Orokorrean esan dezakegu Urdaibaiko dorretxe gehienak leku estrategikoetan kokatuta daudela ikuspegi militarretik, baina, batez ere ikuspegi ekonomikotik begiratuta. Gehienak (Muxika, Urdaibai, Madariaga, Albiz, Belendiz, Montalbán...) ibi edo bide ondoan daude. Sarri, dorretxearen aldamenean burdinola edo errota (Belendiz, Montalban...), zein ermita (Urdaibai, Albiz, Muxika...) egoten dira, ikuspegi militarra baino haratago dagoen lehen mailako zelula ekonomikotzat eta sozialtzat har daitekeen taldea osatuz.
Hiribilduetako aktibitate komertzialetatiko irabaziak kontuan hartu zituzten leinuak ere baziren, Bermeoko Arostegi eta Ertzilla esaterako.
Udalerri batzuetan, Mundaka kasurako, Ana Blasco Martín historialariak (Bizkaiko Herrien Monografiak: Mundaka eta Sukarrieta) dioenez "etxe bakoitzaren egungo izenari erreparatuta dorretxe bakoitzaren gutxi gorabeherako kokapena zein zen jakin dezakegu. Horretan oinarrituta ondoriozta dezakegu dorretxeok hesia osatzen zutela edo, gutxienez, Mundakako antzinako herria baino kanporago kokatzen zirela, betiere portuaren kaiaren inguruan, herria babestu eta inguratzen zuen defentsa-ezaugarriak zituen nolabaiteko borobil antzekoa sortzen zutelarik planoan."
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.