Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra

Labayruren Historia General del Señorío de Vizcaya lanean agertzen denez zaldun infantzoiak, Bizkaiko kapareek, bere oinetxea zuen lehendabizi, bertan dorrea eraikita zuelarik. Inguruan, baliabideen arabera, beste ondoko elementu hauek zituen: sagardoa egiteko dolareak, kupelak, labea, errota, presa, uztaiak, olak, sagardiak, gaztainadiak, egur-ikatza egiteko hariztiak eta estrepadiak, baratzeak eta bazkarako basakortak, ardiak, ahuntzak, behiak, idiak, ehizarako txakurrak, etxekotutako belatzak, gainean ibiltzeko behorrak eta zaldiak, hilobiak parrokian, eta bere merituen edo handitasunaren arabera hilobi pribilegiatua (Ebanjelioa edo Epistolaren aldamenean aulkia, nahiz eta azken leku hau, zenbait etxetan, lehen semeentzat eta oinordekoentzat zegoen gordeta. Gauza bera gertatzen zen eskaintzak egiteko, guztiontzako bakea jasotzeko zein ogi salutadorea hartzeko, lehen semeak edo oinordekoek zuten lehentasuna) aldare nagusia eta elizaren gorputzaren jesarlekuen artean ere.

Zenbait bandokideren dorreetan, Labayruren ustez, gau eta egun lapikoak zeuden sutan zetozenei edo zihoazenei janaria eskaintzeko, beste era batera esanda, dorretxera heltzen zen edozeinek edozein ordutan helduta ere gosea eta egarria asetzeko aukera izango zuen. Ez dugu ahaztu behar borrokaldi garai hortan pertsona ugari zebilela mezuak, aginduak... ekartzen eta eramaten. Era berean, adarra erabiliz sakabanatuta zeuden dorrekideak bazkaltzeko eta afaltzeko deitu egiten ziren.


Argazkiko Urdaibai dorretxea eta Albiz
dorretxeak dira, inork ezer egiten ez badu,
desagertuko diren hurrengo dorretxe biak.

Amaitzeko, Labayrurekin jarraituko dugu, berak idatzitakoaren arabera orduko zenbait dorretxek gaztelu itxura ez ezik bere elementu guztiak zituzten: gotorlekuak, zuloak, zubi altxagarriak, enparantza, zalditegiak, eta bestelako baliabideak; bere parke edo biltegietan ez ziren faltan egoten eskalak, erretxina, sufrea, bolbora, uztaiak, kateak, aizkorak, pikotxak, burdinak, baleztarako apalategiak, lantzak eta ezpatak eta erasotzeko eta defendatzeko elementu guztiak eta, zenbait kasutan, bonbardatarako biltegiak.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.