkizunean eman zitzaien erabileraren arabera, dorreetan egindako aldaketen eraginez dorreok jauregiaren ezaugarriak (Muxika), nekazaritza estiloko eraikinaren ezaugarriak (Madariaga, Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroa izan arte) zein bien arteko nahasteen ezaugarriak hartu zituzten. Horregatik, Bizkaiko dorretxeak gotorlekuaren, jauregiaren eta baserriaren, dena batera, antza izaten du.

Alfredo Baeschlinek euskal baserri herritarraren inguruan egindako lanean dioenez baserri berri baketsuak eraikitzeko "erautsitako antzinako dorretxeen materialak (ateak, leihoak, armarriak eta bestelako elementuak) erabili ziren".

Beste kasu batzuetan, gehitzen du, "dorrea bera da eraldatzen doana, astiro-astiro baserri baketsuaren itxura hartzen doalarik".

Baeschlinek amaitzen du esanez "oso argi geratu da mendeek baserritarraren gotorretxea, seguritate gutxiko garaian eraikitakoa, nola eraldatu duten baserri baketsu eta atseginean. Horietako batek ere ez du erabat galdu bere ukitu gogorra eta denek gordetzen dute ukitu borrokalariaren aztarna, dela burdinazko xafla gogorra eta giltzarri handiak dituen atearen arku puntaduna, dela bere lurretara asmo txarrez hurbiltzen zen edonori aurre egiteko erabiltzen zituen gezilehioak".

Beste dorretxe batzuk, hiribilduan zein baserri inguruetan Jauregi Gotiko bihurtu ziren. Berau, Bizkaian, XV. mendearen amaieran agertu zen, bandoen arteko borrokak amaitu zirenean. Euretan Ahaide Nagusiak, merkatariak eta abeltzain dirudunak bizi ziren.


Arteagako dorretxearen orubean, XIX.
gizaldian, argazkian ageri den gaztelua
eraki zuen Couvrechet arkitekto
frantziarrak.

XVI. mendean (mende horretako lehenengo laurdenetik aurrera) halakoak eraikitzeko amorru handia egon zen; izan ere, gizarte maila berriek aberastasun handia lortu zuten, eta lanpostu garrantzitsuak hartu zituzten; aberastu ondoren, jauregi etxeak eraiki zituzten, hirietan nahiz baserri inguruetan.

Etxebizitza berria, antzinako gerlariek eta burges berriek eraikita, antzinakoaren ezaugarriak mantendu zituen. Hala eta guztiz ere, akats asko baztertu egin zituen (adibidez, argirik ez edukitzea), eta beste forma batzuk gehitu zizkion, beharrizan berriak betetzeko (almenen ordezko goialdeko bihitegia). Baina euren etxebizitza nekazari arruntarena bezalakoa izatea ere ez zuten nahi; horretarako, ohiko baserritik bereizteko ahalegina egin zuten; horretarako modu batzuk honako hauek izan ziren: zur gutxi, jaunen ezaugarriak adierazten zituzten eskema zaharren mantenimendua (patina, arkuak), elementu kultuen erabilera, hormen lodiera handia (baserriko hormak baino lodiagoak, baina ez dorreetako hormak bezain lodiak), itsulehioren bat, armarria...

Forma ugariko eraikin berriak ziren, eta forma horietatik gehienak inguruko arkitekturatik harturikoak ziren (dorreak, hiriko etxeak, baserriak), baina ordura arteko estereotipo asko mantendu ziren.

Halako eraikuntzek ez zuten bilakatzeko aukerarik izan; egin-eginean ere, erabilitako eredu gotikoetatik eraikin anakronikoa sortu zen eta, horren ordez, inportaturiko beste eredu batzuk erabili ziren berehala (Gaztelako eta atzerriko formak zituzten ereduak).

XVI. mendean Gaztelako kulturaren eta burgesiaren hedapen eta aberastasun handiena gertatu zen. Mende horretan, Gaztelan benetako eraikuntza amorrua egon zen, eta horren eraginak (apur bat berandu izan arren) Bizkaira iritsi zen. Lehenengo emaitza, bestalde, estilo gotikoaren eta errenazentistaren arteko nahastea izan zen.

Arkitektura zibilean, estilo errenazentista erraz nagusitu zen, herri honetan zaila bazen ere aldaketak sartzea.

Erabilera berrien eraginez (bai arkitekturan eta bai gizartean), aurreko etaparekiko aldaketa iritsi zen, eta hori nabarmenagoa izan zen jauregien arkitekturan, erlijioaren edo baserriaren arkitekturan baino.

Aurrekoaren adibide Alegria Jauregia (Gernika-Lumo) da.

Beste kasu batzuetan egindako egokierak hain bortitzak izan ziren eraikin batek beste batek ordezkatu zuela Arteaga Dorretxea kasu, edo errazago, hainbeste desbirtuatu eta ostendu zuten gaur egun garrantzi arkeologikoa bakarrik izan dezakeela, Kanala Dorretxea esaterako.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.