Busturialdeko erdi aroko arkitektura militar zaharrenak haitz-gazteluak eta Jaunaren alkazarrak dira. Lehenengoak, egon zitekeen inbasiotik lurraldea defendatzeko sortu ziren eta, bigarrenak, hiribilduak babesteko eraiki ziren. Egondako guztiak desagertu badira ere gaur egunera arte heldutako aipamen batzuei esker euren kokapena zein izan zen jakin dezakegu.
Horrela, 1334an, behin eta berriro oldartzen zitzaion Juan Núñez Lara menderatzeko Alfonso XI Gaztelako erregeak Bizkaia inbaditu zuenean Gaztelugatxeko (Bermeo) eta Ereñozarreko (Ereño) harkaizko gazteluetan bakarrik aurkitu zuen oposizio apur bat; halere, ez zituen konkistatu, Gaztelugatxekoa hilabete luzez setiatzen aritu bazen ere.
Gaztelugatxe eta Ereñozarreko haitz-gazteluak leundutako gainazala besterik ez ziren izango eta horma sendoz inguratuta izango ziren. Hormok, agian horko eraikin bakarrak ziratekeen tenpluak babestuko zituzketen. Borrokagintzarako gaitasun txikia bazuten ere -Alfonso XIk Gaztelugatxekoari buruz "con muy poca conpaña podían tener çercado aquel lugar" zioen-, oso irisgarritasun zaileko tontorretan izategatik aurkarien erasoetatik bizirik ateratzea lortu zuten.
Aurrekoekin batera Zarragoitiko alkazarra (Bermeo) dugu. Oso gutxi dakigu berataz eta are gutxiago zuen itxuraz.
Zarragoitiko alkazarraren aztarnengatik esan dezakegu 10 metro luzerako oin karratua zuela eta ez zela oso laua. Aurreko bi kasuetan bezalaxe mendi-mazela aldapatsuagatik hobirik eta defentsarako instalakuntza handirik ez zuen behar izango.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.